Kalitate azterketan ARGIA Europako handien gainetik

  • Euskal Herriko Unibertsitateko HGH (Hedabideak, Gizartea, Hezkuntza) ikerketa taldeak euskarazko hiru hedabideren kalitatea neurtu du, eta Europako bost komunikabide handiren emaitzekin alderatu. Argiak lortu du guztien artean notarik onena.

“Gizarte ekarpenen atalean marka guztiak hausten ditu Argiak. Prentsak berezkoa beharko lukeen agintearen kontrolaren funtzioa eta eztabaida publikoaren sustapena dira atal honetan indargune nagusiak. Pentsamendu kritikoa garatu eta zabaltzeko xedez burutzen den kazetaritza da, beraz, Argiak jorratzen duena”. HGHren txostenetik hartu dugu pasartea.

ARGIA, Berria eta Goiena agerkarien papereko eta interneteko albisteak aztertu ditu HGH lan taldeak, eta Europako erreferentziazko bost egunkariren (Financial Times, Le Monde, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Corriere della Sera eta El País) edukiekin alderatu.

Kalitate azterketan 6,23ko puntuazioa lortu du Argiak, zortzietan altuena (ikus grafikoa). 5,07 puntuko nota (10etik) eman du batez beste euskarazko prentsak, eta 5,39koa Europako handiek. Alde txiki samarra, aintzat hartzen badugu bakoitzak zer baliabide dituen. “Ez gaude suziriak botatzeko egoeran, baina sarri, konplexuak medio, txikiok pentsatzen dugu gauzak ez ditugula hain ongi egiten. Handia izateak eta hizkuntza ez minorizatuan aritzeak ez dakar ezinbestean kalitate hobea. Badaukagu zer hobetu, noski, baina baita handiei zer erakutsi ere, ekarpen sozialaren arloan bereziki”, esan digu HGHko kide Alazne Aiestaranek.

Bost aspektu biltzen ditu alor horrek: botere publiko zein pribatuaren kontrola, eztabaida publikoaren sustapena, giza duintasunari errespetua, kultur aniztasuna eta gizarte bazterkeriaren aurkako borroka. 2,5etik 0,69ko puntuazioa lortu dute Europako hedabideek, 0,97koa euskarazko hirurek batez beste, eta 1,4koa ARGIAk.

Hobetu beharrekoez galdetuta, euskal medioek huts gutxiago egin beharko luketela dio Aiestaranek, interneten bereziki, berehalakotasunari erantzun beharrak labain egitera eramaten baititu kazetariak.

Metodologia

“Metodologia oso zorrotza” erabili du EHUko lan taldeak, Aiestaranen hitzetan. “Horregatik dira notak baxuak”. 2001-2013 urtealdia aztertu dute. Batetik, papereko albiste garrantzitsuenen analisi diakronikoa egin dute (ARGIAren 84, Berriaren 164 eta Goienaren 240). Bestetik, 2013ko urtarriletik martxora bitartean paperean zein webguneetan plazaratutako edukien azterketa sinkronikoa (82 albiste guztira).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prentsa
Israelgo Gobernuak Haaretz egunkaria zigortzea proposatu du

Sholomo Karhi Israelgo Gobernuko Komunikazio ministroak ez du gustuko Haaretz egunkari israeldarra gerra nola ari den lantzen, eta bere kontrolpean diren publizitate eta harpidetza guztiak kentzeko mehatxu egin dio. Israelgo Kazetarien sindikatuak elkartasuna adierazi dio... [+]


Joseba Intxausti hil da, historialaria eta euskal kulturaren sustatzailea

Joseba Intxausti Rekondo (Segura, 1936 - Donostia, 2023) hil da, Jakin aldizkariko zuzendari izandakoa eta euskararen historia sozialaren ikertzailea eta euskal kulturaren sustatzailea. Liburu eta artikulu ugari idatzi zituen bere bizitzan eta hainbat elkarteren sorrera bultzatu... [+]


Sei urteko kartzela zigorra ustelkeria azaleratzen duen Zamora kazetari guatemalarrari

Ustelkeria kasuak argira ekarri izanagatik ezaguna da José Rubén Zamora. Siglo Veintiuno, El Periodico eta Nuestro Diario komunikabideen sortzailea da. Iazko uztailean sartu zuten preso, Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta... [+]


2023-06-08 | Ilargi Manzanares
Australiako lehen ministroak Julian Assange askatzeko eskatu du

“Nahikoa da”, esan du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak Democracy Now!-ko albistegian, eta eskatu du Julian Assangeren kasua bertan behera uztea. Wikileaks-en fundatzaileak lau urte daramatza Londreseko Belmarsh kartzelan, estradizioaren zain AEBetan... [+]


Egiptok Hisham Abdel Aziz Al Jazeerako kazetaria askatu du lau urtez espetxean eduki ostean

2019an atxilotu zuten, talde terrorista bateko kide izatea egotzita. Telebista kate bereko beste bi kazetari oraindik Egipton daude espetxeratuta.


Eguneraketa berriak daude