Oharrak gehiago

  • EGILEA ::Emakumeak idazle

    Txertoa, 1984

Aritz Galarraga @aritzgalarraga
2014ko urtarrilaren 19a

Euskal literaturari kritika arkeologikoa egiterako orduan, zailtasun nagusietako bat da oreka mantentzea. Oreka kronologikoa, oreka industriala, oreka generikoa, aukeratzen diren liburuetan. Eta generikoa hainbat zentzutan: literatura generoei dagokionean, baina baita giza espeziearen generoei ere. Hala, denboran atzera egin ahala, gero eta zailagoa zait euskal emakume idazleak aurkitzea. Hona ekarri izan ditugu batzuk, Lourdes Oñederra, Pilar Iparragirre, Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Iturbe, Mayi Pelot. Baina, konfiantza egidazue, ez da kausa beti erraza.

Hartara, poza merezi dute Itxaro Bordaren saiakera bezalakoek: Emakumeak idazle. Antologia eta ohar zenbait. Hasteko, pausatzen du oso galdera pertinentea: “Zergatik berezi behar dira, euskal literatura aztertzerakoan, gizonak eta emazteak?”. Erantzunak ez dit iluna argitu, ordea: “euskal literatura estudiatzean gizonen zerrenda mamitsuetan emazteen izenen agertzeko lekurik ez litzateke”. Zergatik, emazteen izenik izan ez delako, agian? Isilaraziak izan direlako izenok? Jarraian ematen den emazteen euskal literaturaren historia llaburrak bigarrena iradoki lezake. Jarraiaren jarraian ematen den testu antologiak zalantza gehiago sartzen du.

Liburuaren hitzaurrea da desmitifikatzaile –euskal gizartea matriarkalarekin, adibidez: “XIX. mendean moldatu mitologia hori, askatasuna nahi duten herri zapalduetan aski komuna da”–; da probokatzaile –garaiko euskaldun abertzale gazteen garbizaletasunaz ari dela, “Apez batek diona da hori”–; da salatzaile –“emazteak nahi baldin badu gizonen mundu hertsian mantendu, behar du gizona balitz bezala idatzi”–. Nahiz gero idazleen aurkezpenean tarteka irrist egiten den –Amaia Lasa, “Mikel Lasaren arreba” dela nabarmenduz, edota Mari Treku “Mattin bertsolariaren esposa”–. Nahiz gero antologia geratzen den ia name-dropping hutsean: goian aipatutako Lasa, Mintegi, Pelot, Trekuz gain, Henriette Aire, Mari Ameztoy, Itziar Alkorta, Nerea Azurmendi, Teresita (sic) Irastortza, Mariasun Landa, Maite Lazkano, Marixan Minaberri, Arantxa Urretabizkaia, Laura Uruburu eta Itxaro Borda bera –eta balirudike garai hartan autopunpa ez zegoela hain penalizatuta; baina, bestalde, egin al daiteke euskal emakume idazleen antologia bat Itxaro Borda ezinbestekoa gabe?–. Batzuk idazle gisa ibilbide oparoa egin dutenak. Beste batzuk antologiaz haraindiko ibilbiderik apenas egin dutenak. Eta hona ekartzeko idazle berririk aurkitu ez badut ere –antologiako izen zerrendari gehixeago tira behar, akaso–, liburua ezagutu izana dut kontsolagarri, eta ohar zenbait aski interesgarri.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Liburuak

Liburuak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude