Miguel Angel Cabodevilla

"Ekuadorreko oihaneko herrien amaiera oso gertu egon liteke"

  • Ekuadorren hiru hamarkadaz bizi eta gero, Amazoniako herrietan aditua da Miguel Angel Cabodevilla kaputxino nafarra. Hogei liburu baino gehiago idatzi ditu Ekuadorreko indigenez, baina azken lana, Una tragedia ocultada, polemika iturri bihurtu da.

Koldo Azkune
2014ko urtarrilaren 12a

Eremu babestua izan arren, Yasuni oihanean petrolioa ustiatzen hasteko eztabaida Ekuadorreko Batzar Nazionalera iritsi zen apirilean eta Cabodevillak orduantxe aurkeztu zuen liburua, Quitoko epaile bat argitalpena debekatzen saiatu bazen ere. Urrian, ustiatzea baimendu du Batzarrak eta horrek oihan itxian bizi diren Taromenane herria desagertzeko arriskua ekar dezakeela uste du misiolariak. Politikarien zinismoa salatu eta Taromenane eta Huaorani herrien arteko hilketak interesagatik baimentzen dituztela iradoki du.

Zalaparta handia eragin du zure liburuak; ziurrenera ez zenuen halakorik espero.

Ez, ia 30 urte egin ditut Ekuadorren [Iruñeko San Antonio elizara destinatu berri dute], eta horrelako erreakzio bat dagoen lehenbiziko aldia da. Epailearen erabakia, liburua kaleratzea galarazi nahi izatea, neurriz kanpokoa izan zen. Zalapartak Ekuadorren egun bizi den egoerarekin dauka zerikusia: lehenengo aldia da gizartearen eta Gobernuaren artean tentsio moduko bat sentitzen dena. Gobernuak ustiatuko ez zuela bazioen ere, Yasuniko lur zati batean sartzeko erabakia hartu du eta gizartearen erantzuna nahiko handia izan da.

Liburua debekatzeko saiakera aurkezpenaren egun berean etorri zen, eta gau horretan bertan Rafael Correa presidentea zurekin harremanetan jarri zen.

Aspaldian ez zen Ekuadorren libururik debekatzen, eta Gizarte Zientzien Latinoamerikako Fakultatean aurkezten ari ginen, Ekuadorreko inteligentziaren bihotzean. Liburuaren aurkezpenera jende andana bildu zen, eta liburua galarazteko neurria gehiegizkoa zela ulertu zuten denek segituan. Gainera, Ekuadorreko Gobernuak atera duen Komunikazio Legearekin [Mozalaren Legea izenez ezaguna] piztuta zegoen suari abar gehiago botatzea suposatzen zuen. Hortaz, Gobernuak ez zuen misiolari batekin arazorik izan nahi eta prentsa-ohar bat karrikaratu zuen, liburuaren debekuan euren erantzukizuna zurituz. Are gehiago, gau horretan bertan presidenteak eta ministroren batek telefonoz deitu zidaten, debekua neurri politiko bat zela ukatuz, eta erabaki judiziala zela ziurtatuz, independentea. Epailearen erabakia hanka-sartze ederra iruditzen zitzaiola aitortu zidan Correak. Oso jatorra izan zen nirekin, eta Yasuniri buruz nuen iritzia azken muturreraino defendatzeko eskatu zidan. Nik, horrela eginen nuela erantzun nion.

Polemikaren ondoren, Iruñera itzuli beharrean izan zara, anonimotasunera, apaiz lanetara. Urrutitik, zein sentipen duzu Ekuadorren bizi izandakoez?

Momentu honetan Iruñera itzuli behar izateak min egin dit. Yasunin arazo serio bat dagoelako eta liburu honek sarraskiak gertatzen diren zonaldeko huaorani eta misiolarien arteko harremanak nahastu dituelako. Ur-putzu batera harria bota izan banu bezala da, eta harria bota eta berehala banoa, nik jaurtitako harrikadak han ditudan kideei eragingo diela jakin arren. Bai, gogorra egin zitzaidan itzulera, baina hementxe egon beharra daukat.

Gobernuak Yasuniko gune babestuko eremuetan petrolioaren ustiapenari heltzea erabaki du eta Ekuadorren mundu orok “kontaktatu gabeko herriez” solas egiten du. Baina oraindik ez da isolatuta bizi diren indigena horien egoeraz ikerketa sakonik egin.

Gizarte guztiek dituzte horrelako kontraesanak. Kontakturik gabeko herrien gaia aspalditik dator. Alejandro Labaka apezpikua, kasu, 1987an hil zuten, Ines Arango mojarekin batera, talde horietako batek lantzekin erasota. 25 urtetan misiolariek bakarrik egin dugu herri hauen jarraipen sistematikoa. Finean, bi arrazoi nagusi daude: lehenik eta behin, arrazakeria Ekuadorreko gizartean errotuta dago eta oihaneko indigenak oso gaizki ikusiak dira. Bestetik, ezkutaturiko taldeak altxorraren maparen erdian bizi dira: petrolioa duen ohian batean bizi dira eta Gobernu honek, eta aurrekoek ere bai, herritarrei sinetsarazi die petrolioarekin pobreziaren arazo guztiak konpondu daitezkeela. Ondorioz, oihan barruko indigenek garapenari uko eginen liokete. Baina hori ez da horrela. 60ko hamarkadaren amaiera aldera hasi ziren petrolioa ustiatzen, 50 urte iragan dira orduz geroztik, eta ez gara txirotasunetik atera, edo ez gara gobernuek agintzen dituzten aberastasun mailetara iritsi. Halarik ere, argudio honek jendea konbentzitzen du. Pertsona bakar batzuek oihanaren zati handi bat euren menpe izatea bidegabetzat jotzen dute, oihana ekuadortar guztiena delakoan, baina Ekuadorreko jendeak ez ditu nazioarteko legeak ezagutzen: jatorriz bertakoa den talde batek, Estatua sortu baino lehenagotik bertan bizi den talde batek, lurralde horien gaineko eskubidea dauka.

Duela zenbait urte Rafael Correak nazioarteko laguntza ekonomikoa eskatu zuen Yasuni ez ustiatzeko.

Bai, baina beraiek oihanaren kontserbazioari eman zioten indarra, atal ekologikoari. Inguru hori petrolioaren eraginetik kanpo mantentzearren dirua eskatzen zuten. Niri, pertsonalki, ekologia oso garrantzitsua iruditzen zait, baina are garrantzitsuagoak zaizkit gizakien komunitateak. Indigena ezkutuak ez dira Ekuadorren bakarrik bizi, Perun ere badira, Brasilen, Paraguain, eta Gizateriaren Ondare izendatu beharko lituzkete. Erabat originalak diren neurrian, han milaka urtez bizi izanagatik, mundu guztiak defendatu beharko lituzke. Correak nazioarteari laguntza eskatu zionean, giza-taldeei ez zien jaramon handirik egin. Jendea oso erratua dago oihanaren ikuspegiarekin: Yasuni ez da oihan birjina, gizakiaren moldeetara eginiko eremua baizik, ereindako basoa. Indigenek beti oihanean esku hartu dutela erakusten dizute, eta chonta hauek han landatu zituztela esaten dizute, palmera horiek ere beraiek jarri zituztela, zedro horren atzean aitonaren baratzea zegoela... Kanpotik ikusita oihana bat-batean sortutako gunea da, zuhaitzez josia, ordenarik gabekoa. Indigenen ikuspuntuari erreparatuko bagenio, lurralde horien jabegoa norena den hobeto ulertuko genuke.

Ezkutatuko indigenak Mendebaldeko zibilizazioaren aurka gogor borrokatzen diren izaki gisa aurkezten dizkigute, modu erromantikoan. Ados al zaude ikuspuntu horrekin?

Ekuadorreko kasuan ez da hala. Jatorriz, enbor bereko taldeak dira, eta bizirik irautea lortu dute lekurik ezkutuenean zegoen oihan puska batean bizitzera ohitu direlako, elikaduraren aldetik pobreena zen zonalde batean, ibai handietatik urrun, arrantza gutxirekin, lur emankorrik gabe, gurutzatzeko latzak diren mendi muinoetan. Horregatik libratu dira, inork desio ez zuen zonalde batean bizi izan direlako. Herri hauek euren geneetan, euren tradizio kulturalean idatzita dutenez, bertan bizi izan direlako egin dute aurrera. Eta horrexegatik, inbaditu dituztenean, euren lurraldeak sutsuki defendatu dituzte. Honetaz landara, kuriositate handiko herriak dira. Mendez mende ingurumarian dituzten jendeak zelatatu dituzte, eta lan-tresnak ebatsi dizkiete, hala nola aihotzak, aizkorak edo aluminiozko pertzak, euren zeramika oso hauskorra eta arina baita. Beste baratzeetatik ezagutzen ez dituzten landare asko hartu dituzte, eta beraienetan landatu. Ondorioz, ez da kanpoko guztiari uko egiten diotenik, baizik eta euren lurraldeak defendatu nahi dituztela. Eta aski ongi dakite heriotza kanpotik heldu zaiela, horregatik ibiltzen dira kontu handiz.

Eta nola aurreikusten duzu euren egungo egoera, beren lurraldeak gero eta murritzagoak izanik?

Nire irudikoz, egoera oso larria da. Bat-batean oihana oso txikia geratu zaie. Hozkada handiak emanez euren bizilekuak lapurtzen ari zaizkie, petrolio bloke bakoitzak 200.000 hektarea baititu. Lurraldeak asko mugatu dizkiete, eta ez taromenaneenak soilik, baita huaoraniena ere. Eta noski, lehen oihaneko zati zabal bat partekatzen zuten herriek askoz murritzagoa den lurraldeagatik borrokatu behar dute orain. Hor hasten dira arazoak.

Liburuan aurtengo martxoan taromenane eta huaoranien arteko hilketen kronika egiten da, aurreikusitako heriotza baten kronika bailitzan. Estatuak zer egin zezakeen hilketa hauek galarazteko?

Tragedia honek bi pasarte ditu. Lehenengoan, kontakturik gabeko indigena talde batek [taromenaneek] euren muga lerroan bizi den huaorani bikote bat akabatu zuen, gizona euren lurraldeetan sartzen zelako eta bere presentziak gogaitu egiten zituelako. Bigarren pasartean mendekua jazo zen: Orellanako Coca hirian erositako karabinak zeramatzatela, taromenane indigenen klaneko hamarka partaide akabatu zituzten. Huaoraniak gehiago dira, su-armak dituzte eta boteretsuagoak dira. Guk Gobernuari huaoraniekin negoziatzeko eskatu genion, mendekua etorriko zela bagenekielako eta Gobernuaren betebeharra zelako negoziatzea. Legeak hala agintzen du, Estatuak ezkutuko herriak defendatu behar dituela, eta inguruko gizarte zibila ere bai. Plangintzak huts egin zuen, eta taromenaneek izaera juridikorik ez dutenez, Estatua da hilketa horien arduraduna. Nik Gobernuari gomendatu nion, mendekurik egon ez zedin, erasotako familia huaoraniari kalte-ordainak emateko, baina Ekuadorreko legeak alegiazko egoera hori jasotzen ez zuela arrazoitu zidaten, eta 25 egun geroago, huaoraniek mendekua egiteko eskubide osoa zutela sinetsirik, taromenaneen etxola aurkitu eta sarraskia jazo zen.

Logika horren arabera, Estatuak ez badu ezer egiten, hurrengo urratsa taromenaneen mendekua izanen da…

Horixe bera. Kontua da ez dakigula zenbat gelditzen diren. Hilketa ikaragarria izan zen, ia-ia klaneko kide guztiak balez josi zituzten. Ez dakit zein indar duten berriz bildu eta erasoa burutu ahal izateko, lapurtu zizkieten bi neskatoak berreskuratzeko. Baina hori da ezbairik gabe indarkeriaren dinamika, errepikatu eta ugaldu egiten dela. Eta erasoa egin zuten huaoraniek ez dute zigorrik jaso, Estatuak ez du ezer egin, eta bere ekintza zilegi dela uste dute. Are gehiago, taromenaneen lurraldera itzuli dira, bizirik atera zirenei akabera emateko, lortu ez badute ere. Mendekurik ez izateko modurik eraginkorrena arerio guztiak hiltzea da, hori aski ongi dakite.

Taromenaneak desagertzeko zorian ote daude?

Klan hori bai, ia-ia erabat deuseztatu dute. 30-40 kideko taldeetan bizi dira, eta taldeak independenteak dira, maiz ez dute euren artean harremanik. Ez dut uste klan horretatik bizirik atera direnak klan berri bat sortzeko gai izanen direnik. Emakume eta haur gehienak hil ziren, gizon bakar batzuk gelditu ziren bizirik. Zein irtenbide dute? Beste klan batean lekua aurkitu beharko dute, baina beraientzat oso zaila da hori, klanak sarritan aurkariak baitira. Hurbilketa saiakeran hil ditzakete. Bizirik iraun dutenen egoera kritikoa eta dramatikoa dela pentsatzen dut.

Azken gertakizunak kontuan hartuta, herri horiekin kontaktatzeko tenorea iritsi dela deritzozu?

Nazioarteko legeek hori debekatzen dute, orain babes-lana egin behar da. Euren lurraldearen mugetan bizi duten indarkeria arindu behar zaie. Petrolioa eta ezkutatutako herrien biziraupena ez zaizkit bateraezinak iruditzen. Ekuadorrek bere legeak bete beharko lituzke, besterik gabe. Nozitzen duten indarkeria kenduko baliete, talde hauek harremanak ugalduko lituzkete. Iniziatiba eurek hartu beharko lukete. Alabaina, egoerak bere horretan jarraitzen badu, ezkutatutako herrien amaiera oso gertu dagoela esanen nuke.

Petrolioa vs. 300 indigena

Isolaturik bizi diren herri indigenak 1987an eman ziren ezagutzera Ekuadorren, Tagaeri taldeko lantzek Alejandro Labaka apezpiku euskalduna eta Ines Arango moja kolonbiarra zulatu zituztenean. Misiolariek talde honekin harremanetan hasi nahi zuten, petrolio eta zura konpainiek euren desagertze isila eragin behar baitzuten. Ordura arte, Estatuarentzat indigena taldeok ez ziren sikiera existitzen. 1998an, Jamil Mahuaden Gobernuak Yasuniko zonalde hori babestea erabaki zuen, Lurralde Ukiezin izendatuz. Quitoko Gobernuak zonaldea petrolio dorreetatik urrun mantentzeko deliberoa hartu zuen. 2013an, Rafael Correa presidente zela, Yasuni-ITT ekimena onartu zen: Yasuni ez ustiatzeko konpromisoari eutsiko zioen Gobernuak, baldin eta jasoko ez zituen etekinen erdia (350 milioi dolar urtean) nazioarteko komunitateak ordaintzen bazion. Baina Yasuni-ITT indarrean egon den bost urteetan ez dute esperotako dirua lortu eta Correak, bere hitza janez eta gizartearen protestei muzin eginez, zonaldea ustiatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Urrian, ustiatzea baimendu du Batzarrak. Kalkulatzen da Yasuniko oihanean 300 indigena inguru bizi direla kanpoko gizartetik isolatuta.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ekuador

Ekuador kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude