Kazetarion ajeak

JOAN den asteko orri honetako artikuluan aipatzen nuen Kataluniako Legebiltzarraren erreferendum eskaera otsailean edo martxoan aztertuko zutela Espainiako Legebiltzarrean. Eta ez, orain agudoen apirilean izango ei da eta Kongresuan prozesua geldotzen bada, akaso irailera arte ere ez litzateke jorratuko. Generalitateak, formalki, irailean dei dezake agian. Eta balizko independentzia aldarrikapenaz ere jardun nuen, baina astebete geroago nahas-mahas ikusten dut.

Eta lehengaia bilduta, analisira abiatzen garenean, zer eta nola idazten dugun horrekin jarri dut ganbara dantzan. Sarri gure buruarekin lehian, analisia borobildu eta onena eskaini nahian, kazetari garela eta ez igarle ahazteraino. Pista emaile eta ez orojakile-asmatzaile. Eta hainbat burutazio etorri zaizkit burura, besteak beste, kasurik onenean irakurlearen mailan gaudela gogoratzeko, eta ez haren gainetik.

Aipatu kronikaren edukira itzuliz, nik ez nituen datak asmatu, jakina, gai horien gorabeherak lehen lerrotik jorratzen dituzten hedabideen esanak jarraitu nituen, bai espainiarrak eta bai katalanak. Baina haiek ere huts, nik jarraitu eta ez nien pista egokia eman ARGIAko irakurleei. Eta horrek kezkatzen nau, kasu horretan akats handia ez bazen ere, izan zitekeelako.

Hipotesi nagusi bat ere jorratu nuen artikulu hartan, bati baino gehiagori irakurrita, erreferenduma ez zela egingo eta aurreratutako hauteskundeetatik ateratako batasun gobernuak independentzia aldarrikatuko zuela. Asteburuko irakurketen ondoren, gaitza baina sinesgarria egin zitzaidan. Astebete ondoren, eta beroarenak kenduta, hipotesi ausartegia iruditzen zait, nahiz eta jakin, posible dela. Independentzia aldarrikatu 2014aren bukaeran edo 2015eko lehen seihilekoan?

Azkarregi. Hori hain azkar eginez gero, Salvador Cardus soziologo independentistak dioen gisa, Katalunia-Espainia zero-akats lehiaketan tantoa Espainiarentzat litzatekeelako. Cardusek puntu interesgarria eskaini zuen iragan astean Vilawebi eskainitako elkarrizketan: “Aurrez aurreko talka ekarriko ez duen borroka hasi da, hau erresistentzia borroka da. Akatsik egiten ez duenak, edo ahalik eta gutxien egiten duenak, harexek irabaziko du gerra hau”.

TALKA atera dela baliatuz, zenbatetan aipatu genuen “trenen talka” ospetsua Ibarretxe Planaren garaian? Nik hainbatetan. Zenbatetan irakurtzen da orain Katalunia-Espainiarekin? Berriz ere askotan. Nork sartu zuen “trenen talka” gure lerro eta uhinetan? Gure burmuinetan? Beldurra barreiatu nahi duenak, bistan baita talka horretatik bi trenak ateratzen direla gaizki, baina gaizkien txikiena. Horregatik, abentura arriskutsuak saihestu beharko lituzke txikiak, dio handiak. Baina txikiak ez du talka gura, akordioa baizik, eta ezinean, ihesa, baina ez talka. Eta gu jo eta su trenen talkarekin, kontzeptua hutsala balitz moduan.

Inguruko kazetarien lerroetan ere aurkitu ditut saihestu beharrekoak, eta ez nabil Intereconomia eta Iturrama Institutuko barrabaskeriez, gure ohiko jardueraz baizik, egunerokoaren inertziak idazten duguna oso garrantzitsua dela ahaztarazten digulako makinatxo batean. Kasu honetan kazetaria Joxi Lasa eta Joxean Zabalaren ehorzketan Ertzaintzaren karga baloratzen ari da eta hala dio: “Herri honetan inoiz izan den basakeria handienetarikoa”. Eta bai, basakeria handia izan zen Ertzaintzak Tolosako hilerrian egindakoa, biktimekiko memoria eta begiruneaz hainbeste jarduten den sasoian gertaerak ikertu eta zigortzeko modukoa. Baina “herri honetan inoiz izan den handienetakoa…”. Nafarroako konkista urte luzeetako barrabaskeriak baino gehiago? Soldadu ingeles eta portugaldarrek Donostia duela 200 urte erre zutenekoa baino gehiago? Gernikako bonbardaketa baino gehiago?

GUAYISMOA-RENA da beste arriskua, ustezko irakurle-jende xeheari keinu egin nahia, norbera nola geratzen den ohartu barik. Ondorengo zutabe honek Bartzelonan egin den Espainia Kataluniaren aurka kongresu iragan berriaz jardun zuen, orokorrera jo eta, “guztiak dira berdinak” estiloan, kongresuak zein aspergarriak diren kontatuz, edo azalduz nola saltzen dizkiguten kongresuetako edukiak gupida barik kazetari eta herritar tentelei; eta baietz, tituluarekin asmatu zutela Bartzelonakoek, horrela sona handia lortuz, baina hura ere, azken finean, artaldea lokartzeko modukoa izan zela. Hori guztia Kongresu horretan egon barik. Tira, egunero idaztearen ajeak.

Irakurle, datorren 2014an halakoak irakurtzen badizkidazu, barre egiteaz gain, adierazi iezadazu mesedez, ez konturatzea baino okerragorik ez da eta. Urte berri on.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


Eguneraketa berriak daude