Emakumeak borrokan
Hala Bedi irratia

Hala bada, libre bedi

  • Duela zortzi hilabete, Gasteizko Gaztetxearen 25. urteurrenaz aritu ginen. Oraingoan, haren ahizpa nagusia den Hala Bedi irrati libreak bete ditu urteak: 30 urte kolpeak jasotzen eta kolpeak ematen.

Urko Saenz de Buruaga
2013ko abenduaren 22a
Irudian, komuneko eskuilarekin egoitza berria bedeinkatzen. Bi solairuko lokalean, lau estudio, fonoteka, informatika gela, bideo ediziorako gela eta beste hainbat gune dituzte. Astean zehar 90 lagun baino gehiago igarotzen dira bertatik. (Hala Bedi)
Irudian, komuneko eskuilarekin egoitza berria bedeinkatzen. Bi solairuko lokalean, lau estudio, fonoteka, informatika gela, bideo ediziorako gela eta beste hainbat gune dituzte. Astean zehar 90 lagun baino gehiago igarotzen dira bertatik. (Hala Bedi)

Hala Bedi oso testuinguru zehatzean sortu zen. 70eko hamarkadan eraikitako itxaropenak beteko ez zirela-eta, desengainua gizarteaz jabetu zen. Batez ere, gazteriaz. Militar eta apaizen Gasteiz horretako gizarte mugimendu askoren jarduerek ez zeukaten oihartzunik komunikabideetan. Bozgorailu baten bila, irratia sortzea erabaki zuten, antolatzen zituzten manifestaldien, hitzaldien eta ekintza ugariren berri emateko. Hastapenetan, irratia bidea zen, behar batetik jaiotako tresna. Aurten argitaratu duten liburuan aipatzen denez, “momentu horretan ez zegoen ez gazte mugimendurik, ez ezer, eta asanbladetan edozeri buruz hitz egiten genuen. (…) Hala Bedi Gasteizko edo are Euskal Herriko lehen gazte-erakunde sendoa izan zen”.

Gaur egun, guztiz sendotutako hedabidea da, berezko izaera duen irratia. Hala ere, eraikitze unean jarritako oinarri beretan mantentzen da: asanblearismoa, autonomia eta autogestioa (Halabelarri bazkideen kuotei esker mantentzen da). Eta agian garrantzitsuena, beste komunikabideetan tokirik ez dutenen ahotsa izaten segitzen du.

Lehenengo zartakoak

Irratiaren ibilbidea 1983eko Zeledonen jaitsierarekin abiatzea zen asmoa. Horretarako, walkie-talkiez hornituta, bi kideko unitate higikorra enparantzara hurbildu zen abuztuaren 4an. Ezin izan zuten jaitsiera eman ordea, poliziak bi lagunak atxilotu zituelako. Azkenean, Hala Bediren lehenengo emanaldia abuztuaren 6an gauzatu zen, txosnetarako bakarrik igorri bazen ere. Horren ondoren, urte erdi eman zuten emititu gabe, alde zaharreko Santo Domingo kaleko pisu bat egokitu zuten arte.

Berriz ekin ziotenean ere, ez zen esperientzia luzea izan, 1984ko apirilaren 25ean irratiak bere historiako lehenengo itxiera jasan baitzuen. Herriaren erantzuna ikaragarria izan zen, baina komunikabideek ez zuten ezer aipatu. Isiltasun hori apurtzeko, Hala Bediko kideek Radio Vitoriako egoitza okupatu zuten komunikatu bat irakurtzeko asmoz, baina Ertzaintzak kanporatu egin zituen. Lokalik eta ekipamendurik gabe, denbora dezente pasatu zen berriro emititzen hasi ziren arte. Baina itxierek ez dute Hala Bedi isildu. Urtebete geroago, Patxi Bisquert aktoreak Hedegile kalean zuen pisu bat utzi zien eta ordura arteko historia laburrean lortutako babesa argi geratu zen, itzulera ospatzeko antolatu zuten kontzertuan. Toki guztietatik etorritako jendeak txiki utzi zuen La Blanca kiroldegia.

Hala Bedik musikarekin izan duen harremana oso estua izan da beti. 1985eko kontzertu hori baino sonatuagoa izan zen orain Fernando Buesa Arena den Zurbanoko abere plazan 1987an eskaini zutena: Kortatu, La Polla Records, Vomito eta Quemando Ruedas aritu ziren. Jaialdian grabatutako kasetearen kopia pirata ugari bueltaka ibili dira, ekitaldiak izan zuen oihartzunaren seinale. 2003an, 20. urteurrena ospatzeko, remasterizatu eta CDan plazaratu zuten, liburuxka batekin batera.

Etengabe kontrolpean

Irratiaren arrakasta ez zen batere erosoa erakunde ofizialentzat. 1985eko abuztuan Julio Pelayo Hala Bediko kidea atxilotu zuten, ETAko kidea izatea leporatuta. Urte eta erdi eman zuen kartzelan, epaiketarik gabe. Kontatu zuenez, poliziak Hala Bediko jardueraren jarraipen zehatza zeraman, irratiaren aurreko pisu batetik ateratako ehunka argazki eta guzti.
Bisquertek berak ere arazoak izan zituen poliziarekin, irratiarekin zuen harremanarengatik. Aipatu 20. urteurreneko liburuxkan azaltzen zuenez, behin, komisarian zegoela, polizia batek zera esan zion: “Ez zaigu gustatzen nagusia zirikatzea”. Aktorearen harridura aurpegiaz ohartuta, jarraitu zuen: “Bai, bai, Barrionuevo”. Azkenean pisu hori ere itxi eta ekipamendurik gabe utzi zituztenean, Euskal Herri osoan erakutsitako elkartasuna handia izan zen. Babesa adierazteko komunikatuak irakurri asmoz, Bilbo eta Donostiako irratiak ere okupatu zituzten.

Hala Bedik berriro ere altxatu zuen burua, baina poliziaren presioak nabaria izaten jarraitu zuen eta behin eta berriz gainditu behar izan ditu oztopoak. Itxierez gain, bestelako boikotak ere jasan ditu, sarrienak antena baliogabe uztea. Gorabeherez jositako hogei urte horiek atzean gelditu dira eta Hala Bedik inoiz baino osasuntsuago ematen du. Iñaki Ziarsolo “Iñako”k argi dauka bizirautearen gakoa: “Hala Bedi beste irrati libre askotatik bereizi da, urte hauetan mantentzeaz gain, garai berrietara egokitzen jakin duelako. 80ko hamarkadan jende eta indar nahikoa zegoen zailtasunak jasateko, baina 90eko hamarkadan krisia egon zen: irratian zortzi lagun inguru baino ez zeuden eta behin baino gehiagotan ixtea pentsatu zen. Orduan, erabaki egokiak hartu ziren irratia indartu eta garai berrietara egokitzeko. Edonork parte hartzeko moduko irratia egitea erabaki zen, eta nik uste horrek salbatu zuela Hala Bedi”.

Ziarsolok ondo daki zer den irrati libre bat martxan jartzea, eta zeintzuk diren arriskuak. Ostegunetan emititzen den Zaharrak Berri irratsaioaren Ermuko arduraduna duela hamabi urte iritsi zen Gasteiza, historia ikastera. Sorterrian irrati libre bat martxan jartzeko asmoarekin zebiltzan, eta Hala Bedira hurbildu zen aholku bila. “Irrati libre bat sortzen ari nintzela, irratia piztu eta Hala Bedi entzutea niretzat luxua zen”. Irratia martxan jartzea lortu zuten, baina lau urte besterik ez zituen iraun. Ziarsoloren aburuz, “zailena ez da irrati bat sortzea, emisioa mantentzea baizik. Astero programa bat egitea konpromiso handia da. Hala Bedi bezalako irrati batean merezi dizu, badakizulako entzuleria badaukazula, baina irrati txikietan ez dakizu norbait entzuten ari den”.

Bizirauteko moldatu

Eraldatze prozesuan, Hala Bedik bere alderdirik ganberroena alde batera utzi behar izan zuen. Iraganean prozesio ateoak eta jai alternatiboak antolatu zituen irratiak manerak zaintzera behartu zuen bere burua. Ermuarrak dioenez, 80ko hamarkadan “gizarte mugimenduek, baita Hala Bedik ere, probokatzeko nahia zuten. Bizi ziren garaia ez zitzaien gustatzen eta horren aurka egiteko modua horretaz barre egitea eta ahalik eta gehien asaldatzea zen. Gaur egun, telebistan probokazioa mugaraino eraman da eta jendea probokaziora ohituta dago. Orain dela 20 urte prozesio ateo batek eskandalizatu eta jendeari pentsarazi egiten zion, baina gaur egun gauza berdina eginez ez da hori lortzen”.

Mezuari edukia ematearen beharra ikusi zen, eta horrekin batera programazioarekiko ardura. Irratian aritu nahi duen orok Hala Bediko ateak irekita aurkituko ditu. Kide guztiak boluntario ari dira eta gehienek ez dute aurretiko eskarmenturik kazetaritzaren munduan. Irratsaio baten proiektuarekin hurbiltzen direnei, dena azaltzen zaie. Gainera, aldian behin tailerrak antolatzen dituzte, lokuzioa eta alderdi teknikoak irakasteko. Ikastaroetara irratiko kideak ere hurbiltzen dira, baina edonork har dezake parte. Izan ere, Ziarsoloren ustez, “irratira hurbiltzeko aitzakia ona izan daiteke. Irratira zuzenean etorri beharrean, ikastaroan ikusten da zelan funtzionatzen duen honek eta zer nolako jendea dagoen”.

Euskara hutsezko Hala Bedi

Etorkizunera begira, erronkarik hurbilena Hala Bedi 2ren sorrera da. Bigarren kateak euskara hutsez igorriko du 88.8 frekuentzian, eta jarduera abenduaren 28an hasteko asmoa dute. Proiektu berri honen jatorria 2011n Eusko Jaurlaritzak irrati lizentziak banatzeko lehiaketan aurki dezakegu. Gasteizen banatu behar ziren hamar lizentzietatik hiru euskara hutsezko irratientzat izango ziren, baina arlo horretan aurkezpenik egon ezean, gaztelaniazko irratiek jasoko zituzten. Hurrengo hamabost urteetan euskarazko irratirik gabeko panorama saihesteko, euskara hutsezko irratiaren proiektua aurkeztu zuten elkarte baten bitartez. Lizentzia lortu zuten, baina Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek irregulartasunez jositako prozesua deuseztatu zuten. Lizentzien lehiaketa hasieratik iruzurra izan zela salatzen duen arren, aurrera begira Ziarsolok uste du irrati libre askok argi utzi duela zein den beraien nahia: egoera alegala utzi eta “euren egoera egonkortzea eta legeztatzea”. Jadanik ez dago legearen barruan egon nahi ez dutela esateko aitzakiarik.

Frekuentziak

Gasteiz-Lautada-Aramaio: 107.4
Errioxa-Mendialdea-Trebiñu: 107.7
Aiaraldea (Uhinak irratia): 96.5

‘30 urte kolpez kolpe’
Liburu-dokumentala eta CDa

30. urteurrena hurbil zegoela, Zaharrak Berri historia irratsaioko arduradunek Hala Bediren ibilbidea liburuan biltzea proposatu zuten. Horretarako, duela zazpi urte Iker Sáenz de Argandoña historialariak unibertsitaterako egindako lana osatu eta moldatu dute Iñaki Ziarsolok eta Unai Gartziak. Dagoeneko salgai dago, dokumental batekin batera (30 urte kolpez kolpe). Jatorrizko testua euskaraz idatzi zen, baina liburuan gaztelaniaz ere irakur daiteke. CD bat ere plazaratu dute, azken 30 urteetan Euskal Herrian egin diren hamabost abestitatik abiatuta hamabost euskal taldek egin dituzten bertsioekin. Diskoa Johnny & Joseph-ek urteurrenerako moldatu eta Fermin Muguruzarekin grabatu duten Kolpez Kolpe abestiarekin hasten da. Ohiko liburu-dendetan, interneten bitartez (www.bonberenea.com) eta TMEO aldizkaria banatzen duten tabernetan lor daiteke guztia.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hala Bedi

Hala Bedi kanaletik interesatuko zaizu...
2019-04-02 | Z. Oleaga
Mikel Saenz de Buruaga, Hala Bediko kazetaria, epaitegien aurrean
"Jokoan ez dago gure kasua, guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik"

Bi urte luzeren ostean, eta Hala Bedik ordaintzeari uko egin ostean, heldu da azkenik Mikel Saenz de Buruaga kazetariaren aurkako epaiketa. Jende andana bildu da astearte goizean Gasteizko epaitegietan, irrati libreak deituta, kazetariari eta bere jardunari babesa adierazteko. “Mozalik ez. Kazetaritza ez da delitua” zioen pankarta eraman dute elkarretaratzera.


2019-04-02 | Hala Bedi
Iritsi da Mozal Legea baliatuz Ertzaintzak zigortutako lehen kazetariaren kontrako epaiketa

Gertaeretatik ia bi urte pasa direnean eta bide administratibotik zigorra konfirmatu zenetik urtebete igaro denean, asteartean, apirilaren 2an, Mikel Sáenz de Buruaga Hala Bediko kazetariaren kontrako epaiketa burutuko da. 2017ko maiatzean Gasteizko Errekaleor auzoan jazotako polizia-operazioa grabatzeagatik Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak. Mozal Legea aplikatuta, Jaurlaritzak zigortutako lehen kazetaria da. Egun berean 11.30ean... [+]


2019-04-02 | ARGIA
"Kataluniako prozesua eta garaipenaren ikasbideak" hitzaldia apirilaren 5ean Gasteizen

La Directa hedabideko Jesús Rodríguez kazetari zailduak emango du, 18:30ean Hala Bediren lokalean. Hala Bedik eta ARGIAk elkarlanean antolatu dute eta ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldietako bat da.


2019-03-29 | ARGIA
Ertzaintzak Mozal Legeaz zigortutako lehen kazetariaren epaiketa apirilaren 2an izango da

Hala Bedi irratiko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari "Herritarren Segurtasun Legea" (Mozal Legea izenez ezaguna) aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak, 2017ko maiatzean Errekaleorren polizia operazioa grabatu izanagatik. Alegazioetarako bide administratibo guztiak agortu ostean, Hala Bedik 2018ko apirilean iragarri zuen auzitegitara joko zuela, "informatzeko eskubideari eginiko erasoa delako". Apirilaren 2an izango da epaiketa, eta Hala Bedik elkarretaratzea... [+]


2018-10-05 | Topatu.eus
Ospatzeko eta aldarrikatzeko, OkupaTU Gasteiz
MULTIMEDIA - erreportajea

Aurten urteurren borobilak dituzte Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor auzo askeak. Urriaren 6an ospatuko dituzte OkupaTU Gasteiz egunean. Udalaren debekuen gainetik, ospakizun eta aldarrikapen egunera gonbidatu dute jendea, kalea denona baita.


2018-10-05 | Hala Bedi
OkupaTU Gasteiz Eguna: debekatu nahi izan duten egun baterako gida praktikoa

Nola izango da urriaren 6ko bazkaria? Zein izango da eguneko ekimen nagusia? Zenbat zutabe daude antolatuta? Zein da eguneko eskaintza kulturala? Galdera hauek eta askoz gehiago erantzun ditugu larunbateko OkupaTU Gasteiz Eguneko gida praktikoan.


Okupatu Gasteiz Egunaren antolatzaileek: "Ukatzeko arrazoi bakarra izena da".

Okupatu Gasteizeko kideek Okupatu Gasteiz Egunera gerturatzeko deia mantendu dute, debekua “zentsura politikotzat” jo eta Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute.


2018-09-20 | ARGIA
Falangeak Hala Bediri egindako mehatxuak "adierazpen askatasun" ekintzatzat jo ditu auzitegi batek

Hilabeteetako jazarpenaren ostean, Falange Vasconavarraren sare sozialetako kontua salatu zuen Hala Bedik. Gasteizko laugarren instrukzio-epaitegiak emandako erantzunaren arabera, mehatxuok ez dituzte “adierazpen askatasunaren mugak gainditzen”.


Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin du Mozal legearekin zigortutako Hala Bediko kazetariari jarritako isuna

Errekaleorren poliziaren esku-hartze bat grabatzeagatik Mozal legea ezarri zioten  Hala Bediko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari eta urtebeteko prozesu administratiboa eta gero “kautelazko” neurriak hartu dituzte.

 

 


2018-06-01 | Hala Bedi
Entzun 'OkupaTUGasteiz' abestia, Ekaitz Samaniegoren letrarekin

Abestiaren basea Dj Lorok egin du eta ahotsetan Arabako zenbait musikarik parte hartu dute, Ekaitz Samaniego gasteizko preso politikoaren letrekin. Bestalde, urriaren 6ko egun handirako beroketa-lanak egiteko, jaialdia egingo dute ekainaren 10ean Gaztetxean, DJ lokalekin lagunduta.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude