ARGIA eta Hala Bediko kazetarien kontrako mehatxuak salatu dituzte KEE eta EKEk

  • Kazetarien Euskal Elkargoak (KEE) eta Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE) ohar irmoa kaleratu dute, informatzeko eskubidearen aurka Gasteizen poliziaren eskutik jazotakoa salatuz.


2020ko maiatzaren 18an - 17:21
Ertzaintzak Hala Bediko kazetari bati mugikorra kendu zion Gasteizen, ekintza bat grabatzen ari zenean.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kazetarien bi erakunde nagusiei babesa eskatu diete ARGIAk eta Hala Bedik, Gasteizen azken egunotan bi kazetarik poliziaren aldetik izan dituzten mehatxuak direla-eta.  

Lehenaren kasuan, Udaltzaingoa saiatu zen etxe-kanporatze bati loturiko polizia operazioaren lekukotasun grafikorik hartu ez zezan kazetariak; bigarrenari, berriz, Ertzaintzak telefono mugikorra kendu zion Talka gune okupatu feministaren hutsaraztearen aurkako mobilizazioak grabatzen ari zenean. “Neurri legalak” hartzearekin mehatxatu zituzten poliziek bi kazetariak.

KEEk eta EKEk azaldu dutenez, jadanik eskutan dute bi hedabideek helarazitako ikus-entzunezko materiala.  Hala, mehatxu horiek “gogor” salatu dituzte eta “informatzeko eskubidearen aurkako ekintzak” direla adierazi dute.

Elkarteok gogorarazi dute Espainiako Estatuan alarma egoeran egonagatik ere, kazetariek “askatasunez” lan egin dezaketela eta “mugarik gabe mugitu” daitezkeela. Nabarmendu dute horrek bermatzen duela herritarren “informatua egoteko” eskubidea.

Komunikabideen “aurretiazko zentsura” helburu duen agintari zein segurtasun indarren ekintza oro gaitzetsi dute era berean.  Eta erakundeei eskatu diete kazetarien “funtzio publikoa” bermatzeko, gizartea informaturik egon dadin, “egiazko, kontrastatutako eta iturri oneko datuekin”.


Adierazpen askatasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.