Emakumeak borrokan
Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2013ko abenduaren 15a
Banana, hazirik gabeko fruitua.
Banana, hazirik gabeko fruitua.Steve Hopson-CC By SA

Iraultza inondik etortzez gero baratzetik etorriko da. Historiak hala dio, eta hiztoriak zer esanik ez. Kontzientzia eta jakiak behar ditu historiak, baita hitzak ere. Jatenik gabeko hitzik ez da. Loretik dator jatena, loreak emango duen fruituak daraman hazitik.

Eboluzioaren bidezidorretan landare gehienek haziaren ugalbidea hautatu zuten. Ez denek. Garoek, adibidez, ez. Nork ezagutzen du garoaren lorea? Eta hazia? Garoek perretxikoen bide bera hartu zuten, esporak darabiltzate ugaltzeko. Loreetan eta fruituetan energiarik alferrik galdu beharrik ez.

Askotu edo ugaritzeko fruituaren hautu zahar hari buelta eman dio batek baino gehiagok. Landareak, eboluzioaren zurrunbiloan, zer berritan bilakatu saiatu eta saiatu ari dira. Begi-laburron muturraren aurrean, egunero milaka aldaketa gauzatzen ari dira landareak, etengabe.

Zurrunbilo horretan erotzen denik ere bada. Landareek ere badakite: txoroa baino hobea da eroa. Ero horietako batzuek urrats harrigarria eman dute. Ugalketaren ikurra eta bitarteko nagusia den hazia abandonatu dute. Utzieste horren arrazoiak ez ditut aditzen. Ea nork dakien, eta ez dakienak trabes egin: bitako bat: bere bilakaeran, landareak, hazia ez bestelako ugaltze sistemaren bat hobetsi du edo jendeak etxekotu duen neurrian, bezatuta, gure espezieak behar duen neurrian ugaldu eta zainduko duela pentsatu eta hazia baztertzeraino otzandu da.

Bi adibide: banana (Musa acuminada, Musa balbisiana edo bien hibrido den Musa × paradisiaca) eta pikua (Ficus carica). Ugalketa sistema endekatuta sortzen dituzte “fruituak”. Bananak ba al du hazirik? Eta pikuak? Ez batek, eta ez besteak. Fruitu antzuak dira, eta “partenokarpikoak” deitzen zaie. Landare berriak sortzeko gaitasuna duten hazirik gabeak. “Alferrikakoak” diren fruituak. Bananondoa ipurdiko altsumatik eta pikondoa adarretik, erraz asko ugaltzen ditugu.

Fruituok jateko soilik balio dute. Gero eta horrelako igali gehiago ikusiko ditugu. Udarea, mahatsa, angurria... zerrenda hazten ari da. Hazia eragozpena da jateko orduan. Baina landareak bilakatzen ari dira eta alferrik ez dute energiarik xahutuko: laster dira fruiturik ematen ez dutela. Gure muturraren aurrean. A babua!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Fruitu arbolak

Fruitu arbolak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude