Dena ez dago gure esku

  • Euli-giro:: Uxue Alberdi

    Susa, 2013

Amaia Alvarez Uria
2013ko azaroaren 24a

Aulkiak atzean utzi –Aulki bat elurretan (2007) eta Aulki jokoa (2009)– eta euliak ekarri dizkigu Uxue Alberdik bere hirugarren liburu honetan. Lehen aulkian hotza sentitu genuen Suedia aldeko narrazioekin eta bigarrenean gerraren inguruko oroitzapenak helarazi zizkiguten lagunek samurtasuna sentiarazi ziguten. Hirugarren liburua Euli-giro izenburuarekin heldu zaigu eskuartera, hasieratik amaierararaino giro burrunbatsu eta artegatsu hori izango duen ipuin bilduma da, deserosoa. Estilo desberdinak probatzen abila dela erakutsi digu idazle honek, aldaketari eta gauza berriak probatzeari beldur ez dion sortzailea dugu.

Izenburuarekin batera azaleko irudiak ere emozio bitxia transmititzen digu: emakume gazte bat dugu guri begira aurrez aurre, baina ezin dugu bere aurpegia ikusi, ezkutuan geratzen baita eskaintzen digun lore hilen sortaren atzean.

Dena ez dago gure esku lehen narrazioan agertzen zaizkigu euliak liburuari tonoa emanez, baserri batean dauden pertsonaiak zerbaiten bila daude eta euliek eragotzi egingo diete haien helburua betetzea. Opariak-en hiritik herrira doaz Añes eta Truko “ekografietako mamuak zakila duela ospatzera” familiarekin. Oreina dator hirugarrenik, protagonista neskame doa hil hurrean dagoen Klara anderea zaintzera. Su txikian testuan poliziaren galderei erantzuten topatuko dugu etxekoandre bat bere senarraren suizidioari buruzko galdeketan. Ezertan lagun diezazuket? ipuinean Marta Albeniz bere bufetera joan da lanera eta bertan daudenek ez dute ezagutu.

Distopia literarioak narrazioan Martina eta Joana idazle gazteak Benoit editorearen atzaparretan daude. Kamera estenopeikoa-n bi pertsona elkartuko dira etxe batean eta ordura arte batak bestearen bizitzan izan duen (eta izan ez duen) arrastoari buruz ariko dira. Ondo lo egin-en bikote batek haietako baten ama hartuko du etxean eta metamorfosi baten lekuko izango dira oso modu inkontzientean. Preludioa da amaiera ematen diona bilduma honi, nahiz eta izenburuak hasieraz hitz egiten digun. Bertan txelo-jotzaile bikaina izandako Sara maingu dago istripu baten ondorioz eta proposatuko diote agertokira itzultzea Leonard-en, orduko txelo jotzaile promesaren, ezkerreko eskua erabilita.

Narrazioetan egunerokotasunaren tolesak agertzen zaizkigu errealitatearen alde absurdo eta iluna bistan utziz, eta egunerokoaren ziurgabetasunaren kezka egoera eta elipsien bidez. Gure buruarengan eta gure bizitzan besteek eta inguruneak duten eragina eta dena kontrolatzeko ezintasuna hor dagoela aldarrikatzen du, bizitzaren euli giroan dena ez dagoelako gure esku.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Liburuak

Liburuak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude