"Hirian herri indigena aldarrikatzen ari gara"

  • “Kaypi mi kanchi komunitateko kide naiz, Quiton (Ekuador) osatzen ari den kitxua komunitatekoa. Gure hizkuntza suspertzea dugu helburu baina baita hiriburuan komunitatea aldarrikatzea ere, gure jatorrizko lurra Ekuador guztia dela uste dugulako”. Veronica Yuquilema ikasleak bere buruaz egindako aurkezpena da. Garabide eta HUHEZIren Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak graduondokoan parte hartzen ari da.
     

Nondik hirian kitxua hizkuntza eta komunitatea aldarrikatzeko beharra?

Hainbat azterketa egin da eta, besteak beste, nekazal eremuetatik hirirako migrazioa ikusita, uste dugu hirigunean ere aldarrikatu dezakegula gure komunitatea. Hiriburuan kitxuaz egiten duen komunitatea izatea hirigunea gure jatorrizko herrien eremua dela aldarrikatzeko modua da. Horregatik ari gara hirian herri indigena aldarrikatzen.

Komunitateko kide guztiak zarete kitxuak?

Komunitatean gauden gehienok kitxuak gara baina denok ez dugu kitxuaz egiten, arrazoi ezberdinengatik: landa eremutik hirirako migrazioagatik, migrazio horretan gurasoek seme-alabei kitxuaz hitz egiteari utzi ziotelako eta hiri handietan hezkuntza espainieraz bakarrik delako.

Hainbat zentrotan hezkuntza elebiduna dago baina hauetan kitxua irakasgai bat besterik ez da, ez dituzte matematika, literatura eta gainerakoak kitxuaz ematen. Hori izan da Ekuadorko hezkuntza elebidunaren egituraren arazo handietako bat.

Urteetako arazoa da orduan, denbora da-eta Ekuadorren hezkuntza elebiduna ezarri zela.

Konstituzioaren arabera, kitxua hizkuntza koofiziala da herrialdean eta Ekuador nazio- eta kultur-anitza da. Estatuak kontuan hartu beharko lituzke bi ezaugarri horiek, baina errealitatean ez du egiten.

90eko hamarkadan, gutxi gorabehera, hainbat borroken emaitzak ezagutu genituen, horien artean hezkuntza elebidunarena. Urteekin, erabakiak hartzeko autonomia eskasa izatetik gobernuaren menpe egotera pasa da, beraz, egun nahiko egoera kritikoan dago hezkuntza elebiduna. Eskaintzen duten zentro gehienak nekazal eremuetan daude, eta gutxi batzuk bakarrik erdigunean, hirietan. Migraziorik eman ez den nekazal eremuetan mantendu egin da hizkuntzaren transmisioa. Eta uste dut gure komunitateak horregatik jarraitzen duela bizirik, komunitateetan kitxuaz hitz egiten jarraitzen dutelako seme-alabekin, aiton-amonekin, gurasoekin… Hirietan batzuetan mantentzen dute jarrera hori baina askoz zailagoa da, jende asko bizi den guneetan hezkuntza espainieraz bakarrik delako.

Zuk zeuk non ikasi zenuen kitxua?

Ez nuen inoiz hezkuntza kitxuaz jaso, dakidana nire gurasoengandik, aiton-amonengandik eta egungo ingurunearengandik jaso dut. Hirian bizi izan nintzen eta diskriminazio asko jasan behar izan nuen. Eta hala ere, nire gurasoek ez zidaten inoiz esan kitxua ez hitz egiteko, nire arropa ez janzteko edo landa eremuetara ez joateko.

Beraz, familia bidezko transmisioa ezagutu duzu.

Hori da, orain arte komunitatean egon garenontzat garrantzitsua izan da familia bidezko transmisioa. Hori eta egunerokotasunean norbera kontzientziatzea. Eta hala ere, Euskal Herrira heltzean ohartu naiz zenbait gauza alde batera utzi ditugula: espainieraz idazten jarraitu dugu, espainieraz pentsatu eta idatzi dugu edo batzuetan espainieraz pentsatu eta kitxuaz idatzi dugu.

Hizkuntza alde batera uzten ari diren komunitateko kideen kasuan, nola ohartarazi hizkuntza mantentzearen garrantziaz?

Oso zaila da. Gu, komunitate gisa, ekintza nahiko zehatzak egiten hasi ginen. Horietako bat hizkuntzari prestigioa emateko bideo batzuk izan ziren. “Agian 90eko hamarkadan ez zegoen unibertsitatean indigena askorik baina gaur egun badago prestatutako jendea” mezua zabaldu nahi izan genuen ikus-entzunezkoaren bitartez. Izan ere, jatorrizko hizkuntza guztiei gertatu zaie prestigio faltarena: gurea dena ukatu dugu, garenak ez du baliorik ez zentzurik, ez da aurrez ezarritako egituraren barruan sartzen, guk herri moduan ez dugu lekurik eta ondorioz garena ukatu behar dugu hiri barruan gure lekua hartzeko. Sistemak eraman gaitu horretara.

Eta aipatu dituzun bideo horiek nolako harrera izan zuten?

Nire aitak ikastetxean erakutsi ditu, izan ere, gero eta hedatuago dago eskolan espainieraz irakastearen ideia, etxean erakutsiko dietelako kitxua. Ez da horrela, ordea, dena prozesu bat da.

Bideoak erakusten zituenean jendea gertatzen ari zenaz ohartzen hasten zen, izan ere, gu ez gara jabetzen gure hizkuntzak desagertzen ari direla, ez dago hizkuntzaren arazoaren kontzientziarik. Egoera arazo moduan aurkeztuta, jendea ari da gauzak pentsatzen eta gertatzen ari denaz jabetzen. Komunitate gisa pixka bat indartzen eta zenbait gauza aldarrikatzen lagundu digu horrek, hainbeste diskriminaziok geure burua ukatzea eragin du-eta.

Hainbat hizkuntzak elkarbizitzen duten eremuetan, gero eta ohikoagoa da haiek nahastea. Nola bizi duzue hori zuenean?

Gurearen moduko eremuetan landu beharreko arlo asko daude, adibidez, familia bidezko transmisioa, corpusa, hedabideak, hezkuntza… Bide batzuk har ditzakezu baina ez dituzu denak maila berean garatuko; hemen, esaterako, terminologia garatu da, hiztegiak daude, baina batzuetan pertsonek hitzak bilatzea bera landu beharreko prozesu bat bihurtzen da. Komunitateetan kitxuaz hitz egiten dutenean, batzuetan espainierazko hitzak erabiltzen dituzte: ‘computadora’ eta ‘celular’ hitzek badute itzulpena baina oraindik erabili egiten dira, sortutako hitzak ez direlako egunerokotasunera egokitzen. Ez dago corpusean aritzen den talde finkorik eta honelako gauzak zintzilik geratzen dira.

Gainera, mundu globalizatu honetan beste herrialdeak ezagutzeko balioko diguten hizkuntza nagusiak ikasten murgildu gara, geurea ahaztuta.

Oraindik ere badago maila baxuko eta estatusa ematen duten hizkuntzen ideia, oraindik egiten da hizkuntzen hierarkizazio hori. Noski, hizkuntza gutxituak beheko mailan daude, beraz, komunitateetakoek, nekazal eremuetakoek, hitz egin behar dituzte eta hirietakoek ez lituzkete erabili behar atzera eginarazten dutelako.

Guk oraindik bizi dugu egoera hori nahiz eta gobernua hasi den jatorrizko hizkuntzak erabiltzen politizatzeko, hau da, ez hizkuntza indartzeko baizik eta mendebaldeko gizartearen pentsaera ezagutzera emateko.

Hori hizkuntza bultzatzeko hartutako erronkaren baitako beste borroka bat da, izan ere, Ekuadorko presidenteak erabiltzen du kitxua, hitz batzuk egiten ditu. Ekuador nazio- eta kultura-anitza izanda, presidenteak hitz egiteko betebeharra du, ez da ari guri mesede bat egiten, baizik eta estatuko 13 hizkuntzak menperatu beharko lituzke, ez kitxua bakarrik. Kitxuaz igortzen dituen mezu guztiak gobernuaren alde onak azaltzeko eta estatuaren egituraz hitz egiteko dira, eta hori gu menperatzen jarraitzeko beste modu bat besterik ez da.

Quiton kokatu behar dugu eratzen ari zareten komunitatea. Hainbeste milioi biztanleko hiri batean, nola bildu?

Abantailak eta desabantailak ditugu. Abantailetako bat da jende asko dagoela, hainbat probintziatatik Quitora ikastera edo lanera joandako indigenak. Komunitate barruko jendearen ehuneko txiki batek dagoeneko lortu du unibertsitate titulua eta honek ahalbidetu du hainbat helburu komun finkatzea. Ikasketa garaian baztertuta sentitzen zara: hiri txiki batetik zatoz eta han zure komunitatera joan eta etxera itzul zintezke, hirian ezberdina da. Hori genuen komunean: gure komunitatea berriro elkartu nahia, eremu handi hartan, abstrakzio handiak zituen ingurunean eta gizakia bere baitara bultzatzeko bide asko eskaintzen dituen eremuan.

Testuinguru horretan talde bat sendotzea lortu genuen. Hasieran hamar ginen eta jende gehiagori zabaldu nahi izan genion komunitatea baina beste helburu batzuekin heldu ziren gugana: lagun taldea izatea hirian, taldea politikaren eremura eramatea… Egun 15-20 pertsona gara, gehienak gizarte komunikazioen alorretik datoz.

Prozesua apur bat konplexua da, sistema indibidualista eta lehiakor batean heziak izateak arazoak ekartzen dituelako komunitate batean. Horrelako arazo batzuk ikusi ditugu, baina orain kitxua komunitate gisa erregistratzeko asmoa dugu. Une honetan hausnartu, erabakiak hartu eta epe ertain-luzean gauzatu ditzakegun helburu zehatzagoak finkatzeko prozesuan gaude. Izan ere, hor gaude komunitatekook baina zer eskain diezaiekegu gainerako pertsonei? Zer koordinatu dezakegu gainerako erakunde eta ekimenekin?

Hirian egin dezakegun lanaz gain, aztertu nahi izan dugu komunitate berriak nola ahalbidetuko duen geure jatorrizko komunitateak indartzea, prestakuntza prozesuekin adibidez; edo komunitate honek nola lagun diezaguken gure jatorrizko komunitatera itzultzen.

Komunikazio arloko jendea izanda komunitatean, bereziki begiratzen duzuen esparrua al da?

Komunitatearen ametsetako bat bikoizketen munduan sartzea zen, komunitateko jende gehienak gizarte komunikazioak ikasi dituelako. Interes handia dago komunikabideetan eta uste dugu hori gure indarguneetako bat izan daitekeela, alor teknikoan hezitako jendea dugulako. Orain, gure beharra da hizkuntzaren arloan gehiago murgiltzea eta ikustea honek nolako estrategiak ekar ditzakeen, komunikabideen bidezko hizkuntza transmisioa, adibidez. Horiek dira geroko asmoak.

Garabide eta HUHEZIren Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak tituluan parte hartzen ari zara beste hainbat komunitateko kideekin batera. Zein asmorekin hasi duzu graduondokoa?

Asmo asko ditugu eta aukerak ere bai, Euskal Herrira etortzeak erronka berriak bilatzea zekarrelako Quiton ezarri nahi dugun komunitatea indartzeko. Uste dut Euskal Herriak jarraitu duen prozesuak, hemen erabilitako tresnek eta estrategiek, hango eremu zehatz batean erabiltzeko adibide gisa balio dezaketela.

Bestalde, komunitate gisa han egin ditugun ekintzak partekatu nahi ditugu. Eta noski, baita titulazioan dauden gainerako jatorrizko herrien ezagutza jaso ere.

Aste batzuk daramatzazu hemen. Zerbaitek harritu al zaitu?

Nire kide bat hemen izan zen duela urte batzuk eta hari galdetu aurretik uste nuen kapitalismoa ez zen beste sistema bat zenutela hemen. Hizkuntzagatik hainbeste borrokatu duzuela ikusita uste nuen bestelako agertoki batean izango zela, komunitarioagoan. Kideak argitu zidan ez nuela uste bezalako sistemarik topatuko, hangoaren antzekoa zela hemen ere, sistema kapitalistagoa, europarragoa.

Hala ere, uste dut azpimarratu behar dena dela hemen jatorrizko herri bat izan zela eta dela, eta herri honek zerbaitegatik egin zuela borroka, hizkuntzagatik. Nahiko emaitza argiak jaso dituzue, euskara unibertsitatera heldu izana, adibidez. Quitoko unibertsitateetan ez dut inor entzungo kitxua hitz egiten eta hemen, berriz, ikusten ditut gazte “modernoak” euskaraz egiten. Horrek ilusioa eta itxaropena pizten dizkit, “hori da nahi duguna” esaterainokoa. Baina nahi izateak nola egin pentsatzea ere badakar, guk kitxua gisa, komunitate-bizitzan, kapitalismoarekiko sistema ezberdinean pentsatzen dugu beti. Ez diot eredu ezkertiar edo eskuindar deitu nahi, niretzako gure eredua da, duela urte asko, espainiarrak heldu aurretik, existitzen zena eta oraindik landa komunitateetan mantentzen dena. Komunitatearen aldeko talde-lana (minga), trukea (makipura)… ezaugarriok ez ditugu guztiz galdu eta hauek erakusten digute ez daudela agintzen duten sistema jakin batzuk bakarrik, baizik eta baita beste sistema komunitario batzuk ere, gureak, berriro gogora ekarri behar ditugunak eutsi eta indartzeko.

Hainbat leku eta proiektu ezagutzen ari zarete.

Aurreko batean Tafallan izan ginen, ikastolan, eta oso polita izan zen ume txikiak euskaraz hizketan ari zirelako. Ekuadorren oraindik ez dugu lortuko azpiegitura horiek dituen eskola bat sortzea, baina hasteko, etxe txiki batean umeei kitxua erakutsi ahal izango diegu.

Badut lehengusu bat bost urte bete arte kitxuaz bakarrik egiten zuena, eskolara joan zen eta irakasleak, nahiz eta bera ere indigena izan, esan zion eskolan ez zuela kitxua hitz egin behar, espainiera baizik. Umeak jada ez du kitxua hitz egiten eta guk kitxuaz egin arren, berak espainieraz erantzuten digu. Hemen, berriz, euskaraz hitz egitera bultzatzen dituzte eta barruan geratzen zaizkizun esperientzia horietako bat da.

Esperientzia hau, beraz, aurrera egiteko lagungarri zaizue.

Hizkuntza suspertzeko gai honetan denaren gainetik gure ibilbide historikoa dago. Horrek ahalbidetzen digu aurrera begiratzea, karga historiko horrek bultzatzen eta behartzen gaitu, eta gure komunitatea eta hizkuntza aldarrikatzen jarraitzeko erantzukizuna ematen digu. Gure gurasoek, aiton-amonek, ahal zuten dena egin zuten guk hezkuntza eta orain ditugun bestelako bizi baldintzak izateko. Ez denek, baina hezkuntza bat jaso dugunok nahi dugu orain hezkuntza hori gure ikuspegitik eta gure hizkuntzan emandakoa izan dadin. Gure aurrekoek ez zioten inoiz utzi euren hizkuntza hitz egiteari nahiz eta 500 urte baino gehiagoko kolonizazioa bizi izan. Orain gu gara lekukoa hartu eta eurek hasitako lanarekin jarraitu behar dugunak. Gure erantzukizuna da, betebeharra, ez gara hizkuntzari mesede bat egiten ari baizik eta hizkuntzak ematen digu hau, gure aurrekoei egindako ahalegina itzultzeko aukera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekuador
Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Yuliana Ortiz Ruano. Fabulazio kritikoa
“Emakumeei eta diferentziei ez digute balio kontakizun heroikoek”

Elkarrizketen meritua, batzuetan, elkarrizketatuarena da oso-osorik. Yuliana Ortiz Ruano idazleak, hari-mutur bati heldu, eta bere argitasuna hedatzen dizu aurrean, opari baten moduan. Fiebre de carnaval [Inauteri-sukarra] eleberria aurkeztu du orain dela gutxi Bilbon, Ecuador... [+]


Luisa Gonzalez izan da bozkatuena Ekuadorren, gatazka nagusitu den hauteskundeetako lehen itzulian

Abuztuaren 20an izan da hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren, eta bigarrena urriaren 15ean izango da. Bozken %33,13 lortuta nagusitu da Luisa Gonzalez, eta bigarrena, berriz, Daniel Noboa izan da bozken %23,94rekin. Hauteskundeetarako astebete falta zela hil zuten Fernando... [+]


2023-08-17 | Ilargi Manzanares
Ekuadorko Yasuní erreserba defendatzeko karabana antolatu dute indigenek eta ekologistek

Ekuadorko hainbat probintzietan barrena ibiliko da karabana abuztuaren 20ra arte, Yasuní biosferako erreserba aberatsean petrolio ustiaketa proiektuaren aurka egiteko. Egun horretan herri-galdeketa egingo dute, eta esplotazioaren aurkako bozkak lortu nahi dituzte... [+]


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Anaís Córdoba-Páez. Irudiak, borroka, plazera
“Dolua kolektibizatzen baduzu, alaitasuna ere kolektibizatu behar duzu”

Lagun baten laguna zelako ezagutu nuen Anaís Córdova-Páez, eta sorpresen kaxa bat dela ohartu naiz pixkana-pixkana. Banekien bideoak egiten zituela, eta proiekzio- eta musika-jartzaile gisa deskubritu nuen gero, gau oso batez dantza eginarazi baitzigun... [+]


2023-03-24 | ARGIA
Bost kazetariren aurkako atentatu saiakera, lehergailuz kargaturiko USB gailuen bidez, Ekuadorren

Ekuadorren, bost kazetari lehergailuen jomuga izan dira astelehenean. USB gailuak bailiran, gutunazaletan bidali zizkieten, bakoitzari bere erredakzio edo etxera. Kazetarietako bat, Lenin Artieda, zauritu egin da gailua ordenagailuan konektatu eta lehertu denean.


PODCAST #60 | Chevronek hondoratu du Donziger abokatua: multinazionalei auzi bat irabaztea kario pagatzen da

U.A.-k idatzi digu ARGIAra: “Duela bi urte eta erdi, Net Hurbil-en aztertu zenuten nola epaile pribatuek bertan behera utzi zuten Ekuadorreko auzitegiek Chevroni ezarritako zigorra. Bada, garaipen hura, zigorrarena, ahalbideratu zutenen aurkako jazarpenak ez dauka etenik... [+]


Chevronek hondoratu du Donziger abokatua: multinazionalei auzi bat irabaztea kario pagatzen da

U.A.-k idatzi digu ARGIAra: “Duela bi urte eta erdi, Net Hurbil-en aztertu zenuten nola epaile pribatuek bertan behera utzi zuten Ekuadorreko auzitegiek Chevroni ezarritako zigorra. Bada, garaipen hura, zigorrarena, ahalbideratu zutenen aurkako jazarpenak ez dauka etenik... [+]


2021-04-12 | ARGIA
Boto baliogabeei esker lortu du eskuinak garaipena Ekuadorren

Guillermo Lasso hautagai kontserbadoreak irabazi ditu Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeak. Yaku Pérez hautagai indigenistak iruzurra salatu zuen lehenengo itzulian eta bigarren honetan boto baliogabea eskatu zuen. Eskuinak bost puntuko aldeaz irabazi dio... [+]


Ekuador, XXI. mendean ere kolonialismoaren atzaparretan

Apirilaren 11n egingo diren presidentetzarako hauteskundeen bigarren erronda dela-eta, behe mailako titularren bat eskainiko zaio Mendebaldeko albistegietan Ekuadorreko Errepublikari –azkenak 2019ko matxinadari eman zitzaizkion–. Hautagai batek ala besteak irabazi,... [+]


Yaku Perezen esangura, ezkertiar kontserbadoreentzako gogoeta

Apirilaren 11n egingo da lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulia Ekuadorren. Azkenean, Andrés Arauz eta Gillermo Lasso lehiatuko dira. Azken honekin bigarren posturako lehia estuan aritu den Yaku Pérezek –egun luzez bigarren postuan–... [+]


75 preso hil dira Ekuadorko hiru espetxetan antolatutako matxinadetan

Matxinaden abiapuntu elkarrekiko etsaitasuna zuten zenbait bandaren arteko enfrentamenduak izan ziren, gobernuaren arabera.


Eguneraketa berriak daude