Galtsua ala galtzua

Ardiak, lurraldea ongarritzeko makina. (Arg: Roland Darrec)
Ardiak, lurraldea ongarritzeko makina. (Arg: Roland Darrec)
Artaburuak bildu eta artasoroaren emana amaitu dela uste duena, ustel dabil. Artasoroa, berez, errenta etekintsua, mozkin aberatsa duen ekosistema adimentsua da. Adimentsua, kulturala, geuk sortua delako. Hona etekin katea: hasteko artoa-babarruna-kuia (Zea mays-Phaseolus vulgaris-Cucurbita pepo) elkartzea. Babarrunak, Fabaceae familiako lekaduna izanik, aireko nitrogenoa lurrari lotzen dio. Nitrogeno oparia adeitsu hartuta, artoa ederki haziko da, eta babarrunari eskuinez aurrera aihentzeko barda dotorea eskainiko dio.
 
Babarrun lekak arto ostroen itzaletan helduko dira; hala, azal fineko aleak ekarriko dituzte. Eguzki galdetan heltzen den lekak azal zakarreko aleak izaten ditu... Arto-babarrun bikoteak libre uzten dituen soroko zirrikituetan kuia hedatuko da, eta negurako erreserba ederreko buruak onduko. Baina mozkinen katea ez da motza. Katebegi ugari du: kuiak, kuiak soilik; babarrunak aleaz gain leka, aziendaren gutizia; artoak, ordea, lorea, ostroa, zuztarra, artalea, lokotxa eta zurikina ditu. Ez zuen alferrik heredatu artoa izena! Artoa, grekotik ekarritako izena, “oinarrizko jaki”.  
 
Artasoroa garbi geratzen da zuztarrak biltzean. Artazuztarra edo arto lastoa edo mailastoa. Gose sasoietan jo eta zanpatu eta aziendaren jatenetarako. Garai oparoetan azienda beraren azpietarako. Hura biltzen denerako nabarmen etorria izango da abuztuaren amaiera aldera erein den arbia (Brassica rapa subsp. rapa), bestela soil-soila geratuko litzateke saila. 
 
Ez lehenago erein arbia, bestela, Bedaioko Larrañetako Mariak esaten zuen eran, zanbroak joko du. Baina, erroak utzirik adarrei lotu beharrean, sustraira buelta nadin, arbiaren zanbroarena beste baterako utziko dut. Utziko dizut... 
 
Artasoroan lastoa tiraka ateratzen denez, ez da haren arrastorik geratzen. Laboreen soroetan, baina, lastoa ebakita ekartzen da larrainera. Eta ebakitakoaren ipurdia han geratzen da, galtsua. Guretzako galtsua, Sarasolak galtzu badio ere... Artaldeak ondo aprobetxatuko du, negua igarotzera beterrietako zelaietara etorritakoan... Behetik gora eta goitik behera darama artaldeak artzaina. Eta bidean mesede ikaragarriak. Ardi batek egunean bost kilo kaka hedatzen ditu. 5.000 gramo kaka horietan txegositako 5.000 hazi doaz, ernetzeko pronto. Hara-hona dabilen artalde bat, lurraldea ongarritu eta ereiteko makina bat da, kimika urrunduz den-dena ematen digun makina on-ona. Gure amonak esango lukeen bezala, bedeinkazioa.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-24 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude