Gureak

Realeko jarraitzaileak Lyonen.
Realeko jarraitzaileak Lyonen.

Zein diren “gureak” bereizten nahiko lan ez, eta beti “etxekoak” defendatu beharra kazetaritzaren ugerra iruditzen zait; gaitza, baztertu beharrekoa.

Abuztuaren epeletan, Championsari dagokion partida garrantzitsua Realak Lyonen, eta Realzaleak bertako plaza ederrenetakoan elkar harturik. Halako batean, Olympiqueko jarraitzaile bakar bat plaza zeharkatzen hasi da. Festa amaitu da, eta Realzaleena nor den azaltzeko unea heldu. Amestutako unea.

Kolpetik, Realeko peña ezagun bateko hogeiren bat lagun hurbildu zaizkio, eta, gehienak begira diren bitartean, hiruzpalau lagunen artean eraitsi, eta egurtu egin dute. Plaza handian batzuek ez dute ezer ikusteko betarik izan; beste batzuek ez dakite seguru zer gertatu den; bakarren batzuen ustez, azkarregi bukatu da ikuskizuna; beste batzuen iritzian, aurkako taldeko jarraitzailea izanik, gutxitxo eman diote. Jipoitua izan denari eternitatea baino luzeagoa egin zaio jasandako unea. Beste hainbat lotsaturik geratu dira. Lotsaturik, eta beldurturik, mendekuak logika hartu duelako egoeraren interpretazioan. Erasotzaileak ezagunak dira Realzaleen artean, nahiz eta beraien “balentria” estaltzeko kamiseta txuri-urdinak jertsepean ezkutatu dituzten.

Hurrengo egunetan, belarria luze jarri dut, eta arreta zoli, “gurean” euskaraz eta espainolez aritzen diren komunikabideei. Gertatutakoari buruz aipamenik ere ez. Lausengua, berriz, etengabe: zalego eredugarria, Championseko jarraitzaileak eredu Europa osoko futbol taldeentzat, harro egoteko moduko uholde txuri-urdina.

Eta betidanik korporatibismoak oinarri ustela duela iruditu zaidalako, ni, lotsatuta. Edo bertan izan ziren kazetariek ez zuten ezer jakin, edo, jakin bazuten, ezkutatu egin zuten “hemengo” zaleen irudi orbangabea ez zikintzeko. Ezer entzun ez bazuten, gaizki, beraien lanari dagokiona delako gertatu dena ezagutzea. Zerbait entzun arren gertatutakoa baieztatu ez bazuten ere, benetan gaizki, komeni ez dena ere azaldu behar delako. Eta zer gertatu zen jakinda aipatu ere ez bazuten egin, are eta gaizkiago, egia ez esatea gezurretan aritzea bezain larria delako.
Baliteke norbaitek zerbait aipatzea, horrela, disimuluan, eta ni ez ohartzea, baina harrituko ninduke.

Dena den, okerrena da saldu nahi diguten gizarte mota baten eredua dela zalego aseptiko hori. “Gureak” beti garbiak dira. Besteak dira beti sestra bila ibiltzen direnak. Frantziar gaztea egurtu dutenak ez zaizkit axola. Errukia da nire barrutik agertzen den sentimendu bakarra haiei begira jartzen naizenean. Min ematen didatenak mutu geratu diren haiek dira. Arrazoiaren erdian kulunkan beti. Kargurik hartu gabe isildu direnak. “Bakeak gehiago balio du” pentsatu dutenak. Ez ote da mikatza izan hurrengo tabernan edan duten zerbeza?

Agian, une batean, neure burua ikusi dut Lyongo plaza hartan. Urrutiegi, erosoegi nire epeltasunean, ondoan gertatzen dena ulertzeko.

Hasi naiz lehen pertsonan idazten. Bukatu beharrean naizen seinale.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude