Emakumeak borrokan
Egipto

Jainkoak eta arkeologoek dakite egia

  • Inoiz baino zatituago ageri da Egiptoko mapa sozial eta politikoa. Konponezina dirudien amildegia du aurrean gizarteak. Niloko herriaren erorketa hori saihesteko zubia nork eraikiko duen eta nola, inork ez daki.

Andoni Lubaki @andonilubaki
2013ko irailaren 08a
Altxamendu militarraren aurkako protestetako argazkia, Kairon.
Altxamendu militarraren aurkako protestetako argazkia, Kairon.Bostok Photo

“Hemen elkartzen zen, gu gauden plaza berean, Nagui Mahfuz idazlea. Hemen egiten zuten berba garai haietako intelektualek, literaturaz, poesiaz, politikaz. Gutxi ordea jainkoaz. Nagui Mahfuzi estremista batek eraso egin zion eta hiltzeko zorian egon zen”, dio Mahmud Hamza ideologo tamarroud-ak Groppi kafetegian. Tamarroud hitzak “errebelde” esan nahi du arabieraz. Hala izendatzen dute euren burua 2011. urtean Mubarak lehendakaria boteretik kentzea lortu zuten protestetan aritutakoek. Mahmud Hamza tamarroud mugimenduaren ideologoetako bat dugu. “Neu izan nintzen, protestak hasi eta Tahrir plazan lehenbiziko kanpamentua altxatu zuena. Nazio oso bat mugiarazi nuen ekintza horrekin” dio harro, sisha tabakoari zupada sakonak ematen dizkion bitartean. Emaztea du ondoan, belorik gabe doan emakume egiptoarra. “Nire emazteak asko sufritu du nire burugogorkeria. Ezin izango diot sekula eskertu nigatik egin duena. Baina guretzat borroka ez da amaitu. Mursi presidentea boteretik kendu dugu, baina bere jarraitzaile biolentoak oraindik kalean daude.

Egiptok izan duen ondareari traizio egin diote”, gehitu du Hamzak, haserre. “Ikusiko duzu nola hemendik denbora gutxira egia jakingo dugun. Arazo honen guztiaren egia”. Galdetu diot egia zein den, bere ustetan. Denbora pixka bat hartu du, shishako tututik arnasa hartu bitartean. Kea gorantz bota du. “Egia? Amerikako Estatu Batuek islamista biolentoak suspertu nahi dituztela, gure lurraldea desorekatzeko. Beti, toki guztietan, amerikarrak amerikar direnetik egin duten moduan. Mao Tse Tung-ek famatu egingo zuen ‘banandu itzazu eta irabaziko duzu’ esaldia, baina amerikarrek erabili dute ongien. Kanpoko esku-sartzeen errudun ere senti arazi nahi gaituzte. Zein eta gu, egiptoarrak? Doazela popatik hartzera! Bai Europar Batasuna eta baita amerikarrak ere. Eraman ditzatela euren etxeetara islamista nazkante hauek. Ea gustatzen zaien bizilagun izatea. Guri egiptoarroi behintzat ez zaigu gustatzen”. Zerbitzaria etorri da. Kontua ekarri eta Hamzak berak ordainduko duela esan dit. “Orain gu egiten ari garen hau, kalean gau partean zer edo zer edan, ezingo litzateke egin Anaia Musulmanak boterean egongo balira. Haiek akabatu edo psikiatrikoetara sartu beharko ditugu salafista nazkante horiek”. Elkarrizketa amaitutzat jo du Mahmud Hamzak. “Orain joan zaitez lanera. Idatzi, baina konta ezazu egia”. Agur hotz bat eta bakoitza bere aldetik aldendu da Groppi kafetegitik.

Egipto islamista da!

Brahim-ek berekin joateko esan dit. Bizardun agure argal honek eskua hartu eta Anaia Musulmanen gotorleku bihurtu den Rabaa Al Dawiya meskita ingurutik narama. Nora ez dakit ordea. Gizon txiki baten aurrean laga nau eta esertzeko baimena eman dit. “Nahi duzun guztia esango dizut. Egia besterik ez”, dio agureak arabieraz. Brahimek itzultzaile lanak egingo ditu. Mundu osoan zehar bidaiatutakoa omen da Brahim. “Marinela nintzen eta Kanada, Hego Amerika eta Asiako portuak ondo baino hobeto ezagutzen ditut” esan dit, “egia” besterik esango ez didan agurearengana gentozela. “Galde iezaiozu nahi duzuna”. Gizon txikiak esan dit Mohamed Islamy duela izena, Anaia Musulmanekin klandestinitatean lan egin zuela Mubaraken garaian. “Pertsona gehien mugitzen duen kofradia gara. Horrek militarrei eta diktadoreei beldurra ematen die.

Egiptoar agintariek beti beldurra izan diote herriaren indarrari. Hori saihesteko, onena beraien ustez Anaia Musulmanak kontrolpean, isilduta edukitzea zen. Mubarak boteretik kendu genuenean argi eta garbi gelditu zen egiptoarron gehiengoak Mursi nahi zuela presidentetzat. Herriak behin hitz egingo eta armada etorri zaigu herriaren boza isiltzera. Gaitz guztien errudun egin gaituzte musulmanok. Militar horien atzean Amerikako Estatu Batuak daude. Nahiago dute euren adiskide den diktadore bat herriak aukeratutako presidente bat baino”.

Halere kristau koptoak ere badirela esan diot Mohamedi. Islama Egiptora iritsi baino lehenago lurralde hau kristaua zela esan diot, Mahomak islama hedatzen hasi baino lehenagoko erlijioa delako. Haserre erantzun dit: “Hori Estatu Batuek inposatu nahi diguten egia da. Egipto beti izan da musulmana. Koran liburu sakratuak dioenez, islam hitza erabili baino lehenago musulmanak ere bazirela aitortzen du. Islama Korana baino lehenagokoa da. Pertsona, muinean, musulmana da, berak ez badaki ere. Zu zeu musulmana zara, ez dakizun arren! Baina kristau hauek Alari traizio egin diote. Deabrua gurtzen dute euren elizetan. Otoitzak entzun besterik ez dago, ez dira arabieraz aritzen. Traidore moduan tratatuko ditugu, Egipto beti izan da islamista, beti! Faraoien garaian ere musulmanak ziren, ez gaurkoak bezala, baina musulmanak”. Gure historia liburuek hori ez diotela esan diot. “Noski, liburu on bakarra Korana baita! Eta zuenean ez duzue Koran askorik irakurtzen”.

Kristau koptoak ez gaitu inork nahi

Mina gazte kristau koptoa da. Masperoko gazteen bozeramaile eta koordinatzailea. Berekin ere Groppi kafetegian egin dugu hitzordua. Ramadan garaia da, baina halere berak, egun argiz, ura edango duela esan dio zerbitzariari. “Gizartean azkenaldian dugun arazoetako bat zera da: mundu guztiak uste duela Egipto musulmana dela. Lehenago beti galdetzen zizuten kristaua ala musulmana zinen. Inor ez zen horregatik larritzen edo haserretzen. Gaur ez da horrela gertatzen. Koptook gure burua babesteko ezin dugu Kairoko auzo batzuetara sartu. Biolentzia handia pairatzen du gure komunitateak. Begira bestela” dio, bere sakelakoan elizak sutan agertzen diren argazkiak erakusten dizkidan bitartean. “Anaia Musulmanek bidalitako terroristak izan dira. Anaia Musulmanen artean salafista asko dago, estremista hutsak. Gu akabatzea besterik ez dute buruan. Gobernu berrian parte hartzeagatik traidoreak garela diote. Baina guk, urteetan izan dugun aukera on bakarrari heldu behar diogu. Ez dugu lehengo egoerara bueltatu nahi, ez dugu bigarren mailako biztanle izan nahi”.

Mursi presidenteak kristau komunitateari zer egin dion galdetu diot. Zorrotz erantzun dit: “Ez zuen gureganako errespeturik batere adierazi. Egiptoren izaera erlijioso anitza mantentzea nahi dugu. Ez dut arazorik musulmanekin, nire lagun asko musulmanak dira, estremistekin dut arazoa eta Mursi estremista bat zen, biolentoak zirikatzen zituen gure aurka bortizkeria erabili zezaten. Pentsa zenbat eliza erre dituzten, zenbat kristau hil eta apenas inor dagoen krimen horiengatik kartzelan. Berriro diot, gure egoera aldatzeko modu bakarra izan da gobernuan egotea. Ez dut uste gobernu kolpista bat denik, gobernu iraultzaile berri bat baizik. Egipto bere onera ekarriko duen talde indartsu bat. Estremismoez ahazteko garaia da”, azaldu du Minak ur botilari beste trago luze bat eman aurretik. Ondoan ditugun poliziak gerturatu dira. Elkarrizketatzen ari naizen mutilari esan diote Ramadan garaian ezin duela urik edan. Berak dio kristaua dela eta poliziek barre egin diote. Aldendu direnean zera esan dit: “Ikusten duzunez oraindik gauza asko dago konpontzeke Egipton. Zergatik etorri dira niri hori esatera? Islamismo erradikalaren ondarea dugu hau. Anaia Musulmanek urteetan egindako lan isilaren erantzuna ikusi duzu orain poliziarekin. Horregatik gaude gobernu iraultzaile honetan negoziaketetan”.

Elkarrizketa amaitzerakoan, oharra: “Rabaa Al Dawiara bazoaz kontuz ibili. Ez dute bertan kazetaririk nahi”. Eskua eman eta zorte ona opa diogu elkarri. “Emailak bidaliko dizkizut gure egoeraren berri emateko. Zure herrian jendeak egia jakin behar du!”. Taxi bat hartu dut etxerantz. Bidean Anaia Musulmanen manifestazio batekin egin dut topo. Gidaria gelditu behar izan da eta eskuinerantz jo baino lehenago kotxea kolpatu diote manifestari bakan batzuek. Jarrera hori zergatik izan duten galdetu diot Moises deitzen den txoferrari. “Koptoa naiz eta gurutze baten pegatina bat dut atzeko partean. Ez dute nahi islama ez den beste erlijio baten ereserkirik. Baina ni koptoa naiz eta ez naiz ezkutatuko”.

Mubarakekin hobe geunden

Arduratuta nago. Contreras ez dator eta ez dut giltzarik etxean sartzeko. Gaueko ordu biak dira eta bere sakelakoak ez du seinalerik ematen. Aspalditik laguna dudan Narciso Contrerasek Pulitzer saria irabazi du argazkilaritza atalean. Gatazketan iaioa da, eskarmentuko gizona. Halere arduratuta nago. Orain dela lauzpabost ordu, Ramses zubian liskarrak zeuden Tamarroud eta Anaia Musulmanen artean. “Harantz noa zer berri dagoen ikustera. Ez dut uste asko atzeratuko naizenik, segituan naiz etxean” adierazi dit azkenekoz telefonoz hitz egin dugunean. Bost ordu pasa dira harrez geroztik. Etxeko atabalean dauden bi poliziak nirekin hitz egiten hasi dira. “Ez zaitez larritu. Zure laguna segituan etorriko da. Hori bai, hobe poliziarekin liskarrik izan ez badu, serioak gara-eta gure lanean. Behar ez den tokian argazkirik atera badu... Ezin da dena kontatu. Egia kontatu behar da! Mubarakekin ez genuen halako liskarrik. Segurtasuna eta lana eman zigun hark. Poliziaren gehiengoak Mubarak bueltatzea nahi dugu, Egiptok beti izan dena izaten jarraitu dezan: nazio handi bat. Eskerrak militarrek eta Al Sissi jeneralak Mursi atxilotu duten, bestela ez litzateke gure herriaz deus geratuko” dio Tariq deitzen den polizia gazteak. “Anaia Musulmanekin ez legoke piramiderik ere, ezta hain ezaguna den egiptoar literaturarik ere. Musika ere desagertu egingo litzateke”.

Goizeko lehenbiziko eguzki printzekin batera agertu da Contreras. “Poliziak atxilotu nau, argazkiak kendu nahi zizkidaten atzerriko kazetariak gezurra esaten dugula argudiatuta. Ez dizkidate kendu ordea!”. Eskarmentuko gizona da Narciso Contreras mexikarra.

Euliak bezala akabatu

Telefonora deitu didate. Goiza da eta ezustean harrapatu nau Euskal Herrian Brahim agurearen ahotsak. “Euliak bezala akabatzen gaituzte” esan dit. Tiro hotsak entzuten dira telefonoaren bestaldean. Eskegi bezain pronto Mahmud Hamzari deitu nahi izan diot. Ez du telefonoa hartzen, bai ordea Mina gazte koptoak. “Hasi dira Anaia Musulmanek bidalitako salafistak gure tenpluak erretzen, ordubete ere ez da igaro militarrak Rabaa Al Dawiyara sartu direnetik eta gure aurka jo dute jada” dio kezkatuta. Al Sissiren tropak jo eta su ari dira Anaia Musulmanen kanpamentua desegiten. 60 hildako direla esan dute gobernuko iturriek. Aldiz, Azab doktore eta musulman aktibistaren arabera “nire aurrean 120 gorputz ditut. Denak tiroz hildako gizon eta emakumeak”. Berriro ere zifren jolasa.

Telefonoak jo du, Mahmud Hamza ideologo tamarrouda da, zenbaki ezkutu batetik deika. Nire deia ikusi duela esan dit, baina ez zuela espero ni izatea. Ez du hitz egin nahi, sarraskiaren inguruan ezer ez. Baina “Anaia Musulmanak gezurti hutsak dira” esanez hasi da, ez direla egongo 10 hildako baino gehiago, gehienak poliziaren aldekoak. “Militarrak egia esatera ohituta daude eta azkenean olioa uretan bezala egia azalera irtengo da eta hiltzaileak Anaia Musulmanak direla ikusiko dugu, arma asko baitituzte”.

Demokrazia berrezarri dadila lehenbailehen

Sarraskiaren ondoren etorri dira Europar Batasunaren eta AEBen adierazpenak. “Demokrazia lehenbailehen berrezarri behar da eta gatazka honen guztiaren egia argitu”, adierazi du Obamaren exekutibak prentsara bidalitako oharrean. Arduratuta ageri dira EBko buruzagiak ere Egiptoko egoeraz. “Bakea eta demokrazia berrezartzea nahi genuke” dio Ashton andereak. Denok dakigu, ordea, bai Obamak eta bai Europar Batasunak ere diru-laguntza sendoak eman dizkietela Egiptoko militarrei. Israel ere tartean da. Tabakoa saltzen zidan emakume haren ahotsa etorri zait burura: “Hain gera aberatsak! Aldiz zenbat euli ditugun inguruan dantzan. Badugu gasa, petrolioa, Suezeko pasabidea, turismoa, toki estrategikoa gara Israel eta Palestinatik gertu... Horregatik nahi dute Egipto, bai Anaia Musulmanek, bai militarrek, bai Obamak, bai Europak”.

Telefono deiak nonahi. Ezer berririk ez, denak bestea kakaztu nahian. Tartean nazio oso bat kolokan kanpo interesengatik. Mubarak askatuko duten albistea ere eman da, hasi omen dira haren erretratuak kalean eskegitzen. Mursi kartzelan, “nazioari traizio egiteagatik eta Hamas palestinar taldearekin lanean jarduteagatik”. 600 hildakotik gora islamisten artean. Bakoitzak bere zifrak ahoan, bakoitza bere egia inposatu nahian. Telefono deiak egiten ari naizen bitartean Naguib Mahfuz idazlearen esaldi bat etorri zait burura: “Egipton egia Jainkoak eta arkeologoek bakarrik dakite”. Egiak, baina, denei ihes egiten die Egiptoko gatazkan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Egiptologia  |  Hirigintza

Egiptologia kanaletik interesatuko zaizu...
Egiptokoak ez dira momia zaharrenak

1917an, Chinchorroko hondartzatik gertu (Atacamako basamortua, Txile) ordura arte ezezaguna zen kultura bateko momiak aurkitu zituzten.


Harritzarrak arrastatzeko metodo egiptoarra

Hatnubeko (Egipto) alabastro harrobi zaharreko idazkun batzuetan oinarrituta, Keops faraoiaren garaian harritzarrak nola mugitzen zituzten deskribatu du Frantziako Ekialdeko Arkeologia Institutuko eta Liverpooleko Unibertsitateko arkeologo talde batek.


Tutankamonek ez du gehiago ematen

Nicholas Reeves egiptologo ingelesak teoria hau proposatu zuen 2015ean: Tutankamon faraoi gaztearen hilobiko mendebaldeko eta iparraldeko hormetan (argazkian) ateen arrastoak daudela eta ate horien atzean biltegi bat eta Nefertitiren hilobi-ganbera ukitu gabea egon zitezkeela.


Bularreko minbizirik zaharrena

Miguel Botella antropologo forense granadarrak 4.000 urteko emakumezko momia eskaneatu eta aztertu du Asuanen, Egipto hegoaldean, eta orain arteko bularreko minbizirik zaharrena diagnostikatu dio gorpuari.


Faraoia etxe handi bat da

Per-aa hitzak “etxe handia” esan nahi du egiptoeraz. Faraoia, jakina, etxe handi batean bizi zen, eta haren jauregia izendatuz azaltzen da hitza dinastia zaharrenetako idatzietan.


Hatsepsut faraoiaren komiki zuritua

Badirudi manga historikoa loraldi betean dagoela. Lerro hauetan Pliniori buruzko komikia atera zutela jaso genuen eta, besteak beste, Karl Marx ere mangako pertsonaia bihurtu dute. Berriki, Chie Inudoh margolari japoniarra Hatsepsut faraoiari buruzko manga argitaratzen hasi da.


Alkoholemia isuna antzinako Egipton

Duela 2.800 urte inguruko egiptoar papiro batean epaiketa eta zigor berezi baten berri jasotzen da: gurdia alkoholaren eraginpean gidatzeagatik zigortu zuten epaitua eta, dakigula, hori da arrazoi horregatik jasotako isunik zaharrena.


Pepi II, intsektuak uxatzen zituen faraoia

Pepi II.a edo Neferkara Pepi seigarren dinastiako azken faraoi nabarmena izan zen. Agintaldi luzea izan zen harena; Antzinaroko hainbat iturriren arabera, haurra zela igo zen tronura eta 90 urtetik gora egon zen agintean, K.a. 2278. urtetik 2184ra.


Jainkoen lurralde galdua, gaurko pobreen etxe

Egipto, K.a. 2500. V. dinastiako faraoi Sahurak lehen espedizioa bidali zuen Punt erresumara, idatziz jasotako lehena behintzat. Hurrengo dinastiako Pepi II.ak ere itsasontzi bat bidali zuen Egiptoar Inperioaren hego-ekialdean omen zegoen lurraldera. XI. dinastiako Mentuhotep III.ak ere agindu bera eman zuen. Baina espediziorik ezagunena XVIII. dinastiako Hatsepsut erregina-faraioaren garaian egin zen, Inperio Berriaren hasieran, Deir el-Bahariko tenpluako erliebeetan xehe-xehe deskribatuta... [+]


Ajearen aurkako 2.000 urteko erremedioa

Oxirrinko (Egipto) hirian antzinaroko 500.000 dokumentu inguru aurkitu zituzten 1890ean. Papiroetako testuak pixkanaka itzultzen jarraitzen dute mende eta laurden geroago, eta Oxfordeko eta Londresko Collegeko adituek azken itzulpenen berri eman dute berriki.

Duela 1.900 urte idatzitako testu batean ajearen aurkako erremedioa nabarmentzen da.  Alkohol gehiegikerien ondorioak arintzeko, gainera, ez zen ezer hartu behar; nahikoa zen “Chamaedaphne” (Ruscus Racemosus L)... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude