XXI. mendeko Donostia euskalduna irudikatzen

  • Nola lortu mende honetako Donostia euskaldun izatea? Nola trinkotu donostiar euskaldunen komunitatea? Galdera ugari Bageraren jardunaldietan eta gertutik jarraitu beharreko gaiak, asko: gazteak, saretzea, erreferenteak lantzea, erakargarri dena euskaraz eskaintzea, dakienak euskaraz egitea...

Bagera Elkarteak nahi baino gazte gutxiago bildu du jardunaldietan. Dena dela, Donostiako Piratekin harremana sendotzea lortu du. Argazkian, kolektibo horren ekintzetako bat.
Bagera Elkarteak nahi baino gazte gutxiago bildu du jardunaldietan. Dena dela, Donostiako Piratekin harremana sendotzea lortu du. Argazkian, kolektibo horren ekintzetako bat.www.izanpirata.info

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak XXI. mendeko Donostia euskalduna. Bidea marraztera goaz! izeneko jardunaldiak antolatu zituen udaberrian, martxotik ekainera bitartean. Donostiako euskal komunitatea trinkotzeko eta aktibatzeko asmoz prestatu zuen egitasmoa.  Jardunaldien helburu nagusiak izan ziren Gipuzkoako hiriburuan euskaraz bizitzeko jarraitu beharreko norabidea zein den erabakitzea eta lan-ildo garrantzitsuenak zehaztea. Donostiako euskaltzale guztiek parte hartzeko hausnarketa gunea zabaldu nahi izan zuen elkarteak.

Sei hausnarketa saio antolatu zituzten. Saio bakoitzaren hasieran, egitasmoarekin bat egin zuten hainbat donostiar aditu eta arituk hartu zuten hitza euren ikuspegiak, iritziak eta proposamenak plazaratzeko. Gonbidatuta izan ziren Mikel Zalbide, Lorea Agirre, Igor Otxoa, Maria-Jose Azurmendi, Donostiako Piratak, Beñat Gaztelumendi eta Asier Basurto. Ondoko hiru galdera hauei erantzuten saiatu ziren gonbidatuak, baita saioetan parte hartu zuten euskaltzaleak ere:

“Zure ikuspuntutik, zer behar dugu / behar genuke XXI. mendean Donostia euskaldun izateko?”    “Nola bihurtu gaitezke euskaldunak ikusgarri eta erakargarri Donostian?”

“Zer egin dezakegu, nola antolatu beharko ginateke donostiar euskaltzaleok bide horretan?”

Ondorioak

Ainara Vazquez Bagera elkarteko kidearekin elkartu gara jardunaldietatik atera dituzten ondorioak ezagutzeko. Ideia garrantzitsuenak laburbildu dizkigu. “Zure ikuspuntutik, zer behar dugu / behar genuke XXI. mendean Donostia euskaldun izateko?” galderari lotutako ondorio nagusietako bat hauxe izan zen: hiriko elebidunak, euskaraz dakitenak, euskaraz hitz egiten jartzeko beharra dagoela. Donostian hizkuntzaren ezagutza maila nahiko altua da, batez ere gazteen artean, eta eremu horretan eragin beharra dagoela nabarmendu zuten. Donostiako euskaldunen komunitatea trinkotu beharra dagoela ere azpimarratu zen hainbat saiotan. Donostia oso handia ez bada ere, euskaldunak hainbat auzotan sakabanatuta daudela jakinarazi digu Vazquezek; euskaltzaleak berrantolatzeko premia dagoela gaineratu digu. Hiria euskalduntzeko lan horretan goitik behera eta behetik gora eragitearena ahotan hartu zuten jardunaldietako parte-hartzaileek. Udalek eta administrazioek egin behar duten lana eta herritarrek eta gizarte mugimenduek egiten dutena, biak direla beharrezkoak eta ezin direla kontrajarriak izan ondorioztatu zuten. Gizartea kontzientziatu beharra eta diskurtso ezberdinak uztartzearen garrantzia ere aipatu zituzten.

Nola bihurtu gaitezke euskaldunak ikusgarri eta erakargarri Donostian? Jendea euskarara hurbiltzeko diskurtso positiboak eta erakargarriak sortu behar direla ondorioztatu zen jardunaldietan. Gazteei begira, berriz, erakargarri zaien hori euskaraz eskaintzeak duen garrantzia azpimarratu zen eta euskara erakargarri bihurtzearena alboratu. Parte-hartzaile gehienen ustez, aisialdiak lehentasuna izan behar luke Donostian. Bestalde, erreferentzialtasunaren gaia ere agerian geratu zen jardunaldietan. Donostia 2016 eta Tabakalera bezalako proiektuek Donostian izango duten pisua ikusirik, euskal kulturaren ikur bihurtu beharko liratekeela aipatu zen. Zentzu horretan, Donostiak eta Gipuzkoak aitzindari izan behar dutela nabarmendu zen. 

Hirugarren planteamenduari dagokionez, “Zer egin dezakegu, nola antolatu beharko genuke donostiar euskaltzaleok bide horretan?”, Vazquezek aipatu du saretzearena izan zela gehien errepikatu zen ideia. Hori guztia ondo egiten asmatu beharra dago, ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Eragile ezberdinen arteko saretzeaz ere aritu ziren, ez bakarrik euskalgintzaren inguruko eragileen saretzeaz. Era berean, euskalgintzak gizarte mugimenduetatik asko duela ikasteko aipatu zen. Euskalgintzan lanean ari diren boluntarioen gaia ere ahotan hartu zuten: azken urteetan boluntario kopuruen gainbehera nabaritu dute; behetik gorako presio sozial hori gutxitu egin da.

Urrian jarraituko dute lanean

Jardunaldien inguruko balorazio positiboa egin du Bagera Elkarteak. Parte-hartzaileen profilari dagokionez, uste baino helduagoa izan da; jende gaztea erakartzea ez dute nahi zuten neurrian lortu. Hala ere, harreman-sareak sortu dituzte gazteekin, Donostiako Piratekin, esaterako. Oro har, pozik geratu dira bildutako jende kopuruarekin eta kalitatearekin.  

Hitzaldietatik atera dituzten ondorio eta ideia horiei guztiei zukua ateratzeko gogoz daude Bagera Elkartean. Udazkenean, urrian, beste bi saio antolatuko dituzte Topagunearen laguntzarekin; jardunaldi parte-hartzaileak izango dira horiek ere. Lan-ildo batzuk zehaztu nahi dituzte horiei lotutako hainbat ekintza bideratzeko. Helburua izango da lehentasun batzuk finkatzea eta lan-taldeen bidez ekintzak abian jartzea. Donostiako euskalgintzak euskararen alde egin beharreko bidea marrazten hasi dira eta horretan jarraituko dute.
 

Ehuneko berrogei euskaldunak dira

Euskal Herriko hirietatik Donostia da euskaldunen proportziorik handiena duena. %40,4 euskaldunak dira, %26,6 ia-euskaldunak eta %33 erdaldun elebakarrak.  71.200 herritar inguru dira euskaraz ulertu eta hitz egiteko gai; 46.900 inguru ulertzeko gai dira eta 58.000 pasatxok euskara gaizki edo batere ez du ulertzen.

Donostian 1989tik hona ia sei puntu egin du gora erabilerak. Baina, 2011ko neurketan duela hamar urte jaso zen erabilera-maila bera jaso da (%15,9). Bost urte lehenago erabilera %18koa izan zen.

Donostiako Piratak: "Ez da euskara erakargarri egin behar, baizik eta erakargarri zaien hori euskaraz egin"

“Donostiako jende elebiduna euskaraz hizketan jartzea da gakoa. Gazteen artean behintzat, 30 urtetik beherakoetan hiru laurdenak euskaraz daki eta horrek izugarrizko indarra sor dezake. Mezu positiboen bidez eta era natural batean elebidun horiek euskarara ekarri behar dira”.

“Nerabe eta gazteentzat dagoen aisialdi eskaintzan euskararen hutsune handia dago eta horrek hizkuntza-ohituretan eragiten du. Gazteei dagokienez, euren aisialdia euskalduntzeaz haratago, euren egunerokotasunean euskararen aldeko urratsa ematea lortu behar da. Gazteentzat, euskaraz egin behar da eurei gustatzen zaien hori. Ez da euskara erakargarri egin behar, baizik eta erakargarri zaien hori euskaraz egin”.

Lorea Agirre, kazetaria: "Donostia 2016rekin lortu behar genuke “euskal” ez dadila izan adjektibo bat"

“Egindako ikerketa kualitatibo batek Donostian euskal kulturaren presentzia azken urteetan asko lausotu dela dio. Nahiz eta gehiago egon gutxiago ikusten dugu gure burua eta gutxiago ikusten gaituzte. Euskaldun gehienak gune ez euskaldunetan sakabanatuta bizi gara, beraz, oso zaila da komunitate bat trinkotzea”.

“Donostia eta Gipuzkoa, bereziki, izan daitezke momentu honetan euskal kulturaren inguruko laborategi; gauza berriak eta ezberdinak egiteko, gaizki egindakoak baloratzeko… Sorkuntzari dagokionez, jendeari protagonismoa eman behar zaio. Donostia 2016rekin eta Tabakalerarekin lortu behar genuke ‘euskal’ edo ‘euskara’ hori ez dadila izan adjektibo bat, baizik eta izan dadila substantibo bat. Ez dadila izan euskal kultura programazio edo ekimen baten zati bat, euskal horrek orokorra izan behar du eta horren azpian egon behar lukete gainontzeko guztiek”.

Maria-Jose Azurmendi, soziolinguista: "Gizartea anitza da, beraz, diagnosiak hainbat alderdi kontuan hartuta egin behar dira"

“Euskararen erabileraren AMIA (Ahuleziak, Mehatxuak, Indarguneak eta Aukerak) identifikatu behar dugu diagnostikoa egiteko. Gizartea anitza eta konplexua da, beraz, diagnosiak alderdi anitz horiek kontuan hartuta egin behar dira (zonalde politikoa eta soziolinguistikoa, eremuak, arloak…)”.

Igor Otxoa (Donostia Kultura 2016): "Kanpokoekin, gureak duen balio erantsian sinetsita jokatu behar dugu"

“Hiztun mota bakoitzarekin egin beharreko lanketa ezberdina da: bertako ez euskaldunekin enpatizatu behar dugu baina gure beharren oreka galdu gabe. Euskaldunekin erreferentzialtasunak landu eta eragileak saretu behar gara estrategia komun baten bueltan. Eta, kanpokoekin gureak duen balio erantsian sinetsita jokatu behar dugu”.

Mikel Zalbide, euskaltzaina: "Paradigma okerra da: jarrera, ikasketa prozesua eta erabilera"

“Azken 50 urteotan euskaltzaleok planteatu dugun paradigma okerra da: jarrera, ikasketa prozesua eta erabilera. Erabilerarik gabeko ikasketa prozesuak ez du etorkizunik. Hizkuntza erabiliz ikasten da”.

“Bi orientabide daude eragiteko: goitik beherakoa eta  behetik gorakoa. Elkarren artean talkan ibiliko ez diren moduan antolatzea da beharrezkoa eta eraginkorrena. Behetik gorako euskalgintzatik zer egin behar dugun erabakitzeko hainbat galderari erantzun beharko genioke: Zenbateko eragina lortuko dugu eta nola neurtuko dugu eragina? Jende hori non dago? Komunitatearen trinkotasun maila zein da? Zenbateko intentsitatea du martxan jarriko dugun horrek? Ze ondorio izango du jasotzailearen gaitasunean eta erabileran? Egin nahi dugun hori egingarria da?”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude