Leialtasuna agintean dagoenaren arau alda daiteke

  • Seaska, Iparraldeko ikastolen federazioa, borroka gorrian ari da enegarrenez. Falloux legea izan da azken okupazioaren (Baionako PSko egoitza) eta mobilizazioen leherrarazlea. Lege hau eskola laizistaren –publikoa– eta katolikoaren –pribatua– arteko desakordioak trenkatzeko sortu zen 1850ean. Harrigarria bada ere, Frantziako Estatuak lege zahar hori baliatzen du –suprefetaren bidez– ikastolek betetzen duten zerbitzu publikoa ukatzeko.

"Kotte Ezenarrok ez du jakin une erabakigarri honetan, euskararen alde garen guztiekin bat egiten" erran digu Battitte Salaberri auzapezak.Dani Blanco

Hendaiako ikastolak –Gure ikastola izenekoa– eraikin berri bat eskatu dio Herriko Etxeari, aspaldi eskatu ere, bere 400 ikasleak era duinez egokitzeko. Udalaren diruz eraikitako lehen egoitza 1994koa da; Hapetenia karrikan dago. Egungo auzapez Battitte Salaberri zen ikastolako presidentea orduan. Auzapeza, berriz, Raphaël Lassallette (PS) zen. Udal talde sozialista hartan ere Kotte Ezenarro hautetsia zegoen, finantzazio arduraduna. Ezenarrok 2001ean hartu zuen auzapez kargua; Lassalletteren segida. 2008ko bozetan, Salaberrik (Bateginik Aintzina) Ezenarro (Ezker Anitza) garaitu zuen ustekabean. Etxegintza izan zen udalerriko agintaritzaren aldaketaren eragile nagusia.

Eraikin berria behar

1994an egungo ikastolaren eraikina zabaldu orduko txiki geratu zen. 2001ean, Ezenarrok berak –auzapeza jada– arazoari irtenbidea emanen ziola hitzeman zuen. Hitza eman zuen ere Salaberrik, 2008an. Euren asmoa ikasleak bi egoitzetan egokitzea zen, egungoan eta berrian; 200 ikasle bakoitzean. Dongoxenia auzoan aurreikusi zen proiektua. Egitasmoa denboran ainguratu zen, ordea. Izan ere, ikastolak udaletxean –Gobernuan zein oposizioan– ditu “arerioak”; Ezenarroren nahiz Salaberriren taldean. Hots, herriko bozetarako zerrendetan –Ezenarroren eta Salaberriren zerrendetan– ezker, eskuin, zentro, berdeak edota abertzaleak daude. Udalbatzan, talde nagusi bi hauez gain, Biharko Hendaia dago; ezker abertzalearen ordezkaritza, Iker Elizalde hautetsi bakarra izaki. Ikastolaren afera ulertzeko 2014ko udal bozak kontuan hartu behar ditugu, baita iazko ikasturtearen hasieratik Gure Ikastolak berak aurrera eraman dituen desmartxak. Halaber, komenigarria da, iragan berri horretan hiru hautetsi bereziki aipatzea. Claude Vieira (Le Parti de Gauche) lehenik. Frantses eskola publikoko irakaslea. Lassalletteren eta Ezenarroren udal taldeko hautetsia izan zen, eta legealdi honetan Salaberriren taldekoa –lehen axuanta– iragan urtera arte. Izan ere, Sallaberrik ikastolarentzako eraikin berria gauzatzeko egitasmoa mahai gainean jarri zuen unean, Vieirak dimisioa eman zuen. Hitz bitan: Vieira, Jules Ferryren jarraitzaile sutsua da, jakobinista izateaz gain. Salaberriren hitzetan, bere taldean sartu zenean, ikastola berria eraikitzeko oniritzia eman zion. Gero hitza jan zuen. Richard Beitia da beste hautetsia. Eskuindarra. Auzapez izatea helburu duena, Vieira bezala, euskararen eta ikastolen kontrakoa. Ez dira bakarrak. Harrigarria bada ere, Salaberriren taldeko zortzi hautetsik egitasmoaren kontrako boza eman zuten; apirilaren 25ean bozkatua. Egitasmoak kontrako 14 boz jaso zituen. Ezenarroren taldekoenak beste seiak. Ikastola berriak 17 boz izan zituen alde, 15 Salaberriren taldekoen bozak, eta beste biak Jean Baptiste Etxeberriren –Ezenarroren taldekoa– eta Elizalde abertzaleenak. Bi abstentzio izan ziren, auzapezaren taldekoenak.
Eraikin berria –Behobide etorbidean– gehiengoz onetsia izan zen. Udalbatzak Patrick Dallennes suprefetari proiektua helarazi zion –Hollanderen aro berriko lehen suprefeta–. Honek egitasmoa legez kanpokotzat jo zuen, Falloux legearen “estakuruan”. Galdera bi jalgi zaizkigu, bi gutxienez. Baga: 1994an ikastola eraiki bazen, orain zergatik ez? Biga: Estatuak Seaskaren hainbat sail onartzeaz gain, ekonomikoki laguntzen badu, zergatik debekatzen dio Herriko Etxe bati tokiko ikastola eraikitzea?
Galdera horien erantzunak Frantziako Estatuak hezkuntzan eta hizkuntzari buruz daraman politikaren baitan daude. Erreportaje honen asmoa, berriz, udalerri honetan hautetsiek euskararekiko –ikastola tarteko– duten jarrera kontrajarria azaltzea da. Esaterako, Ezenarrok “udal gobernuaren adostasun eza” aurpegiratu dio Salaberriri. Horixe omen da, bera egitasmoaren aurka egoteko arrazoietako bat.

Ezenarro versus Salaberri

Barkatxo Arrizabalaga hautetsia da (Bateginik Aintzina), euskararen arduraduna. Hautetsi honek ez du udal taldeen kontraesanak ukatzen: “Hauteskundeetarako zerrendak komenigarritasunaren arabera osatzen dira. Beitia, adibidez, ez da euskararen aldekoa. Gure taldean ere kontraesanak daude, noski. Bagenekien gai honetan zaila izanen zela aurrera egitea. Harri koskorrak jan ditugu. Euskararen gaia lekuko”.
“Euskarak baditu aldekoak eta kontrakoak, horren isla da ikastolaren proiektuari buruzko bozketa” erran digu. Hau da, euskara ez da neutroa, nahiz eta neutraltzat jo daitekeen jendea izan bada, bakan batzuk halere. Arrizabalagak ez du Ezenarroren jarrera “ulertu”, ez onartu, noski. Printzipioz, Ezenarro euskararen aldekoa baita. Auzapez ohiaren jarrera azaltzen duen gertaera bat azaldu digu: “Ezenarroren kide Suertegarayk ikastolaren eraikinaren kontra bozkatu zuen 1994an. Gizartean euskararen aldeko bilakaera nabarmena izan da hogei urteotan, eta orain, udalbatza prestatzeko aurreko bileran alde bozkatu zuela adierazi zigun”. Suertegaray baina –eskola publikoko irakaslea hau ere–, bozketa egin zen kontseilu egunean ez zen bertan egon, Ezenarrori “ahalordea” eman zion eta haren boza aurkakoa bihurtu zen: “Ezenarrok ez du bere taldekoen adostasuna bultzatu, aitzitik, ados zegoena isilarazi du” dio hautetsi honek.
Herrian bolo-bolo dabil uste hau: “Beitia datorren urteko bozetarako bere hautagaitza prestatzen ari da, baita Ezenarro ere. Euskararen kontrako bozak bildu nahi dituzte. Batek eskuineko bozak eta besteak ezkerrekoak. Euskararen kontrakoenak betiere”.
Ezenarrok egitasmoaren kontra egoteko argudio gehiago eman digu ordea: “Ni ez naiz kontra. 1994an beste era batez landu genuen ikastolaren proiektua. Gu alde gaude, txostena lantzeko eraren aurka gaude. Salaberri dorpeki ari da, txostena ez baita arauen arabera egina”. Areago: “Vieirak lehen, Beitiak orain, suprefetari idatzi diote proiektua ez dela legezkoa erranez, irregulartasunak dituela. Beraz, Salaberrik ikastolak, denak, arriskuan jarri ditu, eta gainera biktimarena egiten du. Arazoak bere taldean ditu”.

Arrizabalaga, Etxeberri edota Elizalde, egitasmoaren aldekoak, udalbatzako hiru taldeen ordezkariak, proiektuak teknikoki akatsak dituela onar dezakete. Hasteko, diotenez, berau ongi taxutu behar duten hautetsiek proiektuari trabak jartzen dizkiotelako. Alabaina, hori ez da arrazoi nahiko, Ezenarrok egitasmoaren aurka horren sutsu aritzeko. Elizalde honela mintzatu zaigu: “Hauteskundeak heldu den urtean izateak badu zerikusia. Ikastola manipulatzeko joera dute bi aldeek, ‘guk egin dugu ikastola politena, egokiena’ esateko. Proiektua hauteskunde logikaren gainetik dago guretzat”. Biharko Hendaiaren hautetsiaren esanetan, alde teknikoa eta finantzazioa kritikatu daiteke, baina Ezenarroren taldeak –finantzazioa dela, poliza bat dela, lekua dela...– dena baliatu du kontra egiteko.
Ezenarrok hurrengo bozak irabaziko balitu, antzeko proiektua ez ote lukeen aurkeztuko galdetu diogu berari, legearen aplikazioa subjektiboa baita: “Falloux legea nahien arabera interpretatu daiteke. Ados. Baina nola saihets dezakegu legea proiektu kaskar horrekin? Suprefetak berau ikusi eta aulkitik erori da. Finantziazioa aldez edo moldez eginen dela dio txostenak. Arriskuak ez dira gainditzen ausarta zarelako. Ni ikastolaren alde egiteko prest naiz, baina ez Salaberri borrokalari arriskutsuaren alde. Gainera, biktima ausartaren rola jokatzen du. Vieirak eman zion lehen ezpata kolpea eta Beitiak estokada, ez guk, bere axuantak baizik”.

Bistakoa da: Ezenarrok ez bide ditu auzapez zenean jaso omen zituen zartak ahantzi. Orbainak irekiak ditu, ez ditu sendatuak antza: “Mitterranden garaian ikastola altxatu genuen guk, Lassallette auzapez zelarik. Neroni auzapez nintzela, ikastola handitzen lagundu genuen”. Ezenarrok ez du udaletxeko aulki nagusitik “bota” izana ahantzia. Berak dioenez, etxebizitza sozialaren alde egin zuen. Etxegintzaren uhin erraldoia Hendaian zabaldu zenean, egur galanta jaso zuen Salaberri buru zuen oposiziotik. Orain, berak, irudiz, “odolkiak ordainetan” legea aplikatu nahi du: “Aizu, guk hainbat egitasmo aurrera atera (Hirigintza Tokiko Plana) eta poliziak bi orduz galdezkatuak izan ginen oposizioaren salaketa zela medio. Prebentziozko atxiloketak jasan genituen, hirigintzako teknikaria erradiadore batean lotua ikusi dut nik”. Gogor jo omen zuten bere kontra. Auzapez zenean –honen aurreko legealdian–, hainbat proiektu zapuztu zioten, baita burua makurrarazi ere: “Orain beren proiektuaren alde jartzea nahi dute? Zergatik aurkeztu dute berau agintaldiaren bukaeran? Vieirak ni nahi izan ninduen akabatu, baina ez zuen lortu. PStik kanpo bota genuen. 2008an Salaberriren taldean sartu zen. Salaberrik Vieiraren sostengua baliatu zuen auzapez bihurtzeko, baina bizkarra eman zion ikastola eraikitzeko unean. Nola egin daiteke horrekin akordio bat?”

Gardentasuna eta adostasuna

Gardentasun eta adostasun lemak bere egiten dituzte politikariek. Horiekin denak leialak omen dira agintzen dutenean: “Kotte Ezenarrok ez du politikoki goi-mailako begiradarik ukan. Alderantziz, epe motzera jokatu du. Euskara gai politikoa dela? Ados. Alabaina, nork bere interes politikoak bazter uzten jakin behar du. Ezenarrok ez du jakin, une erabakigarri honetan, euskararen alde garen guztiekin bat egiten. Iraganeko aferak ekarri ditu mahai gainera, funtsean, heldu diren urteko bozak buruan dituelako. Auzapez izan nahi du ororen gainetik”. Egungo auzapez Battitte Salaberriren hitzak dituzu horiek. Zenbat buru hainbat aburu. Zuk zurea eginen duzu, irakurle.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Seaska
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2023-12-19 | Leire Artola Arin
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria
“Ezinezkoa da Beskoitzetik ikastola bat horrela kanporatzea”

Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Beskoitzeko ikastolaren alde ehunka euskaltzale bildu da

2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.


Eguneraketa berriak daude