Eta Bilduk lortu zuen Gipuzkoako errauskailua gelditzea

  • 2013ko uztailaren 12an Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoa gobernatzen duten Bilduko hautetsiek Zubietako Artzabaletan aurkeztu zieten herritarrei beren erabakia, noizbait baso izan eta gaur paisaje estralurtar bilakatuan: hor ez da errauste plantarik eraikiko aurreko agintariek erabakitakoak legea urratzen duelako.

GHK-ko administrazioa Zubietan 2013ko uztailaren 12an, proiektuaren gelditzea iragartzen. Zutik Ainhoa Intxaurrandieta, bere eskuinean Imanol Azpiroz presidenteordea, beste aldean Iñaki Errazkin foru diputatua.
GHK-ko administrazioa Zubietan 2013ko uztailaren 12an, proiektuaren gelditzea iragartzen. Zutik Ainhoa Intxaurrandieta, bere eskuinean Imanol Azpiroz presidenteordea, beste aldean Iñaki Errazkin foru diputatua. Dani Blanco

Ainhoa Intxaurrandieta GHK partzuergoko presidenteak administrazio kontseiluko kidez inguraturik atzean zeukan zulo handiari begiratzen zion behin eta berriro bertako obrak geldiarazteko agindua justifikatzen duten lege urraketak aipatzerakoan.

Hobi handi horretan joan behar omen zuten, Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen integratuak onartu bezala, errauskailuak zaborrak kiskalitakoan sortu behar zituen eskoria solidoak eta errauts toxikoak tratatzeko azpiegiturak.... gero 2011n enpresa talde bati emandako kontzesioan desagertu direnak. Desagertze hori gehi zorua hiru metro goratu izana, aldaketa handiegiak dirudite ingurugiro baimena berriz eskatu eta lortu gabe lanean jarraitzeko, baina inork ez zuen txintik atera, proiektuen jarraipena egin behar duen Eusko Jaurlaritzak ere ez. GHK-ko agintariek erabaki duten arte lanak horrela egitea ilegala dela.

Katez lotua nola askatu

Errauskailuaren kontra luzaz borrokatu diren militanteek ez dute txanpainez ospatzeko data garbia aurkitu uztailaren 12an. Menturaz proiektuaren itxierak ez du edukiko egun jakin bat, baina zalantzarik duenari GHK-ko buru Intxaurrandietak Garatik jakinarazi dio errauskailua gelditzeak ez daukala dagoenekoz atzerako biderik: “Egia da obrak geldirik zeudela, baina kontratua indarrean zegoen; orain proiektuak ingurumen baldintzak betetzen ez dituela egiaztatzearekin etenda utzi dugu obrak burutzeko aukera oro”.

2007-2011 legealdian Gipuzkoako Foru Aldundia bezala GHK partzuergoa kudeatu zutenek ahalegin berezia egin zuten errauskailuaren asmoa ondo loturik uzteko. Ez dago EAJri eta PSEri gorrotorik eduki beharrik hori nabarmentzeko. Luzaz ilegalizaturik eta are luzeagoz instituzioetatik kanpo egondako ezker abertzaleak Bilduren koalizioan hauteskundeetan parte hartzea lortuta gehienen ezustean eskuratu zuenean Gipuzkoan nagusitasuna, aginte makila irabazle berriei pasatzeko bezperetan bi giltzarrapo bereziz kateaturik utzi zituzten lurralde honetako hondakinak. Batetik, errauskailuaren eraikuntza esleitu eta bestetik finantziazioa lotu.

Bilduko agintari berriei egokitu zaie bi urteotan politikari nahiz kudeatzaile hotzena ere eroarazteko moduko labirintua zeharkatzea. Talde bozkatuena bai baina honetan erabat elkar hartu duen oposizioaren aurrean gutxiengoan, lehenik hondakinen eguneroko kudeaketa bermatu, bigarrenik hauteskundeetan agindu zuen errauskailuaren gelditzea mamitzen hasi, horrekin batera plan alternatiboa antolatu, aldi berean herri batzuetan sistema alternatiboa ezartzen hasi, ahaztu gabe egunetik egunera toreatzea hedabide nagusien erasoak, gehi herritar askoren haserreak...

Zubietako argazkiarekin GHK-ko arduradunek irudikatu dute heredatu zuten blindajea zulatzeko erremintak aurkitu dituztela. Ordainetan, blindajearen truke blindajea, errauskailuaren asmoari arnas berria eman nahiko liokeen edozein bide itxi nahi dutela.

Zeinek ordainduko ditu kalteak?

Bildu ez gainerako alderdiek Zubietako labearen proiektuaren etenaren aurrean azpimarratu dute GHK kiebrako zorian dagoela. Deloitte konpainiaren auditoriak 2012an partzuergoari aitortu ostean 8,8 milioiko etekin positiboa, gehitu diola 46 milioiko galera. “Bilduk GHK zulora darama” deklaratu dute kasik aho batez EAJk, PSEk eta PPk.

Kontua da datozen hilabeteetan asko hitz egin beharko dela GHK-ko kontuez, oraingoez eta lehengoez. Auzitegiak aztertuko ditu La Caixa, Banesto eta Sabadellekin hitzartutako maileguak, funtsean swapp produktu espekulatiboak baizik ez direnak. Horiek direla medio, Gipuzkoako herritarrak ari dira ordaintzen gastatu gabeko kredituen interesak benetan inbertituta baleude bezala. Horien sinatzaile nagusia, Karlos Ormazabal orduan presidentea, dagoeneko ez dago politikan, baina bere ordezko Denis Itxaso gaur PSEren ingurumen idazkariz gain San Marko mankomunitateko presidente ere bada.

XXI. mendeko krisitzarrak denok ohartarazi gaituenez diru publikoaren garrantziaz, udazken honetako trending topic gertatuko dira Zubietako eraikitzaileek eskuratu nahiko dituzten kalte-ordainak. Erantzukizunen eztabaidak berotu dezake udazkena.

Gipuzkoako Diputazioa jokoan

Gerta liteke, gainera, orain GHK-k eraikuntzaren esleipena eten duenean, FCC buru duen enpresa taldeak ere auzitara jotzea. Hala balitz, Gipuzkoako Foru Aldundia eta ondorioz GHK bere gain hartuko lukeen hurrengo agintari taldeak, politikaz gain, epaitegietako bi auzitan katramilatua aurkituko luke Zubietako errauskailua.

Jokoan dagoena, azkenean, Foru Aldundia baita. Bilduk erakunde hori gobernatu du lehen urtean EAJk baimendu ziolako eta bigarrenean PSEk arnasa hartzen lagata. Orain sozialisten eta jelkideen itun handia egosi samarra dirudienean, lortuko ote du hirugarren urtea burutzea eta nola?

Gauza bat geratuko da garbi historiarako: Bilduk gelditu egin duela Gipuzkoako errauskailua, horrekin batera erakutsiz hondakinek badutela bestelako kudeaketa bat. Hori aitortzeko ez dago zertan izanik Bilduren edo Sorturen zale. Lemoiz zen Fukushima bizkaitarra ETAk gelditu zuela esateko ez dagoen moduan ETAren ekintza bakar bat justifikatu beharrik. Zubietan Bildu hitza betetzen ari da eta gero herritarrak epaituko du.

Xabier Garmendia Martinezen esku luzea

Non egon da Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailburuordetza urte guztiotan? Bestela esanda, bistakoa da Jaurlaritzak izan behar duela ematen dituen baimenen jarraipena egiten duena. Baina Zubietan dena da desberdina eta promotoreak berak salatu behar izan du: “Aizu, nik orain kudeatzen dudan enpresa honek tranpa egin duela, baimena eskatu eta lortu ondoren proiektua aldatuta ari zela obrak antolatzen!”.
Nor ote zen obra ikuskatzeko arduradun? 2011ko kontuez ari garenez, Patxi Lopezen agintaldian Ingurumen eta Industriako sailburu izan zen Pilar Unzaluren agindupean ingurumenean bi pertsona eduki zituen Lakuak sailburuordetzan: ekainaren hasiera arte Pilar Teran eta data horretatik agintaldia bukatu arte Arantxa Leturiondo.

Unzaluren beste sailburuordea, industriakoa, Xabier Garmendia zen. Arantxa Leturiondo bezala EIAtik eta Euskadiko Ezkerratik iritsia PSEra. Biek eduki zuten garrantzia ETA(PM) bizirik zegoen garaian. Hemerotekek bildu dituzte Juan Infanterekin batera Leturiondok polimili preso eta iheslariak bergizarteratzen egindako abokatu lanak.

Handik laster Garmendia azaldu zen Jose Antonio Ardanzaren gobernuaren (1991) organigraman, Jon Larrinaga sailburuarekin ingurumen sailburuorde.

Gobernua utzirik, Garmendiak industria eta ingurumena uztartuko zituen. Neuciclaje izeneko konpainia antolatu zuen, bazkide hartuz Bizkaiko pneumatiko eta zemento enpresa handienak, autoen gurpilak porlan fabriketan hobeto erretzeko prestatzeko, horra pneumatikoen birziklapena zer izan daitekeen.

Era berean FCC eraikuntza eta zerbitzu publikoen multinazionalaren filiala den Cementos Lemonako kontseilari ordezkari ere izan da. Baina hondakinen errausketa eta kudeaketaren arloko lan nagusia DPA aholkularitzatik egina du.

Gipuzkoako hondakinen plan nagusia, gaztelaniazko PIGRUG siglez ezagutzen dena, Javier Ansorena orduan Foru Aldundiko zerbitzuburuarekin batera sinatu zuen Garmendiak. Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakinen plan nagusiak leitu eta alderatu dituztenak bien antzekotasun harrigarrian oinarritzen dira hondakin plan biak benetan Garmendiak eginak direla esateko.

Mundu osoan korporazioen indar handiegia salatzen dutenek ate birakarien fenomenoa aipatzen dute, gaur administrazioan eta bihar multinazionalean ari diren politikari profesionalena. Xabier Garmendia da kasu paradigmatikoa. Berak planifikatutako obrak esleitu zitzaizkion bere enpresari... eta bera zegoen horien fiskalizazioa egin behar zuen Jaurlaritzan. Ondoko sailburuordetzan, hori bai, industrian.


ASTEKARIA
2013ko uztailaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude