ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Berdintasuna eta solidaritatea oinarri

  • Marinaledako (Sevilla, Andaluzia) gizarte antolaketa sozialismoan oinarrituta dago, 1979an CUT alderdiak Udaleko agintea hartu zuenetik.
    Herri kooperatiba, hilean hamabost euroren trukeko etxebizitzak, doako zerbitzu sozialak… Egungo krisiarekin jendartea eredu sozioekonomiko berriak bilatzen ari den honetan, halako ispiluak ezinbesteko dira.

Juan Manuel Sanchez Gordillo ezkerrean, lur eremuen okupazioa aldarrikatzen.
Juan Manuel Sanchez Gordillo ezkerrean, lur eremuen okupazioa aldarrikatzen. AFP

Andaluziako edozein herri xume bezalakoa da Marinaleda. Hara iritsi arteko bidea laborantzarako lurrez osatutako kilometro luzeak dira. Herriaren sarreran jatetxe handi bat, kale txikiak eta lasaiak, etxe zurien atarietan emakumeak txapin eta mantalekin, herriaren bihotzean parke itzaltsu eta kolorezkoa… Andaluziako edozein herri xume bezalakoa da Marinaleda, itxura batean.

Izan ere, bisitaria abiatuko da herrian barna eta ¡Contra el capital, guerra social! (Kapitalaren kontra, gerra soziala) irakurriko du horma batean, segituko du aurrera eta ¡Hasta la victoria siempre! handi bat ikusiko du. Mundu osotik babesa eskainiz egindako marrazkiek apaintzen dituzte Marinaledako paretak. Hara joaten denak kaleen izendegiari erreparatuko dio eta iraultzarako hiztegi bat irudituko zaio: Fermin Salvochea, Plaza 1 de mayo, Ernesto Che Guevara, Ghandi, Salvador Allende, Solidaridad, Fraternidad, Igualdad, Avda. de la Libertad, Blas Infante –hau dela eta, eskuin muturraren erasoak jasan zituzten–; udaletxeko armarrian ez du koroaren ikurrik aurkituko –Hirugarren Errepublikako herrialdeen kide da–, ezta Aste Santuko prozesioan udal ordezkaririk ere. Marinaleda Andaluziako edozein herri xume bezalakoa baita, baina jornalarien herri matxinoa ere bai.

Herri asanblearioa

Sevillako probintzian kokatua, apenas ditu 3.000 biztanle. 1979az geroztik Juan Manuel Sánchez Gordillo da alkate. Juan José Sancho González, CUT (Colectivo de Unidad de los Trabajadores) alderdiko kiderik gazteenaren esanetan, Andaluziako jornalari eta jende umilaren liderra da Gordillo: “Beti borrokatu du herriaren eskubideen alde eta herritarrek mirespena diote”. Egun, udala Izquierda Unida alderdiaren barruan dagoen CUT alderdiko bederatzi zinegotziz eta PSOEko bi zinegotziz osatuta dago.

Esperanza del Rosario Saavedra Martín udaleko zinegotzi eta herriko haur eskolako langilea da; Marinaledako sistema sozioekonomikoa herritar guztiei berdintasunean beraien betebeharrak asetzeko aukera ematen dien sistema moduan definitzen du: “Agian ez da egokiena, baina gaur egungo sistema kapitalistaren barnean lortu daitekeen sistemarik duinena da”.

Ez alkateak ezta zinegotziek ere ez dute udaleko lanagatik soldatarik kobratzen. Saavedrak argi utzi du udalean ez zirela aberasteko sartu, herriaren alde lan egiteko baizik. Bere esanetan, alkateak eta zinegotziek kobratuko balute ezingo lukete egungo jardunik egin: “Deigarria da zinegotzi, alkate, eta ministroek nonahi eta nolanahi lapurtzen duten garaiotan, guk –ez lapurtzeaz gain– ezer ez kobratzea udaleko lanagatik. Jarraitu beharreko eredua dela uste dut”. Izquierda Unidak hitzarmena egina du bere estatutuetan; Andaluziako Parlamentura iristen den diputatu orok lehen zuen soldata bera izaten jarraitzen du eta sobratzen den dirua alderdira bideratzen da.

Marinaledan “demokrazia osoa” dago. Asanblada bidez erabakitzen da dena. Astean behin izaten dira eta furgonetan megafonia bidez jakinarazten diete herritarrei horren berri. Erabaki arruntak hartzeko 200 bat lagun biltzen dira, baina eskubideen aldeko mobilizazioez edo lanpostu berrien banaketaz hitz egiten denean 600 bat lagunek hartzen dute parte. Herriaren biztanle kopurua kontutan harturik “portzentaje esanguratsua” da Sanchoren ustez.

Diru-laguntzak: bankuei bai eta herritarrei ez?

Herri-antolaketa eredu horri egiten zaion kritika nagusia da Andaluziako Juntaren eta Espainiako Gobernuaren diru laguntzei esker bizi direla. Aitzitik, Saavedrak dio dirua daukanari kendu behar zaiola eta ez txiroei. Hori dela-eta hainbat zerga ez dituzte igo Udalera iritsi zirenetik. Esaterako, herriko tabernek hilean 12 euroko zerga baino ez dute.

Egiaz, herritarrek Marinaledako aurrekontuaren %1,7 soilik ordaintzen dute. “Administrazioei dirua atera behar diegu eta Gobernua behartu behar da herritarrei diru-laguntzak ematera, bankuei ematen dien moduan. Diru-laguntza horiek lortzeko asko borrokatu dugu guk urte askoan”, aldarrikatu du Saavedrak. Udalen finantziazio lege bat beharrezkoa dela dio zinegotziak, baina hori Espainiako Gobernuari ez zaiola interesatzen: dirurik gabe udalak ez dira independente nahi duten politika aurrera eramateko.

Marinaledako funtzionamenduan ezagunena eta deigarriena etxebizitza sozialak dira. Hilean hamabost euroren truke edozein herritarrek izan dezake etxebizitza. Udalak lurra, materiala eta igeltseroak ipintzen ditu eta etxearen jabea izango denari edo bere ingurukoei etxea eraikitzen lan egiteko aukera eskaintzen diete. Soldata erdia jaso eta beste erdiarekin etxebizitza ordaindu. Baldintza bakarra 125 urtez hileko hamabost euroko kuota ordaintzea da, guztira 22.500 euro.

Etxe hauek Udalarenak dira, beraz bertan bizi direnek ezin dituzte ez saldu ezta alokatu ere. “Hau ez da arazo bat, baldin eta etxebizitza gizaki ororen eskubide dela ikusten baduzu eta ez espekulatzeko ondasuna. Herri honetan mila euroko hipotekak inork ezagutzen ez dituen mamuak dira” dio Sanchok.

Joaquin Saavedra herritarra etxebizitza sozial hauetako batean bizi da jaio zenetik eta sistema ezin hobea deritzo: “Edozein etxebizitza arruntek duen guztia dauka eta hipotekaren ardurarik izan gabe”. Saavedraren esanetan gainontzeko herrietan ez badute etxebizitza sistema hau martxan jartzen da irabazirik ematen ez dielako eta ondorioz interesatzen ez zaielako.

Marinaledari ere eragin dio ordea krisiak, eta herritarrak biziki ari dira mugitzen egungo egoeraren aurka. Iazko udan antolatutako martxak edo hain ezagun egin ziren Mercadona supermerkatuetako “lapurketak” dira horren erakusgarri.

Egun ez dago “enplegu osorik” krisi aurreko urteetan bezala, %16ko langabezia baizik; Andaluzian baina, biztanleen %36 lanik gabe dago. “Langabe kopuru handia da, baina hala eta guztiz ere ez dago herritarrik bi urte langabezian daramatzanik, ezta etxetik kaleratua izateko arriskuan dagoenik ere eta jateko dirurik ez duenik ere ez. Lana guztion artean banatzen baitugu, elkarri lagunduz”, dio Sanchok.

Humoso kooperatiba, herriaren oinarri

Marinaledako nekazariak beti borrokatu izan dira jabego pribatuaren aurka eta euren eskubideen alde. 1977an Sindicato de Obreros del Campo (SOC) sortzearekin batera ekintza sindikalak ugaritu egin ziren eta 1980ko hamarkadan Infantadoko duke eta terratenientearen lurrak berreskuratzeko ahaleginak ugaritu ziren. Garai haietan Marinaledako herritar guztiak batu eta lurrak okupatzera joaten ziren, bertako zaindariek botatzen zituzten arte. Hurrengo egunean ordea, berriro bueltatzen ziren, eta horrela hainbat urtez, jabeek negoziatzea lortu zuten arte.

Nahiz eta egun gogorrak izan poztasunez gogoratzen ditu Rosario Saavedrak, egungo udal zinegotziak. Izan ere borroka luze hartan lortutako lurrei esker egun herritarren “biziraupenerako ezinbestekoa” den Humoso kooperatiba dute martxan. Dena den, Juan José Sanchok datu argigarri bat eman digu: egun oraindik Andaluziako lurren zatirik handienak Infanterriko dukearen eta Albako dukesaren eskuetan jarraitzen dutela.

Marinaledan jornalariak dira gehiengo eta Humoso kooperatibari esker bizi dira bertako herritarrak. Kooperatiba lehen eta bigarren sektoreaz arduratzen da eta orain hirugarren sektorea zabaldu nahian ari dira. Manolo Martín Fernández kooperatibako kidearen esanetan kooperatibak berak saltzea garatu nahi dute, merkaturatzen dutenek eraman ohi dutelako diru gehiena. Lurra, sasoi ezberdinetan lantzeko laboreetan banatzen da, lantegian urte guztirako lana izan dadin. Babak, alkatxofak, piperrak, babarrunak eta baratxuria kontserbatan sartzen dituzte eta olibekin berriz olioa egiten dute. “Mercadona da gure eroslerik handienetako bat, kopuru handiak saltzen dizkiogu modu onean eta hala ere salaketa jarri digu, ustez lapurtu genizkien gurdien kasuagatik” aditzera ematen du Martínek. Kexa da zenbaitek kooperatiba “luparekin” begiratzen duelako: “Itxi ez badute ezin izan dutelako da”.

Erabateko errendimenduko garaietan 500 bat langilek egiten dute lan kooperatiban eta guztiek soldata bera dute, hilean 1.200 eurokoa, astelehenik larunbatera egunero sei ordu eta erdiz lan eginez. Langile guztien artean hartzen dituzte erabakiak, asteroko komisioen bidez. “Kooperatibaren helburua ez da kapitala pilatzea, baizik eta lortzen diren irabaziekin lanpostu berriak sortu eta enpresan inbertitzea” dio Martinek. Bestalde, kide batek kooperatibatik irtetea erabakitzen badu ez dauka enpresako akzioekiko inongo eskubiderik eta zuzenean beste herritar bat sartzen da. Martínek nabarmendu du gutxienez familia bakoitzeko kide batek egiten duela lan kooperatiban: “Nekazal industria da Andaluziako jornalarien irtenbide bakarra. Kooperatiba sortu aurretik herritarren gehiengoak emigratu egin behar izaten zuen, bi hilabeterako baino ez zegoen lana soroetan”.

Hala ere, Marinaledako ekosisteman dena ez da perfektua. Juan José Sancho ingeniaritza ikasketak egiten ari da Sevillako Unibertsitatean baina gutxi dira herrian bera bezala unibertsitatera jo dutenak. “Kooperatiban lana izango dutela ziur dakitenez ez dute unibertsitatera joateko beharrik ikusten” dio  CUTeko kideak. Bestalde, bere ustez bertako gazteen artean ez dago lehengo borroka espiriturik.

Felix Talego Vázquez antropologoa Marinaledan bizi eta gainontzeko jornalariekin batera lanean aritu zen urtebetez. 1996an Cultura jornalera. poder popular y liderazgo mesiánico liburua kaleratu zuen, Marinaledako sistemaren inguruan tesi sakona. Berdintasunean eta solidaritatean oinarritzen den eta marxismoaren, kristautasunaren eta anarkismoaren osagarriak dituen sistema moduan definitzen du. Sistemaren lorpenak goraipatzen ditu bertan, baina ahuleziak ere ikusten dizkio, bere esanetan herritar guztiek ez baitute modu berean parte hartzen erabakietan. Talegoren esanetan, sistema guztia bideratzen duena Juan Manuel Sanchez Gordillo lider karismatikoa da.

Zerbitzu sozialen prezioak

– Haur eskola, jantoki eta guzti, hilean 15 euro.
– Eskolako jantokia, hilean 2 euro.
– Igerilekuan 50 bainu hartzeko bonua, 3 euro.
– Gimnasioa, hilean 2 euro.
– Wifia doan herritar ororentzat.
– Etxerako laguntzak doan adinekoentzat eta menpekotasunen bat dutenentzat.
– Zaharrentzako egoitza eta zaintza doan.
– Lan-formazio tailerrak doan.
– Egun seinalatuetako herri afariak doan (aurten ez krisia dela eta).


Kanal honetatik interesatuko zaizu:: Ekonomia soziala
Analisia
Agroekologia, alternatiba politiko bat

Gabonei buruz gaizki esaka behar baino gehiago jan eta edan, hondamendira garamatzan kontsumismoaren parte garela onartu eta gurutze hori eramangarria egiteko bidea aurkitu, etzidamu egunerokora itzuli arte. Askok egingo dugu hori, eta ez dut uste indibidualki eta etxean... [+]


Ertzeko bizitzen auto-eraketa sareak eta KoopFabrika

Niretzat Talaios kooperatibaren eta Olatukoopen bitartez kooperatibismoan eta ekonomia eraldatzailean jardutea zer den galdetzen didatenean, erantzuten dut izan dela lanaren eta kolektiboaren bitartez emantzipaziorako bideari ekiteko aukera. Eta bide horretan, oso garrantzitsua... [+]


Teknologia libreari eta ekonomia sozialari buruzko ikastaroak Errenterian

Azaroan eta abenduan ekonomia soziala eta teknologia libreak uztartuko dituzte Errenteriako Torrekua eraikinean, TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatutako formazioetan. Guztiak dira doan, baina batzuetan aurrez izena eman behar da teks.eus webgunean.


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Eguneraketa berriak daude