"Desklasifikazioak, estatusa erabat bermaturik ez izateak, antsietatea areagotzen du"

  • Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakaslea da, eta Frantziako CNRS laborategiko kide den IKER zentroko ikerlaria. Klase ertainaren patuaz galdetuta, langile mugimenduaz hitz egin digu, nortasun kolektiboa berreskuratu beharraz, indibidualismoa gainditu eta kapital soziala indartzeaz, betiere luze irauten ari den krisiaren ingurumarian.


2013ko ekainaren 26an
"Langabeziak edota familiaren egonkortasuna apurtzeak momentu batean ala bestean kapital soziala ahulduko du".Josu Chavarri

Nola definituko zenuke klase ertaina?

Ez dago definizio bakarra ematerik. Errentaren araberako definizioa eman dute batzuek, baina hain da irizpide erlatiboa… Gizarte batetik bestera alde handia egon daiteke, baita gizarte beraren barruan ere. Unean uneko fluktuazioak kontuan izan behar dira. Oso arriskutsua da errenta irizpidetzat hartzea. Frantsesez adibidez, analista askok ez dute “klase ertaina” terminoa erabiltzen, “klase ertainak” (clasess moyennes) baizik, pluralean.

Inkestek diotenez, benetan hala direnak baino herritar gehiago sentitzen dira klase ertainekoak...

Luzaroan, eta hori Marxekin argi ikus daiteke, langile klasea eta oro har klase sozialak definitzen ziren norberak produkzio sisteman zuen lekuaren arabera. Horrek zehazten zuen nortasun kolektiboa.

Aldiz, ongizate estatua garatu eta langile klasearen lan baldintzak eta bizi maila hobetzen joan diren neurrian, produkzioaren arabera baino, kontsumoaren arabera definitu da langile taldeen identitatea. Langile ofizioa izan arren, bere burua klase ertaineko kide bezala ikusten du jendeak. Langile mugimenduaren nortasuna ahuldu egin da.

Ongizate estatua kolokan al dago?

Ongizate estatua baino, ongizate estatuak aipatuko nituzke, bilakaera historikoak oso desberdinak izan baitira. Europako herrialde askotan, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondorengo urtetan, 1945-1975 artean, ahalegin handiak egin ziren ongizate estatua garatzeko: zerbitzuak sortu ziren, inbertsioak egin, prestazioak eskaini eta abar.

Espainian, aldiz, frankismoaren eta trantsizio urteen ondoren hasi zen sortzen ongizate estatua, 1980ko hamarkadatik landa. Elkartasuna bermatzeko ardura familiak izan du bere gain. 1990eko hamarkadan, planteamendu liberalek geroz eta indar handiagoa zuten heinean, Espainiari esaten hasi zitzaion ongizate estatuaren garapena mugatu egin behar zuela, gastu soziala kontrolatu, zerbitzu batzuk pribatizatu…  garapena oztopatu du horrek. Eta krisialdi ekonomikoa iritsi denean, ongizate estatu sendoena zuten herriek askoz ere hobeto egin diote aurre egoerari.

Herritarrak nola egokitu dira errealitate berrira?

2008an abiatutako krisi aurreko urteetan Espainiak defizit eta zorpetze publiko oso baxuak izan zituen, baina zorpetze pribatu oso handia, etxebizitzaren aferari –higiezinen burbuilari– lotua egon dena. Bankuek erraz eman dituzte maileguak eta norbanakoek zor handiak pilatu dituzte. Duela bost urte, EAEko herritarrek euren diru-sarreren %42 hipoteka ordaintzeko erabiltzen zuten. Kopuru oso altua da, Europako gainerako herriekin alderatzen badugu.

Klase ertaina bete-betean harrapatu du horrek. Krisiak bultzatuta, jendeak gastuak murriztu behar izan ditu, aisialdi edo konfort gastuak lehenengo, eta ezinbestean oinarrizko produktu eta zerbitzuak ondoren, arropak, elikadura eta etxebizitza kasu. Perfil desberdinetako familien etxegabetzeak ditugu horren lekuko.

Frantzian, hipoteka ordaintzeko mailegua eskatzen denean, gehienetan tasa finkoan izaten da. Denbora pasa ahala soldatek gora egiten dute eta hipotekaren proportzioak behera. Espainian tasa aldakorren sistema dago. Bankuek ez dute arriskurik hartzen eta beti dute bermatua etekina. Aitzitik, herritarrak ziurgabetasun handiagoan bizi dira: Euriborra ez dago haien esku eta hipotekak handitu egin daitezke. Ipar Euskal Herrian, oro har, ez da halakorik gertatzen.

Krisiaren aurretik kolektibo ahulenek sufritzen zuten prekarietatea, baina egun klase ertainari zuzenean eragiten dio eta bazterketa sozialaren zurrunbiloan sartu dira batzuk. Maila sozialak ez dira modu finkoan ulertu behar, dinamikoak dira.

Aldaketarako borondaterik sumatzen al duzu?

Klase ertainek ez dute nortasun kolektibo indartsurik, ez direlako ekintza kolektiboaren bidez sortu. Ondorioz, lehen aterabidea indibidualki bilatzen da. Hezkuntzan diru asko inbertitzen dute, lan munduan baldintza onekin integratzea eta bilakaera profesional egokia izatea bermatzen duelakoan. Egun, ordea, ziurgabetasun handia dago. Badakite ikasketarik gabe ez dagoela aterabiderik, baina karrera bat egiteak ere ez du deus bermatzen, garai batean bezala. Klase ertainak hauskortu egiten ditu horrek, bere baliabideak kognitiboak ere badirelako. Kapital kulturala garrantzitsua da etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Kapital ekonomikoa ez da nahikoa.
Ziurgabetasuna aditu ugarik aipatzen du.

Desklasifikazioaren beldurra oso inportantea da klase ertainetan, haien berezitasunetako bat baita estatusa sekula ez dutela erabat bermaturik. Lortu beharreko zerbait da. Goi mailako klaseek badute ondare bat, kapital ekonomiko altua, ikasketetan aurrera ez egin arren bizkarrak zainduko dizkiena. Aldiz, klase baxuenen sentsazioa da geroz eta aukera gutxiago dutela gora egiteko. Klase ertaina erdibidean dago, bere helburua da goi mailara hurbiltzea, baina behera jausteak kezkatzen du. Antsietate mailarik handiena klase ertainetan sumatzen da. Krisia baino lehen hala zen, eta orain are gehiago.

Krisi egoeratan bi erreakzio gerta daitezke: esplosioa –mobilizazioa– edo inplosioa. Gizartean bigarrena nagusitu da. Jendeak agresibitatea bere kontra itzultzen du (depresio egoerak, suizidioak…) eta hori oso arriskutsua da.

Zergatik ez da esplosiorik gertatu?

Azken 30 urteetan lan kolektiboak desegin egin dira, prekarietateak gora egin du, ibilbide profesionalak indibidualizatu egin dira, soldatak ere bai… Enpresetan langile errotazio geroz eta handiagoa dago eta egonkortasun gutxiago. Langileen arteko elkartasuna kaltetzen du horrek, eta afiliazio sindikalean sumatzen da. Arazoa ez da soilik kontraktuala. Lan kolektiboa desegiteak estresa areagotu eta autoestimua txikitzen du. Geroari beldurrez begiratzen zaio, norbera bakarrik sentitzen delako.

Zein egiteko dute sindikatuek?

Sindikatuak sekula baino beharrezkoagoak dira. Ikusi da ekintza moduek –negoziazio kolektiboak, manifestaldiek edota greba orokorrek– eraginkortasun geroz eta urriagoa dutela, salbuespenak salbuespen. Eta mobilizazioek funtzio garrantzitsua dute: jendea aktibatu eta nortasun kolektiboa sendotzea. Etorkizunera begira oso inportantea da, nahiz eta epe motzean beharbada itxurazko emaitzarik ez ikusi.

Sindikatuek euren estrategia birplanteatu beharko lukete, lobby lana indartuz, esaterako. Bruselara begiratzen badugu, ohartuko gara enpresa ugarik dituztela presio-taldeak, Europako Batzordeak hartzen dituen erabakiak baldintzatzea helburu dutenak. Hori garrantzitsua da, erabaki guneak ez daudelako hainbeste enpresetan eta estatu zein erkidegoetako erakundeetan, baizik eta troika osatzen duten Nazioarteko Moneta Funtsean, Europako Banku Zentralean eta Europako Batzordean.

Ezkerreko alderdiek ere egokitze beharra al dute?

Europako herri gehientsuenetan sozialdemokrazia eta ezkerreko alderdiak oro har nahiko galduta daude. Krisia hasi osteko hauteskundeetan alderdi horiek atera beharko lirateke indarturik, baina Europan kontrakoa ari da gertatzen. Eskuineko eta eskuin muturrekoak sendotu dira.

Espainian, herritarrek sentsazioa dute ezkerra boterera iritsita ere ez lituzkeela politika oso desberdinak aplikatuko. Are gehiago, eredu alternatiboa edukita ere, boto emaileek ez dute aukerarik ikusten ezkerreko politikak martxan jartzeko, erabaki ahalmena troikak duelako.

Etorkinekiko jarrera geroz eta mesfidatiagoa da.

Frantzia, esaterako, historikoki beti izan da immigrazio herria. 1980ko hamarkadara arte, lana zen etorkinen integrazio bektore nagusia, eta sindikalgintzan isla zuen horrek, etorkin ugari afiliatu zelako. Aldiz, langabeziak gora egiten duen heinean, kontuan hartuta batez ere etorkinak edo haien seme-alabak direla kaltetuenak, lana ez da integrazio bektore lehen bezain inportantea.

Egoera larrian dagoen pertsona batek, babesa jasotzen duela sentitu ordez, bere burua isolatua ikusi eta albokoa mehatxu gisa hautematen du. Gainera, patronalak, eskuineko alderdiek eta komunikabide batzuek beldur horrekin jokatu eta kolektibo batzuk jomugan jartzen dituzte. Kolektibo batzuk identifikatzen dira norberaren egoeraren erantzule gisa eta horrek zatiketa eragiten du, gorroto handiagoa.

Inkestek erakusten dutenez, 2009tik landa euskaldunen ikuspegia etorkinekiko geroz eta negatiboagoa da. Gizarte laguntzak haiek jasotzen dituztela, babes ofizialeko etxebizitzak ematen dizkietela… jarrera xenofobo eta arrazistak ugaritzen ari dira. Momentuz, Espainian, PPk izan ezik, gai hori inork ez du politikoki instrumentalizatu, baina iritsiko da momentua, elektoralki errentagarria delako. Krisiak irauten badu, sektore zatikatuen baitan bereziki, horrelako diskurtsoak barruraino sartuko dira.

Zein berezitasun ditu Euskal Herriko klase ertainak?

Euskal Herria nahiko gizarte kohesionatua da, baina baditu lekuan lekuko bereizgarriak.

Gipuzkoan beste herrialdeetan baino ezberdintasun sozial txikiagoak daude. Badago espiritu komunitario bat, garai batean auzolana deitzen zitzaiona eta gaur egun kapital soziala. Jendeak elkar ezagutzeak komunitate izaera indartu eta diferentziak handiegiak ez izatea dakar.

Bizkaiko hirietan urbanizazio eta industrializazio fenomenoak indartsuagoak izan dira eta horrek agian espiritu komunitarioa zertxobait ahuldu egin du. Merkataritzaren garapenarekin ezberdintasun sozialak areagotu dira eta gizartea klasistagoa bihurtu du.

Iparraldeari dagokionez, kostaldearen eta barnealdearen arteko desberdintasunez harago, elkartasun komunitarioak indarra dauka oraindik. Beste herri batzuekin alderatuta, Landekin edo Biarnorekin esaterako, nortasun kolektibo sendoa dago. Halaber, familia barruko elkartasunak indar handia du. Prekarietateari edo bazterketa sozialari aurre egiterakoan faktore garrantzitsua da, nahiz eta krisiak elkartasun mekanismo horiek ahuldu egiten dituen, familiako kide guztiak langabeziara bidal ditzakeelako.

Kapital sozial hori arriskuan al dago, beraz?

Langabeziak edota familiaren egonkortasuna apurtzeak momentu batean ala bestean kapital soziala ahulduko du. Hura sortzea zaila da eta desegitea erraza. Arreta handia jarri behar zaio solidaritate sare horri, hark eskainiko dituelako errekurtso onenak jendea birgizarteratzeko. Pertsona batek lana edota etxebizitza galduz gero prestazio soziala jasoko du, baina familiarekiko edo lan munduarekiko harremanak erabat eteten baditu, bazterketa arriskua areagotu egiten da, eta autoestimua zartatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Nafarroako Gobernuak 2020an agindutako eraikin berria exijitu dute Antzineko Lokiz eskolako familiek

“Nafarroako Gobernuak duela lau urte eginiko promesari huts egingo dio beste behin ere”, salatu du Lizarraldeako Lokiz eskolako guraso elkarteak. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuen hezkuntza komunitateak, eta desagertzeko zorian zegoen eskola txiki... [+]


Astelehenean hasiko dira Gasteizko Zaharraz Harro! jaiak

Igandera arte luzatuko dira Gasteizko Alde Zaharreko jaiak, auzo harrotasuna, autogestioa eta parte hartzea ardatz. Aurtengoa 16. edizioa dute, eta 80 jardueratik gora antolatu dituzte auzoko herri mugimenduek, elkarteek, bizilagunek, edo komertzio eta tabernek.


“Ebaki eta bota” teknika

Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak emango dituzte, baso-kideengatik sakrifikatuko dira eta beraien gorpu ustelak sistemari... [+]


La Salle jakitun zen Patxi Ezkiagak adin txikikoei egindako sexu abusuez, eta ez zuten neurririk hartu

El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]


Eguneraketa berriak daude