ARGIA.eus

2022ko maiatzaren 24a

Dabrakotea enbargoyokua bezala

Antton Olariaga
2013ko ekainaren 09a

Ezagun da, komunikazioa boladan dago: komunikazio egokia, arrakasta ororen eragile; komunikazio gabezia, porrot ororen kausa. Zenbat aldiz ez genien entzungo molde guztietako gobernuei neurri egokiak hartu dituztela baina komunikazioan egin dutela huts, eta horregatik ez dituztela herritarrek erabakiok ulertu. Neurri egokiak dira, diote, kontua da agian ez dugula transmititzen jakin. Herritarrak tontotzat hartu ohi dira, ez gutxitan gainera. Sentipen hori izan nuen berriki, bidenabar, etxean Gipuzkoako Diputazioak banatutako Gipuzkoa Berria aldizkaria jaso nuenean.

Nola uka komunikazioaren garrantzia saltzea –kea edo ikatza, hori besterik da– hain garrantzitsua den gizarte honetan? Hor ikusten dut ingeniaritza ikasi duen lagun ugari komertzial bilakatuta, kazetaritza ikasi duten makina bat propaganda –gordeka edo agerian– zuzkitzaile. Konpetentziaren oihan honetan bizirauteko, bada, komunikazioan trebatzea ezinbestekoa omen.

Arazoa (arazoetako bat), ordea, ukaezinezko garrantzi horretaz landa guztia komunikaziora murrizteko joera da, arestian esan bezala, arazo oro komunikazioaren prismatik begiratzekoa. Murrizketa horrek, gainera, oinarri teoriko aski pattalak erabili ohi ditu. Eta benetan etsigarria da historian zehar denbora luzez eta konplexutasun handiz landu diren gaiak halako modu banalean ikustea trataturik (izan ere, komunikatzaile ona izateko ausarta izan behar, azal zein kopeta gogorrekoa).

Komunikazioaren guruek diote, esaterako, ahozko hizkuntza eta idatzizkoaren artean continuum bat dagoela, hots, idatzizkoa ahozkoaren isla moduko bat litzatekeela. Ideia hori, baiki, pentsamenduaren historian nagusia izan da, baina ongi kritikatu eta gezurtatua halaber XX. mendearen erditik aurrera (gutxienez). Ez dut erreferentziarik emango, estandarrean idaztea pose intelektualtzat jotzen den herri batean bizi baikara, baina ez dut imajinatu ere egin nahi zer gertatuko litzatekeen norbait zutabe batean filosofo baten izena idaztera ausartuko balitz; zer esanik ez, r guturalduna bada.

Baina kontu horiek guztiak gora-behera, iruditzen zait idatzizko sormenera eman den edonor –hitz-joko eta pareatuetatik landa, esan nahi baita– ohartu dela jauzi bat dagoela ahozkoaren eta idatzizkoaren artean. Idatzizkoa ez dela, alegia, ahozkoaren orrazte-fintze –eta azken batean, menpeko– moduko bat soilik. Idatzizko sormena, komunikazio bezain inkomunikazio dela. Clov-ek esan bezala: Signifier? Nous Signifier? (rire bref). Idatzizkoaren inguruan hausnartu duen edonor jabetu da hor badela gaindiezinezko hutsune bat, estali ezinezko amildegi bat, eta idazleak nola-hala amildegiaren ertzean egin behar duela aurrera. Idazten duzunaren eta jasotzen denaren arteko distantzia hori komunikazioaren ikuspegitik arazoa da, baina sormenaren ikuspuntutik aliatu handia. Zenbat jirabira eman ditzakeen testu batek urterik urte, menderik mende. Ahozkoan, ordea, berehalakoa behar du izan ulermenak esan nahi dena taxuz transmitituko bada.

Maiz esan izan didate nire idazteko moduak ez duela zerikusirik nire izateko moduarekin. Ez dakit lehenengo edo bigarrenarekiko loretzat (edo keriatzat) hartu, baina pozten naiz bien arteko ezberdintasuna antzematen bada. Ordenagailuaren aurrean, nahi beste denborarekin, ogia erostera joaten naizenean edo igogailuko elkarrizketetan bezalakoa izango banintz, hori bai litzatekeela patetikoa.

Kanal hauetan artxibatua: Liburuak  |  Literatura  |  Liburuak

Liburuak kanaletik interesatuko zaizu...
Kontatu ipuin bat...

David Mckeek 1969an idatzi zuen, Paul Klee margolari suitzarraren eraginez, Elmer koloretako elefantearen istorioa. Liburu hark ezberdinen arteko harremana eta errespetua errebindikatzen zuen. Elmer ez da beste elefanteak bezalakoa, eta hori Elmer protagonista izan den... [+]


Euri malkoak eta bizitza printzak

Zarakarrak azazkalez zirikatuta gaiztotu egiten ei dira ebakiak. Min guztiak ez dira zauri ordea, eta haiei so egin eta, beharbada, haztatuta, nondik datozkigun hobeki uler genezake. Horretan ere lagun diezaguke Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) argitaratu berri duen Mina... [+]


Habeak habia

Liburuekin bidaiak egiten ditugu, gure barrunbeetara eta gure irakurketetara eramaten gaituzte maiz. Kasu honetan aita-alaba batzuen arteko harremanaren eraikuntza dugu eta, eguneroko, zerrenda, argazki, dei eta gutunak dira horretarako erabili diren materialak. Aitaren... [+]


Indarkerien mapa dialektala

Kepa Altonagak 2018an argitaratu zuen Duvoisin kapitainaren malura Pamielarekin, idazlearen argitaletxe kutunarekin. Liburuak erarik gordinenean uzten ditu agerian gure dialektoen mapa ezagunenaren lilurak estaltzen dituen harreman historiko materialak. Hots, desegin egiten du... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2013ko ekainaren 09a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude