"Txirrindulariak super-heroitzat izan gaituzte eta ez gara"

  • Han goitik itsasoa ikusten da.

Dani Blanco

Etapa hasiera lasaia izan zen zurea?

Haurtzaindegia herriko beste puntan zegoen, eta lehen egunean amarekin joan banintzen ere, hortik landa txirrindan! Ile-apaindegia zeukan amak eta ondoko lokalean bizikleta tailerra zegoen. Orduan heziketa orain baino samurragoa zen, ez zintuzten gurasoek hezten, herriak baizik, eta noiznahi ibiltzen nintzen tailerrean. Han ikusi nituen lehenengoz Hinault, Merckx, Anquetil, Perurena, Tarangu eta abarren argazkiak, han sartu zidaten harra. 6 urterekin lasterketetan hasi nintzenean, 120 haur genbiltzan Berako taldean, herriko haur guztiak. Gaur egun, ez dira dozenara iristen.

Gizarte aldaketa baten seinale da?

9 urterekin Beratik abiatu eta Irun sarreran zegoen Palmera fabrikarainoko joan-etorria egiten nuen arazorik gabe. Orain beldurra pasatzen dut. Trafikoa izugarri ugaritu da, autoaren kultura gailendu da, eta guraso naizen honetan, ni naiz lehenbizikoa alaba kotxe samalda horretatik babesten saiatuko dena. Teknologia berriek ere eragina izan dute. Trepeta onak dira berez, baina heziketa eskatzen dute eta oker erabiltzen ditugulakoan nago. Euren potentziala bezainbateko desoreka sortu dute gizartean. Haurren gizentasun tasari erreparatu besterik ez dago egunetik egunera gizarte sedentarioagoa garela ohartzeko. Atzerapauso bat eman behar genuke, txirrindulaz mugitzera itzuli, oinez ibiltzera bueltatu, gure gorputzari eta ingurumenari denbora gehiago eskaini. Gu, txikitan, amuarrain bila aritzen ginen, ondutako sagarrak begiz jo eta jaten genituen... Egun, nire ilobak naturatik aparte ikusten ditut. Naturatik deskonektatzea zure sustraiez beste egitea da, eta deserroturik errazagoa da bizitzaren norabidea galtzea.  

Trafikoaren emendatzeaz ari gareno, Iñaki Lejarretaren heriotzak egunkarietako azalak bete zituen, noiznahi entzuten dugu auto batek zikloturista bat zapaldu duela... Zer egin liteke?

Alde batetik, auto eta zikloturista anitzez gehiago egoteak estatistikak tentatzea dakar. Bestalde, lehen gidariak gidatu egiten zuen, orain GPSari begira doa mugikorrera iritsi zaion azken WhatsAppa irakurri nahian, eta arreta desbideratzeak istripu aukerak biderkatzen ditu. Istripu gehienak atentzio eskasetik datoz, txoriburukerietatik. Alabaina, ezinbestekoa da gizarte aktiboa eta erakundeetatik hori bultzatu eta babesten saiatuko nintzateke. Gastu publikoaren ikuspegitik baino ez bada ere, mendian lasterka edo bizikletan dabilen norbaitek gizartearentzat gastu gutxiago suposatuko du beti. Horri kontzientziazio lana gehitu behar zaio, autoa hartzeak dakarren erantzukizuna etengabe azpimarratu, eta batez ere, erne ibili.

Gizarte aktiboa izateko lasterketa horretan, badirudi edonork korritu dezakeela maratoi bat, edonork hartu dezakeela parte Quebrantahuesos-en, edozeinek... Sanoa al da?

Obsesio horiek beste gabezia edo orban batzuen estaldura dira. Nola ulertu, bestela? Konprenitu dezaket kirola lanbide duenaren obsesioa, anitz dagoelako jokoan, baina kirol herrikoia heldu den obsesio mailak ez dauka ez hanka ez bururik. Nik tematze obsesibo hori urtero bizi izan dut profesional gisa, eta ziurtatzen dizut ez dela ona ez zuretzat, ez zure inguruarentzat. Niretzat kirola askatasuna da. Bizi dugun mundu hau ezagutzea gustatzen zait eta ez nuke nire gorputza ezagupen horren muga izaterik nahi. Kirolak aukera ematen dizu Hondarribiko hondartzan itsasoan sartu eta igerian auskalo noraino joateko, edo txikitako lagunekin Berako mendietan gora eta behera lasterka ibiltzeko. Horixe da askatasuna. Kirol bakarra egiteak askatasun hori izugarri mugatzen dizu, ordea. Pentsa, niretzat nire lanbidearen zatirik gogorrena kirol bakarra egitea zen.

Afizionatuaren obsesioa profesionaletan debutatzea izaten da. Zuk berandu eman zenuen saltoa. Hura ere ez zen samurra izango.
Txirrindularitzak nire beldur eta konplexuak gainditzen lagundu dit. 15-16 urterekin, nerabezaro bukaeran, hutsune edo gainbehera animiko nabarmenak nituen, eta bizikletak neuk bakarrik neure ondorioak ateraz neure neurak gainditzeko bidea erakutsi zidan. Afizionatuetan nortasuna anitz indartu nuen, eta profesionaletara igaro ala ez, zorretan nengoen txirrindularitzarekin. Ziklismoak pertsona gisa ziurtasuna eta oreka eman eta gaurko Patxiren lehen zirriborroa eginarazi zidan. Hori hala, argi neukan jauzia emateko nire esku zegoen guztia egingo nuela, baina ez nenbilen obsesionaturik. Are gehiago, egun-erdiz ezindu fisiko eta psikikoekin egiten nuen lan, eta lanean bizi nuenak izugarri laguntzen zidan errepideko gorabeherak erlatibizatzen.    

Ordurako eskubaloian bigarren mailan jokatua zeunden, neguko triatloietako mundialean bosgarren eginda, diplomatura bat zeneukan patrikan... Askok jubeniletatik apustu itsua egiten du, eta gero?

Txirrindulariek euren formakuntza pertsonala garatzen segi behar lukete. Antolaketa kontua da. Profesionalak egunero hiru ordu eta erdiz entrenatzen du batez beste, zortzi lo ordu behar dira, eta gainontzeko orduekin zer? Zer gertatzen da apustu hori egin eta afizionatuetan ez aurrera ez atzera geratzen direnekin? Txirrindulari mordoa ezagutu dut, ni baino hobeak asko, profesionaletan debutatu gabe bidean geratu direnak. Zer egiten duzu 24 urterekin, zure garapen pertsonalerako ezinbestekoak diren sei-zazpi urte zakarrontzira botata, batxilergoarekin bakarrik bizitza berri bati heldu behar diozunean? Munduko onena izateko kasta duenak ere txikitu dezake belauna entrenatzen, eta bizitzan ez dizu inork deus oparitzen gaztetan munduko onena izan zintezkeelako bakarrik. Gainera, frakasoak, obsesioaren osteko frustrazioak, nortasun arazoak sortzen ditu. Afizionatuetara iritsi denak jubeniletan zerbait irabazi du, bere ingurunean garaile da, podiuma zapaltzen ohitua dago, baina bizikleta uztean, goizetik gauera, ez da deus eta bere burua frakasatutzat dauka. Horregatik, jende horri erreparatu behar diogu txirrindularitzaren funtzionamendua hobetu eta etorkizuna irudikatzerako orduan.

Zer saltzen du egungo txirrindularitzak? Zeintzuk dira bere baloreak?

Txirrindularitza, ezer izatekotan, kirol europarra da. Zibilizazio krisi baten erdian gaude, eta Europa zaharrean zeri heldu ez badago, txirrindularitzan ere ez. Egungo txirrindularitzak ez ditu bere berezko baloreak islatzen, globalizazioak ito ditu. Profesionaletara igo nintzenean zazpi-zortzi amerikar izango ziren tropelean eta egun 50etik gora daude. Australiar eta britainiarrekin gauza bera. Herrialde horiek oro euren nortasun zantzuak erantsi dizkiote tropelari, baina etengabeko talka dago, oso mundu eta balore desberdinak direlako. Hori homogeneizatzen denean agertuko dira txirrindularitza berriaren baloreak, baina oraingoz erreka eta itsasoa nahasten diren puntuan gaude, ur gazian edo ur gezan gabiltzan igarri ezinda. Txirrindularitzaren betiko baloreak desagertu eta berriak agertzeke daude.

Bitartean, dopin auziak dira etengabe agertzen direnak. Berdin ikusten dituzu gauzak zure positiboaren aurretik eta ondoren?

Txirrindularitzak dopinaren aurka zinez borrokatuko ez balu, ez Contadorrek ez nik ez genukeen positibo emanen. Beste kiroletan nirea ez da positibo, txirrindularitzan bai. Hori hala, hanka-sartzea nirea izan zen. Ni naiz agertu ezin zitzaizkidan substantzia batzuk agertu izanaren erantzule. Badakit hori ez dela momentuko bidesaria ordainduta konpontzen, orbana hor geratzen dela. Biok gaude mahaian eserita, zu zure zapatetan eta ni nireetan, eta bakoitzak daki bere oinetakoak nondik ibili diren honainoko bidean. Ni naiz gauero nire buruarekin lotara sartu eta bakean lo hartu behar duena. Zoritxarrez bizitzak makilakadak ematean ikasten duzu gehien. Haur bat ezezkoarekin hezten da, ez baiezkoarekin. Horregatik, positiboa positiboa izan da niretzat, eta ordaindu dudana txirrindularitzarako onuragarria izatea nahiko nuke.  

Txirrindulariak gaizkileen pare tratatzeak, Armstrong auzia orain haizatzeak... zer zentzu dauka?

90eko hamarkadan txirrindularitzak erabaki okerrak hartu zituen eta orduko lastreak arrastaka daramatzagu. Erantzule nagusiak gu gara, ez ditugulako gauzak ongi egin. Legeak lege dira eta argiak izan behar dute. Interpretazioei lekua uzten diezun momentutik zure sinesgarritasuna auzitan jartzen duzu. Posible da Tour bat ura edanda eta makarroiak janda egitea. Jakina baietz! Arazoa da urtetan txirrindulariak super-heroitzat izan gaituztela, eta ez garela. Armstrongena logika horretan kokatzen dut. Dena den, zer konpontzen da hamar urte beranduago trapu zaharrak astinduta? Noraino egin behar dugu gibelera? Zer dakigu sailkapenean bere atzetik geratu zirenei buruz? Dakigun bakarra da orduan denek kontrol guztiak pasa zituztela eta ez zituztela harrapatu, eta gerora batzuenak berriz analizatu dituztela eta besteenak ez. Tamalgarria da. Ez da ezer konpontzen, pasatako urei gaurkotasuna ematen zaie, dena kakazten da, eta kolektibo bezala bide onetik jotzeko esfortzu guztiak pikutara bidaltzen dira. Ez gaitezen engaina, egungo txirrindularitza ez da inondik inora orain hamar urte zena.   

Txirrindularien arteko elkartasunak etapa irabazteko bakarrik balio du?

Egungo txirrindularitzan, oso lasterkari onak daude baina oso lider txarrak. Garai batean, lider gutxi batzuek erabakitzen zuten txirrindularitzaren nondik norakoa, bazegoen denen onura zaintzeko kontzientzia bat. Orain, hori galdu eta dena zapuztu da. Esaterako, profesionaletara pasa nintzenean tropeleko txirrindulari guztiak nituen lankide, gaur maillot batekin eta bihar beste batekin, baina tropela zen lan-esparrua. Egun, taldekidea baizik ez da lankidea, ez tropelkidea, eta hori hagitz muga handia da elkartasunez jokatzeko tenorean. Kolektibo bezala dena galtzen ari gara.

Egungo txirrindularitza ez bada orain dela hamar urtekoa, nolakoa izanen da hemendik hamar urterakoa?

Etorkizuna txirrindularitzaren balore berriak zehaztu eta beraiengan zentratzetik etorriko da. Zein txirrindularitza mota nahi dugu? Beijingo itzulia Euskal Bizikleta baino arrakastatsuagoa da? Zergatik desagertu behar izan zuen Euskal Bizikletak sekulako afizio eta tradizioa edukita, eta zergatik ernatzen da Beijingo itzulia dirua baizik ez duelarik? Une honetan, txirrindularitzaren erronka nagusietakoa tradizioaren eta baliabide ekonomikoen arteko elkarbizitza jasangarria antolatzea da. Badakit klasikoak eta buelta handiak salbatu direla, baina Beijingo antolatzaileek txekea firmatu baizik egiten ez duten bitartean, Euskal Herriko Itzuliak daukan historia eta arrakastarekin etengabe bizirauteko formulak topatu behar izateak ez dauka zentzurik. Elkarbizitza sanoa nahi badugu, Beijinen inbertitzen dutenek Euskal Herriko Itzuliari lagundu beharko diote. Nahi ala ez, momentuz txirrindularitza hemen dago.

Nortasun agiria

Patxi Vila 1975eko urriaren 11n sortu zen Beran. Kirol Magisteritzan diplomatua, gaztetan eskia, eskubaloia eta  neguko triatloia probatu bazituen ere, 2001ean Banestoren eskutik sartu zen txirrindularitza profesionalean. 2006an, Lampre taldean, Paris-Nizako etapa bat eta sailkapen nagusiko bigarren postua bereganatu zituen eta bederatzigarren bukatu zuen Italiako Giroa. 2008an positibo eman zuen, eta zigorra beterik, 2011n itzuli zen errepidera. Iaz erretiratu zen, baina erretiroak ez du tropeletik askorik aldendu.

Azken hitza
Gregario

“Luciano Ligabue kantari italiarrak badu Oriali futbolari ohiari eskainitako La vita de mediano izeneko abesti eder bat. Bertan Oriali oso bihotz onekoa eta hauspo handikoa zela dio, teknikoki oso mugatua, baloiarekin kalitate gutxikoa, baina bere mugak onartu eta baloia errekuperatu eta aurrelariei pasatzen nekagaitza. Horregatik inork eskaini gabe ere gol eta garaipen bakoitzaren zati bat beretzat hartzen du. Horixe da gregarioaren mentalitatearen definizioa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Eguneraketa berriak daude