Maiaztu


2013ko maiatzaren 12an
Uwe W.-CC By SA

Sagarrondoenaz gain landare askoren loreak dituen sagastia da naturalena, aberatsena, eta horietako sagar eta sagarkiak ahoratzen saiatu beharko ginateke. Edertasunak erakusten du elikadura onerako eta bizitza hoberako bidezidorra. Aberastasun horri eusten nahikoa lan badugu. Aurrekoan aipatu nituen baratxuritarretako asko, adibidez, galzorian ditugu. Ahosabaiak gidatuta biziko bagina, ederki asko zainduko genituzke. Eta burua argiago genuke... Ez al dira bada hitzak eta jakiak gure gorputzera sartzen diren gauza bakarrak...
Sagastietan bezala edonon. Duela ez asko, irratiko aholku programan ongarriketaz ari ginela, ukuiluetako mindak ongarri gisa erabiltzea zer iruditzen ote zitzaidan jakin nahi zuen programa egiten duten galdetzaileetako batek. Entzuleak umeak eta gazteak balira ez bezala, larunbatero zer erantzun baino nola, hitzak neurtzen izaten ditut lanak. Batzuetan nekezegia ordea, eta mingaina harrotu egiten da. Eta minden gaiarekin beti. Gai horri buruzkoak lasai asko bota nituen, etorri ahala: mindak oso txarrak dira gure ingurumenerako. Kutsadura eta ukuiluko produktu asko eta ongarri gaindosiak zuzenean hedatzea eta ondu gabeko “ongarria” izatea eta zabaltzen den lurretako landare espezie aberastasuna murrizten du eta... Ez ditut berehalakoan ahaztuko abeltzaintza industriala lantzen dutenen ahotik bueltan entzun behar izan nituenak, epel-epelak. Gisa horretako nekazaritza eta abeltzaintza jarduerek gure kulturaren paisaiak txirotzen dituzte. Minda horien euria pairatzen duten belazeek etengabeko eskastea bizitzen dute. Belazeak, maiaztuta, kolorez jantzi dira; begira iezaiezu. Hostoen berdeaz gain, ehunka landaretxo garatu eta gararen buruan zabalduko dituzten loreetan nahi adina kolore ikusiko duzu. Mindak hartzen dituenen bat ezagutuz gero alderatu. Berdea nagusiago, kolore gutxiago, loreak urriago, landare aukera murritzagoa. Eta? Eta zure bizitza kalitatea maldan behera.
Charles Darwinek Espezieen jatorria-n ederki asko dio: naturak eman dituen gauza ederrenetakoak dira loreak; hosto berdeen aldean ikusgarriak dira, eta ederrak, intsektuek erraz ikus ditzaten. Haizeak ernaltzen dituen loreek ez dute inoiz korola ikusgarririk izaten. Landareek bi eratako loreak ematen dituzte: intsektuak erakartzeko irekiak eta kolorez jantziak batzuk, intsektuek sekula bisitatuko ez dituzten lore itxi eta ez kolorerik ez nektarrik ez dutenak besteak. Beraz loreen edertasuna intsektuei zor diegu.
Sagastiak lorategi. Beste aldean haritza, intxaurra eta abar. Azken horien lorea ezagutzen al duzu?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak
2020-03-22 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


Eguneraketa berriak daude