ARGIA.eus

2021eko urriaren 25a
Rafaela Romero

"Gipuzkoarrek ezkerreko gobernuak nahi dituzte"

  • Arrasatearra da. Badajozko Quintana de la Serenan jaioa 1972an. Abokatua. PSE-EEko kidea. Arrasaten eta Pasaian zinegotzi izana. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohia. 1995etik Juntetxeetako batzarkidea da, Deba Garaikoa hasieran eta Donostialdeakoa gaur egun. Talde sozialistaren bozeramailea da uneon. Foru eta udalerrietako gaietan zaildua eta ikasia.
     

Mikel Asurmendi @masurmendi
2013ko maiatzaren 05a
"Egiguren politikara gelditzeko etorri zen, liderra da, historia egingo du. Maitasun anitzak jaso ditu jendartean, eskola sortu du, Arnaldo Otegik bezala".Dani Blanco

Batzar Nagusiak izan dira bere eskola politikoa: “Oso pozik nago Gipuzkoako politikan aritzeaz. Biziki eskertzen dut Juntetxeek eman dizkidaten formazio pertsonala eta politikoa, eta harro nago berauen presidentea izan naizelako”, diosku PSE-EEko Rafaela Romerok.     

Garraio publikoaren bultzatzaile sutsua da: “Hala ere, garraio publikoa ez dut erabili 20 urtetik 40 urtera bitartean bizkartzainekin ibili naizelako, baina aldekoa naiz guztiz. Oso zalea naiz, orain ikasten ari naiz ibiltzen”. Romero kritikoa da Gipuzkoako garraio publikoarekin –eta Euskal Herrikoarekin orobat– kohesioa arrunt eskasa dela dio: “Debabarrenekoa naiz. Errazagoa da Arrasatetik Bilbora joatea, Donostiara etortzea baino. Gainera, Donostialdean errazagoa –eta merkeagoa– da ibiltzea Debabarrenean baino”.

Zein da emakumearen zeregina politikan?  

Emakumeok badugu politikan parte-hartzea Berdintasun Legea tarteko, EAEko legea barne delarik. Alabaina, Batasunetik PPra bitarte, alderdi guztien proiektuak matxistak dira, gizartea halakoxea delako. Martin Garitanori esan ohi diot “iraultza egiteko ere, gizonezkoek dituzuen eskubide berak nahi ditut”. Politika, funtsean, alderdien bileren ondoren egiten baita, egunero, arratsaldeko 7etatik aurrera. Gizonak elkarteetan  tabernetan, poteoan ari direnean.

Krisi garaian atzera egin dugu arlo horretan, akaso?

Emakumeok Berdintasun Legea lortu genuen, baina praktikan berdintasuna ez da inoiz izan. Krisian atzera egin dugu, inboluzioa izan da. Lorpenak galdu ditugu. Gurekikoa ez da beste edozein kolektiboekiko diskriminazioa, gurea genetikoa da, sortuz geroztikoa. Pobreziaren eta biolentziaren feminizazioa areagotu da berriz ere. Lanbide-ko eta Eustat-eko datuek hori berretsi dute. Gipuzkoan emakumeak dira lan baldintza kaxkarrenak jasaten dituztenak. Eta errematerako, PPk enpresetako lan auziak bideratzeko –adiskidetzeko– protokoloak ezabatu ditu.   

Adiskidetzeko garaian gaude. Ahotsak kolektiboaren inguruan ere ari zara. Nondik nora? Zer moduz?

Ahotsak-ekin harremana daukat, ideologia eta lanbide ezberdineko pertsonak gara. Batzar Nagusietako bake eta normalizazioaren txosten-ekimenaren presidentea naiz, baina egia esan, nahiago dut ekimena Ahotsak kolektiboarekin ez nahastea. Harro nago txostenaren ardura izateaz, baina tentuz jardun behar dut. Noski, horrek ez du kentzen Ahotsak-eko lagunekin jardutea. Bizikidetasuna eta bakea jardunez lortzen baitira, ez egin behar dugula esanez.

Emakumearen izaerak bidea erraztu dezake zeregin horretan?  

Emakumearen ahotsa ezinbestekoa da bake prozesuetan, emakumeak berezko izaera baitauka, diskriminazioaren menpekotasuna jaso baitu mendez mende. Emakumeak izaera jasankorra dauka, langilea da, eta konpromisoa ere aise hartzen du. Beraz, bakea eta bizikidetasuna lortzeko bidea samurtzen du.

Pili Zabalak –Lasa-Zabala auziko Joxi Zabalaren arrebak– “Eskerrik asko, Rafaela Romero” izeneko artikulua idatzi zuen Berria egunkarian, zerorrek “Biktima guztiei egindako begirada” izenekoa idatzi ondoren.   

Pili nire laguna da. Artikulua idatzi nuenetik ezagutzen dut, euskaraz hitz egiten dugu, asko ikasten ari naiz berarekin. Harro nago eskutitza idatzi izanaz. Sentitzen duguna adierazi behar dugu, biktima guztiei zor zaie onarpena, baina berauek ezagutzea ezinbestekoa da. Ezagutu gabe ezin duzu esan“erreparatze morala, politikoa eta soziala egin ditut”. Adibidez, Batasuneko munduak ez du ezagutzen gure sufrimendua, horregatik ez du oraindik guztiz onartu.

Garai berrian omen gaude, baina normalizazio bidea blokeatua dago. Segi auziko gazteak espetxeratuak...  

Egon naiz beraiekin eta “une hauek ez dira errazak” esan diet. Justiziak epaia eman du eta bete behar da. Hala ere, garai honetan bestelako espetxeko politikak aplikatzeko legeak badaude eta erabili behar dira. Ezin da ibili luzamenduetan, baina ezta ezker abertzalea ETAren biktimengana hurbiltzeko ere. Gehienek ez dute egin. Nik berek bizi izan dutena entzun dut, eta nahi nuke neronek hogei urtez bizi izan dudana ere haiek ezagutzea: ETAren mehatxupean izan naizela entzutea. Hor dago soluzioa. Gauza hauek ez dira Moncloan egiten. Uneon, PPren Gobernuak erantzule izan behar du euskaldunon eta Espainiaren aurrean, bakea egin behar du, baina guk herritarrok zabaldu behar dugu bidea.

Bide luzea dago egiteko oraindik.

Noski. Familiak eta euren sufrimendua ezagutu behar ditugu. Ni Santi Brouarden omenezko ekitaldira joango naiz –edo Zabala eta Lasaren omenaldira; inoiz egin ez dena, eta bidezkoa ez dena– baina ez badut ezagutzen familia, alferrikakoa da. Hedabideetan agertuko naiz, baina ez da benetakoa. Adibidez, Laura Mintegik Fernando Buesaren familia ezagutu izan balu, ez zukeen esango Legebiltzarrean esan zuena, ziur nago horretaz. Eta gainera, agian, ez zen modu okerrean interpretatuko berak esana, fiskalak esan duenez. Baina garrantzizkoena ez da fiskalak esatea Mintegiren hitzak ez direla delitu, bere hitzek familiartekoei min egin zietela baizik.

Formak landu eta zaindu behar dira.

Bai. Nik Pili Zabala ezagutzen dut eta ez dut Joxean eta Joxi arazo politikoengatik hil zituztela esango. Zerbait gehiago behar da. Gure arteko enpatia ez da sortuko kontakizuna inozoa eta inposatua bada, benetako ezagutzaren ondorioz baizik.  

Jesus Egigurenek, zure senarrak, bake prozesuan egindako lana ongi baloratu al da euskal jendartean?  

Bai. Liderren eta proiektuen faltan gaude, konpromisoa eta esperantza ematen dituzten indarren eta ekimenen falta. Egiguren gelditzeko etorri zen politikara, liderra da, historia egingo du. Maitasun anitzak jaso ditu jendartean, eskola sortu du, Arnaldo Otegik bezala. Une batez belaunaldi berrien alde egitea erabaki zuten, modu emankorrez. Beren akatsekin, jakina, inor ez baita perfektua.

Arnaldo Otegi ezagutu duzu?    

Ez. Kartzelara joan naiz bera bisitatzera, Jesusen bitartez. Otegik badu bere iragana, nik ez dut justifikatuko. Hala ere, ezker abertzalean bera da gehien egin duena gauden egoeran egoteko. 2003an Egigurenekin eseri zen eta odoluste hura geratzeko konpromisoa hartu zuen.

Orain garesti ordaintzen ari dena.

Bai, zoritxarrez. Guk Batasunari esaten genion “politika egin, politika egin...”. Otegiren taldeak Bateragunea antolatu zuen hilketak geldiarazteko eta orain kartzelan sartu dituzte. Ez dut onartzen, noski.   

Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Foru Aldundian bestelako fiskaltasuna lantzen ari zarete...

Pozik nago fiskaltasunarekin,  pauso sendoak eman baititugu nire idazkari nagusi Patxi Lopezek eskatzen zuen politika gauzatzeko. Hau da, diru sarreretan iraultza moduko bat behar dugu euskal ongizatearen estatua bermatzeko, eta ez berau suntsitzeko; Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako aurrekontuen bidez egin nahi duen bezala. Ez dugu 30 urtez lan egin, oraingo autogobernu maila eta autonomia fiskala –osatu gabea oraindik– galtzeko, ezta diru gutxiago dutenek gehiago ordaindu dezaten eta gehiago dutenek gutxiago.

EAEko politika fiskalak harmonizatzeko aukera ikusten duzu?

Noski. Eusko Legebiltzarrean gehiengoz onartu berri da horren aldeko proposamena. Herri bat gara, eta egunen batean Nafarroa barne badago, hainbat hobe. Bilduk aurkeztu du proposamena eta PSEren sostenguz aurrera atera da, baita UPyDren sostenguz ere. Nahiz eta UPyDk gaur gauza bat esan eta bihar beste bat egin. Dena dela ere, Iñigo Urkulluren gobernua gutxiengoan dago, Jaurlaritzak beteko al du Legebiltzarrak eskatu dioena?

Zer iritzi duzu Martin Garitano buru duen Foru Gobernuaz?

Azkoz gehiago egin lezakeela. Gehiago espero nuen, benetan.

Fiskalitatean ados jarri zarete, aurrekontuetan ere bai...

Bai. Fiskaltasuna hobetu da, alderdi sozialistekin batera ere aurrekontuak onartu dira. Baina Bilduk 2011n hartu zuten gobernua, 2013n gaude eta hutsaren hurrengoa baino ez du egin. Gobernu honek gure sostengua jaso zuen ekonomia sustatzeko eta enplegu sortzeko, haatik, ez dago krisiaren aurkako plan bat bera ere. Aurrekontuetako gure zuzenketa bati esker zortzi milioi euro onartu eta bideratu ziren ekonomiaren garapenari eta enplegu politikari ekiteko, ez da beste ezer egin. Garitanoren gobernuak ez du proiektu estrategikorik. Bilduk gabeziak ditu alor horretan, izugarria da. Gipuzkoarrek zaborren inguruko proiektuez gain, beste zerbait espero dute, ez soilik egunero zaborra gora eta zaborra behera ibiltzea.

Gobernatzeko garai zailak izaki.

Baina bitartekoak badaude, eta asko. Foru Aldundiaren sustapenerako gaitasuna itzela da, hainbat arlo kudeatzeko aukera dauka, baina ez dute ezer egin. Propaganda politiko gutxiago eta gizarte arloan kudeaketa gehiago behar dugu. Garitanok enpleguaren alde lan egiteko konpromisoa hartu zuen eta bi urteren ondoren ez dago emaitzarik. Orain lehentasuna gastu soziala handitzea da enplegua sortzeko, langabezia drama soziala da, batez ere herritar xumeentzat. Guri oposizioko beste alderdien kritika zaparrada etorri zaigu: “Erotu ote zareten”, dioskute. Bilduk diru transakzioa gure laguntzaz bideratu baitzuen.

Hondakinak direla eta, adostasuna ez da oraindik gauzatu.

Ni PIGRUG (Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra) planak ezarritako ereduaren alde nago, beste alderdi guztiek onartzen dutena. PIGRUGk birziklatze tasa bat ezarri zuen. Batzuk bosgarren edukinontziaren alde gaude, birziklapen tasa hori betetzeko, eta badaude atez ateko sistema lehenesten dutenak. Beraz, ezin esan “bosgarren edukiontzia inposaketa da” eta “atez ateko sistema ez”. Bilduk badaki inposaketak ez direla onak, ez ezker abertzalea gobernuan dagoenean, ezta dagoenean ere. Zaborraren arazoa gehiengoen akordioaren bidez konpondu behar da, alderdien artean, eta batez ere Bilduren, EAJren eta PSEren artean. Gobernuak badaki irtenbidea denon artean akordiora iristea dela, ez dago beste irtenbiderik.

Udal bakoitzak bere erabakiak har ditzake, ordea.

Horixe bera. Udalerri bakoitzeko udalbatzak hartzen ditu erabakiak, parte-hartzea dena dela ere. Ondorioak? Hauteskundeetan ikusiko da herritarren borondatea errespetatu duen ez edo. Udal eskumena da, jakina, eta errespetatu behar da.

Errauskailua beharrezkoa al da zuretzat? Inork ez du bere etxearen ondoan nahi.

Bilduk ez du errauskailuaren kontra guztiz egin. Dioenez, zegoen proiektua ez zegoen ondo diseinatua. Desproportzionatua zela, balioztatuegia. Bere erabilera ondo neurtu behar da, noski. Ekologistek, eta jende askok, ez dute nahi. Baina badago beste jende bat, ezker abertzalekoa barne, ez duena ezer esaten errauskailuaren aurka. Beraz, azkenean, denon arteko akordioa behar dugu, eta posible da. Akordioak inplizituki eduki behar du proiektuaren tamaina egokia, Zubietan dauden azpiegiturak kontuan hartuz betiere. Bilduk badaki akordioetara iritsi gaitezkeela, baita EAJk eta guk ere. Besterik da EAJri eta ezker abertzaleari borroka horri eustea komeni zaien beraien interesen alde egiteko. Espero dut kontrakoa izatea.

Gipuzkoako politikan zerk batzen zaituzte EAJrekin?  

Bada, Gasteizko Legebiltzarrean ikusi duguna ikusita, ezer gutxik. EAJ Legebiltzarrean irabazle denean Gipuzkoak galtzen du. Gipuzkoa lurralde oso konplikatua da, aniztasun politikoa itzela da hemen. Pentsa, Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016 izatea bulkada izugarria da hiriaren garraioa, azpiegiturak eta ekonomia sustatzeko. Bada, EAJ uzkur agertu zen. Bilbon izan balitz, ez. EAJk Donostialdeako Metroari ez, Bilbokoari bai noski. Ahuntzak mendira jotzen du eta EAJk Sabin Etxera. Hara, Nafarroarekin joan beharko dugu, Euskal Herriaren jatorria baita, eta ez Bizkaia. Etsitzeko modukoa da egoera. Jendea izorratuta dago eta Gasteizko Gobernuaren aldetik ez dugu enplegua bultzatzeko plan sendorik ikusten. Hori bai, inbertsio pribatuen aldeko ekimenak sustatzeko gertu betiere.

Markel Olano nola ikusten duzu?

Ez dut ikusten, ez dugu asko hitz egiten. EAJ lekuz kanpo dago. Joseba Egibar jaunak ezker sozialistarekin bukatu nahi zuen Gipuzkoan. Bilduk irabazi zuen herrietan –Errenterian, Donostian edota Lasarten...– gobernatu nahi zuen, sozialistok traba egiten geniolako. Gero, aldi berean, Garitanoren Gobernu alternatiboa trabatzen saiatzen ari da, ezker abertzalea –bere kudeaketa eskasa dela medio– apurka galbidera joan dadin. Gipuzkoarrek Bildu gehiengoz bozkatu zutenez, Egibarrek Gipuzkoa zigortzen du. Foru Gobernu honen aurkako politika ondo edo gaizki atera dakioke EAJri, baina bien bitartean ez dugu ezer eraikitzen. Dena den, EAJk besterik pentsatzen badu ere, gipuzkoarrek ezkerreko gobernuak nahi dituzte. Errealitate politikoa oso kaskagogorra da. Geroak esango du.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: PSE-EE  |  Gipuzkoako politika

PSE-EE kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 05a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude