Hau ere esnetsu eta zopatsua

  • Arantxa Iturbe: Lehenago zen berandu

    Alberdania, 1995

Literatur lanen zerrenda mehe baten jabe da Arantxa Iturbe. Agian irratiari eskaintzen dizkiolako ordurik behinenak –arratsaldero aritzen zaigu, aste barruan, euskarazko irrati publikoan–. Agian zutabegintzari ematen dizkiolako ordurik libreenak –igandero argitaratzen du artikulu bat, euskarazko egunkari bakarrean–. Eta, hala ere, literatur lanen zerrenda mehe baten jabe da Arantxa Iturbe. Mehea izanagatik ere, literatur lanen zerrenda interesgarri baten jabe.
1992koa du lehen narrazio bilduma, Ezer baino lehen. Gorka Bereziartuak kitatu zituen liburuarekikoak tarte honetan bertan. Besteak beste, best-seller izaera aitortzen zion –“18. edizioa” dioen gerruntze gorriarekin–, baina desberdintasunak –eta indarguneak– seinalatzen zizkion nazioartean gehien saltzen den liburu ereduarekiko. Hartara, esan genezake, betetzen zuela Iban Zalduak bere blogean oso zailtzat jotzen duen hura: aldi berean esnetsu eta zopatsu izatea, salmenta handiak –jarri nahi adina komatxo– eta, tira, goi mailako kalitate literarioa ez dakit, baina bai kalitate literario nahikoa, kritikak ere nabarmentzeko modukoa.
1995eko bigarren narrazio bildumak, mintzagai dugun Lehenago zen berandu honek, edizio ugari izan ditu –eskuartean daukadan 2006ko aleak 6. edizioa dela dio–. Beraz, txukun saldu da. Eta kalitate literarioari dagokionez maila nabarmengarria aitortu behar zaio, halaber. Hau ere esnetsua eta zopatsua dela, alegia. Arestian aipatu dugun Zaldua berriz aipatzeagatik, esan, adierazi izan duela inoiz Lehenago zen berandu honekin hartu zuela atzera interesa euskarazko literaturarekiko, eta, batez ere, euskarazko narrazioekiko. Eta 95eko kritika apurrek era berean ondo hartu zuten –pentsa, Goenkale telesail arrakastatsuaren antzik bazeukala esateraino–. Baina guretzat garrantzitsuena: 2013an gustura irakurtzen direla bertako ipuinak, fresko mantentzen dutela gaurkotasuna.
Izan ere, denborarekin gutxi aldatu diren giza-harremanak dituzte ardatz: gizon-emakumeen artekoak, senar-emazteen artekoak, maitale, lagun, guraso-seme-alaben artekoak. Familia, zentzurik zabalenean, eta bere zirkunstantziak harrapatzen dituzte, begirada zorrotz, arretatsu, sarri zirtolari batekin. Umorea baita nabarmendu beharreko beste ezaugarrietako bat, fina. Eta hizkera, azkenik, batere apaindurarik gabea, baina ez horregatik errazkerian erortzen dena.
Ai, ama! eta Kontu-jaten aurrekoengandik ezberdinek osatzen dute Arantxa Iturberen literatur lanen zerrenda mehe baina interesgarria. Ordurik behinenek eta ordurik libreenek uzten dituzten beste ordu horietan idaztera animatzea, asko eskatzea izango da akaso.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude