Ander, platanoa...

  • Karmele Jaio : Ez Naiz ni

    Elkar, 2012

Karmele Jaiok bere hirugarren ipuin bilduman argazkia atera dio inguruko errealitateari. Argazki horren erdian, hiri horretako kaleen artean, umeen parkea dago eta bertan ama bat banku batean eserita bere semeari merienda jan dezan deika. Bitartean bere bizitzari errepasoa eman dio eta ez zaio gustatu ikusi duena. Bizitzaren erdialdera heldu da eta bere bizi proiektu pertsonala zena, koadroak zaharberritzea eta margotzea, familia osatzeko baztertu zuen eta une horretan blokeatuta sentitzen da. Zahartzen hasi da eta bere ametsak zirenak alde batera utzi zituen aspaldi markatutako bideari lotzeko. Gizon batekin elkartu eta seme-alabak izan. Pertsona normala izan. Erdigunean kokatu. Baina orain krisian dago bete-betean. Ez du bere burua ezagutzen eta bere gorputza egunerokotasunak lokartuta dauka. Esandakoaren erakusgarri Ekografiak ipuinean irakurri dezakegu: “Ia-ia ahaztuta nuen nor nintzen ni neu. Nor ginen eta nor izan ginen”.
Hori da Ez naiz ni ipuinean eta liburuan kontatzen zaiguna. XXI. mendeko ama berriaren ereduaren krisia. Gasteiz-Ibiza-Benidorm narrazioan horrela adierazten dute ideia hau: “Zailena ez da zahartzea... zailena zahartzen hastea da”. Pertsonaia gehienak 40 urte inguruko amak dira. Denak heterosexualak eta barruko min eta ezinegona sentitzen dutenak. Betty Friedanen The Feminine Mystique (1963) datorkigu burura: liburu honetako tesia emazte eta ama izaerak asetzen ez dituzten emakume zuri, erdi klaseko, heterosexual, hezituek zoriontasuna erdiesteko eremu publikoan jardun osoko lana aurkitu behar dutela eta sorkuntza landu behar dutela da. Jaioren ipuinetan ordea, ama hauek euren gaztaroari begiratzen diote haien burua eta gorputza berreskuratu nahian, beraien bikotekideekin edo bakarrik haien bizitza berbideratzeko eta bizipoza berriro sentitzeko xedearekin.
Gaur egungo amek amatasuna bizitzeko modu desberdinak ekartzen dizkigu liburu honek, bere argi-ilunak erakutsiz, argazki desberdinetan. Arrosaren arantzak ipuinean adibidez hurrengo iruzkina dugu: “zaila egiten zaio Bakarnerekin jarraian hitz egitea. Ez da gelditu une batez ere. Zatika hitz egiten dute, semearen atzetik ibili baita une oro”. Argazkilari honen begirada kritikoa da, eta tarteka, orain arteko lanetan ez bezala, umore puntu batekoa. Asko gustatu zait Jaioren prosan agertu den elementu berri hau eta alde hori lantzen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Zentzumenak ere asko erabili ditu ateratako argazkiak osatzeko: Patiotik datozen usainak narrazioan klase ertaineko protagonistak bere jatorri apala atzean utzi nahi du tortilla usainarekin batera; Txupa beltza-n protagonista gaztetako arropa horrek duen hauts eta ganbara usainak gaixo jartzen du eta balkoian aireztatzen uzten du; eta Aterkia-n euriak bustitako arroparen hezetasun usainak klase sozialen arteko amildegiaren muga marrazten digu.
Lortuko dute pertsonaia hauek bilatzen ari diren zoriontasuna? Zahartzen hasi direla onartuko dute bizi-egoera honi ahalik eta atarramendu handiena ateraz? Ez naiz ni amaren semeak, Anderrek, platanoa osorik jango du eta bere amak bere identitate pertsonala berreskuratzea lortuko du? Erantzunak ipuin bilduma honetan topatuko dituzue.

ASTEKARIA
2013ko martxoaren 10a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude