«Arabako Errioxako ikasleek euskara ikastea merezi duela uste dute»

  • Jokin Aiestaran (Zarautz, 1971) itzultzailea eta EHUko DREAM (Donostia Research group on Education and Multilingualism) ikerketa taldeko kidea da. Bereziki bi arlotan ari da lanean: hezkuntza eremuko eleaniztasunean eta hizkuntza paisaian. Elebitasunari eta euskarari buruzko jarrerak Arabako Errioxan; hori da aurkeztu berri duen doktore tesia.
    Ikerketaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz abiatu dugu solasaldia.
     

Arrue ikerketaz: "Euskararen erabilerak behera egin du nabarmen bigarren hezkuntzako ikasleetan. Baina, nola ikusten dute hori guztia beraiek?".Jokin Aiestaranek utzia

Zergatik aukeratu duzu Arabako Errioxa?

Antzinatik lurralde elebakarra izan da Arabako Errioxa, eta gaur egun ere euskarak eguneroko bizitzan duen presentzia oso murritza da. Hala ere, azken urteetan euskarak aurrerabide nabarmena egin du eskualdean; batez ere hezkuntza sistemaren eskutik. Egun, haurrek eta gazteek euskara ikasteko aukera dute, eta D eredua indarrez sartu da eskoletan, eskualdeko ikasleen erdiak-edo eredu horretan ikasten baitu. Hori dela eta, hizkuntza egoera berria sortu da eskualdean: gazteak dira eskualdeko euskal hiztunak. Hizkuntzaren ezagutza gero eta handiagoa da, baina erabilera oraindik nahiko mugatua. Interesgarria da komunitate erdaldunean hizkuntza berria nola sartu den aztertzea, hizkuntza biziberritzeko ahaleginen ondorioak ezagutzeko.

Euskararen aldeko komunitatea indartzen ari dela esaterik badago?   

Euskararen auziak eztabaida bat baino gehiago piztu du Arabako Errioxan; ikuspegi kontrajarriak nabariak dira. Gaztelaniaren aldeko komunitateak dio euskara Euskal Herriko hizkuntzetako bat dela; ez dela garrantzitsuena, eta ez dela euskal nortasunaren adierazgarri. Horren aurrean, euskararen aldeko komunitateak nahiaren diskurtsoa garatu du; galdutako hizkuntza berreskuratzeko nahia, euskara eta identitatea lotuz. Hizkuntza berreskuratzeko bidean, funtsezkoa izan da hezkuntza sistema. Hala ere, eskolak ezagutza maila jakin bat berma badezake ere, horrek ez du esan nahi datozen belaunaldiak automatikoki euskaldunduko direnik. Oso prozesu mantsoak izaten dira. Jarrera aldetik, baina, eskualdeko ikasleek gizarte elebidunaren hautua egiten dute etorkizunari begira.

Bi aldi izan ditu ikerketak.

Ikerketaren aztergai nagusiak elebitasunaren eta euskararen inguruko jarrerak izan dira. Era berean, jarrera horiek denboran izan dezaketen bilakaera ere aztertu nahi izan dut. Ikerketak bi aldi izan ditu; zortzi urteko denbora tartea utziz bien artean (2001-2009). Lehenengo aldian, ikerketaren testuingurua zehazte aldera, eskualdeko euskalgintzako kideekin, irakasleekin eta gurasoekin, eta gizartean posizio nabarmena zuten pertsonekin hainbat elkarrizketa izan nituen, eta behaketa lana egin nuen; hiru hilabeteko egonaldia egin nuen Arabako Errioxan.

Bestalde, alderdi kuantitatiboari begira, bigarren hezkuntza eta batxilergoko ikasleen jarrerak aztertzeko asmoz, hiru eskolatara jo nuen: Assa ikastolara (Lapuebla de Labarca), San Bizente ikastolara (Oion) eta Samaniego ikastetxera (Guardia); A eta B ereduak eskaintzen dira azken honetan. Ikasleek 14 eta 18 urte bitartean zituzten, eta 232 izan ziren galdesorta osatu zutenak. Bigarren aldian, 2009an, analisi kuantitatiboa egin nuen soilik; antzeko galdesorta erabili nuen, datuak alderatzeko. Kasu horretan, 177 ikasle izan ziren galdesorta osatu zutenak.

Colin Baker elebitasunean aditu denarekin lan egiteko aukera izan zenuen.

Bai, ikerketaren lehen aldian Galesera joateko aukera izan nuen, eta Bangor Unibertsitatean ezagutu nuen; bera izan zen tesiaren zuzendaria. Ezaguna da 1992. urtean argitaratu zuen Attitudes and language liburua, esaterako. Hizkuntza gutxituen eta elebitasunaren jarreren inguruan lan handia egin du Bakerrek, eta bere lanetatik abiatuta bideratu ditut Arabako Errioxan erabilitako galdesortak eta itemak. Ikerketan aztertutako aldagai nagusiak elebitasunarekiko eta euskararekiko jarrerak izan dira, eta horiek beste hainbat aldagairekin alderatu dira, hala nola gaitasunaren eta erabileraren inguruko hizkuntza aldagaiekin, EAEko hizkuntza sisteman indarrean dauden hiru ereduekin (A, B eta D) eta bizindarraren, identitatearen eta euskal hiztunekiko harremanaren inguruko aldagai psikosozialekin.

Nolakoak izan dira eskoletan jasotako emaitzak?

Ikasleek, oro har, elebitasunarekiko eta euskararekiko jarrera positiboak azaldu zituzten; 2001ean eta 2009an bildutako datuak antzekoak izan ziren. Elebitasunarekiko jarreretan elebidun bihurtzearen, hizkuntza elkarbizitzaren eta etorkizuna elebiduna izatearen garrantzia nabarmendu zuten. Euskararekiko jarrerei dagokienez, ondoko ideiek atxikimendu handia jaso zuten: euskara ikastea merezi duela eta hizkuntzaren biziraupena bermatzeko beharrezkoa dela haurrek euskara ikastea. Euskara ikastea denbora alferrik galtzea dela eta antzekoak, aldiz, baztertuak izan ziren. Oro har, ikasleek etorkizun elebidunaren aldeko hautua egiten dute, eta hori bereziki garrantzitsua da euskararen presentzia hain urria den eskualdean. Datuak baikorrak dira.

Bestalde, hizkuntza ereduek elebitasunarekiko eta euskararekiko jarreretan izan lezaketen eragina aztertu nuen. Emaitzen arabera, hizkuntza jarrerak positiboak dira hizkuntza eredu guztietan. Dena den, jarrera negatiboenak A ereduko ikasleek agertu zituzten, eta positiboenak D eredukoek. Era berean, emaitzetan deigarria da A eta D ereduen arteko aldea sakondu egin dela 20001etik 2009ra, hizkuntza jarreretan. Hau da, eredu bakoitzak euskara sustatu eta elikatzeari eman dion garrantziaren isla direla, eta alde hori ez dela urteekin murriztu.

Orain gutxi argitaratu dira Arrue ikerketako datuak.

Argi dago ezagutzatik erabilerarako jauzia ematea konplexua dela, gizartearen eragina tarteko; zer esanik ez Arabako Errioxan. DREAM ikerketa taldean datu horien inguruko hausnarketa egitekotan gara. Gure aldetik proposa daitekeena da datu horien osagarri gisa azterketa kualitatiboa egitea. Garrantzitsua iruditzen zaigu ikasleek horri buruz esateko zer daukaten entzutea. Hau da, Arrue ikerketaren arabera, euskararen erabilerak behera egiten du nabarmen bigarren hezkuntzan. Baina, nola ikusten dute hori guztia beraiek? Ikasleei galdera horri erantzuteko aukera eman behar zaie, eta hori guztia lagungarri gerta daiteke beraiek ere kontzientziatzeko.  

Eleaniztasuna eta hezkuntzari begira, eskuartean egitasmorik ba al duzue?

Jasone Cenoz, Durk Gorter eta DREAM taldeko beste ikertzaile batzuekin, fokapen eleaniztuna kontzeptua lantzen ari gara eskoletan. Proiektu honen helburua da hezkuntzaren esparruan gaitasun eleanitzak eta hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gaitasuna aztertzea. Ikuspuntu holistiko batetik, ikasleen hizkuntza errepertorioa osatzen duten hizkuntza guztiak hartzen ditugu kontuan. Eskolako hizkuntza horiek ebaluatzeko modu alternatiboa aurkitzea da proiektuaren xedea, bizitza errealeko hizkuntza gaitasunak eta hizkuntzen erabilera oinarri harturik. Proiektu honen abiapuntua eskola testuinguruetako hizkuntza aniztasuna da, eta hezkuntza elebidun nahiz eleanitzaren ebaluazioarekin lotutako hainbat ikerketa lerro garatzen ari gara. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude