Tanveer eta Saifullah, Azkoitian euskara ikasten

  • Tanveer Hussain eta Saifullah Khadm Hussain ez dira euskaldunak jaiotzez.Pakistanen dute jatorria eta urte gutxi daramatzate gure artean. Biak euskalduntzeko bidean dira eta asmo horrekin biltzen dira astero Banaiz Bagara elkarteak Azkoitian antolatutako euskara ikastaroetan.
     

Ezkerretik eskuinera Tanveer Hussain eta Saifullah Khadm Hussain ikasleak. Euskaraz gain, gaztelania, urdua eta punjabiera hitz egiten dituzte.
Ezkerretik eskuinera Tanveer Hussain eta Saifullah Khadm Hussain ikasleak. Euskaraz gain, gaztelania, urdua eta punjabiera hitz egiten dituzte.Iure Eizagirre

Pare bat urte igaro dira Tanveer Hussain Azkoitiara heldu zenetik. Ordurako Saifullah Khadm Hussain han zegoen, urtebete gehiago baitarama herrian. Gaztelaniaz hitz egiten ikasi zuten lehenbizi baina laster sentitu zuten euskara ikasteko grina, beraien esanetan, hemen bizita beharrezkoa baita. Zergatik ikasten duen galdetzen diotenei euskara ikasteko gogoagatik egiten duela erantzuten die Tanveerrek.

Bi pakistandarrok Banaiz Bagara elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan hasi ziren euskara ikasten, Petra Elser irakasle zutela. Astero biltzen ziren, nahiz eta Tanveerrek aitortu duenez, hasieran ez zen beti joaten klaseetara. Gerora hartu zuen hutsik ez egiteko ohitura. Euskara ikasleok ezagutzera gerturatu ginen egunean ere bada huts egin duenik, izan ere, bi ikasle agertu dira klasera, normalean lau eta zortzi artean izaten diren arren. Saifullah Khadm-ek berehala zehaztu du: “Gaur lau”, irakaslea eta kazetaria ere han baitira mintzapraktika egiteko.

Euskaraz komunikatzen ikastea dute helburu, kalera irtetean jendearekin hitz egin ahal izateko. Elser irakasleak hala dio: “Gramatikaren irakaskuntzan interesik ez baina euskaraz komunikatu nahi duten edo euskaltegira joateko denborarik ez duten atzerritar eta erdaldunei zuzenduta daude ikastaroak”.

Afixak eta pilota oinarri

Hizkuntza ikasteko arbeletako ohiko esaldiak eta aditz trinkoen taulak albo batera utzi eta kartulinez egindako afixak eta teniseko pilota erabiltzen dituzte ikastaroetan. Hasierako mailetan egunerokotasunarekin lotutako hainbat gauzez hitz egiteko aukera ematen dute kartelek, Elserrek azaldu duenez. Gainera, galdera-erantzunetan aritzeko, eta jendeak parte hartu eta gauza gehiago esateko parada ematen dute. Tanveerrek erakutsi du zein den erabiltzen duten metodologia: “Lehenbizi hitzak ikasten ditugu eta gero esaldiak egiten ikasten dugu kartelekin”. Berehala hasi da Saifullah Khadm ariketarekin, irakasleak minutu batzuk lehenago mahai gainean jarri duen galdera irakurrita: “Tanveer, norekin ikasi nahi duzu?”. Eta teniseko pilota pasa dio, ikaskideak erantzun dezan: “Nik irakaslearekin ikasi nahi dut”. “Eta gero kartelak eta galdera aldatzen ditugu”, zehaztu du Elserrek.

Euskal kantak eta dantzak ere izaten dituzte euskara ikasteko tresna. Kantuak ludikoak direla eta bertako kultura zein euskarazko ahoskera lantzeko balio dutela adierazi du Elserrek. Ikasleei galdetuta, abesti gutxi ikasi dituztela diote eta Elserrek Iparragirreren Gazte gaztetatikan aipatzean berehala hasi dira abesten: “...herritik kanpora”. Dantzek, berriz, beste mota bateko hiztegia ikasteko balio ei dute, gorputzarekin, mugimenduekin, lekuekin nahiz espazioarekin lotutako eleak erabiltzen direlako.

Pixkanaka, beraz, kalean euskaraz aritzeko prestatzen ari dira, nahiz eta Tanveerrek aitortzen duen aurrean duen pertsonaren arabera erabiltzen duela bertako hizkuntza: “Nik hemen asko egiten dut euskaraz jendearekin, baina ez dakit nork dakien euskara”. Beste zailtasun bat ere badute: klaseetako eta kaleko hizkera ezberdinak dira. Lehen ez zuten ulertzen kaleko hizkera baina denborarekin gainditu dute hori ere. Eta Elserrek sorpresa polita izan du zentzu horretan, mintzapraktika honen bitartez ohartu baita Saifullah Khadmek, oraindik hitz egitea kosta arren, oso ongi ulertzen duela euskara. “Bai, ulertu ondo”, baieztatu dio ikasleak. Saifullah Khadmek Banaiz Bagararen asteroko ikastaroan eta Helduen Eskolan beste ordubetez bakarrik ikasten duela euskara argitu du ondoren Elserrek. Tanveer, berriz, euskaltegira ere joaten da. Azken horrek euskararekin duen beste arazo bat gogoratu eta bat-batean mahaigaineratu du: “Ez dut ulertzen zergatik Azkoitian euskara bat dagoen, Azpeitian bestea eta Tolosan bestea. Zergatik da desberdina? Hori ez dut ulertzen”.

Hizkera ezberdintasuna ez ezik, hizkuntza desberdintasuna ere ezagun zaie dagoeneko. “Hemen, Azkoitian, gaztelaniaz gutxi eta euskaraz asko hitz egiten du jendeak. Donostiara edo Zarautzera joan naizenetan, han gutxi, oso gutxi, egiten da euskaraz”, azaldu du Tanveerrek.

Eleaniztasunera ohituak

Euskal Herriko elebitasuna ez zaie arrotza Tanveerri eta Saifullah Khadmi, Pakistanen ere antzeko egoera ezagutu baitute. Punjab probintziako Gujrat hirikoak dira biak. Urdu hizkuntza da han ofiziala baina milioika pertsonek punjabiera hitz egiten dute, tartean Azkoitiko bi herritar hauek. “Etxean eta kalean punjabiera hitz egiten dugu”, zehaztu du Tanveerrek, “eskolan urdua”, gaineratu Saifullah Khadmek. Errespetuzko trataeran urdua erabiltzen da eta erregistro informalagoetan, berriz, punjabiera. Ondorioz, urdua da bulegoetako, eskoletako, aireportuetako eta unibertsitateetako hizkuntza, arlo profesionalean darabiltena.

Herrialdean urdua baino gehiago hitz egiten den arren, ikastetxeetan ez dute punjabiera irakasten. Hizkuntza hori etxetik dakartenek ere urduz eskainitako hezkuntza jaso dute. Hori da, Tanveerren kasua, esaterako. Hala ere, ez dute punjabiera ahazten eta galtzen, kalean zein etxean erabiltzen baitute, baita Euskal Herrian elkarren artean ere. Gainera, telebistan ere bi hizkuntzak erabili ohi dituzte.

Baina ez dira bi horiek Pakistango hizkuntza bakarrak, beste asko daude. Siraiki, pahari eta ingelesa dira Tanveerrek eta Saifullah Khadmek momentuan gogoratu dituzten hiru.

Euskara Zubigile beka

Banaiz Bagarako ikastaroetan aritzearekin batera, Azkoitian ikasten duten taldeko bi kide AEK euskaltegira joaten dira, Zubigile bekari esker. Elkarteak joan den ikasturtean sortu zuen beka, Azkoitiko Udalaren eta AEKren laguntzarekin. Hiru ikaslek euskaltegian ikasturtea doan egiteko aukera izan zuten, trukean beste egitasmo batzuetan parte hartzeko baldintzarekin. Tanveer izan zen beka jaso zuen ikasleetako bat eta aurreko ikasturtean laguntzaile gisa aritu zen elkartean bertan, besteak beste, antolamenduan laguntzen.

Beste ikasle batek AEK-k antolatutako Etorkinak eskolan programan hartu zuen parte. Umeentzako indartze eta mintzapraktika saioak dira horiek, eta euskara ikasleak zubigile lana egin zuen umeekin, gurasoekin zein irakasleekin. “Umeek edo gurasoek zerbait ulertzen ez zutenean beraiekin hitz egiten zuen, batzuetan baita kulturarteko gaizkiulertuak arintzeko ere”, azaldu du Elserrek. Hirugarren ikasleak, berriz, utzi egin zuen beka, gaztelania eta euskara batera ikastea gehiegizkoa zitzaiolako eta buruan etengabe nahasten zituelako.

Ikasturtea osorik egin zuten ikasleen garapena nabarmena izan da Elserrentzat: “Ia urtebetean oso ondo ikasi dute hitz egiten, denak ez dira hitz egiteko gai epe horretan”. Eta horretan jarraitzeko aukera izango dute, beka luzatu baitzieten ikasturte hasieran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude