Liderrak nola baliatu erabileran eragin dezaten

  • EraLan proiektua Soziolinguistika Klusterrak jarri zuen abian 2006an. Gaur egun, hamaika erakundek osatzen dute egitasmoa. Lan munduko erakundeetan (pribatu eta publiko), euskalduntze bidea nola eragin aztertzen eta probatzen dute, hizkuntza lidergoaren bidez. Honelako galderak dauzkate esku artean: Nolako ezagutza soziolinguistikoa beharko luke euskara teknikariak udaleko lankide eta politikariengan lidergotik eragin ahal izateko? Zergatik da inportantea alkateak edo enpresaburuak euskaraz egitea?

Lidergoa autoritatearekin lotu daiteke, baina EraLan proiektuak bestelako adiera eman dio. Lider eraldatzaileak kontzeptua landu du.
Lidergoa autoritatearekin lotu daiteke, baina EraLan proiektuak bestelako adiera eman dio. Lider eraldatzaileak kontzeptua landu du.

Has gaitezen EraLan proiektua adibide baten bidez sakontzen. Izaskun enpresa pribatu bateko zuzendaria da; euskaltzalea, ikastolako umea, eta sarri aritzen da euskaraz egunerokoan. Lantokiko batzar orokorrean beti gaztelaniaz egiten du. Inoiz ez da euskaraz egin batzarretan eta berak ere ez du sekula aldaketarik proposatu. Bada, Izaskun bere lan esparruan liderra da, enpresako nagusia delako. Hizkuntz lider izan liteke horretarako prestatuko balitz. EraLanen funtsa da, lider sozial horiei tresnak ematea linguistikoki ikuspegi kritikoa izan dezaten, lan giro horretan hizkuntza ohiturekin gertatzen denaz jabetu daitezen. Jabekuntzaren ondoren etorriko da eraldaketa. Halako lanketarik gabe, beti bezala segiko dute, gaztelaniaz jardungo dute batzarretan.

EraLan proiektuak bi adarrak uztartzen ditu, teoria eta praktika. Hizkuntz lidergoa zer den hausnartzen ari dira, eta era berean, administrazioko eta enpresa pribatuetako euskalduntze prozesuetan zuzeneko esku-hartzeak egin dituzte. Udaleko, diputazioko edo enpresako errealitateak ikusi dituzte, eta besteak beste, agintari politikoekin, euskara teknikariekin eta administrazioko sailburuekin egin dute lan.

Subordinazioari aurre egiteko liderrak

Lidergoak mila adiera ditu. EraLanek aukeratu duen adiera eraldaketarekin dago oso lotua. Hizkuntza komunitatea bezala euskaldun norbanakoa, subordinazio edo minorizazio egoeran bizi da. Lidergoaren bidez, eraldaketa bultzatzea da helburua. Nahiz eta hiztun gisa subordinazio egoeran egon, edonork du zerbait aldatzeko ahalmena. Aldaketan murgiltzeko, premia sentitu behar du. Hortaz gain, tresnak behar ditu aldaketa gauzatzeko. Enpresaburuak, euskararen aldeko jarrera izanik, batzar orokorretan euskaraz egiteak duen garrantziaz jabetu behar du. Ondoren bigarren pausoa dator, nola lortu betiko ohiturak aldatzea?

Nekane Goikoetxea Sorguneak ikertegiko (HUHEZI, Mondragon Unibertsitatea) kidea da eta EraLaneko zuzendaria. Prozesuaren amaierako emaitzari begiratzea baino, ikerketa-ekintza prozesuan eragindako aldaketak aztertzea garrantzitsuagoa dela adierazi digu. Ez da batere erraza betikotutako ohiturak aldatzea. Eraldatzaileari, hizkuntz liderrari, soziolinguistikaren ikuspegitik begirada kritikoa, diskurtso landua, edukitzea eskatzen dio.

Azken aldian, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista arabarra proposatzen ari den framing (edo marko) berriaren beharraz hitz egin digu Goikoetxeak. Kontua da zein markotan kokatzen dugun hizkuntzaren arazoa edo egoera. Marko horren arabera jarduten dugu gero. Goikoetxearen ustez, orain erabiltzen dugun markoa sarri, hegemonikoak diren hizkuntza espantsiboen ikuspegitik eraikitakoa da, bestearen markotik abiatu eta sortzen dugu gure markoa, gure diskurtsoa, gure erreakzioa. Erresistentzia ariketa litzateke, adibidez, hizkuntza hegemonikoarekiko harremanak berrinterpretatzea.

Nekane Goikoetxearen iritziz, hankamotz gabiltza diskurtso eta argumentazioetan: “Askotan diskurtso mota berarekin goaz euskalduntze bidea hartu duten edo hartuko duten erakundeetara. Baina, bakoitzak (izan enpresa, udala edo alderdi politikoa) bere markoa dauka eta hor kokatzen du hizkuntza. Euskararen profesionalaren lana da bakoitzari doitutako diskurtsoak lantzea. Sarri diskurtso sinpleekin goaz, ez gara argumentatzen hasten, ez dugu bestearen ikuspegia integratzen. Diskurtso lanketaren premian gaude, euskararen profesionalak begirada kritikoa landu behar du, diskurtsoak aberastu, botere harremanak eta eraldaketa estrategiak maneiatzeko trebetasuna izan behar du. Teknikariari lan zorrotza eskatzen diogu”.

Diskurtso landu gabeez ari garela, eta euskara teknikariengandik agintari politikoen eremura jauzi eginda, lehen lerroko agintari baten adibidea eman digu Goikoetxeak. Agintariak ibilbide eredugarria egin zuen: euskara ikasi zuen, lotsarik gabe erabiltzen du, gaztelaniaz egindako harreman ugari euskaldundu ditu. Alabaina, halako aldaketa zergatik egin duen galdetuz gero kosta egiten zaio praktika horren gaineko gogoeta soziolinguistikoa egitea, eta erantzuna honakoa da: “Euskara maite dudalako, herria maite dudalako”. Goikoetxearen ustez, politikariak euskara ikasi du, baina ez du lehen mailako lider bati dagokion lanketa soziolinguistikorik egin, ez dauka diskurtso landurik, eta nabari da bere ibilbide profesional horretan euskarak (ez erabilerak, diskurtsoak baizik) ez duela zentraltasunik izan. “Badakigu –dio Goikoetxeak–, agintari askok traje on bati ematen dioten adinako garrantzia ematen diotela euskarari, baina kasu asko bestelakoak dira, benetako hizkuntz liderrak dira. Hala ere, kamuts dute ikuspegi soziolinguistikoa. Horrek lotura du, dudarik gabe, soziolinguistikak duen egituratze faltarekin. Harrigarria da 50 urtetan halako ibilbidea egin duen komunitatearen kasuan”.

Guardiola, icebergaren erpina

Katalanaren normalizazioan Pep Guardiola Futbol Club Barcelonako entrenatzaile ohiak jarrera eredugarria erakutsi izan du; hizkuntz liderra zer den ulertzeko adibide baliagarria da. Nekane Goikoetxeari galdetu diogu atzo arte ia egunero hedabideetan ikusi dugun entrenatzailearen hizkuntza jarreraz: “Icebergaren erpina da. Harengan ikusi dugu eraldaketa potentea egiteko bidea. Bi gauzek egiten dute bat. Batetik, Guardiola bera fenomeno bat da, eta bestetik, klubak berak seguru asko hizkuntza ikuspegia landua dauka, bere botere sinbolikoaren jakitun da. Komunikabideen sistema osoa eraldatzeko indarra izan du. Katalanari zenbait forotan orain arte eduki ez duen estatusa eman dio. Erresistentziak izan ditu botere elebakarraren aldetik eta oso modu eraldatzailean (jasoan, sofistikatuan) erantzun ditu”. Liderra, oso indartsua, baina berriro azpimarratu digu egituraren, kasu honetan futbol taldearen, egitekoa. Alegia, euskalduntze bidean nekez emango ditu pausoak euskara teknikariak, enpresako zuzendariak edo politikariak, haren etxean euskara erdigunean ez badago.

Administrazioko euskalduntze planen gainean kontraesana ikusten du Goikoetxeak: “Gure administrazioan egin den euskalduntze bidean kanpo geratu izan dira agintariak, ez die plangintzaldiek ia eragin. Oraingo krisi instituzionalak agerian jartzen ditu halako kontraesanak. Konparazio baterako, posible al litzateke erretzeko debekua langileei jartzea eta agintariei ez? Lider sozial formalen garrantzia handia da”.

EraLanek administrazioan eta enpresa munduan egin duen lanaz aritu gara artikulu honetan, baina hedabideen eremu korapilatsua ere ari dira lantzen. Jendaurreko agerpenetan eta prentsaurrekoetan ahalik eta euskara gehien erabiltzeko zailtasunei nola aurre egin aztertzen ari dira. Adibidez, nola jokatu dezake erakunde bateko komunikazio arduradunak hedabideetara jo behar duenean? Euskaraz egitea erabaki eta erresistentziak aurkitzen baditu nola erantzungo die horiei? Zer dago erresistentzia horien atzean? Zein lidertza modu egon liteke euskal kazetarien artean?

Azken finean, hedabideak lider sozialen eta herritarren arteko galbahe izaten dira, eta haien leihotik eraikitzen dira euskara lider eredugarriak eta ez hain eredugarriak.

Markel Olano: "Liderra izango zara baldin eta etsenplu ona ematen baduzu"

Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ taldearen bozeramailea da. Aurreko legealdian Foru Aldundiko diputatu nagusi izan zen eta orduan ezagutu zuen EraLan proiektua, parte hartu baitzuen.

Zer garrantzi dauka diputatua edo batzarkidea euskaraz aritzeak?

Bi bektore nagusi daude; bat etxera begirakoa. Ardura instituzionala baldin badaukazu, nik aurreko legealdian neukan bezala, talde politikoa eta funtzionario taldea dauzkazu. Ez dugu ahaztu behar Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.000 langile dauzkala. Euskararen erabilera indartzeko, horiei begira zuk eragin dezakezu.

Bigarren bektorea komunikazio publikoarena da, nola aritzen zaren euskaraz gizarteari begira. Ez dira euskararen inguruko hitz politak bakarrik, ideiak, baizik eta praxia, eguneroko dinamika. Daukazun arduraren arabera, eragina oso garrantzitsua izan daiteke.

Nola eragin dezake agintari politikoak?

Euskal politikagintzan gertatu izan zaigu funtzionario taldea, udalean edo erakunde handiagokoan, euskalduna izatea eta arduradun politikoarengatik eguneroko jarduna gaztelaniaz egitea. Izan daiteke politikariak ez daukalako euskaraz erraztasunik, euskaraz egiteko ohiturarik ez daukalako... Alegia, eduki dezakezu esparru bat ia euskalduna, baina erdaraz funtzionatzen duena, inertziaz. Arduradun politiko batek hori puskatzeko eragin dezake. Kontrakoa ere egin dezake.

Zer gogoratzen duzu EraLanetik?

Perfil diferentetako jendea biltzen zen eta bakoitzak bere ekarpena egiten zuen, hausnarketa partekatua zen. Euskalduntzea ez da publikoari begira egin beharreko gauza bakarrik, norberak administrazioko eguneroko lanean egin dezake. Euskalduntzea martxan jartzeko orduan irizpide politikoa inportantea da, baina arduradun politikoak ezin du bere kasa asko egin.

Inertziak puskatu beharraz hitz egin duzu eta norberaren kontzientziaren indarraz.

Bikoteak umearen aurrean erdaraz hitz egiten baldin badu, ezin dio esan euskaraz hitz egiteko, ez da sinesgarria. Lehenengo obligazioa da euskara hizkuntza nagusi moduan erabiltzea zure esparru zuzenean, eta zirkuluak zabaltzen doazen neurrian, zure lehenengo hitza euskaraz egitea. Horrek euskalduntzea dakar, inertzia aldaketa. Azkenean, administrazioan eta esparru guztietan harreman pertsonala dago eta harreman hori euskalduntzea oso inportantea da. Dena dela, ez da aski. Dinamika administratiboa ere hor dago eta erdaraz egiteko ohitura badago...

Eman iezaguzu adibideren bat.

Oker ez banago euskara hutsean funtzionatu zuen lehenengo diputatu kontseilua izan ginen. Horretarako gaitasuna geneukan. Batek ez zuen euskaraz egiten, baina ulertu bai. Bada, hark gaztelaniaz egiten zuen, baina beste guztion hizkuntza baldintzatu gabe. Inertzia baten haustura izan zen, eta ekarpena. Horrek ez dakar erabateko aldaketa, baina urrats garrantzitsua da aldaketa eman dadin.

Diskurtso aldetik nola zabiltzate administrazioko agintariak eta langileak?

Foru Aldundiaren barruan adibidez, euskararekiko ardura, diskurtsoa eta sentsibilitatea arduradun politiko batzuek zeukaten, eta gainontzeko guztiek ez zuten bere egiten ardura hori. Ez zegoen transbertsalitaterik. Nahi baduzu, funtzionamendua bertikala zen, ez horizontala. Arduradun bat zegoen eta hizkuntzari lotutako legedia zeukan administrazioan martxan jartzeko. Mundu osoaren kontra borroka egitea bezala da, besteek ez dutelako bereganatzen ardura. Gero, transbertsalitatearen kontzeptua barneratu genuen eta hainbat printzipio erakundearen egituran transbertsal bihurtu ziren, hala nola, genero berdintasuna, jasangarritasuna eta euskara.

Liderra eta nagusia ez direla gauza bera diozu.

Niretzat lidergoak ez dauka ikuspegi autoritarioa: nik agindu eta besteak obeditu. Lidergoa konfiantzan oinarritzen da, eta adimen emozionalean. Lan giro egokia edukitzen jakin behar duzu, harreman ona izaten. Euskararen erabilera ez da agintzen, liderra izango zara baldin eta etsenplu ona ematen baduzu. Liderra eta nagusia ez dira kontzeptu bera.  

Hedabideetan nola jokatu behar du liderrak?

Galdera inportantea eta zaila da, urte piloan obsesionatu nau gai horrek. Arlo politikoan, euskaldun garenok egiten dugun irakurketa da komunikazioa euskara hutsean egiten duzunean hautsak harrotzen direla.

Hautsak harrotu?

Adibidez, prentsaurrekoan komunikazio alorreko profesionalari euskara hutsean egiten badiozu, harentzat erasoa da, konturatzen da profesionalki zerbait falta zaiola. Askotan ez daude prest profesionaltasun falta onartzeko.

Beraz, nola jokatu?

Derrigorrean gaztelania erabiltzera eramaten zaitu horrek. Euskara hutsean egiten baduzu gaztelania hiztun profesionala etorriko zaizu eta esango dizu, “errepikatuko mesedez erdaraz?”. Euskal kazetariak arazo bera dauka, komunikazioa erdaraz egiten denean etorri eta, “emango didazu kortea euskaraz?”. Eguneroko dinamika hori da. Dena dela, katalanek edo ingelesek haien hizkuntzan egiten badute, gaztelaniazko medioetan itzuli egiten dute edo azpititulatu. Euskaraz zergatik ez? Zergatik behartzen nau euskara ez dakienak erdaraz egitera? Profesional guztiek elebidun izan beharko lukete eta medioek jakin beharko lukete nire prentsaurrekoetara euskalduna bidali behar dutela.

Baina, egoera diglosikoa aldatzen saiatzen bazara jendea haserretu egiten da. Nire asmoa euskara hutsean egitea zen, baina gero errealitatea dago. Oraingoz ez da posible euskara hutsean egitea. Orain euskarari espazio duina ematen diot; dena euskaraz, testuingurua eta kazetariarentzako interesekoa den kortea, eta gaztelaniaz kortea baino ez. Edozein kasutan, euskararen eboluzioa nabaria da, orain egiten dena ez da betelana. Hala ere, ez dakit egin beharreko guztia egin genuen aurreko legealdian.

Sare sozialetan zabiltza.

Ez daukat argi nola funtzionatu, praxi diferenteak daude. Ezagun batek izen desberdinak dauzka eta kontu bat euskaraz eta beste bat gaztelaniaz. Ez zait gaizki iruditzen. Nik berriz, kontu bakarra daukat eta gaztelaniazko eta euskarazko mezuak orekatzen saiatzen naiz. Azken finean, eragile zara eta erdalduna den gunea euskalduntzen saia zaitezke.

Euskararen kontrako erasoak gaitzetsi izan dituzu.

Jarrera publikoa inportantea da eta Twitterren eta Facebooken bidez oso erraza daukazu. Lidl supermerkatuak etxeko buzoian astero sartzen duen publizitate liburuxkarekin asko haserretu nintzen. Hitz bakar bat ere ez euskaraz. Publikoki esan nuen ni ez nintzela joango Lidlera erostera, euskararen trataera aldatzen ez bazuten.

Beste batean, Kontxako Banderaren bueltan, Radio Nacionaleko Ramon Trecet esatariak tweet bat sartu zuen esanez, ikaragarri poztu zela Donibaneko patroia erdaraz hizketan entzun zuelako, aurrerapausoa zela. Esaldi hura arbuiatzen nuela adierazi nuen Twitterrez.

EraLan proiektuaz

EraLan ikerketa-proiektua da. Soziolinguistika Klusterra da sustatzailea, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak zuzentzen du, eta hainbat erakunderen arteko lankidetzaren bitartez gauzatzen da. Lan-arloan ematen den hizkuntzen erabilera da proiektuaren aztergai nagusia, eta ikerketa aplikatua eta haren gaineko hausnarketak elkarrekin egiten dituzte partaideek.

Proiektua 2006an jarri zuten abian eta 2012-2013 urteetan hirugarren fasea landuko dute. Hiru azpi-talde ari dira hainbat gai jorratzen: a) hizkuntz lidergoa administrazioko erabilera planak berritzeko; b) hizkuntz lidergoa prentsaurreko eta agerpen publikoetan c) euskararen aldeko portaera aktiboak erakundeen kulturaren argitan.

Ondorengo erakundeek, EraLaneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan egin dituzte hizkuntza lidergoari lotutako interbentzioak.

- Bermeo, Eibar, Zumaia, Portugalete, Lasarte-Oria eta Donostiako udalak, eta Bortzirietako mankomunitatea.
- Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Kutxabank.
- Bai Euskarari Ziurtagiri elkartea.
- Bertsozale Elkartea.
- Kontseilua.
- Topagunea.
- Gasteizko Legebiltzarra.
- Emun / Elhuyar / Aek-Ahize / Artez aholkularitzak.
 

Idurre Bideguren: "Lider eraldatzaile izatera iristeko gaitasun asko izan behar dituzu"

Bermeoko Udalean EraLan proiektua gauzatzen ari dira. Idurre Bideguren aurreko legegintzaldian zinegotzi izan zen eta orain alkate da. Egitasmoa zuzen-zuzenean bizi ez badu ere, badaki zertaz ari den.

Alkatea zara, lider beraz. Hizkuntz liderra izan zaitezke udalean bertan, eta herriari begira ere bai.

Lider eraldatzailearen kontua oso kontzeptu konplikatua da. Horra iristeko gaitasun asko izan behar dituzu. Lehenengo galdera: Lider sentitzen al zara? Ez, momentuz ni ez naiz lider sentitzen, nahiz eta rol bat betetzen dudan eta lidergo maila bat badaukadan. Liderrak gaitasun asko eduki behar ditu: komunikatzeko gaitasuna, motibatzekoa... Horiek lantzen ari gara, baina bada beste gauza bat oso garrantzitsua: udal honen nondik norakoa. Lidergoaren gaian guk [udal politikariak] baino gehiago dakite langileek. Guk ezagutza hori eskuratu behar dugu lehenengo. Bestalde, eredu izan behar dugu eta horretarako hizkuntza ohitura batzuk erakutsi behar ditugu.

Ez da beraz, barneratzeko kontzeptu erraza.

Ez hizkuntz lidergoa, ezta lidergoa orokorrean ere. Lider izateko moduak daude. Modu bat izan daiteke “boterean gaude eta hemen guk esaten dugun moduan egiten da lan, euskaraz egiten dugu lan”. Beste modu bat izan daiteke euskaraz natural egitea, normaltasunera jotzea, inor erasotua sentiarazi gabe.

Zinegotzi lau urtez eta orain alkate. Euskarari dagokionez, zer aurkitu duzu udalean?

Sorpresa izan da. Oso erakunde euskalduna topatu dut. Ez luke sorpresa izan beharko, baina adibidez Bizkaian telefonoaren bestaldean euskaldunak aurkitzea ez da beti hain erraza eta dokumentuak euskaraz izatea ere ez. Bermeoko Udalean zati handi bat euskaraz egiten da, ahozkoan eta idatzizkoan; batzarrak, prentsaurrekoak. Ni natural nabil euskaraz eta taldea ere bai.

Lidergoaren gaia sakon landu dutenek esan dizuete ordea, natural euskaraz aritze hori ez dela hain naturala.

Bai, hala adierazi digute. Guri, udalean euskaraz egitea naturala iruditu arren, ez da hain naturala. Udalera nor datorren, erabilera ildo bat edo beste bat marka dezake, boterean dagoenaren arabera langileei eskatutako euskara maila txikiagoa edo handiagoa izango da. Dena dela, batzuetan hizkuntzaren erabileran markatzen den lerroa ez da argia, erabakitakoa, baizik eta asko pentsatu gabekoa.

Zuri gertatzen zaizu ohituraz gaztelaniaz aritzen direnek zurekin euskaraz egitea, alkatea zarelako?

Niretzako naturala zen, adibidez, halakorekin euskaraz egitea. Baina gero konturatu naiz beste jendeagaz gaztelaniaz egiten dutela. Langileek ikusten bazaituzte zure inguruan euskaraz zabiltzala, inportantzia puntua ematen diote. Hasieran ez nintzen gauza horietaz konturatzen.

Zer lantzen da lidergoan sakontzeko bileretan?

Aurreko saioetan alkatea eta zazpi bat zinegotzi elkartzen ziren. Haien kezkak agertzen zituzten, hizkuntza portaerak aztertu. Adibidez, euskaraz natural egiten duzu bileretan eta halako batean gaztelaniaz egiteko eskatu dizute. Nola jokatu?

Adibide zehatzen bat eman al dezakezu?

Etorkinen gaia lantzeko Ikuspegi erakundetik [Immigrazio Behatokia] hizlaria ekarri genuen. Hark euskaraz prestatu zuen hitzaldia eta guk ere bai aurkezpena. Saioa bukatzerako gaztelaniaz ari ginen denok. Hainbat jende etorri zen, batzuk etorkinak. Prestatu barik joan ginen, euskaraz egiteko prestatuta joan ginen. Aurreikusi egin behar da aurkituko duzun panorama. Euskaldunoi gertatzen zaiguna da gaztelaniaz badakigula, baita beste hizkuntzak batzuk ere, eta gaztelaniaz egiteko eskatzen zaigunean egin egiten dugula.

Hedabideetan nola egin ere aurreikusi behar duzue.

Prentsaurrekoak euskaraz egiten ditugu, batzuetan prentsa oharra egiten da gaztelaniaz. ETBn gaztelaniazko kortea eskatzen dute eta eztabaida izan dugu. Orain hasi dira euskarazko esanak azpititulatuta ateratzen. Baina euskaraz egiten baduzu ez zaituzte telebistan ateratzen edo zati bat baino ez, ez da gauza bera. Gaztelaniaz ematen badiozu dena prest daukate, lan handirik egin gabe. Zuk hor atera nahi baduzu, igoal gaztelaniaz egin behar duzu. Eztabaidatu egin behar dira horrelakoak.

Udaletik kanpora ere liderrak aurkitu behar direla diozu.

Kirol munduan adibidez. Urdaibaiko arraunlariei behin baino gehiagotan esan diet, Bermeoko trainerua izanda eta patroia euskalduna, zergatik esaten duen un-dos-tres-acaba eta ez bat-bi-hiru-akaba. Entrenatzaileari ere esan diot, eta hark: “galegoak ere badaude...”, eta euskaldunak ere bai! Hain zaila al da bat-bi-hiru-akaba ikastea? Gaztetxoentzat klabea da haien gustuko esparruan, kirolean, erreferentzia euskaldunak izatea.


ASTEKARIA
2012ko urriaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude