Hasi dira erortzen harresi batzuk

EUSKAL HERRITAR informatuak ondo aski daki Espainiak giza eskubideak urratu dituela hamarkadatan, eta urratzen dituela egun ere. ETAren aurkako borrokan, gainera, herritar askok justifikatu ditu eskubide zanpatze horiek, eta ETAren biolentziaren aurrean, estatuaren biolentzia onartu izan du, izan berau Kongresuaren itzalpekoa edo estoldetako jariokoa. Estatuak behin eta berriro bihurritu ditu bere arauak, legezko ez zena Konstituzioaren aterpean jartzeko.

Eta batzuetan, auzitegiek ere berretsi egiten dute hainbat eskubide zanpatzen direla, orain Parot doktrina-rekin Estrasburgoko Auzitegiak egin duen moduan. ETAko eta ETAkoak ez diren euskal presoek denetatik jasan behar izan dute Estatuaren aldetik, eta haien aurkako neurri ankerrena izan da orain Europatik indargabetu den arau irakurketa hau, giza eskubideen aurkakoa dela ebatziz.

Ines del Rioren kasuaren ondoren beste ugari etorriko dira. Batetik, Estrasburgora bidean dira aurtengo martxoan eta ekainean Auzitegi Konstituzionalak atzera botatako 20 bat presoren helegiteak. Eta ikusi beharko da zer gertatzen den oraindik auzitegi honek aztertzear dituen helegite guztiekin (horietatik 21 onartuak eta 14 oraindik onarpenaren galbahea pasatzeke).

Seguruenik, ikusi beharko da ea zer gertatzen den Espainiak Estrasburgoko Auzitegian jarritako helegitearekin, baina Ines del Rioren helegitea aho batez onartu da eta ez dirudi Espainiaren helegitea onartuko duenik. Eta Del Rioren epaia berresten bada, Espainiako Gobernuak presoa askatu beharko du, ez du beste aukerarik.

Ondoren, logikoena litzateke Espainiako Konstituzionalak bere egitea Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, Parot Doktrina bertan behera uztea eta honek eragindako preso guztiak kalean jartzea. Bizi dugun garai berrian, hau guztia auzitegien agindurik gabeko bide adostua beharko luke: denbora, dirua eta sufrimendu asko saihesteaz gain, bake bideak nabarmen sendotuko lirateke.

MURRIZKETA, soldata beherakada eta eskubide sozialen etengabeko galera artean, zenbait hipotesi gero eta sendoago ageri dira. Bat, austeritate neurriek ez dute ekonomia hazkunderik ekarriko, besteak beste, batez ere zorra ordaintzera bideratuta daudelako. Bi, herrialde askok dituzten zor publiko eta pribatuak ordainezinak dira: nola ordaintzen dira, adibidez, Espainiari kalkulatzen zaion 2,3 bilioiko zor pribatu eta publikoa? Hiru, edozelako irtenbidek zor horren ikuskaritza serioa eskatzen du, zer ordaindu ahal izango den eta zer ez erabakitzeko.

Galdera orokorragoak ere gero eta leku sendoagoa hartzen ari dira pentsalari eta herritarren artean. Adibidez:

 -Bat, posible ote da herritarrek Maastrichteko Europaren eraikuntza hau atzera botatzea eta ekonomia eta eskubide sozialen beste bateratze bati ekitea?

-Bi, epe laburrera hori oso gaitza ikusten denez, krisian itota dauden herrialdeak euroan mantentzeak ba al du zentzurik? Eta batzuk eurotik ateratzen hasten badira, eutsiko al dio Europar Batasunak?

 -Hiru, 70eko hamarkadaren erdialdean hasitako globalizazio prozesua, Europatik desglobalizatzen hasteko garaia ote da? Edo posible ote da globalizazioa arautzea, bere arauetan eskubide sozialei ere leku eginez?

-Lau, Europako harresi sozialak bata bestearen atzean suntsitu eta gero, onartu beharko da azkenean kapitalismo neoliberalak irabazi duela eta amore eman?

Erantzunak, nagusiki, herritarron esku dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 'Parot doktrina'
Grande Marlaska tortura salaketen inguruan: "Egia bakarra egia judiziala da"

Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.


2015-01-13 | ARGIA
Etxeratek "Parot doktrina"-rekin alderatu du Gorenaren erabakia

Etxerat elkarteak "urgentziazko balorazioa" plazaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean. Osorik eskaintzen dizuegu jarraian:


Carmen Gisasola aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.


ETAko presoen kondenak "gehiegizkoak" direla dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek

Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.


2014-04-29 | Iera Aranburu
Euskal presoen kondenak luzatzeko doktrina berri bat eratu dute Espainiako epaileek

Presoen espetxeratzea urtebete edo bi luzatu ahalko dute neurri berriaren ondorioz. “Parot doktrina” delakoarekin alderatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk.


Eguneraketa berriak daude