hills-absinthe.com
hills-absinthe.com

Ukrainan zen Txernobyl. Txernobyl hitzak “zizare-belarra hazten den tokia” adierazten du, hau da, Artemisia vulgaris belarraren gustuko lurrak. Jendarte zekenaren hondakindegi nuklearra bihurtua dugunetik ez dakit izena aldatu beharko ote diogun edo Txernobyl izaten jarraituko duen. Bizi ote da han zizare-belarrik? Eta zizarerik? Jendea uxatu bai, baina landare jendea lasaitu eta aberastu egingo zen, agian...

Osasunei zizare-belarrak adina mesede egiten dienik gutxi izango da, bakanen bat. Nuklearrek bezala honek ere erakarri eta uxatzen dituenak ditu. Nuklear kontuak botere eta diru gose eta egarri eta gehiago direnak erakartzen ditu, eta ordaintzen dutenak uxatzen. Zizare-belarrak intsektuak uxatzen ditu; jartzazu baratze ertzean. Erakartzen duenik ere bada: psikotropiko zalea den jendea.

Belar horrek osabide eta osagarri diren osagaiak sortzen ditu. Osagarri guztien eran osabide edo pozoi izatearen arteko muga tamainan dago. Zainekoa dute tamaina hartu beharrekoak izate hori...

Zain bereko familiako diren zizare-belarra eta bere ahizpa asentsio-belarra (Artemisia absinthium) antz handia duten horietakoak dira, bizkiak. Bien osagarriak erruz erabili ditugu. Eta zeinenak baino zeinenak mikatzagoak dira. Landare horiek jan edo edanez gero mikaztasun horrek mesede besterik ez digu egingo.

Asentsio-belarrak duen absinthium abizena grekoko apsinthion hitzetik dator. Horrek desatsegina, gozagaitza, kaltegarria, galgarria, mina adierazten du, mikatzegia, gezamina, alegia. Hitz greko horretatik dator, asentsio bezala, ia galdua dugun euskarazko axinse izena.

Belar horrekin egin izan da absenta edari mitikoa. Frantzia munduaren zilbortxoa zen sasoian, nor bazela adierazi nahi zuenak edari hori hartu behar zuen, bere alkohol puskarekin, %60tik gora izan ohi zuen. Alkoholaz gain tujona ere bazuen, osasungarri eta pozoi arteko muga azken horren aldera pasarazi zuten gaia. Negozio pagotxa galtzen ari ziren ardo ekoizleek sustatutako propaganda txarrari esker... Orain badakigu, kaltegarria izateko edan ezina litzatekeen mikaztasun maila luke, eta atzera, 1998tik, Europan onartua dago. Absenta galarazia egonagatik asentsio-belarra edo axinsea bermutean hartu da, barra-barra. Beste belarren artean osagai nagusietakoa baitzuen axinsea edo alemanez wermuot edo wermuota...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude