"Hizkuntza guztiak dira errazak"

  • Blogean euskaraz, euskararen inguruan eta euskararekin jolasean aritzen da bergararra. Infernukua tabernan egin dugu hitzordua, euskara infernutik zenbat eta gertuago egon hobeto dagoela uste baitu; tentagarriago.

Aitor Zabaleta Merino
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Erramun Turutarena ingeniaritzan doktoregoa bukatzen ari da, 27 urte ditu. Euskararen misterioak zizta egin zion aspaldi, “inork ez baitaki nondik datorren”. Gu, besteak beste, nortasuna ezkutatzeko nahiak erakarri gaitu, Turutene blogean eta Argian ez baitu nor den azaldu nahi izan.

Zergatik nortasuna ezkutuan gordetzeko behar hori?

Batetik ausardia falta zait, onartzen dut. Gainera, nahiko lotsatia naiz. Interneten zerbait idatzi eta gero kalean norbaitekin gurutzatu eta ezagutuko banindu, benetan deseroso sentituko nintzateke. Bestalde, sarean izen propioa erabiltzea, gutxi batzuen pribilegioa delakoan nago. Azken finean, saretik harago lana eta bizitza ditut, eta idatzitako zerbaitek eragina izan dezake. Egia da zenbaitzuk ezizenak erabiltzen dituztela gainontzekoak zirikatzeko edo amorrarazteko. Anonimatoa eskuak garbitzeko baliatzen dute. Hori ez da Erramunen kasua. Nik ez dut Erramunen izenean nire benetako izenean esango ez nukeen ezer idazten. Maitasun handia jartzen diot pertsonaiari.

Zergatik Erramun Turutarena?

Garai batean honela deitzen zidaten. Unibertsitate garaian, lagun taldean, zirikatze aldera edo, elkarri erdal izenez izendatzen hastea otu zitzaigun. Niri Ramon egokitu zitzaidan. Musika taldea ere osatu genuen eta saxofoia jotzen nuenez, bada ‘Ramon Turutas’ deitzen hasi zitzaizkidan. Azkenean onartu egin nuen, gustatu egin zitzaidan, euskaratu egin nuen eta hara.

Blogean zure helburua hizkuntzarekin jolastea da. Hainbat bide jorratu duzu horretarako. Esate baterako, ele2tor sortu duzu.

Ele2tor tresnak euskaraz eta gaztelaniaz hitzak ematen ditu. Norberak egin beharrekoa da hizkuntza batean zein bestean zein hitz ezagutzen dituen esatea. Tresnak hizkuntza bakoitzeko ezagutza maila zenbatekoa izan den adieraziko dizu. Gure ingurua interpretatzeko gizakiok zein tresnaz baliatzen garen jakitea oso interesgarria iruditzen zait. Garunaren antolamenduan hizkuntzak duen pisua izugarria da. Horregatik, polita iruditu zitzaidan elebidunetan hizkuntza batek ala besteak pisu gehiago duen ala ez neurtzea. Badakit emaitza estatistikoa dela, errore tartea dagoela, baina inpresio bat edukitzeko balio lezake; baita euskaraz modu erakargarrian jolasteko eta ikasteko ere.

Blogean euskara uste baino errazagoa ote den galdetu duzu. Hala dela uste al duzu?

Bai. Are gehiago, hizkuntza guztiak errazak direla esango nuke. Gizakiak berak sortutako tresnak dira azken finean. Bestelako kontuak dira, jatorri bereko hizkuntzak ikastea errazagoa izatea. Hau da, gaztelania dakienak frantsesa euskara baino errazago ikasiko du, baina horrek ez du esan nahi euskara zailagoa denik.

Aitzitik, badaude ikerketak eragin psikologikoari garrantzi handia ematen diotenak, motibazioari hain zuzen. Milaka adibide jarri daitezke, hala nola, atzerriko batez maitemindu eta maitearen hizkuntza segituan bereganatu duenarena. Zer esan nahi da honekin? Askotan ikasketa errazten edo zailtzen duena motibazioa dela.

Euskara hizkuntza zaila dela oso hedatuta dago, hala ere.

Mito horrek kalte handia egin dio gure hizkuntzari, eta neurri batean, gure errua ere bada. Sarri aldarrikatu izan dugu oso hizkuntza ezberdina dela, ez duela gainontzeko hizkuntzekin inolako antzekotasunik. Mito horrekin amaitzeko garaia delakoan nago, eta esango nuke gainontzeko hizkuntzen modukoa dela argi utzi nahian bagabiltzala. Horregatik idatzi nuen artikulua, mitoa apurtzeko. Jende asko hasi delako euskaltegian eta handik gutxira laga, haien ustez oso zaila delako.

Adibidez, aditz laguntzaileen taula edonor beldurtzeko gai da. Baina azterketa estatistiko bat egiten baduzu gehien erabiltzen diren aditz laguntzaileak hautatuta, konturatuko zara hamar formekin aditz guztien %66 jokatu daitezkeela. Ondo dago jendeari aditz laguntzaile guztiak erakustea, baina ez legoke gaizki hamar horietara indar berezia zuzentzea, gehien erabiliko dituztenak horiek baitira.


Zer da hizkuntza?

Batzuek diote hizkuntzak ez direla existitzen, hizkuntza komunitateak daudela. Zer ez den esango dizut, hizkuntza ez da arma politikoa. Ondo bereizi behar dira hizkuntza eta politika, eta horretan ez da asmatu. Adibidez, hizkuntza bat eta mapa bat ez nituzke batera jarriko.

Ez dakit beste bide bat jarraitu izan balitz hobeto edo okerrago geundekeen. Baina badirudi ibilbide horrek eman zezakeen guztia eman duela; orain hizkuntzak bere bidea egin behar du, besteak beste, alor kulturaletik.

Bide hori EDO (Euskalduna Da Originaltasuna) izeneko manifestuan jaso duzu.

Bereziki, bi ideia azaldu nahi nituen. Batetik, lilura daukat katalanekiko. Han argi ikusi daiteke; estatua eduki gabe, kultur industria oso indartsua eratzeko gai izan dira. Hemen hori lortzea ia ezinezkoa da. Gu baino askoz biztanle gehiago dira eta merkatu zabalagoa dute. Horregatik, gutxiago garenez gero, garen horiek kultur arloan ahalegin handiagoa egitea proposatzen nuen EDO manifestuan, politikara horrenbeste indar zuzendu beharrean. Kataluniarekin alderatzen bagara, badirudi hemen aurreratuago gaudela politikoki, independentziaren aldeko jende gehiago dagoela, baina hizkuntza erabilerari begiratzen badiogu guztiz bestelakoa da egoera. Hor oinarrituta jaio zen nire aldarria: egin dezagun produkzio masiboa, ireki dezagun guztiok twitter kontua, bloga, kontsumitu dezagun musika euskalduna, kultura euskalduna, aldizkari euskaldunak... gutxi izan arren asko lortzeko.

Hori alde batetik, eta bigarren ideia ETAren amaieraren eskutik zetorren. Aro berri baten atarian gaudela probestuz, ETA beharrean EDO proposatzen dut; oinarri kulturala izango duena politikoa baino. Ezkerretik eta eskuinetik harago doana. Hirugarren bide bat, askotan Sarasuak ere azpimarratu izan duena.

Hizkuntza eta kultura, biak nortasun eraikitzaile.

Nik uste dut bata zein bestea direla gure nortasunaren sostenguak. Noski hizkuntza garrantzitsua dela eta pisu handia duela, baina baditugu hizkuntzaz gain beste hainbat gauza gure nortasuna osatzen dutenak. Gaur egun hizkuntzekin gertatzen ari dena, bestelako kontu bat da. Globalizazioaren eraginez, nortasuna galtzen ari dira. Badirudi hizkuntza ezberdinak erabiltzen ari garela, baina azken finean, konturatu gabe, egitura bera baliatzen dugu eta hitz ezberdinak erabili. Adierazpen gaitasunaren eta esaeren erabileraren galera adibide garbiak dira. Hori euskarari gerta dakioke gaztelaniarekin eta frantsesarekin, baina berdin ingelesarekin, eta nola ez, horiei guztiei beraien artean ere bai. Historian horrelakoak gehiago izan dira, erromatarren garaian kasu, eta horrelako gertaerek asko erakartzen naute. Hau da, nola hizkuntzak eta kulturak elkarrengandik urrundu eta gerturatzen diren, elkarrekin nahastuz eta elkarri eraginez.

Horri deitzen diozu ele-aborigentasuna?

Beno, zer da ele-aborigentasuna... Australiara egin nuen bidaian aborigenen museo batera iritsi nintzen. Museo hartan hizkuntza asko zeudela ohartu nintzen eta eskura zeuden esku-orriak begiratu nituen. Aborigen horiek jaiotzez eleanitzak ziren, hiru-lau hizkuntza zekizkiten. Europan zer gertatzen da? Estatu nazioen kontzeptua oso barneratuta dago, hau da: nazio bat = estatu bat = hizkuntza bat. Baina ez da hori gizakiaren berezko egoera, edo ez du zertan hala izan. Australiako aborigenen kasuan behintzat ez zen hala. Baliteke egungo globalizazioaren aurpegi humanoa hori izatea, eleaniztasunari berriro ateak irekitzea.

Estatuak zenbateraino erraztu dezake hizkuntza indartzea?

Egia esan ez dakit. Bi adibide ditugu, batetik, israeldarra, estatua lortu ostean, hilda zegoen hizkuntza berreskuratzeko gai izan dira. Bestetik, gaelikoaren egoera oso kaxkarra da Irlandan. Berriro diot, hizkuntza eta politika bereizi egin behar direla uste dut. Politikari itxaron gabe hizkuntzak bere bidea egin behar du. Horretan jarri behar dira indarrak, hizkuntza sustatzen, katalanek bezala. Haiek kulturalki independenteak dira. Baliteke estatuak gure esku tresna gehiago jartzea, nortasun aldetik ere onarpena emango liguke, baina ez da hori gakoa. Gauza asko egin daitezke horri itxaron gabe.

Oinarri horiek gustuko ez dituenarentzat beste batzuk badituzula esan duzu blogean.

Groucho Marxen hitzak oinarri hartuta esan nuen hori. Euskaldunok oso burugogorrak gara. Pako Aristik esaten zuen modura, gaztetan txanpon bat airera bota eta irten A edo irten B hura defendatzen dugu hiltzen garen arte. Osasungarria da iritzia aldatzea, ona da kritikoa izatea eta irizpide propioa izatea, hori da aurrera egiteko modu bakarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025-08-29 | UEU
Ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute UEUk eta BadaLab-ek

UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte... [+]


2025-08-28 | Jon Aleman Astitz
Supremazismo espainiarren “kontsentsu linguistikoa”

Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.

Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]


Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi autonomia handiagoren alde daude

IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.


2025-08-26 | Josu Iraeta
Euskara, oldartu zaitez

Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebista gaztelerazko filmak ematen hasi dela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Eguneraketa berriak daude