2011ko abenduaren 22an hil zen Inma Gomila, hamarkada oso batez ARGIAren eta Ametzagaiña taldearen garapenean parte hartu zuen euskaltzalea. Argiako lankideez gain, kolaboratzaile eta irakurle askok ezagutu zuten Inma, eta Iparraldeko ikastolen munduan ere pertsona ezaguna izan da.
Inma Gomila Carro 1957an jaio zen Bilboko Deustuan. Ekonomia eta Enpresetako zientzietan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Oso gazterik administrazio eta finantza zuzendaritzako ardurak eman zizkioten Bilbon, Iruña eta La Granja kafetegiak kudeatzen zituen ostalaritza enpresan, eta ondoren Irunen aritu zen, Mataderos Monteron.
1988an iritsi zen ARGIA astekariak parte hartzen duen enpresa taldera, Ametzagaiñara, orduko Apika informatika enpresaren eskutik. Administrazio eta finantzen ardurak izan zituen hamarkada batez.
Astekari honen proiektuak eta asmoak bezala, bizirauteko zailtasunak barru-barrutik ezagutu zituen urte horietan Inmak. Proiektuen artean, ARGIArentzako eta Antza inprimategiarentzako egoitza berria aurkitu eta antolatu beharra zegoen, azkenean Lasarte-Oriako industrialdean mamitu zena. Eta kasik horrekin batera Euskaldunon Egunkariaren sorrera etorri zen.
Euskaldunon Egunkariaren prestaketa lanetan parte hartu zuen eta 1990eko abenduan kazeta plazaratu zuen hasierako zuzendaritza ekipoan aritu zen, 1991ko ekainean kargua utzi zuen arte. Berriro itzuli zen Ametzagaiña taldeko enpresen kudeaketara, lanak aurrera ateratzeko ohiko kemenarekin eta ideia ezkertiarrak defendatuz beti ere.
Urte horietan familia osatua zuen 1985etik taldeko enpresen informatika-buru zen Simeon Barrosorekin. Bi haur ekarri zituzten, Odei eta Orhi. Geroago beste bi mutiko hartu zituzten etxean, Migel eta Sebas.
Hondarribian bizi ostean, Urruñan egin zuten etxea. Inmak Urruñako ikastola martxan jartzeko kanpaina eta lanetan parte hartu zuen. Urruñako ikastola auzapezaren eta erakunde gehienen nahiaren kontra egin zen, auzolanean, dirua biltzeko hainbat ekintzarekin –ikastola eraikitzeko harriak euskaltzaleei eskaintzeko kanpaina ezaguna izan zen–; eraikuntza bera langile boluntarioek jaso zuten. Denbora batez Seaskako zuzendaritzako kide ere izan zen Inma.
ARGIAn eta Ametzagaiñan mende hasiera arte jardun zuen. 2001ean berak eta Siomeon Barrosok Diana Teknologia informatikako zerbitzu enpresa sortu zuten; enpresa-ideia onenaren Toribio Etxeberria saria irabazi zuen proiektuak.
Baina hortik gutxira, Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria ixteko Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an antolatu operazioan atxilotu zuten, Irunen muga pasa eta Hondarribiako aireportura zihoala. Bost egunez inkomunikaturik egon ostean 18.000 euroko fidantza ordainduta utzi zuten kalean. Ez zen epaitua izan, askoz lehenago auzitegiak aferatik kanpo utzi zuelako. Tortura salaketarik aurkeztu ez zuen arren, Inmaren lagunek jakin zuten oso bortizki tratatu zutela.
2010aren hondarrean azaldu zizkion sendagileak gaitz larri baten lehen zantzuak. 2011ko hasieran operatu zuten. Urte zail honetan berarekin egon direnek diotenez, gaixotasuna gainditzeko gogor borrokatu da eta ez du etsi hil baino aste gutxi lehenago arte. Abenduaren 22 ilunabarrean zendu zen. 24an, Gabon egunez, erre zuten Errenteriako Zentolengo beilategian, azken agurra jaso ondoren.
Argiak lerro hauekin agurtu nahi du Inma Gomilaren oroimena, eta bat egiten du bere lehengo eta oraingo lankideek, lagunek eta batik bat familiak bizi duten tristurarekin.
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]