Eskubide eskean oles egitera derrigortuak

  • Langabeziaren gorakadak eta langabezia saria agortzeak, milaka herritar administrazioaren laguntzen menpe utzi ditu. Baina laguntza hori jasotzeko baldintzak gogortu nahi dituzte gobernu autonomikoek. Eztabaida segituan piztu da, oinarrizko errenta eskubidea den arren, eskean ibili behar izango baitira asko eta asko.

Kontzentrazioa Bilbon, Eusko Jaurlaritzako delegazio aurrean, murrizketa sozialak salatzeko.
Kontzentrazioa Bilbon, Eusko Jaurlaritzako delegazio aurrean, murrizketa sozialak salatzeko.

Azkeneko langabezia datuak ez dira batere onak izan Hego Euskal Herrian. Espainiako Lan Ministerioak argitara eman zituen iraileko emaitzak eta 2.388 pertsona gehiago inskribatu ziren langabeziaren zerrendan. Zerbitzuetako behin-behineko kontratuek uda sasoian sortzen duten desoreka garaia igaro ondoren, errealitateak gogor astindu du –beste behin ere– lan merkatua, eta azkenaldiko murrizketa sozialek langabeziaren igoeran zerikusi handia dutela onartu behar izan dute arduradun politikoek. 2008ko abuztuan, krisia lehertu baino pixka bat lehenago, 107.000 langabetu zeuden lau lurraldeetan; hiru urte geroago 184.524 euskal herritar daude lanik gabe. Ipar euskal Herrian, aldiz, 2011 hasieran 17.000 lagunetik gora ari ziren lana bilatzen, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren arabera, lan egiteko moduan diren biztanleen %8,4.

Datu orokorren itzalean igaro ohi den beste informazio esanguratsu bat ere egin zuen publiko Espainiako Lan Ministerioak: langabezia saririk gabe dauden pertsonen kopurua. Hala, 112.362 lagunek dute gaur egun dagokien “paroa” bukatuta, langabetu guztien %61a. Portzentaje horren bilakaera goranzkoa izan da azken urteetan (ikusi beheko grafikoa), epe luzeko langabetuak gero eta gehiago baitira. Ondorioz, handitzen ari dira esklusio soziala jasateko arriskuan dauden pertsonen kopurua eta oinarrizko laguntza ekonomikoa behar dutenena. LAB sindikatuak berriki egindako kalkulu baten arabera, hego euskal herritarren %19a pobrezian eta sozialki baztertua egoteko zorian legoke, Europar Estrategia 2020 programaren baitan harturiko datuak kontuan izan da behin behin.

Guraizeak oinarrizko errentari

Testuinguru horretan, berebiziko garrantzia dute gobernu autonomikoek ematen dituzten oinarrizko errentek, normalean 650 euro eta 900 euro inguruan, seme-alaben arabera. Nafarroan oinarrizko errenta lortzeko eskaerak bikoiztu egin dira azken urteetan eta 2011n 9.299 eskaera jaso dituzte. Errenta ordaintzeko arazoak izaten ari da Nafarroako Gobernua; aurtengo eskaeren erdiak oraindik ez ditu aztertu eta bost hilabeteko atzerapenez ari da ordaintzen.

EAEko kasuan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) ematen du Eusko Jaurlaritzak. Errenta honen inguruan eztabaida bizia sortu da. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak diru-sarrera hori erregulatzen duen legea erreformatzeko proiektua martxan jarri baitu.
Aurten 55.020 lagun ari dira jasotzen diru hori –iaz baino %13 gehiago– eta erreforma aurrera ateraz gero horietako 2.500 inguru kanpoan geratuko liratekeela salatu dute pobreziaren kontrako kolektiboek, hiru urtez herri berean erroldatuta egoteko baldintza ez dutelako betetzen, batez ere. Gemma Zabaleta sailburuak azaldu duenez erreformak ziurtatu nahi du lan egiteko aukera duenak errenta ez kobratzea. Sailburuaren iritziz babes sozialeko sistema “kiebran dago”, bere ustez sostenga ezina delako. Zabaletaren saila aspaldi hasi zen laguntza sozialetan egon litezkeen balizko “amarruak” pertsegitzen. Urte hasieran 6.200 lagun geratu ziren laguntza jaso gabe, Jaurlaritzak kasu guztiak gainbegiratu zituelako eta irregulartasunak topatu zituelako, horietako gehienek dirua jasotzeko eskubidea berreskuratu zuten baina.

Urriaren 18an Eusko Legebiltzarreko Gizarte Gaietako batzordean onartu zen DBEa lortzeko baldintzak aldatzea, PSEren eta PPren babesarekin. Egun berean Euskal Herri osoko ehun gizarte eragile baino gehiagok (sindikatuak, alderdiak, langabetuen asanbladak, arrazakeriaren kontrako taldeak, auzo elkarteak, pobreziaren kontra sareak…) atzera egiteko exijitu zioten Eusko Jaurlaritzari eta salatu zuten baldintza berriek “pobrezia kriminalizatzea” dutela helburu.

Aurreikuspen guztien arabera, langabeziak gorakada nabarmena izango du datozen hilabeteetan. Negu gorri honetan lanik gabe gera litezkeen milaka herritar, behin langabezia saria agorturik, eskubidea dena eskatzeko oles egitera joan beharko dira administraziora.

Langabetuarentzako mikro-gida

LANGABEZIA SARIA ZEINEK ESKA DEZAKE?

Paroa kobratu ahal izateko bi baldintza nagusi bete behar dira: legalki langabezian egon eta gutxienez hamabi hilabetez kotizatu, langabezian geratu aurreko sei urteetan.

ZEIN DIRU-KOPURU KOBRATZEN DA?

Lehenengo sei hilabetetan, langilearen oinarri arautzailearen %70 jasotzen da. Hortik aurrera %60a jasoko du langileak. Oinarri arautzailea kalkulatzen da azken 180 egunetako kotizazio oinarriak eta kontigentzia profesionalak gehitu eta 180 zenbakiaz zatikatuz. Dena den, badaude gutxiengo eta gehiengo batzuk: 2011n sariaren hileko kopuru minimoa 497 euro da (seme-alabarik zaintzan ez izanez gero) eta maximoa 1.397 euro (bi seme-alaba edo gehiago zaintzan izanez gero).

Kopuru gordinari bi kenketa egiten zaizkio: Gizarte Segurantzaren kotizazioa eta IRPFaren erretentzioa.

ZENBAT IRAUTEN DU SARIAK?

Azkeneko sei urtetean egindako kotizazioaren arabera irauten du sariak. Esaterako, 360-590 egun artean kotizatuta izanez gero, 120 eguneko saria jaso liteke (lau hilabete) eta 2.160tik gora kotizatuta izanez gero 720 eguneko saria (bi urte gehienez ere).

HAMABOST EGUN ESKAERA EGITEKO

Dagokien langabezia saria jaso nahi duenak enplegurako bulegoan izena eman beharko du, lan bila dabilela ziurtatzeko, eta hamabost egunen buruan egin beharko saria jasotzeko eskaera.

NORK DU LAGUNTZARAKO PRESTAZIOA JASOTZEKO AUKERA?

Langabetu batek ez badu langabezia saria jasotzeko adina egun kotizatu, subsidio edo laguntza prestazioa eska dezake; Espainiako Gobernuko administrazioak ematen du. Horretarako, beharrezkoa da gutxienez hiru hilabetez (seme-alabarik izanez gero) edo sei hilabetez (seme-alabarik ez izanez gero) kotizatzea. Kasu hauetan, laguntzaren iraupena eskala honen bidez kalkulatzen da: 90 eta 119 egun kotizatuta izanez gero, hiru hilabeteko laguntza; 120 eta 149 egun kotizatuta, lau hilabeteko laguntza; 150 eta 179 artean kotizatuta, bost hilabete; 180 egun edo gehiago koitzatuta, baina zaintza-ardurarik gabe, sei hilabete, eta zaintza-ardurekin 21 hilabete.

Laguntza hau jasotzeko eskubidea ere badute langabezia saria agortu eta zaintza-ardurak dituzten pertsonek edo 45 urte baino gehiago dituztenek (seme-alabarik izan ez arren). Edonola ere, laguntzaren iraupena 18 eta 30 hilabete arteko izango da.

Beste zenbait kolektiborentzako laguntzak badaude. Hala nola, kartzelatik irten direnek, genero biolentziaren biktimek eta abar. Langabezia laguntza zabalduena 52 urtetik gorakoentzakoa da, euren lan bizitzan sei urtez kotizatuta izan behar dute, hala ere.

Laguntza honen diru kopurua urtero eguneratzen da. 2011n hilean 426 euro dira.

Daniel Udalaitz


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude