Landarezaleak landare berri bat sortzetik, gero landare horien tratanteek etekina kentzen dioten arteko tartea ezagutzeko, munduko lore eta landareen hiriburua den Herbehereetako Aalsmeerri buruz aurreko artikulua idazten ari nintzen egunean, iloba parea eta hauen lagun bat kontzertu punki, gaur egungo punki, batera eramango ote nituen eskean eta, neronek ere, aspaldiko partez, gisa honetako gozatu baten premia banuelakoan, hor abiatu gara laurok Eibarko Amaña aldera.
Tokia bera da Amaña punkia! Porlanari emandako aldapa tzarretan ez da landareentzat zirrikitu askorik. Kale-gurutze batean oholtza eta jendetza. Bihotzez porlan-estali. Bihotzak kiriotsu Bihotzaren aginduak kantuan. “... betetzeko baitira, bihotzaren aginduak... ez ditzala buruak hil bihotzaren aginduak...”. Bihotzeko dudan Surfin Kaos kantuan... Bihotza han eta burua Aalsmeerren, pulamentu eskasa... Han dioten eran, ganora eskasa!
Aalsmeer munduko lore eta landare tratuaren bihotza, mundu osoan ekoizten den landare eta loreen herena bertatik igarotzen da. Herbehereetatik saltzen den idi-bihotz (Tulipa sp.) ekoizpen osoa bertatik doa, adibidez. Eta ez da bihotz gutxi, urtero laurehunen bat milioi ale. Idi-bihotzak emango dituzten erraboilak edo aietak ere bertatik esportatzen dira, urtean pare bat mila milioi inguru...
Asia Txikia du jatorri idi-bihotzak, Kurdistan osoa eta Kazakhstan aldeko Pamir, Tien Shan eta Hindu Kush mendiak aipatzen dituzte. Anatoliara zabaldua, Tulipa gesneriana originala hartu eta Istanbulgo baratzeetan espezie berriak sortzeari lotu zitzaizkion turkoak. Ehunka espezie egin eta harro erakusten omen zituzten. Ez da alferrik Turkiako eta Irango ikur. Handik Europaratzeko bi bide aipatzen dira. Bata XI-XII. mendeetan, gure alde honetan ibili ziren mairuek, Toledoko Ibn Massalek, agidanean, Abu-l-Jayr botanikariak bere Umda obran dioenez. Bestea, geroxeago, XVI.ean bateko eta besteko enbaxadoreek, tratua ez beste zer egin handirik gabe izaten diren horiek, Alemaniara, Austriara, Parisera eta tratanteen habia Herbehereetara... Handik mundura!
Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]
Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]
Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]