Sexuaren miraria

'Miracle' arrosa
'Miracle' arrosaEternal Butterfly03

Ez da lan makala arrosa berri bat sortzea. Dirua dela-eta, hartu eta burutu egiten den lana da. Honexegatik jartzen zaio gero “William Shakespeare”, “Julio Iglesias”, “Pink Panther”, “The McCartney Rose”, “Leonardo da Vinci”, “Michelangelo”, “Rodin”, “Lilli Marlene”, “President Macià”, “Tchaikovski”, “Gina Lollobrigida” edo “Louis de Funés” bezalako izena; ezaguna eta sortu ordurako erantsirik darama sona. Haiek gogotik saiatuta eskuratu zutena arrosagileak di-da. Txarra edo ona, sona. Sona eta txanpona. Alde ederrekoak jarri daitezke, baina arrosa dotoreari jende itsusi horren izenak txanpona...

Izena eman aurreko lanik bada, baina, arrosagintzan. Arrosa berriak sortzeko lehendik baditugun arrosak nahastu beste biderik ez dago. Nahaste honek dakar hibridoa. Hibrido berria lortzeko eme eta ar jakinak gurutzatuz ondutako haziak behar dira. Hauek erein eta, genetikaren aita izan zen Mendelek zioenaren arabera, heren banako hiru multzotan bil ditzakegu jaioko diren landareak: batzuk amaren antzekoak, beste batzuk aitaren gisakoak eta hirugarrenak nahas-mahasekoak. Azken hauek dira interesgarriak, bai arrosagintzan aberastu nahi dutenentzat, bai natura berarentzat ere. Ez aitaren itxurako, ez amaren taxuko ez diren horiek garatuko dituzte, agian, ordura arte espezie horrek izan ezin izan dituen tankeretako ezaugarriak. Arrosetan, adibidez, usain berriak, eite ezezagunak, lorekolore deigarriak, itzelezko emankortasuna...

Aldaera berri batek espezieari egundoko mesedea dakarkio, etorkizunerako bidea zabaldu eta iraupena errazten dio. Zenbat eta aldaera ugariago, datorrena datorrela, ikuskizun dauden etorkizuneko bihurrikeria eta komeria, zaharra ez den edozein berrira edo mudantza ekologikora egokitzeko aukera gehiago. Naturak badaki, nahastean dago gaurko etorkizuna, etorkizun oparoa.
Arrosagileak, lore baten alde arraren polena ireki gabeko beste lore baten emeari eskuera jarriko dio, eta beste inongo arraren polena etortzeko bidea erabat itxi. Emeak emango duen fruituko haziak erein eta mirarizko ezustekoa noiz gertatuko, aiduru egongo da artista. Gero, jarriko zaio izena... Herbehereetako Aalsmeereko G.Verbeekek 1958an kaleratu zuen arrosa eder bati jarri ziona bezala: “Miracle”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak
2020-03-22 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2020-03-08 | Jakoba Errekondo
Moko-belarretan

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi... [+]


2019-12-15 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


Eguneraketa berriak daude