"Pasaiako kanpo kaiaren proiekturik ez da existitzen"

  • Leire Betetak kanpo aholkulari gisa dihardu orain Lezon. Pasaiako kanpo kaiaz galdezka joan gatzaizkio eta politikariei entzun ez dizkiegun argibideak eman dizkigu.

Arrabots handia entzuten da Pasaiako kanpo kaia dela eta. Zertan da proiektua?

Proiektua deitu diozu, baina berez ez da proiekturik existitzen. Gaur egun dagoena plan bat da, Portu Agintaritzak nahitaez egin behar duena, Azpiegituren Gida-plana deitzen dena. Horren baitan, portuak nondik joko duen, zer nolako azpiegiturak beharko dituen eta bere ekonomia zein izango den zehaztu behar ditu Agintaritzak. Hor aipatzen da kanpo kaia, Gida-plan horren barruan. Alegia, kanpo kaiaz agertu duten bakarra marrazkiak dira, diseinuak, gida-plan horren barruko proposamena besterik ez da.

Portuko Agintaritza gida-plan horren ingurumen azterketa tramitatzen ari da orain Madrilen. Azterketa horren harira heldu da, hain justu, Espainiako Ministerioak egin duen txostena,  Gida-plan horrekin, eta zehazki kanpoko kaiaren ideiarekin, hain gogor azaldu dena. Ministerioak arazo larriak ikusten dizkio kanpo kaiari, eta ez dira bakarrak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ere zalantzan jarri zuen, ingurumenaren gaineko inpaktua gogorregia izateaz gainera, ekonomikoki bideragarria izateko ere nahikoa froga ikusten ez diolako.

Txostenean alternatibak aztertzea eskatzen da, esate baterako, gaurko kaiari arreta jartzea eta hobetzea, eta Agintaritzak hori ez du ezertarako kontuan hartu.

Nork du azken hitza afera honetan?

Espainiako Ingurumen Ministerioak jasanezina dela esaten badu, bertan behera geldituko litzateke. Baina orain ez dira kanpo kaia tramitatzen ari, baizik eta Azpiegituren Gida-plana. Beraz, Ingurumen Ministerioak plan horren gaineko epaia emango dio, eta aldaketek ere, horren gainekoak izan beharko dute. Zerk ez du Ministerioaren azterketa pasatzen? Kanpo kaiak. Beraz, ideia hori aldatu egin beharko du, eta alternatibak aztertu, dela barruko kaia berritzea, dela Lezoko plataforma logistikoa, dela Bilboko kaiarekin lankidetza… Baina noizbait onartu egin beharko da plana, modu batera edo bestera, Portuko Agintaritzak ezin baitu plan hori gabe aurrera egin.

Zein epe dute?

Agintaritza eta Ministerioa elkarrekin lanean ari dira orain. Ingurumen Memoria atera behar dute aurrera, legeak ezartzen duen beste tramitazio bat. Memoria hori aurrera atera dadin, alegazio guztiei erantzun behar die Agintaritzak, eta, kontuan hartu milaka izan zirela, gehienak kanpo kaiaren kontrakoak. Memoria horrek, Agintaritzak Ingurumen Iraunkortasunaren txostena nola egin duen aztertuko du, eta zeintzuk diren ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuenak. Azkenik, Gida-planean aldatu beharrekoak ere jasoko ditu. Luze joko du.

Ministerioak ikerketa zorrotzak eskatu zizkien, besteak beste, kanpo kai horrek itsasoko habitat ezberdinetan izango lukeen eraginaz, edo trafikoak zetazeoei sortuko liekeen eragozpenez eta antzekoez. Horri guztiari erantzutea ez da batere erraza.

Barruko kaiaren hobetzea ere aztertu beharra daukate…

Horixe da niretzat interesgarriena. Azken finean, gaurko egoera ez du inortxok ere nahi, hemen bizi garenok ere ez. Badakigu bizi kalitatea txarra dela, baina egia da, halaber, inongo konturik ere ez dela hartzen. Portua eta hiria bateraezinak direla esaten zaigu, baina ez dira sekula saiatu. Hor lan handia dago egiteko.

Ingurumen Ministerioak eskatutako alternatiben artean, hori ere badago, hain zuzen ere, gaurko portua hobetzea, inguruko hiriekin bateragarria izateko. Hortaz, behar bezala egin beharko dute azterketa.

Zer diozu barruko berritzeaz?

Posible dela iruditzen zait. Portu askotan aplikatzen dira ingurumen praktika egokiak. Akaso, aproba eginda, beste tokietan ikusten ez diren eragozpenak sortuko dira, ez dakit, baina aproba hori behinik behin egin beharko da.

Bestalde, portuaren funtzionamenduaz ere zalantza handia dago. Portuak karga-deskargarako guneak dira izatez, eta horrek ematen du dirua. Hemen besterik ikusiko duzu, eta zenbakiek ere halaxe frogatzen dute, portu hau hainbat enpresen biltegi gisa erabiltzen dela. Txatarra eta antzekoak deskargatu eta hilabeteak ematen dituzte bertan, eta praktika horietxek dira, justuki, arazoak sortzen dituztenak,  txatarra-meta erraldoi horiek, batere estali gabe, batere bildu gabe. Hor dauden bitartean askatzen duten hautsa herrigunera eramaten du haizeak.

Karga-deskarga sistemak ere batek daki noizkoak diren, ez zaie inongo neurririk ezarri eragiten duten kaltea ekiditeko… Nola justifikatzen duzu desastre hori kanpora ateratzea? Eta bitxia da, zeren Azpiegituren gida-plan horretan aipatzen denez, kaia kanpora ateratzen denean, orduan bai, orduan izugarrizko neurri pila hartuko dute kontuan… Tira, eta zergatik ez dira gaurdanik hasten?

Udalek ez dute horretan ahalmenik?

Agintaritzak administrazio kontseilua du. Bertan, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Sustapen Ministerioa, sindikatuak eta udalak daude. Beraz, erabakiguneetan badute boza eta zeresana. Jakina, gauzak asko aldatzen dira segun eta zein indar politikok agintzen duen.

Bestalde, Agintaritzak kudeatzen du portua, baina lurrak udalerriarenak dira eta udalek ere badituzte hor eskumenak. Portuan dauden enpresek udalaren baimena behar dute jarduteko. Eta ez dakit zergatik, beharbada portuari ez zaiolako interesatzen baimen horren berri zabaltzea, baina nik esango nuke enpresa gehienek ez dutela udal lizentziarik. Inoiz udala joan izan zaienean ezikusiarena egin dute, edota portuko kontzesioarekin aski dela argudiatu. Tristea da, baina lizentzia horiek kudeatzen ez badira, ezin dira neurri zuzentzaileak ezarri.

Zer izorratuko luke Kanpo kaiak?

Kaia kanpoan eraikitzeko, ez omen dute mendia ikutuko. Hori ezinezkoa da. Tira, tunela besterik ez, diote. Baina azaldu beharko dute plataforma eta gainerakoak nola egingo dituzten mendia ikutu gabe… Magiaz? Itsas labarrei itsatsitako azpiegitura eraikitzea planteatzen da. Jaizkibel mendia Europak babestutako eremua da, baina hori ez omen dute ikutuko. Zero metrotik gora hasten da babesa, gaur egun. Plataforma hori, itsasoak irentsiko ez badu, hortik gora eraiki beharko dute, mendi gainean, alegia.

Horrez gain, itsas labarretara hurbildu den edozeinek daki itsas labarrak oso eremu dinamikoak direla, higadura etengabekoa dela, landareak hazten direla, harriak erortzen direla… Beraz, ezponda horri eutsi egin beharko zaio, plataforma hondatzea nahi ez bada. Ez dutela mendi hori ikutuko? Askotxo esatea da.

Itsas labarra, bestalde, izenak ondo dioen bezala, itsasoari lotutako eremua da, aurrean 100 hektareako plataforma ezartzen badiozu, esango didazu itsasoarekiko erlazio hori non gelditzen den. Itsas hondoari dagokionez, plataformak beteko duen eremu horretako bizitza desagertu egingo da.

Jaizkibelgo itsasertza euskal kostaldeko eremu birjin luzeena eta handiena da (15 kilometro). Belatzek edo saizuriek bezala, babestuta dauden hegazti harrapakari askok bertan egiten dituzte habiak, hor ez baita erasorik, ez inpakturik, ez eraikinik… Baldintzak aldatuta, aberastasun hori desagertu egingo litzateke. Hori guztia, eraikuntza lanekin bakarrik.

Gero, aktibitateak berak dakarren zarata, kutsadura. Dei deiezaiotela nahi duten bezala, baina hori eremu natural batean eremu industriala sartu nahi izatea da. Bestalde, dieselak, petrolioa, tankeak, mota horretako merkantziak ekarri nahi dituzte. Denok dakigu horien garraioak zer arrisku dakarren.

Zer izan beharko luke Jaizkibel mendiak eta zer babes izan beharko luke zonaldeak?

Jaizkibel mendia Europako Natura 2000 Sarearen baitan dago 2004 urteaz geroztik eta horri dagokion kudeaketa plana eduki behar du. Dokumentua idatzita dago, parte-hartze prozesua ere izan zuen, egin zitzaizkion ekarpenak handik eta hemendik, baina oraindik ez da onartu. Prozesu hori geldirik dago.

Zer esan nahi du horrek, babesik gabe segitzen duela?

Ez. Horri esker ez da kanpo kaia aurrera atera, ezta aterako ere ziurrenik, eremu babestua delako.

Natura 2000 Sareak, gunea babestea ez ezik, hobetzea ere badu helburu. Kudeaketa planak esaten du Jaizkibelen zein espezie diren esanguratsuak, zein habitatek behar duen zainketa berezia, non egin behar den aparteko ahalegina. Zeren, Jaizkibelek, ezer edukitzekotan, interes potentzial handia du. Landaretzari dagokionez, pinudi asko dago, baina bertako zuhaitzak ere berreskura daitezke, adibidez ametza. Eta horretarako ekintzaplan egokia behar da. Tamalez, Eusko Jaurlaritzako tiraderaren batean dago gordeta dokumentua.

Ez du iraungitze-datarik?

Berez, iazko abendurako onartuta behar zuen. Hori zen Europak finkatutako epea, 6 urtekoa. Parte-hartze prozesua ere iaz egin zen, baina dokumentua oraindik ez da erakusketa publikora atera. Horixe baita protokoloa, onartu baino lehen, alegazioak egiteko aukera dago. Gero, denboraldi bat eman behar da ekarpenak jaso, erantzun eta onartzeko.

Europak ez al du estutzen?

Normalki marjina ematen du. Jaizkibelgoa ez da kasu bakarra. Dena den, aterako ez balitz, Europara jo eta han kexa azaltzeko aukera dago.

Zer eragin izan dezake hemengo biztanleen kexak?

Garrantzi handia du. Ingurumenean inpaktu handia izan lezakeen ezer onartzeko, justifikazioa bilatu behar zaio. Bertakoen iritzia oso kontuan hartzekoa da, ez baita berdin inpaktu handia izango duen horren beharra mundu guztiak sentitzen duenean, bertako elkarteak ere ados daudenean.

Zergatik dute Jaizkibel-Uliak zero mailarainoko babesa? Zergatik ez da itsasoa ere kontuan hartu?

Lapurdiko kostako zona babestuek bi eremuak hartzen dituzte kontuan, lurtarrak eta itsastiarrak dira, ez dago zero mailako banaketarik, zeren ekologiaren ikuspegitik, zatiezina da, marearteko eremua deritzo horri. Jaizkibelen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearen hitzetan, itsasoko eremua ez zuten Natura 2000 Sarean sartu garai horretan ez zegoelako itsasoari buruzko informaziorik. Datu faltagatik egin zen horrela. Egun, ordea, gero eta informazio gehiago dago, eta badakigu Jaizkibel-Uliako itsas eremuak baduela nahikoa balore Natura 2000 Sarean sartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pasaiako portua
2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


2020-09-21 | ARGIA
Pasaiako badiako kutsadura salatzeko Olanori errautsa bota zion ekintzailea ostegunean epaituko dute

Irailaren 24an epaituko dute Donostiako Epaitegian 2018ko urrian, Herrera-Trintxerpe pasabidearen inaugurazioan, agintariei errautsa bota zien lezoarra. Markel Olano, Arantxa Tapia eta Eneko Goiari hautsa bota zien ondorengoa esaten zuen bitartean: "Hau da egunero jasaten... [+]


2020-04-16 | ARGIA
Langile bat hil da Pasaiako portuan

Zendutakoa 50 urteko garraiolaria da. Sukarra zuen hiltzerakoan, eta ondorioz Covid-19aren aurkako protokoloa aktibatu dute portuan.


2020-03-10 | ARGIA
Apirilaren 2ra atzeratu dute Olanori errautsa bota zion ekintzailearen aurkako epaiketa

Pasaiako portuko ekitaldi batean Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Donostiako alkate Eneko Goia bertan zirela errautsa bota zien 2018ko azaroan. ARGIAk hasiera batean esan duen arren martxoaren 11n... [+]


2019-09-26 | ARGIA
Pasaiako badia kutsatu du Txingurri errekako isurketa batek

Txingurri errekak zuriz tindatu zituen Pasaiako badiako urak asteartean, Herrera inguruan. Eguzkin salatu du 2077an hasitako saneamendua osatu gabe dagoela eta hori bukatzeko zain daudela: “Hobe eserita itxaroten badugu”.


Eguneraketa berriak daude