Balearen bideak

  • Milla bederatzi eun ta lenengo urtean, maiatzaren amalaugarren egunean, Oriyoko erriko barraren aurrean, balia agertu zan beatzik aldean… Horixe dio sorta luze bateko aurreneko bertsoak. Orion oraindik ere ospatzen segitzen dute duela 110 urteko balearen harrapaketa. Aurtengoa hirugarren edizioa dute. 2001ean mendeurrena ospatu zuten; handik aurrera bost urtero errepikatzen dute balearen festa. Aurten, berriro, maiatzaren 14an.

Azken balearen harrapaketa erakusten du irudi eder honek: Orioko Udaletxeko areto nagusian dago, beirazko horman egina.
Azken balearen harrapaketa erakusten du irudi eder honek: Orioko Udaletxeko areto nagusian dago, beirazko horman egina. Iñaki Iturain

Kantauri itsasoan harrapatutako azken balea haren bidez, Orio ingurua bisitatuko dugu. Talai Mendi du izena Zarauzko hondartza eta Orioko barra bereizten dituen mendiak; aspaldian hango zelaietan Zarauzko kanpina dago, eta Getariako txakolina egiteko baliatzen diren mahastiak. Horixe du aberastasun gaur egun Talai Mendik. Antzina, batez ere XVII. eta XVIII. mendeetan, Euskal Herriko kostaldera inguratzen ziren baleak behatzen zituzten talaia hartatik. Beste horrenbeste egiten zen justu Oria errioaren beste aldean dagoen Kukuarri mendiaren magaletik ere. Handik bista zoragarria dago mendebaldera: Orioko barra, Zarauzko Mollarriko uhartea, Getariako San Anton mendia eta itsasoa. Garai hartan balea baten arrantza aberastasun iturri handia zen hori lortzen zuen herriarentzat.

1901ekoa, behintzat, probetxugarria gertatu zitzaien oriotarrei. Gorputzez zan milla ta berreun arrua, beste berreun mingain ta tripa barrua; gutxi janaz etzegon batere galdua, tiñako sei pezetan izan zan saldua.

Orio eta Aginagako ontziolak

Hura izan zen Kantauri itsasoan harrapatutako azken balea, baina haren aurretik zenbat izan ote ziren? Badira uste dutenak euskaldunak lehenago iritsi zirela Kolon bera baino ere Amerikako lurretara, balearen arrastoan. Ternuako itsaso neguan izoztuetara joateko, ontzi sendoak eta gogorrak behar zituzten euskal arrantzaleek. Ontzi haietako asko eta asko Oria ibaiaren ertzetan sortutako ontzioletan eraikiak izan ziren. Oraindik ere, plan ederra da txalupa txiki batean ibaian gora egitea Aginagaraino, garai bateko ontziolen arrastoak ikusiz. Orion bertan ikusiko dugu horietako aurrena: herriko plazaren aurrez aurre dagoen karraballotarrena. Errioan gora eginda, beste bat topatuko dugu Ortzaika auzoan, arraunlari pila bat eman duen auzo txikian: elizondotarren Ortzaikako ontziola. Handik gora segituta, eta Aginagako muga gaindituta, garai batean ospe eta indar handia izan zuen Mapil-ekora iritsiko gara. Haraino ibilbide lasaia egingo duzu txalupatxoan. Gaur egun kontuz ibili beharra dago, deskuidatuz gero beren bizitokia defendatzen duten bi beltxargaren erasoa jasoko duzu-eta, bestela. Ziaboga hartu eta Orio aldera itzultzeko (g)unea da hori.

Agorregiko burdinola

Itsasora iritsi aurretik, Oria ibaiak duen azken ibaiadarra Altxerriko erreka da. Haren ondoan dagoen bidetik, Altxerriko kobazulo famatua atzean utzita, 500 metrora Errota baserrira iritsiko gara. Errotatik bizpahiru kilometroko bide erraz eta eder bat abiatzen da, Agorregiko burdinolara eramango gaituena. Bidea ondo seinalaturik dago eta ez dago galtzeko arriskurik. Ordu erdiko paseoaren ostean, uraren soinua entzungai dugula, burdinola ikusgarriaren ingurura iritsiko gara.

Hau da Gipuzkoan geratzen diren antzinako burdinola bakanetako bat. Badirudi XV. mendetik funtzionamenduan dagoela. Horregatik bakarrik, bere itxura bitxi eta ikusgarriarengatik, eta kokatuta dagoen inguru ederrarengatik, bisitaldia merezi du. Agorregiko burdinolati ekarriko zuten, noski, Oria ibaiko ontzioletan egindako galeoiak eta bestelako barkuak hornitzeko arpoi eta aingurak egiteko burdina.

Baleari lotutako txokoak

1901eko bertsoak dira noski Orion baleak utzitako arrasto nabarmenena, baina ez bakarra. Horretaz aparte, Orion bada Balea izeneko elkartea; han topatuko dituzu, mural handi batean, egurrean dotore jarrita, 21 bertsoak, balearen harrapaketa ederki asko erakusten duen irudi ikusgarriaren ondoan. Balea elkartearen aldamenean dagoen kultur etxearen atzeko plaza ere balearen harrapaketaren motiboekin jantzita dago, azulejo koloretsutan. Eta Udaletxeko areto nagusiko beirazko hormak ere balearen harrapaketa erakusten du, dotore. Huraxe erabili ohi dute argazkiaren atzealderako, ospakizunetan. Goiko Kaleko zenbait etxetako armarrian dotore agertzen dira baleak harrapatzen ibilitako barkuen irudiak. Batetik bestera, balearen ibilbidea egin daiteke Orioko kaleetan zehar. Gertatuba jarri det egiyaren alde, au orrela ez bada jendiari galde, biyotzez pozturikan atsegintsu gaude, gora oriyotarrak esan bildur gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bale arrantzaleak
Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


2020-05-05 | Goiena
Ternua eta euskaldunen arteko harremanak ikertu zituen Selma Huxley hil da

Euskaldunon iraganean bilatzeko artxiboz artxibo ibilitako ikerlaria zen Selma Huxley Barkham. Euskal Herria eta Kanadako itsas historiaren alorrean lan handia egindakoa. 1973ko uztailean heldu zen Oñatira, artxibo aberatsak erakarrita, eta bertan bizi izan zen 20 urtez,... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


Eguneraketa berriak daude