Galtzaileen azken nota eta zurrutadak

  • Fiachras ::Hiltzera goaz

    Bonberenea Ekintzak

    iraupena ::34´06´´

    prezioa ::10€

Hiltzera goaz
Bergara, Lazkao eta Legazpi artean banatutako musikari hauek luzaroan punk-rockean aritu ondoren haize freskoa ekarri zioten Euskal Herriko musika eszenari, eta bat-batekotasuna eta marinel kutsuko kanta malenkoniatsuak uztartu zituzten estreinako lanean. Euren erritmoari fidel, ez zuten kontzertu askorik egin, baina jarraitzaile dezente batu zituzten. Orain bigarren lanarekin datoz, eta metaforaz josita badator ere, ezinegona eta amorrazioa dario. Are gehiago, taldea handitu egin dute, eta eskusoinu, hammond, slide eta soka instrumentuekin lagunduta, countrya eta folka maisuki landu dituzte, euren ezaugarri garrantzitsua den galtzailearen malenkoniaz bustita. Bada baita tex-mex ukiturik, eta Irlanda zein Argentinako oihartzunik... Agian serioegi jarri badira ere, emaitza oso dotorea eta sinesgarria da.
Haritz Artola eta Aitor Aldanondo - Fiachras
"Jendeari gehiago ardura dio kokaina gramoaren prezioak, hamar urtez etxea ezin erosi egoteak baino"

Aspalditik gordetako amorrua atera duzue oraingoan?

Haritz Artola: Bai, 35 urtetan pilatutakoa jada kanpora atera behar izan dugu, bestela eztanda egingo genukeelako. Ezartzen dizkiguten neurri ekonomikoek eta jendearen pasotismoak erretzen gaituzte batez ere. Jendeari gehiago ardura dio kokaina gramoaren prezioak, hamar urtetan etxea ezin erosi egoteak baino, eta hori beldurgarria da. Hiltzera edo erailtzera goaz!

Zuen burua korrontetik kanpo ikusten duzue?

H.A.: Bai, eta gustuko dugu hori gainera. Orain Bizardunak-en arrakastarekin modan jartzen hasi da irlandar folka deritzona eta arduratzen hasiak gara. Tarteka Bizardunak taldearekin konparatu izan gaituzte, baina Aitor eta biok Bizardunak-eko kide ere bagara eta Fiachras zaharragoa da. Guk nahiago dugu lasai ibili, presiorik gabe. Modan jartzen bada, hurrengo diskoan beste estiloren bat landuko dugu, jakina, punk-rocka ez dena; agian rap-a.

Lehenengo diskoa bat-batekoa izan zen; eta oraingoa, berriz, oso landua.

Aitor Aldanondo: Bai. Brigada Criminal bukatu eta berehala kantak idazten hasi eta grabatzera sartu ginen, eta kanta batzuk borobildu gabe daude. Oraingoan, baina, elkar ezagutzen dugu, ideiak garbiago ditugu eta hammonda, soka instrumentuak eta moldaketak sartzeko aukera izan dugu.

Bizardunak askoz ganberroagoa da eta zuen kantek malenkonia kutsu askoz handiagoa dute.

H.A.: Bai, egia da. Jendeak gustuko du nostalgia eta malenkonia hondar hori: orain dela 200 urte nola bizi ginen; edo zer sentitzen den marinel izanda. Gaur egun abentura askorik egin ezin dugunez, behintzat kanten bidez irudika ditzakegu.

A.A.: Nahiz eta jantzia halakoa edo bestelakoa izan, garrantzitsuena barruko doinu itsaskorra da. Eta malenkoniari dagokionez, nik betidanik maite izan dut Stiv Batorsen ukitu erdi negarti erdi gordina. 


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 08a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude