"Gidoiaren babesa bilatzen duen zinema zaharkitua iruditzen zait"

  • En construcción (2001) filmak Donostiako Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen, eta berriz ere pantaila handian ikusteko aukera eskainiko du jaialdiak, Ez fikzioaren bide berriak atzera begirakoan. Auzo marjinal bateko bizilagun eta langile bitxiak kamera aurrean jartzen ditu Guerínen pelikula bikain horrek. Zabaltegi-Bereziak Sailak berriz, zuzendariaren azken lana emango du: Guest (2010), munduko hainbat txokotara eginiko bidaia filmatua.
"Zinegileok beti diogu talde lana dela zinemagintza, baina sarri ez dugu hori sinesten, niri interesatzen zaidan zinema gainera begirada bakarrekoa delako, ez multzoarena".
Ohiko moduan, kapela buruan eta zorroa eskuan, hartu gaitu José Luis Guerín zinegileak (Bartzelona, 1960), etxetik gertu, Kataluniako hiritzarrean aurkitzea zaila dirudien Sant Pere plazatxo lasai, txiki eta apartekoan. Victor Ericerekin alderatu izan duten zuzendaria, Los motivos de Berta, Innisfree, Tren de sombras, En construcción, En la ciudad de Sylvia eta Guest pelikulen egile, patxadaz mintzatu da, erantzun bakoitzarentzat denbora hartuz, bere filmetan bezala.

Esan izan duzunez, espazioarekiko interes etnografikoa da zure filmen abiapuntua. En construcción bera auzo baten freskoa da, izan zenaren eta gehiago izango ez denaren metamorfosiaren freskoa.


Egia da nire pelikulak maiz espazio bat aztertuta jaiotzen direla, ikuspegi poetikoetatik aztertuta, etnografikoetatik baino. Leku batek ematen didanetik film bat irudikatzen eta amesten hastea atsegin dut, beti ere zinema ulertuz bidaiatzeko modu gisa, beste espazio batekin erlazionatzeko modu gisa. En construcciónen, espazioa metafora sozial bihurtzen da, aldaketarena. Pelikula egin ahala eman zen ikuspegi historiko hori, askotan iruditzen zaigulako zinema historikoa erromatarren zinema baino ez dela, baina film honetan ere hiriak bere etorkizuna bilatzen du, bere iragana aurkitzen, eta mende batetik bestera igaro ginen gainera, errodatu bitartean. Konturatu ginen erretratatzen ari ginen auzoa XX. mendearen metafora zela, mende horretan jaio eta hildako auzoa.

Paisaiak, halaber, bertan bizi diren pertsonaiak baldintzatzen ditu zure filmetan.


Espazioa markoa da. Gustatzen zait filmatzen ari naizen espazioarekin konpromisoa hartzea, filmatzen ditudan aurpegiak espazio horretan integratuta egotea, nire hiritik atera eta beste leku batean ezartzea. Kostatzen zait zinema bulego-lan moduan ulertzea, atsegin dut errodajeak ezohiko zerbait izatea, lantaldea aukeratu eta espazio horretan elkarbizitzea, geure burua behartuz gauzak ikustera eta interpretatzera. Bidaiariaren begiradak gehiago ikusten du, arreta handiagoz, egunerokotasunaren alienaziotik ihes egin dezakeelako, hainbestetan kale bera zeharkatzen dugunean ez ikusten bukatzen baitugu.

Zein neurritan da En construcción dokumentala eta zein neurritan fikzioa? Zein puntutaraino gainditzen dituzu generoak errealitatea islatzeko nahi horretan?


Dokumentala da, ez dagoelako nik idatzitako hitz bakar bat, pertsonaiek eurek sortutako elkarrizketatik dago eraikia, baina eztabaida horrek pixka bat nekatuta nauka, dokumental kontzeptuari eman izan zaizkion murrizketa eta adierengatik. Garai historiko bakoitzak pertzepzio desberdina dauka dokumentalaren inguruan. Ziurrenik, dokumentala da gaur egun gauza gehien mugitzen ari den eremua, arlorik birjinena delako oraindik, generoaren arauek gutxiago zehaztua eta istorioak kontatzeko modu anitzenak eskaintzen dituena.

Dena den, objektibotasun kontzeptua lotu ohi da dokumentalarekin, baina En construcciónerako 120 orduko materiala hautatu eta muntatu zenuen. Plano bat, aukeraketa bat… dagoen unetik, egon al liteke objektibotasunik?

Ez dut uste dokumentala objektiboa denik. Jatorrian albistegi-film modukoa zegoen, objektibotzat hartzen zena, baina 20ko hamarkadan jada Jean Vigok dokumental subjektiboaren beharra aldarrikatu zuen, zinemagilearen ikuspuntua azpimarratuz. Eta esango nuke hain zuzen dokumentalean gaia ia beti ikuspuntua dela: enkoadraketa batek, muntaiak… daukan diskurtsoa; ziurrenik ikuslea jakitun da eta fikzioarekin izango lukeena baino begirada kritikoagoarekin aztertzen ditu idazketa kontu horiek. En construcciónen, gertaeren garapenak berak mugatu zigun aukeraketa; pelikula oso irekia hasi zen eta aurrera egin ahala aukerak gutxitzen joan ziren, filma bera joan zen bere burua eraikitzen eta birplanteatzen.

Eta errealitateak ematen dizun istorio horren baitan, non geratzen da kontrola? Nola kontrolatu soinua gardena izatea, etxea eraistearen planoa (errepikatu ezingo dena) ondo ateratzea…?


Ziurrenik filmazioko lehenengo egunetan oso gaizki entzungo zen, baina proiektuak aurrera egin ahala konturatu ginen elkarrizketek garrantzi handia zutela, ondo entzun behar zirela eta pertsonaia nagusiek mikroren bat eraman behar zutela gainean. Hori dena posible izan zen elkarbizitzari esker, eurekin lortutako konfiantzari esker. Lekuak, pertsonaiek… Errealitateak ematen dizkizun aukerei arreta jartzea da gakoa, behatzen jakitea eta aurreikusi gabekoetara moldatzeko gai izatea, horren ondorio da kontrola. Behaketa da oinarria; behatzen duzunetik aztertu egiten duzu, planifikatu, aukeratu eta eraiki.

Eta nola definituko zenuke behaketa hori, begirada hori?


Ez dut hitzekin definitzen, pelikulekin baizik. Zinegile bakoitzak irudi jakin batzuk aukeratzen ditu bere filmarentzat, bakoitzak bere irizpidea dauka, eta horrek ematen ditu nortasun propioa duten pelikulak. Denbora da giltza, espazio batean denbora asko igarotzea, denaz jabetzeko. Dokumental askoren arazoa da gaiaren preso direla, eta oso-oso garrantzitsua da dokumental bat egiterakoan begirada askea izatea, aurreiritzirik gabe, gauza berriak aurkitzeko prest egotea, hasiera batean hutsalak diruditenak, baina arretarekin begiratuz gero esanguratsuak izan daitezkeenak. Niri interesatzen zaizkidan dokumentalak ez dira ikusgarriak, baizik egunerokotasuna irakurtzerakoan zerbait berria erakusten didatenak. Zinema modernoaren bidea hori izan behar dela uste dut. Zaharkitua iruditzen zait gidoiaren babesa bilatzen duen zinema, istorio konplexuekin, inguruan ditugulako zinemarako elementu onenak.

Hain juxtu, En construccióneko elkarrizketak bikainak dira, bakardadeaz, erlijioaz, arkitekturaz, bizitzaren gogortasunaz, poesiaz, kapitalismoaz… Eta benetakoak dira. Errealitateak fikzioa gainditzen du?


Nire ustez bai. Errealitatea eskuzabala da, berarekin paktatzen jakinez gero, itxaroten jakinez gero. Errealitateak fikzioak baino ñabardura gehiago ditu, konplexuagoa da. Fikzioan sortu egin behar dugu sinesgarritasuna eta horretarako saihestu egiten dira errealitatearen konplexutasun eta zimurdurak, aberastasunez eta kontraesanez beteak. En construccióneko elkarrizketak oso onak dira, eta posible dira benetakoak direlako. Fikziozko pelikula batean agian ez lirateke sinesgarriak izango.

Voyeur gisa eramaten gaitu kamerak, pertsonaien atzetik. Nola lortu zenuen naturaltasun, intimitate eta konplizitate maila hori pertsonaiekin… edo hobe esanda, pertsonekin?


Pertsonaia hitza egokia iruditzen zait, hitzak, enkoadraketak… aukeratzen dituzun unetik pertsonaia sortzen ari zarelako, pertsona filmatzen duzunean jada ez da pertsona hori, zuk egiten duzun irakurketa baino.

Naturaltasunari dagokionez, hor egotea da gakoa, giro egokia lortu behar da, eta itxaroten jakin, konfiantza lortzen joan. Ikasleekin filma egitea planteatu nuenean, pentsatu nuen, zer eman diezadakete ikasleek, profesionalek emango ez lidaketena? Denbora. Lehenengo pelikula da talde lanean egin denaren benetako sentsazioa eman didana. Zinegileok beti diogu talde lana dela zinemagintza, baina sarri ez dugu hori sinesten; niri interesatzen zaidan zinema, gainera, begirada bakarrekoa da, ez multzo baten begiradarena. Normalean taldetik babesteko joera izan dut, euren begiradek nirea kutsatu ez zezaten, eta En construcciónen desberdina izan zen, hartu-eman handia egon zen, eta ondo joan zen.

Bestalde, dokumentalean zinegilea ezin da ulertu gizaki bezala dituen ezaugarrietatik at; pelikularen idazketaren zati da pertsonekin garatzen duzun harremana. Aldi berean, oso ezkorra da zinegileak errealitatea bortxatu nahi duenean, parean duena manipulatu, filmatzen ari denean zerbait ateratzeko, harraparia bailitzan; zure denbora baliotsuagoa denean parean dituzun pertsonena baino.


Bizimodu gogorreko pertsonaiak irudikatu dituzu, beren alde on eta txarrekin. Zaila al da estereotipoetan erortzen ez den zinema soziala egitea?


Oso narritagarria da klixe erretorikoak erabiltzen dituen zinema hori, eta gainera eraginkortasun guztia galtzen du zinema sozial deiturikoak eta propaganda kutre bilakatzen da, ez da begirada askea, menpekoa baizik, kurtsia, txepela, etengabe birplanteatu beharrekoa. Ahituta bukatu nuen, En construcción lanagatik baino ezagutu ez ninduen askok aurkeztu ninduelako zinema sozialaren paradigmatzat. Hain nekatuta, ezen pentsatu nuen hurrengo filma jende polit eta burgesarekin egitea, erakusteko zinema soziala askoz konplexuagoa dela; jende izorratua filmatzen baduzu zinema soziala da, eta dirudunak filmatuz gero ez. Baina begiratzeko eran dago ardura soziala. Urduri jartzen nau dokumentalekin dagoen kritikotasun faltak, gai sozialak edo historikoak jorratzen direnean, Gobernuz Kanpoko Erakunde Zinema deiturikoarekin, alegia. Badirudi ezin dela zinema hori kritikatu, helburu ona duelako, eta horrek kalte handia egiten dio zinemari, eredu oso nagiak sortzen dituelako, telebistako erreportaje txarrenen gisakoak.

Zein harreman daukazu ikuslearekin?


Ikuslea ni naizela pentsatzen dut, ez zerbait urruna eta abstraktua. Zinema asko ikusten dut eta badakit ikusle gisa noiz sentitzen naizen erasotua, pelikulak tontoa banintz bezala tratatu nauelako. Ikusleak bere eremua behar du, gauzak erabakitzeko, filma nirekin batera eraikitzeko. Telebistak ordea, inoiz ez du ikuslearen eremua errespetatzen; off ahotsak beti ematen dizkio adjektibo kalifikatzaileak, dena egina, eta oso garrantzitsua da ikuslearen eremua ez erasotzea, filmaren autore baita, zinegilearekin batera. Ez zait gustatzen zinema enfatikoa, gauzak azpimarratu beharra, iradoki gabe.

Hona pelikularen funtsezko ekuazioa: zinemagile naizen aldetik zein harreman garatzen dudan pertsonaiekin, eta zein harremanen bidez lotzen ditudan pertsonaia horiek ikusleekin. Begirada hiruki horrek osatzen du pelikula.


Estilo apala nagusitzen da zure lanetan, artifiziorik gabe (soinu naturala adibidez, soinu bandaren aldean), egunerokotasunean oinarritua… eta era berean poesia eta gogoeta kutsu handiarekin. Nola lortzen duzu zure filmetako giroa?


Pelikula bat egiterakoan gauza batzuk hartzen dituzu eta beste batzuk alboratzen. Elementu batzuk murriztean (musika, efektuak, kamera mugimenduak…), geratzen diren elementuak indartzen dituzu, balio gehigarria eransten diozu elipsi bati, eten bati, soinu bati… Beste film batean agian elipsi, eten edo soinu bera oharkabean pasako da, lanpetuta zaudelako argumentu konplexuak, ekintza azkarrak… jarraitzen. Keinu bati, irudi bati eman nahi diezun taupadan, oihartzunean datza. Pelikula batean jartzen duzun gauza bakoitza funtsezkoa dela pentsatu behar duzu: neska bat, zuhaitz bat, kale bat filmatzen baduzu, filmatu behar duzu lehenengo aldiz filmatuko bazenu bezala neska bat, zuhaitz bat, kale bat. Atsegin dut film batek transmititzen didanean irudi eta soinu bakoitza funtsezkoa dela, maitatua, beste era batera ezin zitekeela eskaini; ez dagoela irudi trukagarririk eta trantsiziozkorik. Finean, zinema uko egitea da. Pelikula bat egin duzu beste lauri uko egin diezulako aurretik, eta agertzen den plano bakoitzeko beste lauri egin behar izan diezu uko.


Estilo horren aldean, nola ikusten duzu egungo ikus-entzunezko kultura, etengabeko mugimendu azkarrez, irudiz eta soinuz saturatua?


Kontsumorako zinemaren adibide da, baina ziurrenik asmo handiko zinema ez da halakoa eta ikusleari beste garai batzuetan ez bezalako denbora eskaintzen diote irudi bakoitzarekin. Kontsumorako zinemari aurka eginez, oso zinema soila eta patxadatsua egiten da, baina zinema estilo hori klandestino bihurtu da, hedabide handiek isildua.

Denboraren kontzeptua oso garrantzitsua da zure filmografian. En construcciónen erreferentzia ugari ageri dira: betiko galduko den auzoaren, bizimodu baten suntsitzea; garai bateko eraikuntza betiereko eta gaur egungo eraikuntza iragankorrak; erromatar aztarnak. Zinema al da denbora harrapatzeko tresna egokiena?


Bai, musikarekin batera denbora erreproduzitzeko gai den bakarra delako, En construccióneko egunen eta gauen joan-etorria harrapatzeko, urtaroena, egunerokotasun horren fluxua.


Edertasunari ere arreta eskaintzen diozu zure lanetan, zentzumenen gozamenari. Artearekiko duzun zaletasuna ere kontuan hartuz, estetikak zein funtzio du zure obran?


Ideien eramailea da. Forma, zineman, ez da apaingarria, ideiak transmititzeko bidea baizik. Esaldi bat errodatzen baduzu fokua galduz, gero berreskuratuz eta berriz enkoadratuz, balio desberdina du, plano finko batekin errodatuta dagoen esaldi berarekiko. Bata ustekabeko esaldia izan daiteke, airean harrapatua, eta bestea esaldi hori entzuteko antolatutako planoa: irakurlea oso gauza desberdinak interpretatzera behartzen duzu, erabilitako formaren arabera. Funtsezkoa da forma, daukagun bitartekoa da. Lehengora bueltatzen gara, begirada da gakoa: ez dira gai handiak bilatu behar, begiradak ikusten dakien horietan daude gai handiak.


Autore zinema da zurea. Zein konnotazio datozkizu burura?


Badu alde astun eta serioegia, kurtsia, eta autore batzuk izugarri nartzisistak eta exhibizionistak iruditzen zaizkit, autore zinemak baduelako alde beldurgarri hori, posatzen duen zinemagilearena. Eta horrek garamatza John Ford eta halakoen garaia faltan botatzera, ez zituztelako pelikula bakoitzarekin elkarrizketak eman behar metafisikaz gogoetatzen. Zinemagilea promoziorako amua da, baina uste dut sarri zuzendariok, hainbeste hitz eginez, oztopoa garela ikuslearen eta filmaren artean. Azken finean, helburua da ikuslea bera jartzea harremanetan pelikularekin, bere egin dezan. Kontuak kontu, nik sinesten dudan zinema garaikideak autore bat du atzean, begirada berezia eta bakarra duen autorea.
Umorez, malenkoniaz, frustrazioz
“El Chino-n ikusi eta entzundakoak, mende batean jaio eta hil egiten den Bartzelonako auzoan”. Aurkezpen horrekin abiatzen da bi orduko bidaia En construcciónen, auzoko zirrikituetan barna. Eta bidaia horretan ezagutuko ditugu pelikularen benetako harribitxiak, auzokideak eta langileak, euren arteko harreman sare anitza, eta umorez, malenkoniaz, frustrazioz, gogoetaz betetako haien elkarrizketa zintzoak: Juana prostituta eta bere mutila, xenofobo eta arrazista kutsuko bikote behartsua, baina aldi berean ikuslearen atsegina eta kariñoa pizteko gai; igeltsero marokoar filosofo, poeta eta jakintsua; langile alkoholiko eta bakartia; bizilagunetako bat limurtu nahi duen behargina; printzeen pare bizi dela dioen marinel ohi txiroa… Deigarriena zera da, horiek guztiak asmatuak ez, benetako pertsonak direla, hiru urteko filmazioaren emaitza. Etxe eta bizilagun berriak ditu orain El Chinok, baina unibertso haren erretratua betiko gordea utzi du Guerínek, artifiziorik gabe, apal, geldo, bizitzaren irudi.

Guest (gonbidatua) terapia gisa hasi zuen zuzendariak, jaialdiz jaialdi mundutik egindako bidaien testigantza kamerarekin jasoaz. Bogotan, Txileko Santiagon, Habanan, Sao Paulon… ikusitako jende eta kultur aniztasunarekin, pelikula bat zegoela konturatu zen gero.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude