"Nire eskalada txapelketei garrantzia kentzen saiatzen da jendea ama naizenetik"

  • Esther Cruz Murtzian jaio zen 1976an, baina Euskal Herrian bizi da 21 urte zituenetik. Gaur egun Zumaia du bizitoki. Eskalatzailea da. Gorputz Heziketako Magisteritza ikasi zuen eta goi mailako kirolari emana egon da beti. Hiru umeren ama da: Enekok 9 urte ditu, Haizeak 4 eta Lurrek 6 hilabete. Goi mailako kirola eta amatasuna uztartu ditu.
Esther Cruz

Eskalada baino lehen judoa, atletismoa, piraguismoa eta igeriketa egiten zenituen. Bakarkako kirolak gustukoago dituzu taldekoak baino?


Bai, eskolan beti taldeko kirolak egiten genituen: eskubaloia, boleibola... Eta niri amorru handia ematen zidan besteen utzikeriak. Ni gogor entrenatzen nintzen eta dena ematen nuen, ehuneko ehun, eta besteek, batez ere neskek, gogo handirik gabe egiten zuten kirola, asko saiatu gabe. Nire onetik ateratzen ninduen horrek. Orduan erabaki nuen bakarkako kirolak egiten hastea, hala, neuk jasotzen nituen nire ahaleginaren ordaina eta nire akatsen ondorioak. Ez zitzaidan gustatzen besteei errua egozten ibiltzea, eta nahiago nuen dena nire gain hartu.

Zer esanahi dute zuretzat disziplinak eta sakrifizioak?


Niretzat kirolak sakrifizioarekin lotura handia izan du, batez ere, haurrak izan ditudanetik. Atsedenerako dudan denbora apurra ematen diot kirolari. Sakrifiziorik eta disziplinarik gabe ez nuen entrenatzen jarraituko, eta gainerako amen erritmora egokituko nintzen. Sakrifizioarekin bakarrik lortu dut entrenatzen jarraitzea, gustatzen zaidana egiten jarraitzea.

Zer da egunero entrenatzeko indarra ematen dizuna?


Batetik, seme-alabak. Haurrek lanaz gain beste afizio batzuk, beste bizipoz batzuk ere baditugula ikustea gustatzen zait. Jakin dezaten gurasoak ere pertsonak garela, eta gure ilusioak ditugula. Beste guraso batzuk ikusi eta etsi egin dutela iruditzen zait, beren burua utzi dutela: “orain haurrak ditugu eta hau tokatzen da” entzuten diet; ez dira bizipoza ematen zieten gauezei heltzen saiatu. “Hau da egin behar dena” diote, eta parkera joaten ikusten ditut, halako tristura batekin. Pozik egingo balute! Baina askok euren burua utzi dute. Gure haurrek pertsonak garela ikustea nahi dugu, baditugula gure betebeharrez gain, gure funtzioez gain, beste afizio batzuk, bizi estilo bat.


Zure senarra (David Carretero) ere eskalatzailea da. Nola uztartzen dituzue eskalada, lana eta familia?


Senarra nahi baino gutxiago ikusten dute haurrek, beste aldea tokatu baitzaio. Isilpeko itun bat egin genuen. Haurrak txikiak zirenean nik zainduko nituela erabaki genuen, eta berak etxetik kanpo lan egingo zuela. Baina gure asmoa egunen batean paperak trukatzea da. Haurrak koxkortzen direnean, hainbeste behar ez nautenean, nik etxetik kanpo lan bat topatuko dut eta etxeaz eta haurrez senarra arduratuko da. Hala, Davidek ere bere afizioei eta haurrei denbora gehiago eskaini ahal izango die. Baina, momentuz, etxetik kanpo lan egiten du berak, hala erabaki genuen. Igeltseroa da eta ordu asko sartzen ditu. Hori bai, asteburuak bostok elkarrekin egoteko dira; mendira joaten gara eskalatzera edo hondartzara surfa egitera, denok batera. Umeek ikus dezaten parkean egoteaz gain, eta hori oso ondo dago, beste gauza batzuk ere egin daitezkeela. Aste barruan parkera, igerilekura..., eurek nahi duten lekura joaten gara, baina asteburuak denok batera egoteko dira.


Nola moldatzen zarete umeekin eskalatzeko?


Garai batean “izorratu” egin behar izan genuen, Eneko, nagusia, mendian aspertu egiten zelako. Garai hartan oso haur gutxi ibiltzen zen mendian, eta haur bakarra izanda aspertu egiten zen. Betebehar bat bilakatu zen berarentzat, ez zuen gustura egiten, eta mendira joateari utzi genion. Davidi surfaren bolada sartu zitzaion, eta ni txapelketetan zentratu nintzen, batez ere, helburu bat izatearren, eta oso noizean behin joaten ginen mendira. Hondartzarekin eta beste plan batzuekin tartekatzen genuen, umearentzat desatsegina zen errutinarik ez baigenuen sortu nahi. Bigarrena, Haizea, bestelakoa da, errazago entretenitzen da bakarrik, eta gainera hor dauka neba nagusia berarekin jolasteko. Beste era batera bizi izan du. Orain gero eta haur gehiago ikusten dira mendian. Joan den egunean eskalatzen izan ginen eta helduak baino gehiago ziren haurrak! Asko aldatu dira gauzak urte gutxian.


Zure buruari helburu jakinak jartzeak lagundu egiten dizu entrenatzeko?


Bai, bestela oso zaila egiten zait. Orain ez daukat oso argi txapelketena, ez dakit lehiatzen jarraituko dudan, baina oraingo nire helburua asteburutan eskalatzera joaten garenerako sasoian egotea da. Helburuak behar ditut, nahiz eta txikiak izan. Bestela etsi egingo nuke. Helburuak aldatuz doaz, baina zerbaiti heldu behar diozu. Konstantzia handia eskatzen duen kirola da eskalada. Korrikalaria bazara eta lauzpabost egunean ezin izan baduzu korrika egitera irten, hurrengoan berdin egingo duzu zure marka, edo polikixeago egin arren betiko ibilbidea egingo duzu, baina eskalatzen ez, astebete eskalatu gabe egon eta gorputz osoa minbera jartzen zaizu. Oso kirol esklabua da. Nik Lur txikia jaio aurretik egunero entrenatzen nuen. Haurrak eskolatuta egon diren bitartean egunero eskalatzen nuen, eta orain, txikia jaio denetik, astean hiru aldiz joaten saiatzen naiz. Ahal dudanean egiten dut, Lur da lehentasuna, eta ahal dudanean eskaladari tarte bat eskaintzen diot. Eta asteburutan bai, asteburutan eskalatzen dugu.


Zer eman dizute zuri txapelketek? Lehiak?


Lehiatzen hasi nintzenean asko harritu nuen nire burua. Gaztetan oso lotsatia nintzen, eta era guztietako konplejuak neuzkan. Adin txarra zen. Txapelketetan erabat eraldatzen nintzela ohartu nintzen. Hormari begira jarri eta munduan bakarrik banengo bazela zen, inork ez ninduen ikusten, desagertzea modukoa zen. Beste kirol batzuetan oso neurtua eta behatua sentitzen nintzen, korrika, adibidez, deseroso sentiarazten ninduen alboetan jendea ikusteak, edo aurretik eta atzetik korrikalari gehiago neuzkala ikusteak. Eskaladan ez, zu zara, zu eta pareta. Eta, gainera, errekonozimendua jasotzen nuen, ondo eskalatze hutsagatik hitz politak entzuten nituen. Onartua sentitzen nintzen. Eskalatu ondoren inork ez zidan esaten txikiegia edo argalegia nintzenik, ondo eskalatuz gero errekonozitua sentitzen nintzen, eta nire beste ezaugarriak ez zitzaizkion inori axola. Niri asko lagundu zidan. Eta gerora ere beste era batera lagundu izan dit lehiak, esaterako, haurrak izan ondoren motibazioa eman dit. Entrenatzeko indarra. Sasoian jarraitzeko ea eskalatzen jarraitzeko indarra. Uste dut beti lagundu izan didala. Azkeneko txapelketa, esaterako, test modukoa izan da niretzat. Hirugarren haurra izan berritan nire burua neurtzeko balio izan dit. Hirugarrena izan ondoren ez nekien txapelketara itzuli ahal izango nuen, eta proban jartzera joan nintzen. Beraz, laguntzeko modua aldatu den arren, beti lagundu izan didate lehiaketek. Irabazteak sortzen duen satisfazioa baino gehiago motibazio pertsonala eman dit.


Zer da eskaladara hainbeste lotu zaituena?


Ni mendiak lotu nau eta, batez ere, eskalatzean duzun sentsazioak: bakarrik zaude, kontzentrazio ikaragarria behar duzu, ahalegina, dispertsiorik eza, arreta osoa gauza bakarrean jartzea. Eta igotzeak sortzen duen adrenalina, gero eta gorago zoaz, gero eta gorago. Erortzearen arriskua sentitzen duzu, ez du ezer gertatu beharrik, baina beti duzu kilima hori sabelean. Erabateko kontzentrazioa behar duzu eta, esaterako, umeak oso txikiak direnean oso zaila da eskalatzea. Haur baten negarra entzuten duzun bakoitzean, zurearena izan ez arren, kontzentrazioa galtzen duzu eta ezin duzu eskalatu. Segituan hasten zaizu burua martxan: bularra nahiko du... Ehuneko ehunean egon behar duzu, bestela ez duzu ongi eskalatuko. Oso kirol berezia da, kirol gutxitan gertatzen da eskaladan gertatzen dena. Beheko mailetan ere erabateko kontzentrazioa eskatzen duen kirola da, hasiera-hasieratik ehuneko ehun eskatzen duena. Eta denoi eskatzen digu berdin: hasiberriari eta profesionalari.


Azken aldian boulderrean aritu zara, batez ere.


Orain ari gara pixkanaka sokara itzultzen. Boulderrarena umeekin egon ahal izateko irtenbidea zen. Enekori boulderrean hasi zitzaion eskaladaren harra sartzen. Bere koltxonetatxoa du boulderrak, eta gehien gustatzen zaiena pixka bat igo eta koltxonetara salto egitea da. Gainera, sokarik behar ez izatera, bat eskalatzen egon arren bestea erabat libre dago umeekin egoteko. Soka lotuagoa da. Biak lotzen gaitu. Sokarekin eskalatzera joaten garenean beti pentsatzen dugu “ea beste norbait topatzen dugun, zorterik izaten dugun...”. Nik, ama naizenez eta bularra ematen diedanez, askoz ere gehiago eskalatu ahal izaten dut blokean sokarekin baino. Sokarekin norbaiten laguntza behar izaten dugu askotan, eta norbaitek laguntzen badigu hura ere zirkuluan sartzen da: orain eskalatzen, orain sokan, orain umeekin.


Hiru haurren ama zara. Zer aldatu zen zuren bizitzan ama izatea erabaki zenuenean?


Gaztea nintzen arren urte asko neramatzan kirolari erabat emanda. Gaztetxotan ez nuen inon nire lekua aurkitzen: nire adineko jendea parrandara ateratzen zen, mozkortu egiten zen..., eta nik ez nuen nire burua aurkitzen. Kirolarekin obsesionatu nintzen. Behin haurrak izan eta gero erabat aldatu zen nire bizimodua edo bizi ikuspegia. Lehen eskalatzeko bakarrik bizi nintzen. Baina, bat-batean, haurrak izan nituen, eta nire bizitzan lehenengo aldiz erabat betetzen ninduen zerbait egiten ari nintzela sentitzen nuen. Ama izan nintzenean ez nuen eskaldaren beharrik aseta sentitzeko, ez nion eskaladari lehen eskatzen nion guztia eskatzen, asko eskatzen bainion, gehiegi. Eskalda, txapelketak... beste era batera hartzen hasi nintzen, begirada aldatu zitzaidan. Ama izan aurretik, ez irabaztea traumatikoa zen niretzat. Gauzak erlatibizatzen irakatsi zidan amatasunak. Guraso izateak aldatu egiten gaitu, batez ere, emakumeak. Gizonak libreago dira, kirolean nabarmena da. Eliteko aita kirolari gehienentzat kirola da lehentasuna, ehuneko ehun ematen diote, eta denbora librean egoten dira seme-alabekin. Eliteko amek ezin dute. Lehen ordu pila bat entrenatzen nuen, baina Eneko jaio ostean askoz ere gutxiago eta, gainera, haurrarekin joaten nintzen entrenatzera. Baina denbora gutxiagoan etekin handiagoa ateratzen ikasi nuen. Ahalegina errentagarri egiten erakutsi dit amatasunak. Ni asko aldatu nau. Bistakoa da falta zitzaidan zerbait eman didala. Ziurtasun handia eman dit. Orain ez daukat nire buruari ezer demostratu beharrik, orain badakit egin nahi dudana egin dudala, eta ez daukat eskalatu beharrik nor naizela erakusteko. Ez dut nire izatearen karga guztia eskaldaren gainean jartzen. Lehen hil ala bizikoa zen niretzat.


Eta eskalada hil ala bizikoa izanda, ez zenuen ama izateko beldurrik sentitu?


Ba, bitxia da, baina ez. Nik uste dut, barru-barruan, banekiela eskalada bizi nuen moduan bizitzeak ez zidala batere mesederik egiten, nekatzen ari nintzen, agortzen. Aseta nengoen, gainezka egiteko zorian. Betetzen ninduen tarteka, baina oso sentimendu iragankorra zen, ez zen zoriontasun egonkorra eskaladak ematen zidana. Irabazten nuen eta une horretan poza sentitzen nuen, baina segituan joaten zen sentsazio hori, eta berriro ere entrenatzeari ekin behar nion hurrengo txapelketa irabazteko. Azkenean zalantza egin nuen, ea irabazteak merezi zuen. Gainera, gero diruarekin obsesionatu nintzen, eta diru pixka bat irabazi nahian joaten nintzen txapelketetara. Hemen ez nuen lanik topatzen, eta etxearen pisu ekonomiko guztia Daviden gain zegoen. Ni ez nintzen ondo sentitzen horrela, eta ordain ekonomikoa ere eskaladari eskatzen hasi nintzen. Txapelketa batean izena ematen nuen, bidai gastuak ordaintzen nituen, eta gero irabazten ez banuen zer? Dirua galtzen nuen. Oso zirkulu arriskutsuan nengoela konturatu nintzen, eta hortik ateratzeko beharra sentitu nuen. Beste zerbait behar nuen. Eta senarrari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion: biok bizi izan genuen bizitza oso azkar, azkarregi. 15 urterekin kanpora joaten zen eskalatzera, 16rekin munduko txapelketa irabazi zuen... 23 urterekin elkartu ginenean etapa batzuk bizita geneuzkan, eta beste etapa batzuk bizitzeko gogoa genuen biok. Ni ez naiz ezertaz damutzen.

24 urte eta eskalatzeko beka bat zenituen, baina kendu egin zizuten haurdun geratu zinenean.


Ez zidaten berritu. Emakunderen eskuhartzeari esker haurdunaldiak lesioen baldintza beretan onartzea lortu zen. Hau da, haurdunaldiagatik lehiatu ezin zuten emakumeei azken txapelketetako emaitzak hartzen zitzaizkien kontuan. Eta niri, azken emaitzen arabera, beka berritzea zegokidan, baina ez zidaten berritu. Neure burua aurkeztu nuenean urte hartan ez nuela lehiatu erantzun zidaten, eta haurdunaldiagatik izan zela esan arren, ezetz erantzun zidaten. Paper gainean eskubide hori bagenuen arren, ez zen bete. Agian, neurea izan zen akatsa, gehiago borrokatu behar nuen, baina oso nekagarria da beti eskean aritzea. Azkenean eskale sentitzen zara, belauniko diru eske, erreguka. Beste era batea atera nuen borrokatzeko indarra. Nire buruari erronka jarri nion: erakutsiko diet dirurik eman ez arren eta ama naizen arren lehiatzeko gai naizela, baita irabazteko gai ere.


Haurdunaldiaren ordez lesio larriren bat izan bazenu beka berrituko zizuketen?


Jakina, baita errekuperatzen hiru aldiz gehiago kostako balitzait ere. Gainera, lesionatuta baldin bazaude exijitu egiten dizute zaintzea eta sasoian egotea, baina haurdunok ahaztu egiten gaituzte. Gure kabuz atera behar dugu sasoian mantentzeko motibazioa, eta barizeengatik hankak altxata edo oinak ur balde batean sartuta egon beharrean jaiki eta gimnasiora joan gara ahal genuena egitera, ahalik eta sasoi onenean egoteko. Haurdunaldia ez da gaixotasuna bat, jakina mugatzen zaituela, baina muga horien barruan gauza asko egin daitezke. Baina hau ez da sartzen jende askoren buruan. Haurdun gelditzea norberak erabakitzen duenez, denek uste dute amek ez dutela ama izateaz gain beste ezer egiteko gogorik, asmorik eta gaitasunik izango. “Beranduago izan zenitzakeen” esaten dizute, baina kirolariak izateaz gain emakumeak gara, pertsona libreak, eta libre gara ama noiz izan nahi dugun aukeratzeko. Kirolari profesional askori kontratuan debekatzen zaie haurdun geratzea, baina nire kasuan ez nintzen hortik bizi. Laguntza bat baino ez neukan kirol hori egiten segi ahal izateko. Diru horrek ez zidan ematen entrenatzen nuen bitaretan nire alabarekin ordubetez egongo zen pertsona bat kontratatzeko ere. Laguntza, babesa faltsua da. Paperaren gainean jartzen dute, itxura egiten dute, badirudi badaudela laguntzak... baina, ez. Itxura baino ez da. Kirolari asko izan dira taldetik kanporatu dituztenak haurdun gelditzeagatik. Asko.


Ama izan ondoren lehiatzera itzuli zinenean jende asko harritu zen?


Haurreneko haurrarekin agian bai. Norbaitentzat erreferente izan bada asko pozten naiz. Uste dut beldurra kentzeko balio izan diela batzuei: askok uste zuten ama izanez gero ezingo zutela eskalatu, ezingo zutela lehiatu. Guk kontrakoa erakutsi dugu. Hala ere, izan dira niri bezain ondo joan ez zaien emakumeak, ama izan eta eskalatzen jarraitu ezin izan dutenak. Seguruena, bikotearen babesa falta izan zaielako. Baldintza asko daude. Sakrifizio eta antolakuntza handia behar dira, eta bikotearen konplizitaterik gabe oso zaila da. Pazientzia behar da, eta lehentasunak ondo markatuta izatea, gero frustraziorik ez izateko. Hasieran gogorra egiten da, egia da. Lehiaketetara ere haurra hartuta joan izan naiz ni. David lanean bazegoen Eneko hartuta joaten nintzen lehiatzera. Lehiaketa Malagan bazen, haurra hartu eta Malagaraino, eta besteak berotze-ariketak egiten ari ziren bitaretan ni umearekin egoten nintzen aldagelan. Haiek bezperan hotelean atseden hartzen zuten bitaretan ere ni haurrarekin egoten nintzen. Nire aukera izan zen eta nire errealitatea zen, beraz aurre egin behar nion ahalik eta ondoen. Eta gaizki atera izan balitzait ere, nekatuta nengoelako adibidez, inoiz ez nion errua haurrari egotziko. Onartu egin behar duzu egoera berria, eta lehentasunak zein diren erabaki, onartu eta barneratu.


Norbere zailtasunez gain, presio sozialak ere eragiten du? Ama izateko modu bat gailentzen da oraindik?


Baietz uste dut. Oraindik akordatzen naiz txapelketa baten ondoren lagun batek esan zidanaz. Ez nintzela pozik geratu esan nion, ez zitzaidala nahi bezain ondo atera, eta “hobe”, esan zidan “hala, umeei eskeini ahal izango diezu denbora guztia”. Haserretu egin nintzen. Ama txarra al nintzen lehiatzea erabaki nuelako? Egun osoa haurrekin pasatzen nuen eta! Gizarteak behin eta berriz jartzen dizu muturren aurrean ama batengandik espero dena zer den. Eta espero ez dena, jakina. Ama izan naizenetik nire eskalada txapelketei garrantzia kentzen saiatu da jendea, lehentasuna zein den behin eta berriz gogorarazi behar balidate bezala. Ez dira ohartzen nik lehentasuna argi dudala, egun osoa ematen diedala seme-alabei, eta lehiatzeagatik ez naizela ama okerragoa. Eskalatu beharrean “benetako” lan bat izango banu, dirua emango lidakeena, inork ez lidake seme-alabengatik ezer esango. Baina ez da zilegi afizioz zerbait egitea. Nola dibertituko da, ba, hiru umeren ama? Oso ondo dago eskalatzera jolastea, baina ama zarenean amaitu da jolaserako denbora. Eta hori seme-alabek ere igartzen dute. Enekok galdetu zidan lehengoan: “ama, zu zergatik ez zara beste amak bezalakoa?”.


Epaitua sentitu zara?


Bai, eta bi aldeetatik. Kirolean, ama izateagatik ehuneko ehuna ez ematea egozten zidaten, eta kiroletik kanpo, ama txarra izatea, kirolaria izanik ez omen nielako seme-alabei ehuneko ehuna ematen. Beti egongo da gauza bategatik edo besteagatik epaituko zaituen jendea. Eta amak asko epaitzen gaituzte. Hasieran, txapelketetara haurrarekin joaten nintzenean denetik entzun nuen, baita podiumera semearekin igotzea profesionala ez zela ere. Hori bai, gizonezko kirolari bat, hilabetean seme-alabak ikusi gabe egon ondoren, podiumera bi umeekin igotzen bada, munduko aitarik jatorrena da. Edo kamiseta kendu eta lepotik zintzilik txupete bat erakusten badu aita eredugarria da, eta argazki hunkigarria eta polita aterako da egunkarietan. Hori ez da epaitzen, hori normala da. Baina amoi “beti umeekin zaudete” esaten digute kirol mundukoek, eta besteek alderantziz: “beti eskalatzen zaudete”. Nik uste, oraindik ez ditugula pentsamoldeak zabaldu. Eta aita lehiatzen ikusten dugunean denok oso lasai geratzen garela “ama egongo da umea zaintzen” pentsatzen dugulako. Baina lehiatzen dagoena ama denean, badirudi umeak abandonatu egin dituela sentitzen dugula. Haizea izan eta gero, txapelketa batera joan ginen, ni lehiatzera eta David umeekin egotera, eta gizon bat etorri eta esan zidan “lehiatzeari utziko diozu ezta?”. Nik ezetz erantzun nion. Eta hark esaten zuen: “oso harrituta nago! Alderantzizko mundua ematen du! Zure senarrak lehiatu behar luke eta ez zuk!”. “Eta nik zer egin behar nuke, haurrak zaindu?”, galdetu nion. “Jakina”, erantzun zidan, eta “tuntuna dirudizu” aurpegiarekin begiratu zidan, “gezurra dirudi oraindik ez ohartu izanak”. Hasieran eragiten zida epaiak, egia da, gaztea nintzen eta eragiten zidan, baina hirugarrena izan dudanerako azala oso egina nuen, eta oso lasai daramat. Normaltasunaren barruan sartzen dena ez da epaitzen, baina nik egiten dudana berezia denez, badirudi mundu guztiak hartzen duela epaitzeko eskubidea. Azkenean horixe da epaitzen dena, artaldeari segi ez izana, bidetik atera izana. Era batera edo bestera bidetik atera denak badaki epaia zain egoten dela bide bazterrean. Ni egindakoarekin geratzen naiz, eta seme-alabei eman diezazkiekedan gauza positiboekin. Baita senarrarekin dudan harremanarekin eta babesarekin ere. Besteek zer uste duten? Ez da nire kontua. Argi dagoena da haurrak ondo egoteko gurasoek ondo egon beharra daukatela. Bakoitzak jakingo du zer behar duen ondo eta zoriotsu egoteko. Norbere burua abandonatzea ez da bidea, hori argi dago.


Nola lor liteke amatasuna eta goi mailako kirola uztargarriagoak izatea?


Era guztietako laguntzekin. Esaterako, haurtzaindegira joan eta ez diezazutela esan eskalada ez dela ofizioa, ez dela lana, eta beraz ez duzula zure haurrak haurtzaindegian uzteko eskubiderik. Edo laguntza ekonomikoak emanez, gutxienez, entrenatzen duzun bitartean umeekin pare bat orduz egon dadin norbait kontratatu ahal izateko. Edo lehiaketetan berdin. Badakit, esaterako, Dimarocken eskalatzaile errusiarrei umezainak eskaini izan zaizkiela, lehiatzen ari ziren egunetan haurrekin egon zitezen. Modu pribatuan egiten dira halako gauzak, antolatzaileek bai baitakite eskalatzaile onenak ekarri nahi badituzte halako zerbitzuak eskaini behar dituztela, baina modu publikoan ez da halakorik lortu, eta oinarrizkoa da. Oinarrizkoak dira laguntzak amatasuna eta eliteko kirola uztartu ahal izateko. Orain arte, bikotean biak eskalatzaileak baziren, guraso izandakoan gizonak jarraitzen zuen eskalatzen eta emakumea haurrez arduratzen zen edo, gehienera, txandaka egiten zuten. Orain, gero eta familia gehiago ikusten dituzu mendian, denak batera eskalatuz. Erreferenteak sortu dira, eta ezinbestekoak izan dira gauzak normalizatzen joateko. Gu hasi ginenean ez zegoen inor, eta materialik ere ez zegoen. Ez zegoen oraingo sehaska eta motxila ultra-arinik, ezta bi segundotan muntatzen den kanping dendarik ere. Orduan, mendira joatean, arrisku txikienik bazen, Eneko txikia arnes batekin lotzen genuen. Lau-hankan ibiltzen zen poz-pozik, eta batere arriskurik gabe. Ba, denetik entzun behar izan genuen: zakur bat bezala lotuta zegoela, guraso txarrak ginela... eta haurra zoriontsu zen!

Zugan ama ikusten da eskalatzailea baino lehen eta Davidengan eskalatzailea aita baino lehen?


Gertatu izan zaigu David eta biok haurrekin eskalatzera joan, eta han gaudela beste gizonen bat agertzea Davidi “lasai, segurtatuko zaitut nik” esanaz. Hala ni libre egongo nintzen haurrak zaintzeko. Baina “ez, ez, esaten genion, lagundu nahi badiguzu triangelua egingo dugu, lehenengo bat eskalatzen, gero segurtatzen eta gero haurrak zaintzen, denok txandan-txandan”. Egiteko eta ardura desberdinak badaude, banatu ditzagun. Gu ikusi eta jende guztiak pentsatzen zuen nire senarra zela eskalatzailea eta ni umeak zaintzera etorri nintzela, bekokian “ni ere eskalatzailea naiz” kartela jarrita joan behar izan dut ia, jende guztiak ikusten baitu ama eskalatzailea ikusi ordez, edo biak ikusi ordez. Ama beti ikusten da eskalaitzailea baino gehiago. Gizonen kasuan alderantziz da, lehenengo ofizioa ikusten da, eta gero aitatasuna.


Nola antolatzen duzu denbora dena egin ahal izateko?


Jaiki, haurrak esnatu, gosaria prestatu, haurrei gosaltzen eman, jantzi..., eta Haizea eskolara eramaten dut. Haizeak eskolan ematen dituen goizeko hiru orduetan, Lur hartu eta entrenatzera joaten naiz. Bezperatik uzten ditut etxekolanak eta bazkaria eginda, bizpairu ordu horietan haurra hartuta entrenatzera joan ahal izateko. Beti joaten naiz Lurrekin, haurrak eskolatu arte beti joan izan naiz beraiekin entrenatzera. Nire gurasoak Murtzian bizi dira eta Davidenek oraindik lan egiten dute, eta ez daukagu umeekin gera dadin inori ordaintzeko dirurik; beraz, aiton-amonarik eta dirurik ezean...! Eta gainera, dirua izanda ere ez dut uste umeak etxean utziko nituzkeenik, asko jota, eskalatzen dudan bitartean nirekin batera etortzeko ordainduko nioke norbaiti, zintzilik nagoen bitartean haurrekin egon dadin. Baina, tira, Lurrekin etrenatzera joan eta gero korrika Haizearen bila itzultzen naiz. Bazkaldu, eta arratsaldeak beraientzat izaten dira. Eta gauean afaldu, haurrak oheratu eta tartetxo bat hartzen dugu David eta biontzat. Dena oso normala da, berezitasun bakarra etxekolanak eginda uzten ditudala da, goiza eskalatzen eman ahal izateko.

Umetan neska-mutil askok egiten dute kirola, baina nerabezaroan neska gehienek utzi egiten diote. Zergatik dela uste duzu?
Gizonengan ondo ikusia dago kirola lehentasuna izatea, baina nesken kasuan, beti dago aurretik jarri beharreko zerbait. Lehenengo ikasle ona izan behar duzu, gero langile ona, gero ama ona..., eta kirola beti izango da bigarren mailako kontua. Ez digute uzten kirolari lehentasuna ematen. Ikasle ona ez den mutikoaren kasuan “ez da puntako ikaslea, baina begira ze kirolari ona den!” esaten da oraindik, neska bati ez zaio barkatzen lehentasunetan irrist egitea. Sozialki bakoitzari gure lekua markatzen zaigu, eta hortik irtetekotan...


Orain bi urte Europako txapelketan lehiatu zenuen, baina ez itzultzea erabaki duzu. Zergatik?


Garbi ikusi nuen 20 urteko nesken kontra lehiatzea psikologikoki ez zela justua niretzat. Haiek egun osoan horretara jarrita daude, eta nik 3 haur ditut, eta etxeko lanak eta... Nik dena egiten dut korrika eta presaka, eguneko orduak oso konprimituta dauzkat eta dena egin behar dut azkar. Horrela ezin da lehiatu, ez behintzat goi mailan. Lehiatzen jarraitzea erabaki nuen, baina maila apalagoan. Euskal Autonomia Elkarteko txapelketetan parte hartuko dut, eta asko jota, dena ondo badoa, Espaniako bloke-eskalada txapelketan, baina ez naiz ur handitan sartuko. Orain asko gara, hiru ume asko dira denak hartuta joateko, eta asko dira senarrarekin bakarrik uzteko ere. Asteburua lapurtuko nioke, eta Davidek asteburuak bakarrik ditu gustatzen zaizkion gauzak egiteko. Gauza bakoitzak du bere momentua, eta hau ez da goi-mailako lehiarako nire momentua. Hiru umeren aita batek egin ahal izango luke seguruena, haurrak amarekin utzita, baina gure kasuan konplikatuagoa da. Badirudi zure postua abandonatzen duzula, eta horrek baldintzatu egiten zaitu. Ekiladeko europan asko dira ama eskalatzaileak, uda guztirako etortzen direnak europako txapelketetan parte hartzera, baina haiek beti izaten dute umezain bat, 24 orduz, euren herrialdeak ordainduta. Hemen ez dago halakorik. Horregatik ez dago maila horretan lehiatzen duen amarik, baliabiderik ez dagoelako.
AZKEN HITZA
Lehentasunak
“Gizonengan ondo ikusia dago kirola lehentasuna izatea, baina nesken kasuan, beti dago aurretik jarri beharreko zerbait. Lehenengo ikasle ona izan behar duzu, gero langile ona, gero ama ona... eta kirola beti izango da bigarren mailako kontua. Ez digute uzten kirolari lehentasuna ematen. Ikasle ona ez den mutikoaren kasuan ‘ez da puntako ikaslea, baina begira ze kirolari ona den!’ esaten da oraindik, neska bati ez zaio barkatzen lehentasunetan irrist egitea. Sozialki bakoitzari gure lekua markatzen zaigu, eta hortik irtetekotan...”.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude