27 milioi esklabo, inoiz baino gehiago, XXI.eko munduan

  • Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen solemnea erabaki eta tartean esklabotza debekatu zuenetik 61 urte pasa direnean, munduan sekula baino esklabo gehiago dago. 27 milioi gizon, emakume eta haur bizi da ugazaben edozertarako erabat erabilgarri.
langile esklaboak
Brasilgo Amazoniako Para estatuan esklabo ari zen langile batek ihes egitea lortu ondoren poliziarekin berbetanRicardo Funari
Benjamin Skinner-ek odolean omen darama abolizionismoa, XXI. mendeko esklabotza ezagutzeko mundu osoa aztarrikatu baino askoz lehenagotik. AEBetako Wiskonsinen 1976an jaiotako idazle gazte honek haur denboran entzun zituen familiako arbaso kuakeroen ixtorioak. Kuakeroak aitzindariak izan ziren Amerikan esklabotzaren kontra borrokatzen, asko hitzez eta idatziz, baina bakar batzuk zuzeneko ekintzaz ere bai, esklaboak nagusien atzaparretatik askatu nahian.

2003an Skinner gaztea Newsweek astekari famatuarentzako ari zen lanean Sudanen eta hemen egin zuen topo garaikide ditugun esklaboekin. Han hasi ondoren, mundua korritu du Skinnerrek lau urtez, eta ikusi dituenak liburuan bildu ditu: A crime so monstrous: Face to face with modern-day slavery (Krimen higuingarria: gaur eguneko esklaboekin aurrez aurre). Hitzaurrea Richard Holbrooke-k egin dio, Barack Obama presidente amerikarrak Pakistan eta Afganistanerako izendatu duen ordezkari bereziak. Honen laguntzaile ere aritua baita Benjamin Skinner.

Terrence McNally kazetariak Los Angeleseko KPFK irrati lokalerako egin berri dion elkarrizketan Skinnerrek zehaztu du zertan datzn gaur esklabo izatea: “Lan egitera indarrez behartuak izatea, iruzurrez derrigortuak, mehatxuz edo bortizkeriaz, bizitzeko behar dena baino gutxiagoz ordainduak”.

Definizioa eta oro har gaur egungo esklabotzaz dakigunaren sistematizazioa Kevin Bales-i zor zaio, eta hala aitortzen du beti Skinnerek. Balesek 1999an argitaratu Disposable people: New slavery in the global economy (Jende erabilgarria: Esklabotza berria ekonomia globalean, gaztelaniazko bertsioan ere saltzen da) klasikoa da. Bales izan da morrontzan bizi direnen kopurua zehazten lehena, eta hasieran gobernuek gezurtatu nahi izan bazuten ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta sindikatuek berretsi egin dituzte gero hark eman zifrak.

Benjamin Skinnerrek azterketa akademikoari kazetariak bertan ikusi eta kontatutako kasuen beroa erantsi dio. Bihotzik duena kiskaltzeko moduko beroa. “Bukaresteko putetxe klandestino batean neskatxa gazte bat eskaini zidaten Down sindromearen zantzu nabarmenak zituena. Besoetako bat zerbait zorrotzez egindako ebakiz josita zeukan, derrigor pentsatu behar dut eguneroko bortxaketatik ihes eginteko bide hoberik ez zuela aurkitzen. Emakume gazte hori bigarren eskuko auto baten truke eskaini zidaten. 1.500 eurotan eros nezakeen auto baten truke”. Merke erostea ote da kristau baten bizia 1.500 euro pagatzea?

Nondik begiratzen zaion. Askoz hurbilago, Skinner bizi den New Yorketik hegazkinezko hiru ordutara bide, Haitiko Port au Princen, 10 urteko neska koxkorra askoz merkeago eskuratu ahal izan zuen: otorduak prestatu, etxea garbitu, sexua eskaini eta zernahitarako balio behar zuen haur harengatik 100 dolar eskatu zioten... eta regateatuz 50taraino iritsi. “Denboran atzera eginez, nire arbasoek esklabotzaren kontrako mitinak kaleetan kaja gainera igota oihukatzen zituztenean, 1850ean, gizonezko osasuntsu batek gaurko 40.000 dolar balio zuen merkatuan”. Inbertsioa zen orduan.

Txiroen arteko txiroenak

Esklaboak mundu osoan daude. Kopuru nagusia Asian dago: Indian, Pakistanen, Nepalen, Bhutanen... Indian bertan gainerako mundu osoan adina, 13 milioiz goiti. Esklabotza Indian zorrek eragina izan ohi da nagusiki.

Skinnerrek ezagutu zuen bere adineko gazte bat zeinaren aitona noizbait 62 zentimotako zorretan sartu baitzen eta geroztik familia osoa nagusi beraren morrontzari lotuta geratu da. Lan behartuetan eta bizitzeko adinako irabazirik gabe. Familia hori hiru belaunaldiz harri txikitzen aritu da. Harkaitza atera eta xehatu.

Esklabotzan produzitutako hartxintxarrez eraiki dira Indiako azpiegitura distiranteetako ugari. Geroago, ordea, hartxintxarra harea bihurtuarazi zieten, bidrioa egiteko silizetarako. “Etxean harea eginez negozioa ateratzeko sistema bakarra dago: esklabotza”, dio Skinnerrek.

Beste jopu asko zorigaitzera iritsi dira urrutiko lan eskaintzek engainatuta. Amerikan suertatzen da sarri, Brasilen bidenabar oso zabalduta omen dago. Herrian azaltzen dira balizko kontratistak paraje urrunen batean enplegua eskainiz. Baina bertara iritsitakoan morrontzarik ankerrenarekin egingo dute topo: jipoiak, soldatarik eza eta etxeko emakumeak bortxatzea. Meategi askok horrela funtzionatzen du.

Beste atal berezia haurren joputzari dagokio. Haitin bertan UNICEF erakundeak 300.000 daudela kalkulatu du. “Nola ulertu Haiti hain pobrea izanik bertan 300.000 esklabo egotea?” galdetu dio kazetariak Skinnerri. Erraza: oso merke saltzen badira. 50 dolarretan.

Skinnerrek desafio egin zion behin datuok sinesten ez zituen kazetari ospetsu bati, ABC katean Nightline programa daraman Dan Harris-i. ABC telebista dagoen New Yorketik hegazkinez Haitira eraman eta hamar orduren buruan albistegietako izarrari, ez tratalari batek baina hiruk, neska bana eskaintzea lortu zuten. Hangoa ikusita, Harrisek aitortu omen zuen nabarmenena ez zela haur bat 50 dolarretan erosi ahal izatea: debalde ere lortu daitekeela. Halako etsipena dago txabolategietako familietan.

Benjamin Skinnerrek liburuaren etekinen laurdena Free the Slaves (Esklaboak Askatu) erakundeari ematen dio. Baina argitu du esklabotza borrokatzeko beharrezkoa dela ez pagatzea. Esklaboen eskubideen aldeko militanteek erregutu omen zioten dirurik ez emateko gizaki baten truke. “Haitin diren 300.000 esklaboak diruz erosiko bazenitu, hurrengo urtean 600.000 leudeke”.

Izan dira erakundeak askatasuna emateko esklaboengatik pagatu dutenak, Sudanen bidenabar. Denborarekin ohartu dira hango gerra zibilean ari diren buruzagietako batzuei patrikak bete dizkietela, arma gehiago erostea eragin, eta aldiz bertako agintariek lehen bezain gutxi egiten dutela jende-tratalariak atxilotzeko.

Ofizio askotarako usatzen dira esklaboak XXI. mendean, prostituziorako bezala gerrarako. Eta esklabotza legezkoa zen XIX.ean baino merkeago pagatzen da. Antzina esklabo bat inbertsioa zen. Gaur eguneko 27 milioiak merke erosi, edozertarako erabili eta erraz suntsi daitezkeen jendeak dira.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esklabotza
Markus Rediker
"Esklabotzaren indarkeria funtsezkoa izan zen kapitalismoaren gorakadan"

Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.


Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


Miarritzeko 'La Negresse' auzoaren izen arrazistak horrela jarraituko du, Paueko Auzitegiak erabakita

Epaileek zuten azken hitza eta hala eman dute: La Negresse auzoak hala izaten jarraituko du Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, Miarritzeko Herriko Etxearen iritziarekin bat eginda. Izena aldatzeko auzibidea Mémoires et Partages (Oroimenak eta... [+]


2023-12-07 | Hala Bedi
Azukre Beltza, Julian de Zulueta esklabista arabarraz Irati Antiaren erakusketa Gasteizen

Julian de Zulueta esklabista arabarraren inguruko erakusketa ikusgai dago LABE espazioan.


Azukre Beltza erakusketa
Kubako esklabista arabarraren historia ikusgai Gasteizen

Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko... [+]


Eguneraketa berriak daude