Kubako esklabista arabarraren historia ikusgai Gasteizen

  • Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko Kubako esklabista nagusiena izan zen, eta mundu mailako garrantzitsuenetarikoa. Irlan zituen bost azukre findegietako handienari Alava izena jarri zion, eta 800 esklabo izatera heldu zen bertan. “Gure historiari begiratu nahi izan diot modu kritikoan, ze pribilegio ditugun eta nondik datozen hausnartzeko”, adierazi dio Antiak ARGIAri.

Alava azukre findegia. Argazkia: azukrebeltza.eus webgunetik hartua.

2023ko azaroaren 20an - 07:30
Azken eguneraketa: 10:20

Erakusketa lan ordu askori, Gazte Sortzaileak 2022 bekari eta Dinamo sormen gunean egin duen egonaldiari esker osatu ahal izan du, besteak beste. Baita Itziar Garaluce eta Aitor García de Vicuñaren laguntzari esker ere. Azaroaren 22an, asteazkena, inauguratuko du “esperientzia murgiltzailea”, eta hilabetez egongo da ikusgai. Aurretik, Elvira Zulueta jauregian erakusketarentzako tokia eskatu zuen Antiak –Elvira Zulueta Julián Zuluetaren alaba zen, eta egun Arte Ederren museoa da jauregia–, baina “tokirik ez zegoela” erantzun zioten.

LABE espaziora hurbiltzen denak bi atal nagusi dituen proiektua izango du ikusgai, Antiak ARGIAri azaldu dioenez. Batetik, Zuluetaren bizitza eta negozioak laburbiltzen dituen webgunea eta panel batzuk, “alde konkretua, informazio historikoarekin, proiektu artistikoa da, baina parte historikoari garrantzia eman diogu”. Bestetik, gela ilun batean, “egitura sonoroa”, uztartzen dituena argiak, Kuban grabatutako soinuak, azukrea, lurra eta lana... “proiektuaren alde kontzeptuala da, abstraktuagoa”.

Munduko esklabista handiena eta Alava azukre findegiaren jabe

Azukrebeltza.eus webgunean bertan irakurri daitekeenez, Zulueta XIX. mende hasieran jaio zen Araban eta oso gazte migratu zuen Kubara, osabarekin merkataritzan lan egitera. Osabak bere ondasun guztiak utzi zizkion hiltzean, eta Juliánek negozio oparoak egin zituen, bereziki azukrearen eta esklabo bihurtutako pertsonen merkataritzan. Baina ez soilik, Antiak gogoratu duenez: “Botere ekonomiko eta politiko handia lortu zuen, Habanako alkate izan zen, esaterako”.

Bere boterearen oinarri nagusia, edonola dela, esklaboak izan ziren. “Une batean Kuban langile esklabo gehien zituen enpresaria izan zen, eta Habanako portuan itsasontzi gehien zituena, hogei”, gogoratu du Antiak. Itsasontzi horietatik gehienak esklaboen garraio eta salerosketarako erabiltzen zituen, hasiera batean afrikarrak, ondoren txinatarrak. “Hugh Thomas historialariaren arabera, garaiko mundu mailako esklabistarik handienetakoa izan zen, eta politika arloan esklabismoaren abolizioaren aurka egin zuen”. Bere jabetzako azukre findegietan ere lan esklaboa erabili zuen. Bost findegietatik handienari Alava izena jarri zion, eta 800 esklabok lan egin zuten bertan aldi berean.

“Jabeek esklaboei beren abizena jartzen zietenez, Colón herriko herritar askoren abizena Zulueta da, askorena Zulueta-Zulueta” (Irati Antia)

Memoria kritikoa

Abuztuan Kubara bidaiatu zuen Antiak, eta Zuluetaren azukre findegietan izan zen. “Alava findegiaren izen ofiziala Central Mexico da egun, Iraultzak aldatu zion, baina tximinia handienean oraindik irakurri daiteke iraganeko ‘Alava’ erraldoia”. Abuztuaren 21ero El Alaves Ausente (ez dagoen arabarra) eguna ospatzen dute, eta bertan elkartzen dira Zuluetaren esklaboen ondorengoak kutsu erlijioso yoruba duen ospakizunean. “Jabeen esklaboei beren abizena jartzen zitzaienez, Colón herriko herritar askoren abizena Zulueta da, askorena Zulueta-Zulueta”, gogoratu du Antiak. Han ikusi ahal izan zuen Kubako esklaboen oinordekoek beren historia “oso presente” dutela, neurri handi batean ahoz aho transmitituta. Lantegiaren barrakoietako batean museo txiki bat sortu dute eta, Azukre Beltza proiektuaren barnean, Oinarri tailerrean kamiseta batzuk atera eta lortutako dirua museora bideratzea erabaki du Antiak.

Kontrastea azpimarratu du Antiak: “Han oso landuta dute beren iragan eta memoria, hemen aldiz ia ezabatuta dugu, Zuluetaren kaleak eta jauregiak ezagututa ere”. Hutsune hori betetzen bere aletxoa jarri nahi du artistak erakusketarekin, hain zuzen ere: “Hausnarketa bultzatu nahi dut, pentsatu dezagun ze pribilegio ditugun, nondik datozen, gure historiari modu kritiko batean begiratu nahi diot”. Asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan inauguratuko dute instalazioa.

Dinamoa sormen guneko egonaldi artistikoa, Irati Antia eta Aitor García de Vicuña. Argazkia:
Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba
 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esklabotza
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Markus Rediker
"Esklabotzaren indarkeria funtsezkoa izan zen kapitalismoaren gorakadan"

Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.


Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


Miarritzeko 'La Negresse' auzoaren izen arrazistak horrela jarraituko du, Paueko Auzitegiak erabakita

Epaileek zuten azken hitza eta hala eman dute: La Negresse auzoak hala izaten jarraituko du Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, Miarritzeko Herriko Etxearen iritziarekin bat eginda. Izena aldatzeko auzibidea Mémoires et Partages (Oroimenak eta... [+]


2023-12-07 | Hala Bedi
Azukre Beltza, Julian de Zulueta esklabista arabarraz Irati Antiaren erakusketa Gasteizen

Julian de Zulueta esklabista arabarraren inguruko erakusketa ikusgai dago LABE espazioan.


Eguneraketa berriak daude