Zerga bilketan, Hegoaldea Europako azken bagoietan

  • Hego Euskal Herrian dugun zerga sistema landu dugu zenbaki honetan. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta diputazioen aurrekontuak herritarrok ordaintzen ditugun zergetatik elikatzen dira. Baina, oro har, gutxi dakigu diru bilketa hori nola egiten den, nork ordaintzen duen gehien, nork gutxien, zein iruzur maila dagoen, nola gauden Europar Batasunarekiko... Begirada aurrerakoiak zerga sistemaz duen ikuspegia aurkituko duzu ale honetan eta, bide batez, gaur egun Hegoaldean dugun eredu fiskalaren kritika zorrotza.
Mikel Noval eta Baleren Bakaikoa.
Mikel Noval eta Baleren Bakaikoa.Dani Blanco
Bi pertsonak parte hartu dute zerga sistemaren gaineko hausnarketa honetan, ELAko zuzendaritzako Mikel Novalek eta zerga sistema ikuspegi akademikotik jorratu duen Baleren Bakaikoa EHUko katedradunak. Ez zen hori hasierako helburua, gonbidatu gura genituen baita ere instituzioetako ordezkariak edo erakundeen ardura izan duten alderdietako kideak. EAJ, Bizkaiko Diputazioko eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariak izan zitezen ahaleginak egin ditugu, zenbait pertsonen ordezkaritza ia hitzartua zegoen, baina azkenean, ez da posible izan.

Kontrastea nahi genuela alegia, egungo zerga sistemari kritika zorrotza egiten diotenak eta berau kudeatzen dutenen arteko kontrastea. Hor dago aberastasuna, ideia desberdinen arteko gurutzatzean. Irakurle, orriotan ez duzu, beraz, debaterik aurkituko, bai zergei buruzko hausnarketa sakona, bai aldarrikapena, bai salaketa. Mahai-ingurua bideratzeko gestioekin hasi nintzenean ELAn esan zidaten, “instituzioetakoak ez dira etorriko, ez dute gurekin eztabaidatu nahi izaten”. Ez dakit hori den, interes gutxi, opor garaia... –mahai-ingurua uztailaren erdialdera egin zen– baina hala gertatu da azkenean. Nik ere baditut neure susmoak, baina neuretzat gordetzen ditut.

Orriotan aipatzen da herritarrek oro har oso gutxi dakitela zerga sistemari buruz, eta egia da, herrialde batentzat hain garrantzitsua den gaiaz hain gutxi jakitea adierazgarria ere bada. Irakurketan jarraitu eta barneratzen bazara ikusiko duzu, biko elkarrizketa honetan oso pista interesgarriak aurkituko dituzu. LABeko Rafa Izkierdok ere bere ikuspegia jorratzen du iritzi artikulu baten bidez.
Jo dezakezu zuzenean elkarrizketara edo berau hobeto ulertzeko ondorengo datuei lotu.

Bildutako dirua, zergaz zerga

2008an EAEko foru aldundiek 12.834,2 milioi euro bildu zituzten, 2007an baino 937,9 (%6,8) milioi euro gutxiago. Galera hori batez ere ematen da Sozietateen gaineko Zergan (341,9 milioi) eta BEZan (571,9 milioi) gutxiago bildu zelako. Garrantzitsua da adieraztea, halaber, zerga zuzenetan 6.601,2 milioi bildu zirela eta zeharkakoetan 6.119,3 milioi, erdi eta erdi gutxi gora-behera (datuak ELAren “Fiskaltasuna eta pobrezia EAEn. 2008” azterlanetik hartuak daude). Zergaz zerga, bilketa horrela gauzatu zen:

- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ): 4.458,2 milioi euro (%34,7).
- Balio Erantsiaren Zerga (BEZ): 4.265,5 euro (%33,2).
- Sozietateen gaineko Zerga: 1.692,2 milioi euro (%13,2).
- Beste zerga eta tasa batzuk: 1.044,6 (%8,1).

Presio fiskala EBrekin erkatuta
- (“Hego Euskal Herriko 2007ko fiskalitatearen gaineko txostena”. ELA. 2006ko datuetan oinarritua). Sortzen den aberastasunaren (BPG hartzen da neurgailu gisa) %39,9 zergetatik eta gizarte segurantzaren kotizazioetatik dator, batez beste, Europar Batasunean; EAEn %33,2 eta Nafarroan %32,5.
- Zazpi estatu daude EBko batez bestetik gora: Danimarka (%49,1), Suedia (%48,9), Belgika (%44,6), Frantzia (44,2), Finlandia (%43,5), Italia (%42,3) eta Austria (41,8).
- Azken hiruak Irlanda (%32,6), Nafarroa (%32,5) eta Grezia (31,4) dira. Espainiako presio fiskala (%36,5), beraz, Nafarroa eta EAEkoa baino handiagoa da. Bestela esanda, EBko batez besteko presio fiskala EAEkoa baino %20,2 handiagoa da eta Nafarroakoa baino %22,8 handiagoa.
- Hau da, EBko batez besteko presio fiskala izanez gero, Hego Euskal Herrian 5.417 milioi euro gehiago bilduko lirateke (1.971,5 euro gehiago pertsonako).

2008an zerga bilketaren jaitsiera egon zen eta 2009an gehiago izango ei da. Krisi garai honetan oinarrizko zein neurri fiskal hartu behar dira egoerari aurre egiteko? Ikuspegi orokorra eskainiko dugu eta sartuko gara apurka gaia jorratzen.


BALEREN BAKAIKOA. Kontsumoa da gure sistema ekonomikoaren ardatza eta hori auzitan jartzen ez dugun bitartean, kontsumoa izango da gure ekonomia kapitalista hau mugituko duena. Eta orduan, krisia medio kontsumoak behera egiten duenean, sektore publikoak konpentsatu behar du sektore pribatuak egiten ez duena. Oparoaldian egon diren superabitak erabili beharko lirateke jarduera ekonomikoa bizkortzeko. Ipar Amerikan, AEBtan, Keynes-en oso aurkakoak dira, oso neoliberalak, baina kontsumoa bultzatzen saiatu dira jarduera ekonomikoa berpizteko. Europan, aldiz, ezaugarritzat izan den politika sozial hori atzeranzko joera izaten ari da maila ekonomikoan dagoen jarrera zurrunaren ondorioz.

Lehenagotik datozen zenbait teorien arabera, estatua krisi fiskalean murgildua zegoen jada eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko garaian estatuak gero eta ezintasun handiagoak zituen. 70eko edo 80ko hamarkada hasieretako teoriak dira hauek eta hauen defendatzaileen artean James O’Connors da ezagunena. Krisia indarrez iritsi denean, aldiz, bai AEBetan, Japonian eta neurri txikiagoan Europan, estatuak errezeta keynesiarretara bueltatu dira.

MIKEL NOVAL. Baina krisi honetan errezeta keynesiar horiek ez dira horrenbeste nabaritzen arlo fiskalean. Krisi garaian sektore publikoaren esku hartzea indartu beharko litzateke, gastu publikoa bultzatuz, eta horretarako diru sarrerak ezinbestekoak dira. Baina 2008ko presio fiskala azken urteetako txikiena izan da Euskal Herrian eta ditugun datuen arabera aurten txikiagoa izango dela dirudi. Beraz, egia da, arlo teorikoan asko hitz egiten da neurri keynesiarrei buruz, baina ez da horrenbeste egiten eta are gutxiago arlo fiskalean, hemengo instituzioek zergak jaitsi egiten dituzte eta hori oso kaltegarria da krisi garai honetan.

Azken urte hauetan, halaber, zenbait aldaketa eman dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), Sozietateen Zergan edo Ondarearen gaineko Zergan eta hauek gutxitzeko izan da. Aurten, dagoeneko krisian murgilduak, Gipuzkoan ezik, Ondarearen gaineko Zerga desagertu egin da Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldetan. “Inbertsioak areagotzeko, krisi egoera honetan Sozietateen Zerga jaitsi egin behar da”, esaten digute sarri; baina zerga hori irabazien gainekoa da eta, beraz, zerga hori jaitsi edo ez enpresak ez dira galeretatik irabazietara iragango, haien lehiakortasun maila bestelako parametroen arabera finkatzen da. Enpresa batek etekinik ez badu, berdin zaio sozietateen zerga zenbaten dagoen. Beraz, guk alderantziz egin behar dela diogu, hau da, progresibitate fiskala indartzea. Horrez gain, bai gaur egun bai hazkunde garaian, ezin da onartu foru aldundiek iruzur fiskalaren aurrean duten jarrera.

Sistema kapitalista honen porrota agerikoa denean, ELAren ustez gure ekonomia ereduari buruzko eztabaida demokratikoa egin beharko litzateke, baina ez dago horretarako borondate politikorik. Erabaki behar da administrazioak zer zerbitzu eman behar dituen, zeintzuk diren herritarren eskubideak eta hauek zein zerga eredurekin finantzatu behar diren. Baina ez, Europan leku askotan eztabaida hori egiten ari diren bitartean, hemen ez. Ni sindikatu bateko ordezkaria naiz eta gurekin hemengo aldundiek inoiz ez dute hitz egiten zergei buruz. Gabezia demokratiko handia da hori.

B. BAKAIKOA.
Krisi garaietan zerga gutxiago bildu ohi da, jarduera ekonomikoa beheranzkoan dago eta bai PFEZ, bai Sozietateen Zerga, BEZa eta bestelakoetan beherakadak daude. Hori gainditzeko zor publikoa dago. Esate baterako, 1930ean AEBetan eta Britainia Handian goi mailako errentak zituztenei zergak igo zitzaizkien. Paul Krugmanek berriki argitaratu duen After Bush liburuan oso garbi ikusten da orduko krisi hartatik ateratzeko errenta handiak zituztenen zergak igotzea oso garrantzitsua izan zela. Gaur egun alderantziz gertatzen da. Azken urte hauetan guztietan errenta handien zergak txikitu egin dira –PFEZa batez ere–; aitzakia izan da horrela inbertitu egingo zutela, baina gezurra izan da. Goi mailako errentadunek inbertitu bai, baina espekulazioan inbertitu dute eta hortik datoz orain pairatzen ari garen ondorio guztiak.

Estatuek, beraz, zor publikoa jaulki behar dute, baina ekonomia erreala bizkortzeko, ez finantzak. Hemen, tamalez, berriz ere diru publikoa finantzetara doa, eta bankuek berriz ere sekulako irabaziak aurkezten dizkigute.

M. NOVAL. Bat nator zor publikoaz diozunaz, baina zor publikoa ordaindu egin behar da eta hori zergen bidez egiten da. Azken urteetan egon diren aldaketekin, eta PFEZari dagokionez, hemen progresibitatea gaur egun lan errentei bakarrik aplikatzen zaie. Beste errenta molde guztiek, tipo finkoa dutelako edo iruzurra egin dutelako, ez dute progresibitaterik. Sozietateen Zerga behin baino gehiagotan jaitsi da, iruzurra itzela da... Ondorioa, zor publikoa lan errentekin ordainduko dela. Horregatik esaten nuen ekonomi ereduari buruzko eztabaida egin beharko litzatekeela. Iazko bukaeran Ondarearen gaineko Zerga kendu zen hemengo hiru lurraldetan, guztietan Sozietateen Zergaren jaitsiera eman zen... Hau da, krisia sortu duen politika berarekin jarraitzen da krisi garaitik ateratzeko.

B. BAKAIKOA. Europako iparraldeko herrialdeetan, esaterako, goi mailako errentei aplikatutako zerga tasa %70era iritsi izan da. 1970eko hamarkadan, Suedia eta Britainia Handitik jende asko joan zen Australia moduko tokietara zerga gutxiago ordaintzeko. Beraz, okerreko norabidean goaz, eta argudio gisa erabiltzen da errenta handikoei zergak igotzen bazaizkie paradisu fiskaletara joango direla.

Novalek dioen eztabaida demokratiko hori egin behar da, ados nago, baina abiapuntua paradisu fiskalak ixtea litzateke. Zerga bilketaren norabidea aldatu eta agintariak presionatzeko gizarte zibila antolatzen ez bada, jai daukagu.

Sozietateen Zerga gainbehera doa Europa osoan. 90eko hamarkadan Ruding izeneko txostenak zioen merkatu bateratua nahi izanez gero, EBko estatuen Sozietateen Zergen konbergentzia behar zela: berak %20tik %30eko tartea aipatzen zuen. Alderantzizkoa gertatu da. Irlandak %15 jaitsi du, Lituania eta Letonia ia zeron dira... Dumping fiskala da hori, lobby-ek onartzen dute hori, esate baterako Europako Industriadunen Mahai Borobilak. Zein da ondorioa? Tasa handiak dituzten estatuek jaitsi egin beharko dituztela, leia desleialaren ondorioz, zerga desberdintasun horiek ikaragarriak direlako. Estatu batek enpresa bati diru laguntza xume bat ematen badio, hori zigortu egiten da eta gainera enpresak diru hori itzuli behar du. Zerga eta lan arloan ez, sekulako dumping-ak egiten dira, eta gainera txalotu. Pixkanaka estatu soziala deuseztatzen ari da Europan, salbu eta iparraldean eta han ere gero eta presio handiagoa izango dute ongizate estatua murrizteko.

Krisi garaietan bereziki baina bestela ere bai sarri, zerga ez zuzenak indartzen dira, hori gobernuentzat errazena delako, baina aldi berean injustuena ere bai denak berdin zergapetzen dituelako. Jarraituko da hari horretatik tiraka?



B. BAKAIKOA. Oso atzerakoia da zerga ez zuzenak igotzea, azken finean mila euro irabazten duen batek eta milioiak irabazten dituen BBVAko lehendakari Francisco Gonzálezek zerga bera ordaintzen dutelako tabako pakete bat erosterakoan. Ondarearen gaineko Zerga kentzea atzerakoia den bezala, eta hori hemen gobernu sozialista batek egin zuen; aitzakia gisa erabili zuen iruzur handia zegoela, eta iruzurraren aurkako neurriak hartu beharrean, zer eta kendu egiten dute.

M. NOVAL. Gobernuek dirua biltzeko erabiltzen dute zerga ez zuzenak indartzearena, baina oso injustua da. Azken finean, instituzioak eta patronala ados jartzen dira zerga politika erabakitzerakoan. Elkarrizketa sozialaren ondorioz, orain etorriko dira kotizazio sozialak murriztu egin behar direla esanez eta ondoren ez dagoela dirurik pentsioak ordaintzeko.

Eta onartuko dela uste duzue?



M. NOVAL. Ez dakigu zein mailatan, baina argi dagoena da jaitsiko dela. Zerga kontuetan, beheranzko etengabeko prozesu bat dago, eta ez dakigu non bukatuko den. Erreforma bakoitzean patronalak beti eskatzen du gehiago jaistea eta lortu egiten du. PFEZaren tipo marginala, esate baterako, 56tik 45era jaitsi da, eta horrek esan nahi du aberatsei soldata %11 igo zaiela. Zergatik? Borondate politikoagatik, beren lagunei opari bat egiteko.

Borondate politikoa dena da, baina lagunei oparia egiteko… Halakoetan argudiatzen dena da diru hori inbertsioak egiteko erabiltzen dela.



B. BAKAIKOA. Hori garbi dago, aberatsenen sarrerak handitzen ari dira etengabe eta langileenak jaisten. 80ko hamarkadaren hasieran langileriak errentaren %60 eskuratzen zuen gutxi gora-behera eta gaur egun %44-45era jaitsi da, eta hala ere oraindik esaten dute erreforma gehiago egin behar direla, eta horietako bakoitzean langileria zerbait galtzen ateratzen da. Horrek gastu sozialean du eragina, jakina, eta Euskal Herrian murrizketa horien eragina Espainian bestekoa ez bada, hori familiagatik da, hemen familiak babes handia eman eta koltxoi lana egiten duelako.

M. NOVAL.
Aberastasunaren banaketari dagokionez, lan errentak eta kapital errentak antzeko kopurutan dabiltza, baina zerga zuzenen bilketan, lan errentetatik bi biltzen bada, profesional eta kapital errentetatik bat. Hegoaldean, Europako azkenetakoak gara, bai presio fiskalean bai gizarte gastuan. Hemengo erakundeek sozialki inor baino hobeagoak garela diote, baina datu ofizialek gezurtatzen dute hori. Zergak jaisten ez badira enpresarik ez dela erakartzen esaten dute, baina begira Danimarka, han presio fiskal handia dute eta langabezi tasa %2koa da.

B. BAKAIKOA. Suedian ere gastu soziala Barne Produktu Gordinaren (BPG) %32 da eta lehiatzen dira inguruarekin. Hemen lan errendimenduak zerga maila handiena dute eta, aldiz, autonomoak edo goi mailako errentak dituztenek, badituzte zerga txikiagoak ordaintzeko mekanismoak, gehienetan jarduerarik ez duten enpresak sortzen dira eta hauen gastuak artifizialki puztu, zerga gutxiago ordaintzeko. Hori iruzurra egitea da.

Errenta ekonomikoak lan errentak baino handiagoak dira. Baina zerga bilketan lan errentetan gehiago biltzen da Hego Euskal Herrian oro har. Horrek iruzurraren arazoa hor dagoela plazaratzen du, besteak beste, edo bestelako desorekarik ere adierazten du?



M. NOVAL. Iruzurra barik ere legalki desoreka handiak daude. Kapital errentek, %18ko tipoarekin ordaindu dezakete eta langileen tipoetatik txikiena %23koa da.

Eta zein da desoreka horren azalpen ofiziala?



M. NOVAL. Borondate politiko kontua da, batzuei mesede egiten dien sistema politikoa eraiki da.

B. BAKAIKOA. Ondare aldaketaren adibide bat ikusiko dugu. Nik pisu bat erosten dut 100ean eta saldu dut 200ean. Salmentako irabazi horri %18ko tipoa jartzen zaio. Zeinek egin dezake hori? Goi mailako sarrerak dituzten pertsonek. Akzioekin ere beste hainbeste gertatzen da: erosten ditut akzioak 10ean, 20ean saldu eta irabazi horiek %18ko tipoa dute.

M. NOVAL. Ondarearen gaineko Zergarekin gertatutakoa oso adierazgarria da, esaterako. Gipuzkoan ezik, eta Espainiako erabakiei jarraituz, hemengo hiru lurraldeetan ezabatu zen zerga mota hau. Esaten zuten iruzur handiak egiten zirela eta sistema ez zebilela ongi eta, beraz, kendu egin zuten. Hemen, 1,5 milioiko ondarea zutenek urtero 20.000 euroko zerga ordaindu behar zuten batez beste, eta baziren halako milaka batzuk. Bada, Ondarearen gaineko Zerga kentzen baduzu, urtero 20.000 euroko opari bat egiten zaie. Horrek ekonomikoki ez du inongo justifikaziorik.

B. BAKAIKOA. Azkenean, ondare handiak zituzten askok elkarte instrumentalak sortuz iruzur egiten zuten eta ondare txikiagoa zutenek, zerga ordaintzen zuten (200.000 euroko ondarearekin hasten zen ordaintzen zerga). Jazar ditzatela bada ikuskaritzen bidez ondare gehien dutenak, baina zerga hori kendu...

M. NOVAL.
Beste adibide bat. Nafarroako Gobernuak onartu du 34 ikuskatzaile besterik ez daudela. Hori txiste bat da, ia edozein herritan udaltzain gehiago dauzkate eta iruzur fiskalari aurre egiteko, Nafarroa osoan 34 pertsona. Hori ez da ekonomiaren araberako erabaki bat, erabaki politikoa da. Argi dago kopuru horrekin ezin dela ekonomia kontrolatu eta iruzurra saihestu; eta Nafarroako Gobernuak ikuskari gehiago jartzen ez baditu, nahi ez duelako da. Eta zergatik ez du nahi? Hor bakoitzak bere interpretazioa du. Gero, noizean behin haizatzen dute ez dakit zenbat diruko iruzurra aurkitu dutela, eta seguruenik egia izango da, baina ikusita jartzen dituzun bitarteko orokorrak, horrek propaganda kutsua du. Nafarroako adibidea jarri dut, baina beste lurraldeetarako berdin balio du.

Alemanian, Danimarkan eta Belgikan egon izan gara hango sindikatuekin haien zerga sistemak aztertzen eta haietan preskripzio epean, esate baterako, lan errentak ez diren guztiak ikuskatzen dira.

Goazen azaltzera apur bat zer den preskripzio epea.



M. NOVAL. Urteetan atzera eginez, zergen ordainketak ikuskatzeko duzun denbora da preskripzio epea. Hemen hiruzpalau urte izaten dira, herrialdearen arabera. Aipatutako herrialdeetan epe horretan enpresa guztiak ikuskatzen dira eta hemen %1. Hori sekulako loteria da, eta iruzurrik aurkitzen bada, bakarrik ordainduko da azken hiru urteetakoa, atzeragokoa ez.

Ba al da iruzur kopuruaren inguruko daturik?



M. NOVAL. Guk ez dugu halako daturik, baina Hego Euskal Herrian Europako Batasuneko batez besteko presio fiskala balego, 5.500 milioi euro gehiago bilduko liratekeela kalkulatu dugu. Eta hori gauzatzea hemengo instituzioen menpe dago.

Iruzurraren aurka, beraz, aurreikusten duzuen neurririk eraginkorrena ikuskaritzak handitzea da.



M. NOVAL. Gure ustez eraginkorrena hori da. Baina begira, bere garaian Gipuzkoako Batzar Nagusietan zerga politika kontrolatzeko batzorde bat sortu zen eta bertan sindikatuei egotea ahalbidetu zitzaien. Hurrengo legealdian, agintari berriek hartutako neurrien artean batzorde hori desegitea izan zen lehena. Araban ere eratu zen antzeko batzordea zenbait urtetan. Horietako batean, orain ez dut gogoratzen ondo non zen, guk eskatzen genuen Europan zeuden ikuskaritza molde horiek hemen ere indarrean jartzea. Erantzuna izan zen horrek 800 pertsona eskatzen zuela eta ezinezkoa zela. Guk esaten genuen plan bat egin zitekeela hainbat urtera begira, eta ekonomikoki justifikatua zegoela, baina ez, ez zen egin nahi izan. Nahi denean egiten da eta bestela ez, zeren eta 800 ertzain gehiago kontratatzeko ez dago arazorik.

B. BAKAIKOA. Bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren arabera ordaindu beharko luke. Baina Estatu espainiarrean bizi garenok, euskaldunok barne, ez dugu zergarekiko identifikaziorik. Nik ikasleei beti esaten diet zerga gure patrikatik ateratako dirua dela, ogasuna gure sistemaren ardatzetakoa dela, baina guk ez dugu horrela bizi. Britainia Handian eta Suedian bai, herritarrek beraien diru gisa ikusten dute zerga eta iruzurrik egiten badute haien aurka ari direla sentitzen dute. Hemen iruzurgilea txapeldun gisa ikusten da, “hori bai argia” esaten da. Ez dugu izan maila horretako heziketarik eta, beraz, hemen ez da iruzurraren inguruan presioa egiteko beharrik sentitzen, antza denez bost axola zaigu gure diruarekin zer egiten den.

M. NOVAL. ELAn beti esaten dugu jendeari azaldu egin behar zaiola zergekin zer gertatzen den, eta azaltzen zaionean jendea, gutxienez langileak, haserretu egiten dira. Sakonean lan errentak arpilatzen ari dira eta hori jendeari azaldu egin behar zaio. Jende arruntak, adibidez, ez daki Kontzertu Ekonomikoa zer den eta nola erabiltzen den. Esaten da hori dela gure autogobernuaren oinarria, baina gure aldundietako agintariei ez zaie interesatzen hori azaltzea.

Mikel, sindikatuek ba al duzue zailtasunik ogasunetan datuak eskatzen dituzuenean?



M. NOVAL. Arazo larriak ditugu. Adibidez, PFEZari dagokionez, kolektibo bakoitzean bildutako kopuruak eskatzen ditugu eta ez dizkigute ematen. Eta datu horiek ematen ez bazaizkigu bi arrazoirengatik izan daiteke: bat, datuak ez daudelako, eta horrek oso kudeaketa txarra adierazten du; bi, ez dutelako nahi. Gauza bitxiak gertatzen dira. Sozietateen gaineko Zergan, hazkunde garaian, zerga aitortzen zuten enpresen erdiak galeretan zegoela adierazten zuen. Jakina, hori inork ez zuen sinesten, baina ez zen ezer egiten. Salatu eta neurriak hartu beharrean, aurkakoa egin da, enpresarien aldeko diskurtsoa egin eta haiei sari pila bat eman. Ez dago iruzurraren aurka egiteko borondaterik.

B. BAKAIKOA. Egia da, zu ari bazara enpresariei beti txaloka, sariak emanez eta haien aldeko diskurtsoarekin, harrotu egiten dira. Eskatzen duten guztia eskuratzen dute, eta ezer ez ordaintzea da nahi dutena. Herri bat ezin da eraiki zerga politika eta sektore publiko sendorik gabe.

M. NOVAL. Begira, hor dago Gipuzkoa Aurrera adibide gisa. Nortzuk daude erakunde horretan: Aldundia, Adegi, MCC, Kutxa eta Merkatal Ganbara. Hori gizarte demokratikoago batean kritikagarria litzateke. Gauza bat da hori egitea ezkutuan, baina gainera argazkia publikoki egitea... Botere politikoa enpresarien zerbitzura dagoela adierazten du horrek. Nola egingo duzu gero bestelako zerga politikarik etengabe haiekin bazaude? Norbaitek sinistu dezake iruzur fiskalaren aurka egingo balitz, horiek guztiak –azken finean iruzur fiskalaren ordezkariak– hain pozik leudekeela? Ez. Ez dute sindikatuekin ezer jakin nahi, instituzio eta enpresariak ari dira nahi dutena egiten.


Landuko dugu harreman sozialen gaia geroxeago. Orain jorratu nahiko nuke iruzurrarekin lotutako beste gai bat, paradisu fiskalena. Zer egin liteke hauen aurka?



B. BAKAIKOA. Neurri politikoak hartu. Frantsesek aspaldi erabaki zuten –ez dut gogoratzen Pompidou edo De Gaullerekin– Monaco ez zela frantziarren paradisu fiskala izango, eta ez da. Begira Suitzaren kasua, AEBek ikertutakoaren arabera, herrialde honetako 52.000 pertsonek dituzte ezkutuko diruak Suitzan. AEBek eskatu dizkiote diru horien jabeen zerrenda eta Suitzak ezetz esan dio. Baina amerikarrek nahi balute berehala lortuko lukete hori. Datuak eman ezean hurrengo egunean nazioarteko egoitzak handik erretiratzea proposatuko duela esanez gero, hurrengo goizean bertan luzatuko lioke izenen zerrenda Suitzak.

M. NOVAL. Paradisu fiskalek gehienetan izaten dituzte harreman sendoak –edo haien menpeko dira– estatu handiren batekin. Britainia Handiko gobernuak erabakiko balu, hainbat herrialde aurrerantzean ez direla paradisu fiskal izango, adio haren inguruko paradisuei. Europako Itunaren atal batean paradisu fiskalak diren lurraldeekin harreman berezia izango zela arautu zen. Harreman berezi horiek ezabatuz gero eta herrialde horiek araudi orokorren menpe jarrita nahikoa litzateke.

Edo hemengo bankuei esanez gero, “aizu halako lurraldetan operazioak egiten dituen norbaitekin operazio bat eginez gero, ezingo duzu hemen jardun”. BBVAk, adibidez, esaten duenean halako paradisu fiskaletan hainbat elkarte itxi dituela, ondo haizatzen dute eta ondo dago. Baina itxitakoak aipatzen dituzte, ez oraindik zenbat mantentzen dituzten irekiak. Paradisu fiskaletan egoitzak dituzten hemengo bankuek azaldu egin beharko lukete ea zergatik dituzten egoitzak han.

Beste adibide bat, EBn onartua dago Andorrarekin tratamendu berezia izatea. Zergatik? Harreman berezi horrekin bukatu eta kito. Hauek guztiak erabaki politikoak dira, eta kontra egiten ez bada nahi ez delako da. Paradisu fiskalak kapitalismoaren zabortegiak dira, eta hala onartzen da.


Itzuli gaitezen harreman sozialen gaira, eztabaida, proposamenak...



M. NOVAL.
Jaurlaritzari urteetan salatu diogu partehartzerako izan duen jarrera eskasa; bada, jarrera hori askoz eskasagoa da diputazioetan. Zerga aldaketa bat dagoenean, ez daude behartuak kontsulta prozesu bat irekitzera, eta hori seguruenik salbuespena da Europan. Guri esaten digute halakoetan parte hartu nahi badugu aurkezteko hauteskunde politikoetara. Baina zer kontzeptu demokratiko dago horren atzean? Zer zeregin ematen zaio gizarte antolatuari?

Hor dago Patxi Lopezek deitutako elkarrizketa soziala.



M. NOVAL. Bai, hor adierazi du 2010erako aurrekontuen %6 jaitsiko duela, noiz eta krisi garaian, aurrekontuak zor publikoaren bidez handitu egin behar direnean. A ze elkarrizketa soziala, gobernuak gune horretara hori erabakita eramaten badu, zer erabakitzen da han? Azkenean, elkarrizketa sozialaren eredu hori bakoitzaren erantzukizunak estaltzeko gune bat da. Guk eskatzen dugu gastu publikoa handitu dadila, baina ez azpiegituretan, gastu sozialean baizik. Azpiegituretan behin-behineko lan txarra besterik ez da sortzen. Ez dute argudiorik zerga politikan esaten ditugunak ezeztatzeko. Guk instituzioei proposamen zehatzak helarazten dizkiegu, eztabaidatzeko prest gaude, baina haiek mamiari heldu nahi ez eta deslegitimatzen saiatzen dira.

B. BAKAIKOA. Hemen harrapatzen denean norbait milioi bateko iruzurrarekin, negoziatzen da, ordaintzen ditu 200.000 euro eta listo. Nik faltan botatzen dut iruzurraren aurkako lidergo sendoa. Gipuzkoa Aurrera hori izatea pentsaezina da. Baina, bestetik, lidergoa oso zaila da hain sakabanatua dagoen zerga sisteman. Eta hori gabe, zer zilegitasun eskuratuko dute gure erakunde publikoek? Estrategikoki hiru lurraldeek ogasun bakarra izan beharko lukete, eta noizbait Nafarroarekin bat egiten badugu, errazago izango da bat-egite hori zerga sistema indartsua izanda bakoitzak berea izanda baino.

Eta zer egin liteke lidergo hori sendotzeko?



B. BAKAIKOA.
Hori da nire galdera eta agian sindikatuek –batez ere ELAk eta LABek– gehiago egin beharko lukete lidergo hori bultzatzeko. Gustura irakurtzen ditut ELAkoek ateratzen dituzten lanak, baina susmoa dut ez ote den horretan bakarrik geratzen. Diskurtsoan ondo, baina sindikatuek eta beste mugimendu sozial batzuen arteko konplizitatean urrats gehiago beharko lirateke, eta horren falta sumatzen dut.

M. NOVAL.
Zergen gainean egoera zein den azaltzeaz gain, guk gauzak egiten ditugu: kanpainak, proposamen zehatzak, mobilizazioak... Maiatzaren 21eko greban ere sendo landu dugu zergen gaia. Onartzen dut ez garela gai izan politikak aldatzeko, baina egin gauza asko egiten ditugu. Hemen aurrekontu publikoak eztabaidatzen direnean ez dago gizarte ereduari buruzko eztabaidarik, eta ezkerra –guztiok– ez da izan egon behar zen lekuan.

B. BAKAIKOA. Sozialdemokraziak aspaldi egin zion men neoliberalismoari eta norabiderik gabe dabiltza hortik zehar. Horren froga argiena Europako Legebiltzarreko lehendakaria aukeratzerakoan eman da, non eskuin muturrarekin bat egin duen. Aldiz, herri honetako ezkerreko sektore zabal horrek beste lehentasun batzuk izan ditu eta ez du jakin izan sindikatuekiko konplizitate hori bilatzen. Pentsatzen dut epe ertainean norabide horri helduko zaiola.

M. NOVAL. Horretan gaude, eta greba orokorra izan da horren adierazgarri. Europa mailan toki gutxitan egin dira halako grebak. Hemen saltzen da Frantzian egin diren grebak arrakastatsuak izan direla, eta grebalari kopuruak konparatuta, hemengo greba askoz garrantzitsuagoa izan zen hangoak baino. Hori ez da kasualitatez gertatzen, kontzientzia dagoelako baizik. Bide horretan jarraitu behar da.

B. BAKAIKOA. Harrigarria da, denok dakigu nork eragin duen egungo krisia, baina bitxia da, era berean, jende berak jarraitzen duela gobernuetan –bankuetan, instituzioetan, ministerioetan...–. Hemen ez du inork dimititzen eta hori salatu egin behar da. Ekonomi arauek berdin jarraitzen dute eta hori aldatu ezean antzeko egoerak errepikatuko dira lehenago edo beranduago.


Deitzaileen ikuspegitik, lekuan lekuko gorabeherez gain, grebaren oso balorazio positiboa egin da. Zeintzuk dira hurrengo urratsak mugimendu hori gizentzen joateko?



B. BAKAIKOA. Indar metaketa hori eredugarria da, bai iruzurrari bai krisiari aurre egiteari dagokionez. Ingurumena, eraikuntza... Hemen badago Estatu espainiarrean baino espiritu kritikoagoa eta gauzak zerbait txukunxeago egiten ari gara. Murtzian egon berri naiz eta han gertatzen dena ikaragarria da. Espainiako beste leku askotan bezala, adreilua izan da jaun eta jabe azken urte hauetan eta orain eraikin piloa ikus daiteke larru gorritan. Egoera tamalgarria!

M. NOVAL. Guk gure agendarekin jarraitu behar dugu: gertatzen dena azaldu; gure proposamenak egin, eta horien inguruan mobilizazioak antolatu. Hori da greba orokorraren jarraipena eta abuztuaren ondoren orain aipatutako guztiari berrelduko diogu. Gure aukera bakarra indar harremana aldatzea da, langileak eta herritarrak irabaztea, horrekin bakarrik aldatu ahal izango dugu krisi latz hau sortu duen ekonomi sistema.
Mahaikideak
Mikel Noval. ELAko politika sozialen arduraduna
Bilbon jaio zen 1965ean eta bertan bizi da gaur egun ere. EHUn egin zuen enpresa zientzietako lizentziatura. Hogei urte daramatza ELA sindikatuan, hastapenetik Azterketa Bulegoari lotua. 1993tik da ELAko exekutibako kidea eta bertan politika soziala eta ingurumena gaien arduraduna da. Besteak beste, asko idatzi izan du zenbaki honetan jorratzen dugun zergen gaiaz, beti ELAk kaleratutako argitalpenetan.

Baleren Bakaikoa. EHUko ekonomia aplikatuko katedraduna
Berastegi, 1945. Egun Donostian bizi da eta ekonomia irakaslea da EHUn, 1979tik. EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuaren (GEZKI) zuzendaria da. Londresen eta Illinoisen (AEB) egin zituen ekonomia ikasketak eta ingeniari teknikoa ere bada. 35 liburutik gora ditu modu partekatuan eginda eta dozena erdi bereak, azkena 2007an UEUrekin argitaratua: "EAEko Ekonomia Ituna eta Nafarroako Ekonomia Hitzarmena". UEUko zuzendaria izan zen (1983-87) eta Barandiaran Lizeoko lehendakaria (2005-2008).
Rafa Izkierdo. LABeko ekonomia idazkaria
Zerga bilketa, arazo ekonomikoetatik harago den arazo estrukturala
Langabezia etengabe gora, eraikuntza sektorea eta ekimen industriala hondoratzen, zerbitzu sektorea gero eta ahulago… Zoritxarrez, azken urtean murgildu gaituzten panorama beltza ondo ezagutzen dugu, baina beste batzuen artean, zerga bilketan ere eragina izan du krisiak. Euskal ogasunak diru gutxiago biltzen ari dira eta hauxe izaten ari da argudio nagusia gastu publikoan murrizketak egiteko, aurten jadanik burutu direnak eta 2010. urteko aurrekontuei dagokienez ere. Horra hor, esate baterako, udalen kezka zerbitzu eta laguntza sozialei aurre egin ahal izateko orduan, gero eta herritar gehiagok honelakoak eskatzen dituztela kontuan hartuta.

Nafarroan lehen bost hilabeteetan %3,2 gutxiago bildu da, iazko epealdi berberarekin konparatuta; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestetik, %16,8 gutxiago izan da eta honek, argi eta garbi, kinka larrian jarri du gobernu berriaren aurrekontu politika.
Hala ere, zerga bilketan eta gastu publikoaren finantzazioan egoera ekonomikoak ekarri dituen zailtasun hauetatik harago joanez gero, zerga sistemaren diseinua eta azken moldaketa fiskal erregresiboei erreparatu bezain laster, benetako arazo estrukturala topatzen dugu.

Edozein zerga sistemaren funtsetako bat ahalmen ekonomikoaren printzipioa daukagu. Honen arabera, pertsona orok gastu publikoa sostengatzeko ordaindu behar ditu zergak, beti ere bere ahalmen ekonomikoaren arabera, hau da, ordaindu ahal duen neurrian. Ahalmen hau jasotzen dituen errenten arabera neurtzen da, besteak beste.

Hala ere, datuek agerian uzten duten errealitatea ondoko hau da: sozietateen zerga eta PFEZ bidez zergapetzen diren errenta guztien zergak (lana, kapitala, ondasun hazkundeak eta enpresen irabaziak) kontuan hartuta, lan errentek %62 suposatzen dute; hau da, bi zerga hauen bidez jasotzen den diru guztiaren %62 lanaren gaineko zergak dira; baina beste alde batetik, prozesu produktiboan sortzen diren errenta guztien %48 besterik ez dira lanaren errentak.

Beraz, langileok jasotzen duguna %48a eta pagatzen duguna, ordea, %62a bada, argi geratzen da sistema honek batez ere lana zergapetzen duela, kapitalari trataera pribilegiatua ematen dion bitartean.

Beste alde batetik, zerga sistemaren bitartez ondasunen banaketa justua lortzeko, progresibotasun fiskalaren printzipioa bete behar du. Hau da, zergak progresiboak izan behar dira eta, hortaz, gehiago daukanak gehiago ordaindu beharko luke. Indarrean dagoen sisteman PFEZa da birbanaketa funtzio hau bete beharko lukeena.

Haatik, maila edo kopuru ezberdinetan tributatzen duten errenta bakarrak lanarenak dira gaurko egunean. Eskala honetan, zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta ehuneko altuagoaren arabera ordaindu behar da (gehienezko tipoa %45 daukagu EAEn eta %42 Nafarroan). Aitzitik, kapitalaren errentak eta ondare hazkundeak tipo txiki eta finkoaren arabera zergapetzen dira (%18), errenta maila zein den kontuan hartu gabe.

Beraz, ikusten dugunez, PFEZaren progresibotasuna lan errentetarako baino ez da aintzat hartzen, eta kapitalaren zergak printzipio honetatik “salbu” geratzen dira (gainera, kontuan hartu behar da kapital errenta gehienak diru gehien daukatenek jasotzen dituztela). Egoera honek ondasunen banaketa justutik urruntzen gaitu guztiz.

Eta hau gutxi balitz, gogorarazi behar da euskal ogasunek, nahiz eta arautze ahalmen urria izan, etengabean hartzen dituztela hainbat neurri fiskal enpresen zein dirutza handien jabeen zergapetze maila murrizteko. Honela sozietateen zerga behin eta berriro jaisten dute eta, hori gutxi balitz, ondare zerga ere berriki ezabatu egin dute.

Baina beti eske eta eske dabiltzan enpresariek ez daukate sekula nahikoa eta sozietateen zergaren eta kotizazio sozialen gaineko murrizketa are handiagoak eskatzen dituzte oraindik orain.

Zerga sistemaren progresibotasunarekin lotura zuzena daukan beste faktore bat zeharkako zergen pisua da. Zerga hauek ordainketa ahalmena zeharka zergapetzen dute, hala nola kontsumoa edota ondasun eta zerbitzuen salerosketa. Zerga progresiboen guztiz kontrakoak dira, proportzionalak baitira. Gainera, diru gutxien daukaten pertsonak dira diru sarreren proportzioan zerga mota hau gehien ordaintzen dutenak. BEZa honen adibidea da. Langileek diru gehiena kontsumora bideratzen dute. Diru gehien daukatenek, ordea, proportzio askoz txikiagoa bideratzen dute BEZak zergapetzen duen kontsumo horretara.

Honela, zeharkako zerga hauen gehiegizko pisuak sistema fiskalaren progresibotasuna guztiz neutralizatu ahal du. Eta hauxe da, hain zuzen ere, hemen gertatzen dena, zergen bidez biltzen den diru kopuruaren erdia zeharkako zergen bitartez biltzen baita.

Azkenik eta amaitzeko, iruzur fiskala aipatzea merezi du. Praktika hau gero eta usuagoa da eta, gainera, krisialdietan nabarmen larriagotzen da. Iruzur fiskala diru publikoaren lapurreta ez ezik, ekitate eta justizia tributarioaren printzipioari iruzurra ere bada.

Baina euskal ogasunek benetan seriotasunez ekin nahi badiote iruzur fiskalari, jakin badakite nondik hasi behar duten: lan errentei kontrol zorrotza aplikatzen zaie; izan ere, langileek deklaratzen duten diruaren batez bestekoa enpresariek diru sarrerengatik deklaratzen dutena baino %65 altuagoa da. Benetan sinestezina. Ondoren, tarteko sozietateekin, ezkutuko ekonomiarekin, BEZaren amarruekin… jarraitu ahal dute. Eta ez ahaztu barne ustelkeriaz. Nork jagongo jagolea?

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ogasuna
Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2023-07-21 | Gedar
Txosnak 'TicketBai' erabiltzera behartu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

"Irabazi-asmoa" dutela iritzita, "Ogasunean izena ematera" beharko dituztela iragarri du Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.


2023-02-01 | ARGIA
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan fiskalitatea aldatzeko asmoa agertu dute EAJk eta PSOEk

Bi alderdiek azaldu dutenez "elkarrizketak" abiatu dituzte zerga sistemaren inguruko erreforma egiteko. Helburuetako bat "progresibitatea handitzea" izango dela diote, baina prozesua udal eta foru hauteskundeen ondoren amaituko dela ohartarazi dute.


Analisia
Fiskalitate desberdina

Pertsona Fisikoen Errenten Zerga deflaktatuko du beste behin Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 1etik aurrera, oraingo honetan %5,5, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez. Aditu eta ekonomialari askoren aburuz, baina, neurri horrek desberdintasun sozialak... [+]


Eguneraketa berriak daude