Eragozpen fiskalaren kanpaina abiatu dute Bilboko kuartel militarrean kateatuta

  • Eragozpen fiskalaren aldeko plataformak ekintza burutu zuen larunbatean Bilboko kuartel militarrean. Gastu militarra salatzearekin batera, aurtengo eragozpen fiskalaren kanpaina abiatu dute ekintzaren bidez.

Argazkia: Ecuador Etxea

2022ko apirilaren 04an - 10:24
Azken eguneraketa: 11:52

Larunbat goizean Bilboko Juan de Garay kaleko kuartel militarraren murruetara igo eta bertan kateatu ziren lau ekintzaile, eragozpen fiskalaren aldeko plataformak prestatutako ekintzaren baitan. "Gastu militarra 43.000 milioi euro" irakur zitekeen zabaldutako pankarta batean, eta bigarrenak iradokitzen zuen tanke batera bideratzen den diru kopurua sei eskolen gastuen baliokidea dela.

Gobernuek gastu militarrekin egiten duten "diru-xahuketa alimalekoa" salatzearekin batera, aurtengo eragozpen fiskalaren kanpainari hasiera ematea zuen xede desobedientzia ekintzak. Iaz Espainiako Gobernuak gastu militarrera bideratutako diru-kopurua seinalatzearekin batera –43.000 milioi euro–, herritarrei eragozpen fiskala egiteko deia luzatu nahi izan diete. Eragozpen fiskalaren bidez, norbanakoak posible baitu bere zergen zati bat gastu militarrera bideratu dezaten ekiditea.

Eragozpen fiskala zehazki zer den azaldu du ekintzaileetako batek Ecuador Etxeari eskainitako adierazpenetan: "Gerraren finantzaketan estatuarekin kolaboratzeari ukoa da eragozpen fiskala da. Ekintza ez-biolentoa da, eta gure zergen zati bat desbideratzean oinarritzen da, jendarte justuago bat sortzeko herri ekimenetara bideratuz".

Alegia, errenta aitorpenaren bidez zuzenean bidezkoak iruditzen ez zaizkigun xedeetara –gastu militarra, AHTa, bankuen erreskateak...– bideratuko liratezkeen zergetan esku hartu eta bidezkoak iruditzen zaizkigun ekimenetara bideratzea litzateke eragozpen fiskala egitea. Eragozpenfiskala.org web-orrian aurkitu daiteke informazio gehiago.

EAE mailan abiatu dute kanpaina. Iaz, eremu horretan, ia 200 herritarrek egin zuten eragozpen fiskala, plataformaren arabera. "Ekimen ekologistak, giza eskubideen arlokoak edo komunikabideak izan ziren zergen helburuetako batzuk, 17.900 euro inguru guztira". Aurtengo erreta aitorpenari begira, eta herritarrei eragozpen fiskala egiten laguntzeko, Bilbon, Gasteizen eta Donostian bulegoak irekiko dituztela jakinarazi dute. Interesa duenak aldez aurretik hartu beharko du hitzordua, eta doakoa izango da.

20 kolektibo ekintzaren atzean

Larunbateko ekintza gauzatu zuten lau kideek Bizkaiko 20 kolektiboren ordezkaritzan jardun zuten. Herritarrak horietakoren bati bideratu diezaioke bere zergen parte bat eragozpen fiskalaren bitartez.

Ondokoak dira kolektibo horiek: Argitan, Armiarma, AZET Etxebizitza Sindikatua, BATU Elkarlaguntza Sarea, CNT Bilbo, Ekologistak Martxan, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, ESK, Finantzaz Haratago, Irola Irratia, ISF Euskadi, Kakitzat, KEM-MOC, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Setem Hego Haizea, REAS, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Posada de los Abrazos, Zehar-Errefuxiatuekin, eta WDR-Bizkaia (Women Defend Rojava).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eragozpen fiskala
2018-04-18 | Miren Osa Galdona
Zure zergen dirua zertan inbertitu nahi duzu? Hasi da Eragozpen Fiskalaren kanpaina

Errenta-aitorpena egitean, estatuak ezarritako proiektuei diruz laguntzeari uko egin eta norberak aukeratutako ekimenen aldeko jarrera aldarrikatzen duen egitasmoa da Eragozpen Fiskalaren kanpaina. Hau da, gastu militarra, bankuen erreskateak, AHT edo eraikitzeke dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude