Urkulluk legebiltzarrean iragarritako neurri fiskalak desberdintasun sozialak areagotu ditzake

  • Pertsona Fisikoen Errenten Zerga deflaktatuko du beste behin Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 1etik aurrera, oraingo honetan %5,5, Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez. Aditu eta ekonomialari askoren aburuz, baina, neurri horrek desberdintasun sozialak areagotu baino ez ditu egingo, batez ere gehien irabazten dutenei eragiten baitie.

Iñigo Urkullu, Idoia Mendia eta Eusko Jaurlaritzako kideak Eusko Legebiltzarrera bidean, irailaren 22an egindako Osoko Bilkuran parte hartzeko (argazkia: Irekia)

2022ko irailaren 23an - 12:09

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak hainbat neurri iragarri ditu Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran egungo krisi egoerari aurre egiteko. Esaterako, gizarte larrialdietarako laguntzak %10 handitzea –inflazioa beste horrenbeste igo delako–, elikagai-bonua abian jartzea merkataritza txikia konpentsatzeko, edo energia berriztagarriak sustatzeko laguntza-programa indartzea. Hitzartuz deituriko programaren bidez 400 milioi euro bideratzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak horretarako. Diru asko da, noski, baina ez nahikoa. AHTren Bilboko (495 milioi) eta Gasteizko (555 milioi) geltokiek hori baino gehiago balio dute.

Inflazioaren gorakada leuntzeko modu bat da PFEZ deflaktatzea, baina diru gehien aitortzen dutenei egingo die mesede

Ohiko errezetarekin datorkigu lehendakaria. Ainhoa Etxaidek hedabide honetan esan bezala, konpentsatorioak eta asistentzialak diren laguntzak baino ez ditu eskaintzen, ereduan sakoneko aldaketa bat ekarriko luketen neurriak hartu baino. Esaterako, fiskalitatean badauka zer egina. Espainiako Gobernua, Europako Batzordea, baita Nazioarteko Diru Funtsa ere, aztertzen ari dira energiaren sektoreko enpresak eta fortuna handiak gehiago zergapetzea. Aldiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dira “aberatsen arrantzan sartuko”, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan. Lurralde horietan Ondare Zergaren bidez ogasunek apenas biltzen dituzte 150 milioi euro.

Legebiltzarrean iragarritako zortzi neurrien artean bakarrak du zerikusia fiskalitatearekin: hirugarrenez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) deflaktatuko dute urtarrilaren 1etik aurrera, oraingoan %5,5. Irabazitakoari ehuneko hori murriztuz, zergaduna aurreko tartera pasatzen da eta tasa txikiagoa ordaintzen du. Inflazioaren gorakada leuntzeko modu bat da. Baina deflaktaturikoa inflazioaren erdia ere ez da. Gainera, Jon Bernat Zubiri ekonomialariak Hordago-n gogorarazi zuen moduan, askok ez dute errenta aitorpena egiteko adina ere irabazten, eta errenta baxu eta erdi-mailakoek apenas nabarituko duten bitartean, diru gehien aitortzen dutenei egingo die mesede. Desberdintasun sozialak areagotuko dituela, alegia.

Espainiako Estatuan Alberto Nuñez Feijó PPko burua izan da deflaktazioaren alde sutsuen hitz egin duena, zergak kentzeko politikaren barruan. Pedro Sánchezen gobernuak, baina, ezetz esan du. Horregatik, harrigarria da orain Idoia Mendia (PSE) halako neurri bat onartzen ikustea. Edo, ELAko Mitxel Lakuntzak Euskadi Irratian salatu gisan, Eusko Jaurlaritza PP, EB eta NDF baino “eskuinerago” dago?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren pobretzea
2024-02-13 | Gedar
Bost urtean, ia bikoiztu egin da seme-alabarik eduki nahi baina ezin duten gazteen kopurua EAEn

Urte gutxiren buruan lanik aurkituko dutela uste dutenen kopurua 20 puntu beherago kokatzen da bost urteren ostean. Norberaren gogobetetzearen balorazioari dagokionez, 10 puntu jaitsi da 2015etik.


Oxfamen txostena 2024
Bikoiztu egin dituzte fortunak munduko bost aberatsenek azken hiru urteetan

Egunero milioi bat dolar xahutuko balitu bost aberats horietako bakoitzak, 476 urte beharko lituzkete aberastasun guztia agortzeko. Era berean, 2020tik hona, munduko 5.000 milioi pertsonaren erosahalmena murriztu egin da. Oxfam GKEaren aurtengo txostenaren emaitzak dira.


Paris 365: Iruñeko Udalaren migrazio politikek “erakartze efektuaren diskurtsoa” barneratu dute

Fundazioak 650 lagun ingururen elikadura bermatzen du urtean. Erakundetik diote azkeneko bi urteetan laguntzarik gabe geratu diren pertsonak artatu ahal izan dituztenak baino gehiago izan direla.


2023-09-15 | Gedar
Ikasleen erdiak egiten dute otordu bat gutxiago Frantziako Estatuan, diru falta dela-eta

Berokuntzari edo higiene-produktu batzuei ere uko egin behar diete ikasleen ia erdiak, Cop1 erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera. %25ek 50 euro baino gutxiago izaten dituzte eskura, alokairua eta tasak ordaindu ondoren.


Testuliburuak berrerabiltzen al dituzte zure eskolan?

DBH 4ko sei testuliburutan 223 euro ordaindu ditu Ainhoak, lau liburu aurtengo edizioak, gainerakoak berrerabiltzeko aukerarik gabe, "ez familian, ez lagunartean, ez bigarren eskuko plataformetan". Testuliburuen mailegutza edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira... [+]


Eguneraketa berriak daude