«Abertzale izatea paisaia bat onartzea da»

  • Aukera bat: Gelditu dadila mundua! Jaitsi egin nahi dut. Bigarren aukera: eskuak lurrean sartu eta zuhaitz bihurtzea. Eta bihotzak dio: Biak batera senti ditzaket?
Iñigo Segurola
Dani Blanco

Kotoi zatitxo batean babarrunak hazteko esperimentuak liluratu zintuen txikitan.


Bai. Umetatik daukat mundu honekiko zaletasuna. Donostiakoa naiz, Alde Zaharrekoa, eta Orixe ikastolara joaten ginen. Askotan eramaten gintuzten Urgull mendira, eta amak esaten dit beti itzultzen nintzela hosto, lore eta adarrez karga-karga eginda. Babarrunak kotoiaren gainean jartzeaz gain, gurasoek Oiartzunen erosi zuten lursail batean dilistak, babarrunak eta txitxirioak ereiten nituen sator-zuloen gaineko lur pilatxoetan.
 

Zure lanbidea errebindikatu behar izan duzu orain arte. Zergatik?


Gaur egun Euskal Herrian, Katalunian edo Espainian ez dago paisajismo ikasketa ofizialik eta, ondorioz, administrazioaren aurrean ez gara existitzen. Gurekin lan egitea aholkatzen dute, baina guk ezin dugu zuzenean ezer firmatu. Beti arkitektoekin edo ingeniariekin batera joan behar izatea dakar horrek.
 

Jendeak lorezain gisa ezagutzen zaitu telebistatik, baina zu paisajista zara. Zein da aldea?


Lorezaina lorategietan aritzen dena da, mantenuan eta sorkuntzan. Paisajista, berriz, lorategi edo parke horiek sortzeko proiektuak diseinatzen dituena da. Arkitektoen eta igeltseroen artean dagoen alde bera legoke. Arkitekto batek ez du zertan jakin adreilu bat bestearen gainean jartzen; baina paisajista ona izateko lorezaina ere izan behar da. Ni denbora librean lorezaina naiz, eta horrek landareak ezagutzeko aukera ematen dit. Gu arkitektoengandik bereizten gaituena material bizidunekin lan egiten dugula da. Landareak bizidunak dira eta, beraz, denbora kontuan hartuta diseinatu behar dugu. Jakin behar dugu aldatzen dugun zuhaitzak etorkizunean zer nolako itxura izango duen, zer behar izango dituen... Diseinua ez dugu erabat menderatzen, denbora da gure aliatua: erdibana egiten ditugu lanak. Zentzu horretan, diseinuarekiko jarrera umilagoa izaten ikasten dugu, denboraren garrantziaz jabetzeak umilago bilakatzen gaitu.
 

Gaur egun nork erabakitzen du paisaia nola eraldatu?


Plangintza orokorrak egoten dira, herrien hazkuntza nolakoa izan behar den, errepideek nolakoak izan behar duten... zehazten dutenak. Horren guztiaren atzetik dagoena interes ekonomikoa da. Azken boladan jasangarritasun hitza askotan aditzen dugun arren, hori faltsukeria hutsa da, bestela ez lirateke Pasaiakoa bezalako proiektuak Ekoportu izenarekin egingo. Ekonomiak erabakitzen du, argi eta garbi.
 

Ardi gaztak prezio ona duelako mantentzen omen da kantauriar isurialdeko paisaia.


Hala da. Paisaia zerbait bada, aldakorra da, eta kantauriar isurialdeko paisaia mota, mosaiko deritzana, ardiak daudelako mantentzen da, ez beste ezergatik. Eta ardiak zergatik mantentzen dira? Gaztak prezio ona duelako. Bestela, aspaldi leudeke gure inguruetako zelaiak baso bihurtuta.
 

Zer hartzen duzu kontuan proiektu bat diseinatzean?


Batetik, funtzio soziala. Bezero bat dugu, publikoa nahiz pribatua, eta haren beharrak aseko dituen proiektua landu behar dugu. Hori da helburuetako bat: behar horietaz jabetzea eta asetzen saiatzea. Bestetik, funtzio ekologikoa dago. Parkeek eta lorategiek funtzio ekologikoa betetzeko gaitasuna dute eta, ahal den neurrian, funtzio hori areagotuko duten proiektuak landu behar ditugu. Eta, azkenik, funtzio estetikoa dago. Kontuan izan behar dugu momentu historiko jakin batean bizi garela, elementu konkretu batzuekin, eta egiten ditugun lanek momentu historiko honetan errotuta egon behar dute. Lekua ere aintzat hartu behar da: lekuek badakite zer izan nahi duten, eta hori irakurtzen jakin behar dugu. Biak uztartu behar ditugu: bezeroak eskatzen diguna eta lekuak berak eskatzen diguna.
 

Funtzio sozialean eragiteko gaitasunik baduzue?


Bai, dudarik gabe, eta oso erronka polita da. Jendeak askotan ez du jakiten zer nahi duen. Geuk ikusi behar izaten ditugu haiek ikusten ez dituzten beharrizanak, eta hipotesi horiei erantzuten saiatzen gara. Baina badugu beharrizan berriak sortzeko ahalmena ere, eta polita izaten da gero haien jarraipena egitea: ea jendeak benetan espazio horiek guk uste bezala erabiltzen dituen, beharren bat asetzea lortu dugun, baliagarriak diren ala ez... Esaterako, Irungo Alai-txoko parkea egin genuenean, argi genuen gune lasaia eta segurua izan behar zuela. Ikastetxe asko ditu inguruan eta ziurtasuna inprimatuko zuen parkea diseinatu genuen, leku guztietatik txoko guztiak ikus zitezkeena. Baina txoko berezi bat sortu genuen jende gaztea porroak erretzera joan zedin eta intimitate apur bat izan zezan eta, era berean, gainerako parke osoa koloniza ez zezaten. Enbor lehor batzuk jarri genituen, irudi primitibo samarra ematen ziona tokiari. Eta jarraipena egitean konturatu gara baietz, gazteek erabiltzen dutela, baina baita zaharrek ere! Auzoko zaharrenak bertan biltzen dira, eta polita da ikustea ez dela hain erraza jendearen jarrerak aurreikustea.
 

Zenbateraino baldintzatzen du gure bizimodua inguratzen gaituen paisaiak?


Erabat. Paisaia geografia baten eta klima baten ondorio da eta, nik uste dut, kultura horretan datzala. Niretzat, abertzale izatea paisaia bat onartzea da. Paisaia bat onartzeak esan nahi du leku horretara lotuta zaudela. Leku horretakoa zarela. Eta ni hala sentitzen naiz, eta hori aberastasun ikaragarria da. Gaur egun jende asko oso deskontestualizatuta bizi da, ez baitu paisaia bat bere egiten. Hirian bizi den jende askok hiriko paisaia egiten du bere, baina hiriko paisaia edozein hiritan berbera da, ez du nortasun berezirik, eta ondorioz jende asko deserrotuta sentitu daitekeela uste dut. Nik nire burua abertzaletzat dut paisaia konkretu bati eutsita eta lotuta nagoen neurrian. Paisaiak nortasuna ematen digu herri gisa eta pertsona gisa. Eta hori oso nabarmen sentitu nuen Edinburgora joan nintzenean: Mikel Laboa entzuten nuen bakoitzean izugarrizko zirrara sentitzen nuen. Baina zirrara sentitzen nuen hemengoa naizelako eta hemengo lanbroa ezagutzen dudalako eta badakidalako nola estaltzen dituen gure bazterrak. Laboak abesten duen guztian antzematen da euskalduntasun kutsu hori; euskalduntasuna Euskal Hiriaren zentzuan, Atxagaren zentzu horretan: sentimendu globalago bati dagokio.
 

Paisajismoa artea da?


Arte aplikatua da. Niretzat arte hitzak esanahi handia dauka: artea bizitzaren aurrean ikuspegi berri bat izatea da; ideiak beste modu batean azaltzea, plazaratzea... Guk inguruan dauden artistek erabiltzen dituzten baliabideak ezagutzen ditugu, eta gure lanbidearekin bat datozenak geureganatuta, eredu horiek jarraituta, aplikatu egiten ditugu. Sortzen dugu, baina beti bezero baten mende, eta bezero baten mende sortzen duzun momentutik ez zara aske. Enkarguz sortzen duen artistaren antzekoak ginateke. Artistak, benetakoa bada, ez du bezerorik, berak nahi duena egiten du, aske da. Hori da alde nagusia. Bezeroentzat lan egiten dugun bitartean ez gara artista osoak izango. Arkitektura, adibidez, arte gisa onartua dago, baina ez dakit egon behar lukeen. Nire ustez beste zerbait da artista izatea.
 

Korronte artistikoak jarraitzen dituzu, beraz?


Bai, gertuen dugun arte modua ingurumen artea da, izaera galkorra duena, ez dena objektu eternal baten inguruan eraikitzen. Arte korronte horrek denborarekin egiten du lan, galkortasun horrekin eta denboraren joan-etorriekin. Denborak artea eraldatu, hazi, hezi, heldu eta hilarazi egingo du. Hori da guk eredutzat hartzen dugun arte modua.
 


“Momentu postmoderno honetan badago kontzientzia ekologikoa”, irakurri dizut. Benetan diozu?


Ari gara jabetzen. Oso momentu ona da hau kontzientzia ekologikorik badugun ala ez frogatzeko. Krisialdi gogorra dator; hau hasi besterik ez da egin. Krisiak urtetan iraungo du, eta egoera asko kaskartuko da gizakiontzat. Ikusiko dugu ekonomia larri dabilenean ingurunea errespetatzen jarraitzen ote dugun.
 

Zeri deitzen diozu kontzientzia ekologikoa?


Geometria erabiliz, kontzientzia ekologikoak geometria esferikoa duela esango nuke: egungo gizarteak piramide erako egitura du eta, jakina, gizakia dago piramidearen erpinean. Pentsatzen dugu mundu honetako baliabide guztiak guk inongo erreparorik gabe ustia ditzagun jarrita daudela bakoitza bere lekuan. Garbi dago ezin duela horrela izan, eta geometria kontzeptu berri batera egin behar genuke salto. Kontzeptu esferikora. Ekologia sistema esferikoa da: prozesu ekologiko batean elementu guztiek daukate ikaragarrizko indarra eta garrantzia. Tamainak edo inteligentziak ez du elementu bat beste bat baino ezinbestekoago egiten. Inurria elefantea bezain garrantzitsua da. Eta hori esferan oso ondo ulertzen da: elementu guztiak maila berean daude eta erdigunetik distantzia berera. Horrantz jo behar genukeela uste dut. Baina hori hitz erraldoiak erabiltzea da, ez baitugu gizakiaren nagusitasun hau utzi nahi, ez dugu ukatu nahi. Ez gaude prest.
 

Zer lekarke nagusitasunari uko egiteak?


Benetan jabetuko bagina munduari egin diogunaz... egin behar genukeen lehen hausnarketa zera litzateke: munduko gizakion kopurua serioski murriztu behar dela. Oso serioski. Ni desiratzen nago txerri gripeak edo halako gaitzen batek gogor jo gaitzan; ea gizakion kopurua murrizten den. Gehiegi gara eta lurra izorratzen ari gara. Jakina, ez naiz ausartzen nork hil behar lukeen eta bizirik nork jarraitu behar lukeen esatera. Bizidun guztiak bezala, ni ere neurekoia naiz, bizirauteko instintua dut, eta bizirik jarraitzea nahi nuke baina... pentsatzen dudana da antzutze masibo bat oso ondo etorriko litzaigukeela; bai guri espezie bezala eta, batez ere, munduari lasaitasuna eta arnas pixka bat emateko.
 

Ekologia kulturizatu egin behar omen dugu.


Izan ere, zergatik iruditzen zaigu ederra pagadia eta sasitza itsusia? Kontzientzia ekologikoari buruz nioenarekin lotuta dago. Ekologia benetan zer den ulertuko bagenu sasitza pagadia bezain ederra litzateke. Oraindik asko geratzen zaigu ekologia ulertzeko. Bidearen hasieran gaude, eta bide horretan aurrera egiten laguntzeko mesede handia egingo luke ekologia kulturizatzeak. Edozein gune (zelai bat, sasitza, zabortegiko landareak) dago prozesu ekologiko baten barruan. Paduretan bakarrik ez, espaloietan garatzen den bizia ere garrantzitsua da. A-8 autopistako ezpondetan dago kantauriar isurialdeko orkidea bildumarik handiena. Ekologia kulturizatzea zera da: gizakiok gure egiten ditugun elementu batzuk erabilita (geometria, adibidez), ingurune horiek definitzen saiatzea, naturari markoa jartzea. Koadro bati markoa jartzean espazioa mugatzen dugu, eta ulertzen dugu markoaren barruan dagoena garrantzitsua dela. Markorik gabe koadroak ez dirudi hain garrantzitsua. Naturan gauza bera egin behar genuke. Bizi forma ezberdinei markoa jartzen asmatu behar genuke jendea konturatu dadin hor gertatzen dena benetan dela garrantzitsua.
 

Eta hori nola egiten da?


Parke batean belar motza eta belar luzea tartekatuta, esaterako. Parkean borobil batzuk uzten badira belar luzearekin baina beste guztia moztuta badago, jendeak ulertuko du belar luze hori nahita utzita dagoela zerbaitegatik.
 

Kontzientzia ekologiko hori ez ote dugu geure buruekiko ere galdu? Zer da bestela kirurgia estetikoa?


Zalantzarik gabe. Badago nik aintzakotzat hartzen dudan paisajista frantses bat, Gilles Clèment. Berari entzunda konturatu nintzen tipoak bizia ulertzen zuela. Ulertu eta onartu. Naturarekin bat egiten zuela. Horrek ez du esan nahi biluztu eta baso batera joan behar dugunik bizitzera. Bizi gaitezke hemen, baina berak transmititzen zuena hori zen. Nire bizitzan inflexio puntua izan zen Clèmenti aditu nion eguna, konturatu bainintzen ordura arte izan nitzakeen aldarrikapen pertsonal askok ez zeukatela zentzurik. Bizitza inguruan dauzkagun lau gauzekin pozik bizitzea dela ikasi nuen, eta hori gure esku dagoela. Gehiago izateak ez du esan nahi zoriontsuago biziko garenik. Jabetu behar gara bizitzea bera badela nahiko arrazoi pozik bizitzeko. Bizitzea egokitu zaigu eta hori bera zorte handia da.
 

Hori dena irakatsi dizu baratzean lan egiteak?


Bai! Momentu honetan ez dakit baratzerik gabe bizi nahi nukeen. Baratze batean dena ulertzen da. Nik hedapen pertsonal handia izan dut baratzearekin. Konturatu naiz maila oso oneko barazkiak lortu daitezkeela, eta dibertsifikatuz gero ez dudala apenas erosketarik egin beharrik. Ikaragarrizko askatasuna da. Lurrarekiko lotura ematen du baratzeak, horrenbeste galtzen ari garen hori. Baratzera jarrera umil horrekin hurbilduz gero, ohartuko gara lurra bizirik dagoela eta, lurra mimatuz gero –kimikorik bota gabe, ondo estaliz, lur azalean belarra jarriz...–, barazkiak askoz hobeto hazten direla. Feedback-a dago. Lur abandonatuak okupatzera eta baratzeak jartzera animatu nahi dut jendea. Gainera, behin hasiz gero betirako da afizio hau. Baratzearekin, gustura hiltzeko modu bat aurkitzen du batek bizitzan.
AZKEN HITZA
Doala... baina doala guztia
“Ekoportua astakeria ikaragarria iruditzen zait, ez diot inongo zentzurik ikusten. Hor sartuko diren milaka milioi euroek helburu bakarra dute: eraikuntza enpresetako jabeen patrikak haztea eta haien atzean dauden alderdi politikoek etekin ekonomikoak ateratzea. AHTaren inguruan, ez dut iritzi garbirik. Betikoa da: Segura herria zergatik da gaur egun den modukoa? Bertan bizi ziren jauntxoek ez zutelako nahi izan Irun-Madril trena handik igarotzerik. Trenak Urretxu, Legazpi eta Zumarragatik eman behar izan zuen buelta, Segura uharte baten antzera inguratuta. Eta zer gertatu zen? Zumarraga, Urretxu eta Legazpi asko garatu zirela, eta Segura herri bukolikoa dela. Zer den hobea? Ez dakit. Hedapenaren kontra gogor jarriz gero gauza guztien kontra jarriko nintzateke. Doala popatik hartzera, baina doala guztia: autoa, argindarra eta dena. Ez AHTa bakarrik: dena”.
Nortasun agiria
Donostia, 1967. Nekazal ingeniaritza egin zuen Iruñean, eta Paisajista ikasketak Edinburgon. Edinburgotik bueltan sortu zuen “Lur paisajistak” estudioa, 1993an, eta geroztik, lorategi, parke eta berdegune publiko nahiz pribatu asko diseinatu ditu. Oiartzunen bizi da, mendian, 3.000 m2-ko lorategiaren alboan. Urteak daramatza Bricomania eta Decogarden telebista saioetan lorezaintza aholkuak ematen.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude