Pirroren garaipen garestiak

Herakleako erromatar mosaikoa
Epiro (Grezia), K.a. 318. Pirro jaio zen, gerora –K.a. 307tik 302ra eta 279tik 272ra– Epiroko errege izan zena. Garai hartako militarrik gailenetakoa izan zen eta, beraz, Erromatar Errepublikaren etsai nagusietakoa. Bere erresuma zabaltzeko grinak, besteak beste, Mazedonia eta Tesalia konkistatzera bultzatu zuen, baita hainbat herri greziarrekin bat egitera ere.

K.a. 281. urtean Tarento hiria erromatarren aurkako gerran zegoen eta epiroarrei laguntza eskatu zien. Pirrok erromatarren aurkako bi gatazka gogor burutu zituen hurrengo bi urteetan. Lehena, Herakleakoa, Lukaniako probintzia erromatarrean. Pirroren armada 20.000 soldaduk, 3.000 zaldizkok eta 26 elefantek osatzen zuten. Parean, Laverio Laevinok 35.000 soldadu erromatarreko armada zuen epiroarrei aurre egiteko. Gudua Pirrok irabazi zuen, baina erromatarrek baino galera larriagoak izanda: 35.000 erromatarretik 15.000 hil ziren; Pirrok aldiz bere soldaduen erdia baino gehiago galdu zituen, 13.000 hain zuzen. Asculumeko gatazkan (Apulia probintzian) ere Pirro nagusitu zen, baina galerak, berriro ere, oso handiak izan ziren “garailearentzat”.

Batzuek diote “garaipen pirrikoa” esamoldeak Herakleako gudua duela jatorri, beste batzuek, aldiz, Asculumeko guduagatik sortu zela. Argi dagoena da Pirroren garaipen gogorren ondorio dela, eta egun galtzailearentzat baino garailearentzat kalte handiagoa dakarren garaipenak izendatzeko erabiltzen da. Pirrok berak, jasandako kalteez jabetuta, zera bota omen zuen: “Halako beste garaipen bat eta gureak egin du”.

Handik aurrera, Epiro buru zuen mendebaldeko erresuma greziar boteretsua sortzen saiatu zen. Baina. orduko hartan, erromatarrek mendean hartu zuten eta beraren asmoak porrot egin zuen. Espartaren aurkako gerra ere galdu egin zuen eta Argosera ihes egin behar izan zuen. Han zela, K.a. 272. urtean, teila batek buruan jota hil zen urte gutxi batzuk lehenago Erroma ahalguztiduna birritan mendean hartu zuen hura.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia klasikoa
Etruriar emakumeak greziarren begietan

Grezia, K.a. IV. mendea. Hainbat greziar pentsalarik, esaterako, Aristotelesek edo Heraklidesek, etruriarrei buruz idatzi zuten, Italiar penintsularen erdialdean eta iparraldean bizi zen herriari buruzko iritzi negatiboa jasoz. Etruriar emakumeak kritikatu zituzten bereziki, eta... [+]


Partenoiko marmolen bideak

Joan den martxoaren 24an, Partenoiko frisoko eskulturen hiru zati Atenasera itzuli dituzte, zehazki hiru buru: haur batena, zaldi batena eta gizon batena.


Ekonomia, politika eta idiotak

Mizenasko zibilizazioa gainbehera etorri zenean, Greziako Aro Ilunean eta Aro Arkaikoan publikoaren eta pribatuaren arteko ezberdintasuna zedarritu zuten hitzek ere. Etxe barruko ekonomiatik plaza publikoko politikara, eta idiotes-en eremu pribatura.


Maitasun diotimikoa

Atenas, K.a. V. mendea. Periklesek deituta, Diotima Mantineakoa emakume apaiza eta filosofoa hirira iritsi zen, hamar urtez luzatzen ari zen izurri agerraldia eteteko, jainko-jainkosen laguntza bila zezan.


Arrapalak eta mugikortasuna Grezian

Antzinako Greziako hainbat tenpluen sarreretan, eskailerez gain, arrapalak topatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude