Kartzelatik ateratzea, bigarren kondena

  • Kartzelak ez du gizarteratzen, ez da kontu berria. Hala diote preso ohiek eta eurekin lan egiten duten elkarteek. Horregatik, benetako infernua kalean uzten dituztenean hasten da askorentzat; baliabiderik eta familiarik gabe, eta presondegiak utzitako desoreka psikiko, fisiko, sozial eta emozionalen zamarekin. Zortea dutenek gizarte talde pribatuen laguntza jasoko dute.
Pepe Villegas
Pepe Villegas, 65 urteko preso ohiaDani Blanco
“Oso leku ankerra da kartzela, gorrotoa eragiten duena, eta gorroto horrekin ateratzen zara kanpora. Aske utzi ninduten lehenengo aldietan, agresibitate handia neraman barruan, hamalau urte giltzapean egon ostean psikologikoki gaizki nengoen, oso ero, eta ez nengoen gizartean bizitzeko prest. Beldurra nuen, segurtasun falta; eskutik eraman behar ninduten edozein lekutara, jaioberria banintz bezala. Gaur egun oraindik biolentzia ateraldiak eta normalak ez diren jarrerak ditut batzuetan. Gainera, nora joan ere ez nuenik, berdinera itzultzen nintzen beti: lapurretara eta droga-salerosketara”. Pepe Villegasen hitzak dira, 65 urteko preso sozial ohia.
 
Valladoliden jaio zen Villegas, baina txikitatik Gasteizen bizi da eta gasteiztartzat du bere burua. Lauzpabost kartzelaldi batuta, denera 25 urte igaro ditu Espainiako Estatuko espetxeetan, lehen aldiz frankismo garaian, 1970ean, hainbat lagunekin autoetan lapurtzeagatik. “Julai sartu nintzen kaiolan eta atera nintzen bigarren aldirako, autoak lapurtzetik bankuak lapurtzera pasa nintzen, barruan ikasitako teknikei esker. Gizarteratzeko baino, delinkuentziarako eskola da kartzela”. Duela hamahiru urte giltzaperatu zuten azkenengoz: lau urte eta bost hilabete bi kilo haxixekin harrapatzeagatik. Eta azken eguneraino betearazi zioten kondena.
 
Ziurrenik, gurpil zoro horretatik ezin atera jarraituko zukeen Villegasek, edo berak dioenez, hilda dagoeneko, Langraizeko espetxean Salhaketa elkartea ezagutu izan ez balu. Kartzelatik ateratzen direnak gizarteratzen laguntzeko lan egiten duten talde sozialetako bat da Salhaketa, eta presoentzako duten pisuan hartu zuten Villegas. Boluntario hasi zen elkartean, eta ordainetan, adiskidetasuna jaso du, babesa, edozein arazorekin laguntza, izapideekin aholkularitza, “eta baliagarri sentiarazten naute”.

Internamendu sindromea

Salhaketa 1981ean sortu zen Bilbon, 1985ean egoitza ireki zuen Gasteizen eta 1990ean Iruñean. Urte hauetan guztietan, atera berri diren preso asko ezagutu dituzte. Bakoitzaren egoera desberdina den arren, kartzelara sartzen diren gehienek profil bera dute: %90a baino gehiago gizartean marjinatuta dagoen jendea da, osasun publikoaren kontrako delituak inputatuta (droga-salerosketa eta lapurretak, batik bat). Aurretik dituzten gabeziak konpondu beharrean, espetxeak okertu eta kronifikatu egiten dituela dio Cesar Manzanos Salhaketako kideak, eta kanpora ateratzen direnean ezaguna duten bizimodura bueltatzea dela arriskua. Norbaitek kartzelan denbora asko eman badu, internamendu sindromea izan dezake gainera: hain ondo barneratuta dituen barruko arauak desegokiak dira kanpoan moldatzeko. “Jendea aurki dezakezu alde batetik bestera noraezean paseatzen, kartzelako patioan egongo balitz bezala; beldurra izan dezake jendearekin aurkitzeko kalea handiegia iruditzen zaiolako; barruan bizitzaren xehetasun txikiena ere programatuta duenez, umetuta ateratzen da, autonomia eta garapen gaitasunik gabe; ez da inorekin fidatzen; pentsatzeko ahalmena ezeztatu diote…”, zerrendatu du Manzanosek. Erregimen irekia defendatzen du elkarteak, presoak kanpoko bizimodura pixkanaka ohitzen joan daitezen, baina ez dela hala egiten eta guztiz abandonatuta ateratzen direla kritikatu du Manzanosek. Batzuk delitua nahita egitera ere iritsi dira espetxean berriz sar ditzaten, ez dutelako ezer kanpoan, ez dakite nola jokatu eta ez dute nora joan. Pisu sozialetan hastapenerako bizilekua emateaz gain, autonomia hori berreskuratzen laguntzen diete Salhaketan, kanpoko errealitatearen arauetara moldatzen, izapideak egiten, lanbide bat ikasten edo lana lortzen, euren bizitzen ardura har dezaten.
 
Etorkinek are zailago dute

Gizarteratze prozesuan, zailtasun ugariri egin behar zaio aurre. Osasunaz gaizki dagoenak, kartzelak uzten dituen ondorio fisikoekin, zaila dauka bizimodu normala egitea, osasuntsu egotea da lehentasuna. Psikologikoki ere, autoestimua, asmoak eta itxaropenak berreskuratzen lan handia egin behar da, frustratuta ateratzen baitira. Etorkinek are zailagoa dute: kartzelan %35 dira etorkinak, asko kartzelaldi prebentiboan –epaitu arte kartzelan alegia, nahiz eta gero agian kargurik gabe atera–, eta irtetean maiz ez dute paperik lortzen. Halaber, bizileku-txartela sinatzea badagokie eta giltzaperatuta egoteagatik ezinezkoa bazaie, akabo eduki ditzaketen aukera urriak.
 
Pepe Villegas jendearen erreakzioaz ere mintzo da: “Ez dizute gainontzekoei bezala tratatzen eta gaizki begiratzen dizute, baina umorearekin hartzen ikasi dut. Behin tabernan erratza pasatzen ari nintzela, emakume batek nire aurpegia ikusi eta poltsa estu gorde zuen altzoan. ‘Ni taberna garbitzen duena naiz’, esan nion, ‘zuri lapurtzen dizuna traje eta gorbatarekin etortzen da’”. Fernando Kerejeta –izena aldatu diogu– gipuzkoarrarentzat ere zaila izan da zulotik ateratzea: “Konfiantzarik gabe atera nintzen, kartzelako depresioa eta utzikeria oraindik borborka, eta baliabiderik gabe, espetxean hiru urtez lan egin arren ez dudalako ez kobratu, ez subsidiorik, ez paperik, ez parorako eskubiderik”. Ziur da tabernara eta drogen mundura itzuliko zatekeela, lehengo bizimodura, Loiola-Etxea izan ez balu.
 
Loiola-Etxea, familiaren pare

Fernando Kerejetak familia bat topatu du Loiola-Etxean. Gauero Martuteneko kartzelara joan behar du oraindik lotara, baina goizean goiz Donostiako egoitza ederrera hurbiltzen da; azken solairuko paretak margotzen aurkitu dugu guk. Familia berriari esker, igeltsero ikastaroa egiten ari da, paperak eguneratzen, analisiak eta errebisioak egiten, bere burua zaintzen.
 
Hain juxtu, familia bat osatzea da ekimen honen helburua, “hitz egiteko, jostatzeko, haserretzeko, elkar banatzen ikasteko… eta etxera iristean norbait izan dezaten. Askok ez dute inoiz familiarik izan eta funtsezko bultzada da gizarteratzeko garaian”, dio Manu Arrue Loiola-Etxeako jesuitak. Etxeko lau jesuitek eta bikoteak elkarbizitza eskaintzen diete preso ohiei, edo, eurek dioten moduan, hartu dituzten hamabi gonbidatuei. Nikaragua, El Salvador, Galizia, Senegal eta Euskal Herriko jendea daukate une hauetan, biko logeletan banatuta, eta jada ez dute bakarrik Martuteneko kartzelarekin lan egiten, gizarte zerbitzuetatik edota adin txikikoen zentroetatik ere eramaten dituzte gonbidatuak, esperientziak erakutsi dielako horrek elkarbizitza aberasten duela. Adibidez, emakumeak jasotzea arazo izan zitekeenaren beldur ziren hasieran –urtetan sexurik izan ez duten gizonezkoen artean–, baina pozik daude orain Nikaraguatik jakin gabe haurdun etorri zen emakumearekin eta haren alabarekin.
 
Hasieran, Martutenen boluntario aritzen ziren jesuitek pisu batera bideratzen zituzten presoak, euren kasa utziz, baina konturatu ziren espetxeko portaerak errepikatzen zirela han ere, drogarekin, lapurretekin edo borrokekin lotuak. Elkarbizitza oinarri hartuta, familia modukoa sortzea beharrezkoa zela ikusi zuten eta hala jaio zen Loiola-Etxea, 2000. urtean. Kartzelan bertan hasten duten harremanaren bidez iristen dira egoitzara eta oinarrizko baldintzak jartzen dizkiete: inongo drogarik ez kontsumitzea eta behar izanez gero errehabilitazio zentroan izena ematea. Onartuz gero, etxeko kideak bidelagun izango dituzte uneoro.
 
Kartzelatik atera eta berehala beldurra da nagusi, ez dakite elkarrekin bizitzen, baina pixkanaka baretzen joaten dira. Bakartxo Etxeberria Loiola-Etxeako kideak azaldu duenez, “ezinezkoa da eskatzea atera eta hurrengo egunean lanean hasi daitezela. Paperak egin behar dira lehenik, errolda, medikua bilatu, eta ondoren, ikastaroak edo zuzenean lana topatu”. Asteazken gauetan biltzen dira denak, euren gauzez hitz egiteko, onak eta txarrak. Autolaguntzako talde txikiagoak ere egiten dituzte, norbera nola sentitzen den kontatzeko. Zazpi-zortzi hilabetera krisia sortu ohi dela kontatu digu Etxeberriak: dena lortua dagoela iruditzen zaie, baina ikusten dute lortutako “normaltasun” hori ez dela hain normala. Eurek ezin dute alkohola normal kontsumitu –menpekotasuna badute– edo porroak noizbehinka erre besterik gabe, edo ezin dituzte gauza asko erosi… “Baina krisi normalak dira, aurrera ateratzeko beharrezkoak”.
 
Prozesua ez da erraza, bakoitzak bere erritmoa du, eta duen mina edo zauria kontuan hartuz, denborak desberdinak dira. “Norbait puskatzen denean, besteoi ere eragiten digu, familia bat gara, baina gizakiekin lan egiten dugunean ezin dugu pentsatu dena karratua denik, beti espero bezala aterako denik. Hala ere, askorentzat hau azken aukeraren etxea da, aurretik leku ugaritan izan direlako, eta horregatik pazientzia handia izan behar dugu, euren aldeko apustu garbia egin behar dugu”, dio Etxeberriak.
 
Noiz dago hegan egiteko prest?

Loiola-Etxean gutxi gorabehera urtebete igaro ostean, bigarren urratsa emateko prest izaten dira preso ohiak: elkarteak dituen beste bi pisuetako batera joaten dira bizitzera, euren kasa. Han ere segimendua egiten diete, baina askoz ere maiztasun urriagoarekin. “Azkenean, pixkanaka askatzen joaten gara, independentzia ematen, familien moduan baita ere. Batzuek oso pozik ematen dute pausoa, dena lortua dagoela uste dutelako, eta beste batzuk gure magaletik urrundu beharraren beldurrarekin joaten dira”, dio Txema Auzmendi jesuitak. Bigarren pisuan urtebete inguru eman ostean, elkartearena ez den beste pisu bat lortu behar dute preso ohiek, baina sarritan zaila dute, etxearen jabeak itxura txarra ikusten badie edo etorkinak badira.
 
Eta noiz dago bat erabat gizarteratua? “Gure ustez –erantzun du Etxeberriak–, jada ez gaituenean behar ez aholkua eskatzeko, ez izapideak egiten laguntzeko; lana lortuta ekonomikoki bere burua aski duela ikusten dugunean. Noski, harremana geratzen da, laguntasuna, baina bestelakoetarako ez gaitu behar”.
 
Gainera, harro esan dezakete fruitu onak eman dituela elkarbizitzan oinarritzen den esperientzia honek: azken urteetan, izan duten gonbidatuetatik inor ez da kartzelara bueltatu. Estatistiketatik haratago, norbaitek urtebetez garai bateko portaerak baztertu eta elkarbizitzen jakin izana nahikoa zaio Auzmendiri, duten erronkaren arrakasta baloratzeko. Salhaketako pisutik pasa den gehiengoa ere ez da kartzelara bueltatu eta Cesar Manzanosen arabera, horrek argi uzten du baldintza egokiak eskaintzen dizkiozunean ohiko dinamikatik atera daitekeela preso ohia. “Baina askok ez dute halako aukerarik, eta baldintza egokirik gabe, inertziaz betiko bizimoduan amaitzen dute”. Bere hitzetan, espetxerako bidea errepikatzen dutenen kopurua altua da oso (%40-50), eta gizarte sare egituratuago batek kopurua murriztuko luke.
 
Loiola-Etxea edo Salhaketaren moduko elkarte pribatuek ehundik gora ekimen dituzte martxan –ikus koadroa–, baina Manzanosen esanetan, babes administratibo txikia dute, diru-laguntza gutxi eta ez dute egitura bateraturik; ondorioz, arazoa gainditzeko adabakiak baino ez dira. “Preso ohiekin osasun, lan, hezkuntza, familia-laguntza arloan dagoen hutsunea guk betetzen dugu; eskandalagarria da lan hau guk egin behar izatea administrazioak ez duelako egiten. Pisua daukagu ateratzen direnentzat, eta kreditu batekin ari gara ordaintzen, babes ekonomikorik gabe. Presoen profilaren beharrak ikusita, euren errehabilitaziorako sare sozial publikoa eratzea erraza litzateke, makrokartzelak eraikitzea baino hamar aldiz merkeagoa, baina ez da egiten, makrokartzelak eraikitzea delako negozioa”.
 
Arrue jesuitaren hitzetan ere, kartzela-sistema pobreentzako dago egina, aberats eta erdiko klase gutxi dago bertan, eta ez da gizarteratzeko eredu egokia, “gehienez eutsi egin dezake, baina pertsonen egoerari buelta emateko kanpoan egindako alternatibak dira bidea; gurea bezalako zenbat eta alternatiba gehiago eraiki, orduan eta konponbide gehiago lortuko ditugu”.
 
Azken aukera

“Ez dut sartu nahi kontu moraletan, baina orain argi daukat lapurtzea ez dagoela ondo. Halere, inoiz ez diot jendeari lapurtu, erakundeak lapurtu ditut, eta trapitxeoan aritu naiz”, aitortu digu Pepe Villegasek. Alokairuan bizi da, Gasteizko Udalaren diru-laguntzekin, eta guztiz integratua dagoela dio. Lagun taldea du, irakurtzea eta musika entzutea atsegin du eta noizbehinka hitzaldiak ematen ditu Salhaketarekin. Zortzi urte igaro dira azkenekoz kartzelan egon zenetik, baina oraindik, gauetan begiak itxi eta burdin-hesiekin egiten du amets batzuetan.
 
Fernando Kerejeta berriz, ziur dago igeltserotza ikastaroan seihileko kontratua eskainiko dieten ikasleen artean (%60ari) bera hautatuko dutela, igeltseroa baita. “Badakit zer nahi dudan eta badakit hau dela azken aukera: nik diodan moduan, hau bide zuzena da eta ezin dut bihurgunerik hartu”. Elkarte hauen laguntzatik at geratzen diren presoak asko eta asko dira, ordea. Halakoetan zer? Kerejetak ez du zalantzarik: “Buelta gurpilera, eta buelta kartzelara, argi eta garbi”.
Emakumezko presoen onarpena
Iruñean Navarra II presondegia eraiki nahi dute 2010erako, Soltxateko Santaluziagañan. Esperientzia berritzailea probatuko da bertan, eraikinari itsatsita 50 gelako gizarteratze zentroa izango baitu. Halako ekimenek egoera hobetuko al duten ikusi bitartean, presoen gizarteratzeak elkarte pribatuen esku jarraitzen du Euskal Herrian. Diru-laguntzak jasotzen dituzte, dena den, eta 2009an esaterako Eusko Jaurlaritzak ia 307 milioi euro bideratuko ditu zeregin horietara, 2008an baino %23,66 gehiago.
 
Elkarte pribatu hauek preso ohiekin alor zehatzetan lan egiteko programak dituzte: hala nola, toxikomanoekin (Lur Gizen, Bizitegi…), hiesa dutenekin (Hiesaren Kontrako Komisioa, Itxarobide…), etorkinekin (Caritasen Laguntza-Etxea…), ijitoekin (Gao Lacho Drom…), lana behar dutenekin (Sartu, Zubietxe…), aholkularitza juridikoa behar dutenekin (Izangai, Heldu…), edota mediku-laguntza behar dutenekin (Etorkintza, Arrats…). Askok zuzenean pisu sozialak eskaintzen dituzte.
 
Emakumeekin lan egiten duten elkarteak ere badira. Gizonezkoekin alderatuta, askoz gutxiago dira emakumezko presoak eta euren benetako kalbarioa espetxea bera da: ez dago emakumeentzako kartzelarik Euskal Herrian eta presondegi orokorrek moduluak dituzte eurentzako. Legeak baietz dioen arren, emakumeek ez daukate hirugarren graduan modulutik ateratzeko aukera eta ama direnentzako modulu berezirik ere ez dagoenez, atzerriko espetxeetara eramaten dituzte. Haurrak hiru urte betetzen dituenean bere gain hartuko duen inor ez bada kanpoan, umea galtzen du amak. Behin kanpoan, ordea, gizarteratzeko edo behintzat lana lortzeko errazagoa omen dute, Hegaldi emakume elkartearen arabera: etxeak garbitzen edo zaharrak zaintzen lan eskaera handia dago eta lehenago onartzen dituzte emakumezkoak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


2024-05-14 | Hala Bedi
Kutxi kaleko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


Eguneraketa berriak daude