Hotel krudela emakumeentzat

  • 1938tik 1944ra, milaka emakume eta haur kartzelaratu zituzten Saturraranen. Bizi-baldintza tamalgarrietan iraun zuten, gaixorik eta gosez. Gerraosteko kapitulu beltza da hau, nahi baino gehiagotan historiak ezkutatu duena.
Saturrarango kartzela
Harriturik gelditzen ziren hara heltzen zirenak. Tren bagoi ziztrinetan Espainia osoa zeharkatu ostean, mendi malkartsuen eta itsasoaren artean, kartzela itxurarik ez zuten etxetzar batzuk izaten zituzten aurrez aurre. Baina, aldameneko guardia zibilak, soldaduak eta atari sendo bezain handiek gogoratzen zieten zigortuendako leku bitxi batera eraman zituztela. Saturraranen zeuden (Mutriku, Gipuzkoa), beraientzat espresuki atondutako presondegi berezian.

Ordurako ezagunak zitzaizkien frankisten espetxeak, izan herrietako kartzelak edo izan probintziakoak. Ezagun zitzaien, nola ez, Madrilgo Las Ventas ospetsua ere. Azken hori izan zen emakumeendako kartzelen sarean garrantzitsuena. Las Ventasen eraikuntza Victoria Kent Presondegietako zuzendari ezkertiarrak bultzatu zuen, gerra aurreko asmo berritzaileek eraginda. Errepublikarekin eraiki bazuten ere, laster bilakatu zen frankisten zigor politikaren eta kate errepresiboaren ardatz nagusietakoa. Izan ere, 500 presoendako prestaturik zegoen leku txikian, 1939an 11.000 emakume zituzten gatibu, bertako ziega eta aretoetan pilatuta. Gehienak epairik gabe zeuden, baina behin-betiko epaia jasotzen zutenean, Estatuko beste kartzeletara eramango zituen bidaia hasten zuten; Madrilgo Las Ventastik emakume preso aunitz bidali zituzten Mallorcara, Malagara, Durangora, Zornotzara eta Saturraranera. Lehendabiziko biak espetxe arruntak ziren, Las Ventas bezalakoxeak, baina Euskal Herrikoak, komentu, ikastetxe eta apezgaitegiak izan ziren iraganean.

Bilakaera xelebre horren arrazoia bistan da: frankisten garaipenak presoen kopurua ugaritu zuen proportzio geometrikoan eta ondorioz, kanpaina militarrak bukatu orduko, kartzela berrien beharra nabaritu zen. Izan ere, betiko espetxeak eta kontzentrazio esparruak edo langile batailoiak ez ziren aski zegoen gatibu andana gordetzeko. Horregatik, komentu eta ikastetxeetako gelak egokitu zituzten, ziegak, burdinak eta zaindariak jarriz, errepresioa aplikatzeko asmo osoz. Durangokoa, esate baterako, gerra hasi baino lehen moja frantsesen komentua zen, baina borroken ondorioz hutsik geratu zen eta frankistek kartzela gisa erabili zuten, bertako serorek beraiena zena aldarrikatu eta berreskuratzea lortu zuten arte.

Itsas labarrak hesiturik

Saturraranen, Mutrikuko itsas ondoko orube horretan, aspaldiko bi hotel zahar  –Astigarraga eta Saturraran– eta apaiztegi izandako etxea zeuden. Frankistek hiru eraikinak bereganatu eta emakumeentzako espetxe bihurtu zituzten; 1944. urte arte izan zuten funtzio zital hori. Lehen presoak 1938ko urtarrilean eraman zituzten kartzela berrira, Donostiako Ondarretako espetxetik. Pixka bat beranduxeago preso gehiago iritsi ziren: Galiziatik, Bizkaitik, Kantabriatik eta bereziki Asturiastik; azkeneko “apopilo” horiek izan ziren gehiengoa kopuruz.  

Ipar frontea hondoratu zenean, frankistek gatibuen uzta oparoa jaso zuten eta hortik aurrera kopurua handituz joan zen etengabe. Hasierako preso multzo handiei gehitu zitzaizkien Andaluzian eta Gaztelan 1939az geroztik harrapatutakoak. Ondorioz, Saturrarango emakumeentzako espetxea gero eta garrantzitsuago bilakatu zen presondegietako egituran. 1940an 1.500 presotik gora zegoen bertan eta hiru urte beranduago, nahiz eta kopuru hori heren batean jaitsi, Saturrarangoa zen emakume gehien biltzen zuen kartzela 1.050 atxilorekin –Madrilgo kartzelak 400 preso eta Malagakoak 200 zituzten, hurrenez hurren–.

Bizilekuak nola hala prestatu zituzten Saturraranen, bai emakumeak eta bai beraien haurrak gordetzeko. Eraikuntza txikiena guardia zibilen eta soldaduen koartela zen eta beste biak presoentzako ziegak. Itsas labarrak hesitzen zuen eremu horren barruan, sei pabiloietan banandu zituzten presoak. Batean, antzinako Hotel Astigarragan, amak eta horien seme-alabak zeuden. Gehienak jaioberriak edo oso adin txikikoak ziren; 1940an indarrean jarritako legediaren arabera 3 urte bete arte egon zitezkeen haurrak amarekin. Gainontzeko pabiloietan umerik gabeko emakume presoak zeuden. Kartzela handietako galerietan gertatzen zen legez, Saturraranen ere, debekatuta zuten pabiloi batetik bestera igarotzea eta bakarrik kartzeletako zaindariaren festan, Mesedetakoan edo Korpusti eguna bezalakoetan uzten zieten horrelakorik.

116 emakume eta 56 haur, gaixoturik hilda

Bizi baldintzek, noski, ez zuten lehengo hotelarekin zerikusirik, ezta apaiztegia izandakoarekin ere. Kartzela ireki eta lehenengo hilabeteetan oherik gabe egin behar izan zuten lo presoek, zurezko lurraren gainean. Pabiloietako aretoetan 45 zentimetroko zabalera zuen leku estua moldatzen zuten beraien hatua paratzeko. Bazkaltzeko berdintsu: mahairik eta jangelarik ez zegoenez, metalezko platerean jatekoa eskuratu eta lur gainean eserita jaten zuten arrantxoa, erabateko isiltasunean. Bestalde, janaria oso urria zen eta senideek eta inguruko herrietako lagunek bidalitakoarekin konpondu behar izaten zuten. Testigantza guztiek bat egiten dute esatean gose ikaragarria pasa zutela eta horri aurre egiteko, kanpoko elkartasuna ez zela nahikoa izan. Gainera, presoak zaintzen zituzten lekaideek, kanpotik bidalitako jakiak bereganatu eta presondegiko ekonomatoan jartzen zituzten salgai, Ondarroako arrantzaleek presoentzat emandako arrainak, adibidez.

Gaixotasunek ere oso gogor jo zuten hotel bitxi horretan. Mutrikuko hildakoen liburuek zehatz-mehatz esaten dute 116 emakume hil zirela 1938tik 1944ra bitartean Saturrarango murruen artean. Hainbeste hildako zegoenez, arduradunek hilerria sortzea pentsatu zuten, baina asmoak ez zuen aurrera egin eta betiko sistemarekin jarraitu zuten; hau da, hildakoak Mutrikuko kanposantura gurdian eramaten. Eritasun hilkorrenak tuberkulosia eta bronkopneumonia ziren, baina beste gaitz askok ere –digestioan arazoak, tifusa, nefritikoak...– oso latz jo zuten giltzaperatutakoen artean. Hildakoen liburuetan garbi ageri da haur ugari hil zela urte horietan, 56 haur, zehatz esateko. Tristea bezain bitxia da horien berri izatea soilik hil zirelako. Izan ere, linboan baileuden, beraien berri ez zuten ematen kartzeletako agirietan eta hiltzen zirenean baino ez zituzten izkiriatzen haien izenak Mutrikuko eliz liburuetan. Iturri horren arabera, horietako asko errakitismoaz edo bronkopneumoniaz hil ziren. Umeen hil jario hori 1944an amaitu zen, ume gehienak, bat-batean eta inolako jakinarazpenik gabe, Espainiako Estatuak kudeaturiko hospizioetara aldatu zituztenean. Orduz geroztik, beste tragedia bat hasi zen, behin haurra amarengandik bereiztean, amak oso zaila baitzuen seme edo alabatxoa berreskuratzea.

Arantzazu Velez de Mendizabal: “Pantera zuria”

Miseria guzti horien kudeatzaileak eta agintariak ez ziren ohiko kartzeletako zaindariak izan, lekaide batzuk baizik. II. Errepublikarekin, espetxeetako kaperauen saila desegin eta emakumeentzako kartzeletan zeuden serorak ere kanporatu egin zituzten. Baina, jakina, frankistek “zerbitzu” hori berrezarri zuten. Emakumeen espetxeetara mota guztietako mojak itzuli ziren atxilotuez arduratzeko. Zornotzakoan, esate baterako, San Joseren ahizpek jardun zuten, eta Iruñekoan, San Vicenteko Karidadekoek. Saturraranen, eraikinen kanpoaldea 50 bat soldaduk zaintzen zuten arren, barruko erregimen osoaz Mesedetako 25 lekaide arduratu ziren. Pabiloi bakoitzean 4 serora zeuden eta guztien buru Arantzazu Velez de Mendizabal izan zen. Manuel Sanz eta Antonio Maya zuzendarien laguntzaile zuzena zen Velez de Mendizabal, eta funtsean, preso guztien aurrean nagusia zen. Oso ospe txarra irabazi zuen “pantera zuria” deitu izan zuten serora horrek; errepresioaren eta agintearen ikurra izateaz gain, joera oso oldarkorra erakutsi zuen beti presoekiko: “Jaungoikoaren ordezkaria” omen zelako, bere aurrean eskua altxatu behar izaten zuten presoek, “Arriba España!” oihukatzen zuten bitartean. Dirudienez, preso arruntekin, “emakume galduekin” bereziki, izaten zen jokabidea –diziplina gogorraren bitartez makurraraztearena– preso politikoei ere ezarri nahi omen zien. Baina Saturrarango emakumeekin jarrera horrek ez zuen balio izan, behin eta berriz zigorrak ezarri bazizkieten ere –isolamendu ziegetan sartzea, batez ere–. Lehen hilabeteetan lehia gogorra izan zuten presoek eta serora horiek, lehendabizikoek bere status politikoaren onespena erdietsi zuten arte. Orduz geroztik zokoraturik geratu ziren nazionalkatolizismo itsuaz baliaturik egindako inposaketak –errosarioa errezatzea, mezetan, misioetan eta katekesietan parte hartzea…–. Norbaitek horrelako ekintzetan parte hartu nahi bazuen, eginen zuen, baina ez serorek agintzen zutelako; beraz, bakoitzak bere leku eta ideiei eutsi zien. Testuinguru berezi horretan, bitxia bada ere, bertako apez Jose Maria LLepasek oroitzapen arras onak utzi zituen hor egondako presoen artean. Inguruko herrietatik jaso zuten laguntza askoren bultzatzaile izan zen LLepas eta kartzelan zeudenekin jarrera gizatiarra erakutsi zuen.  

Hezkuntza jardueretan eredugarria

Dena den, beraien nortasun ideologikoari eustea baino askoz gehiago ezin zuten egin hor zeuden emakumeek. Beraiek aitortu dutenez, jardun politikorik apenas izan zuten. Korronte guztietakoak izanik ere –komunistak, sozialistak, euskal nazionalistak–, bizirauteko beharra izan zen beraien arteko lotura eta elkartasun uztarri bakarra. Ez zen izan, beste kartzeletan bezala, eztabaida  politiko sendorik, barne aldizkaririk edo ekimen politiko nabarmenik. Bertan egon zirenek esan izan dute informazio politiko eskasa zutela, eta arranguraz –eta ironiaz– gogoratzen dute, kartzelatik entzuten ziren Ondarroako ezkilek frankisten aurrerapenen berri ematen zietela. Hiri garrantzitsu bat eskuratzen zuten bakoitzean, jo eta ke aritzen ziren ezkilak. Gero zeharkako informazio hori baieztatzen zuen Te Deum-a egiten zuten, nazionalen garaipena eskertzeko. Horrelako ospakizunak amaitu zirenean jakin zuten gerra galduta zutela eta hortik aurrera Saturraran luzarorako izanen zela emakume askoren sufrikario gunea.

Oinazea leuntzeko asmoz-edo, hainbat ekintza antolatu zituzten presoek, arrakasta handiz gainera. Hagitz ohikoak ziren tailerrak aparte utzita –dominak egin, josi, brodatu...–, alfabetatze eta kulturizazio jarduerak jarri zituzten martxan; horretarako, espetxeko maistren laguntza izan zuten. Emakume preso horiei esker, Saturrarangoa eredugarria izan zen eremu horretan. Baina inolaz ere Redención aldizkariaren ikuspegitik –Espainiako presondegiak harrokeriaz loriatzen zituen, Saturraran eta San Isidroko Amen kartzelak kasu–, baizik eta presoek beren kabuz egindako ahaleginarengatik. Saturrarango kartzelako egiazko egoeraz ozenki hitz egitea ezinezkoa zutenez, umeen lekualdatzea egin ostean, kartzela bera ixtea erabaki zuten frankistek. Zornotzakoa berregituratu zutenean hara eraman zituzten Saturraranen zeuden hainbat preso eta gainontzekoak Estatuko kartzelatan sakabanatu zituzten. Hori 1944 aldean izan zen eta ordurako presoen kopurua dezente jaitsi zen. Jakina denez, 1943az geroztik II. Mundu Gerrak hartutako norabideak beharturik, frankistek moteldu egin zuten beren jokabide errepresiboa. Indultuen bitartez, preso kopurua –bereziki emakumeena– asko gutxitu zen. 

Libre utzitako batzuk Saturraranen inguruan geratu ziren –Eibarren, Ondarroan edo Mutrikun–, barruan gelditutako adiskideentzat elkartasun lanetan aritzeko. Jakin baitzekiten diktaduraren amaiera urrun zela, baina era berean, gerra galduta ere, kartzeletan bizi izandakoak adierazten zien oker ez zeudela, Francoren espetxe sare tamalgarriak ere indartzen zuela beraien arrazoia,  beraien aukera eta jardun politikoa.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeak eta errepresioa frankismoan
Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


2023-03-28 | Antxeta Irratia
Aberria egin zuten milaka emakume abertzaleren memoria berreskuratzeko lanetan dihardute Irunen

1922tik II. Mundu Gerra artean Emakume Abertzaleen Batzak bildutako 23.000 emakumeren historia laburbiltzen duen erakusketa antolatu dute Irunen.


Urduñako espetxean hil ziren presoen senideen bila ari da Jaurlaritza Extremaduran, identifikazio genetikoa egiteko

Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Urduñako espetxean hildako presoen senideen bila ari da Extremaduran, herriko hilerritik ateratako gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko. Larunbatean aurkeztuko ditu orain arte egindako lanak Castueran (Badajoz).


2022-10-06 | Antxeta Irratia
Emakume errepublikarrek kartzela frankistetan bizitako umiliazioak Irungo Oiasson ikusgai

Emakumeen egoera 1936ko estatu kolpearen ondoko urteetan isilean iragan bada ere, "emakume izanagatik" kartzeletan pairatu zutena argitara eman nahi du Papillons, esangabeko hitza erakusketak Irunen.


2021-08-04 | Euskal Irratiak
Memoria historikoaren bulegoa aurkeztu dute Irunen

Oraindik, ez dago zabalik, baina irailaren 13tik aurrera, erabili ahal izango da.


Eguneraketa berriak daude