Mirentxu Loyarte hil da, euskal zinemagile aitzindaria

  • Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu zituen frankismo osteko eguneroko bizitzan: "Beti sentitu izan naiz eroso zinemaren lengoiarekin". Asteazkenean hil da 87 urterekin.

Mirentxu Loyarte zinemagilea, 2017an ateratako argazki batean. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko irailaren 04an - 10:09
Azken eguneraketa: 12:15
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mirentxu Loyarte zinema zuzendari aitzindaria, emakumezko lehen euskal zinemagile bezala ezaguna, zendu da asteazken honetan. 1960ko hamarkadatik loratu zen euskal zinemaren mugimenduko partaide esanguratsuenetako bat izan zen, eta hainbat lan egin zituen, euskaraz, frankismo osteko giro politiko eta soziala ezin hobeki erakusten dutenak.

1978an Irrintzi izeneko film laburra zuzendu zuen Loyartek. Horretan, euskal kulturako hainbat elementu oinarri hartuta –Xabier Amurizaren bertso bat, Gabriel Arestiren poemak, Xabier Urbeltzen irrintzia...–, euskaldunen kontrako errepresioa eta torturak salatu zituen ausarki.

Filmean, berak hartutako irudiak erabili zituen, baita Egin, Punto y Hora eta Zeruko Argia-ko artxiboetako argazkiak ere. Marivi Bilbao aktore nagusi lanetan aritu zen lan horretan eta, amaieran, "hitza geratzen zaigu" esaten entzun daiteke. 

Irrintzi Donostiako zinemaldian estreinatu zen eta arrabotsa sortu zuen,  Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren aginduz Polizia Loyarte atxilotzekotan izateraino. Ez zuten halakorik  egin, baina hala ere, "Zinemaldiaren ondoren, hamaika giltzarraporekin lurperatu zuten filma, eta erabat ahaztu zen". Hala kontatu zion ARGIAri Loyartek berak, Danele Sarriugarterekin egindako elkarrizketan. 

Ondoren Ikuska proiektuan hartu zuen parte eta 1981ean Euskal emakumeak ekoitzi zuen, proiektu horren 12. dokumentala hain zuzen. Frankismo osteko giro itogarrian, hainbat emakumek eguneroko bizitzan eta zenbait lanbidetan bizitako egoerak jasotzen saiatu zen: "Oinarriak sendotu behar dira, bestela bihar kenduko dizute atzo emandakoa", ohartarazi zion Sarriugarteri. 

'Irrintzi' Donostiako zinemaldian estreinatu zen eta arrabotsa sortu zuen,  Gobernadore Zibilaren aginduz Polizia Loyarte atxilotzekotan izateraino. Ez zuten halakorik  egin, baina hala ere, "zinemaldiaren ondoren, hamaika giltzarraporekin lurperatu zuten filma, eta erabat ahaztu zen".

Iruñean jaioa 1938an, Parisen egin zituen zinema ikasketak, CICF Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan. 1968an Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak Ama Lur filma ekoitzi zuten garaiak ziren haiek, eta iruindarrak bat egin zuen mugimendu horrekin. Zinema kulturan eragiteko eta salaketa politikorako tresna moduan ere ulertzen zuen berak: "Beti sentitu izan naiz eroso zinemaren lengoiarekin", azaldu zuen Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak filman 2016an.

Fresnedak zinemagilearen lana eta pertsona erreskatatu zituen "artefaktu" gisa deskribatutako lan horrekin. Izan ere, Loyartek, arrazoi politikoak medio Euskal Herria utzi eta Venezuelara alde egin behar izan zuen; hala, 40 urtez itzalpean geratu zen: "Beste onarpen bat izan behar luke, bere karrerak askoz gehiago eman zezakeen", zioen Fresnedak.

Loyartek baina ez zuen inoiz zinemaren munduak emandakoa ahantzita eduki; hona azken hitzak Sarriugarterekin egin elkarrizketatik: "Zinema, azken batean, hori da, munduari begiratzeko modu bat".


Eguneraketa berriak daude