Emakume errepublikarrek kartzela frankistetan bizitako umiliazioak Irungo Oiasson ikusgai

  • Emakumeen egoera 1936ko estatu kolpearen ondoko urteetan isilean iragan bada ere, "emakume izanagatik" kartzeletan pairatu zutena argitara eman nahi du Papillons, esangabeko hitza erakusketak Irunen.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2022ko urriaren 6an - 00:01
Emakume errepublikarrak espetxe frankista batean.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Errepresaliatutako emakume errepublikarrek kartzela frankistetan jasandako umiliazioen berri ematen du gordin Irungo Udaleko Memoria Historikoaren Bulegoak Oiasso Museoan antolatu duen erakusketak. Urriaren 4 honetan estreinatu dute, eta hilaren 16a arte bisita daiteke Papillons, esangabeko hitza izeneko erakusketa.

Oiasso Museoko zuzendariak, Aizpea Goenagak azaldu duenez, "barruak nahasten dituen erakusketa da, ikus daitekeen dokumentala eta guzi, baina entzun behar da, ezagutu behar dugu". Gordina izanagatik ere, gertutasun handiko erakusketa dela nabarmendu du.

Udalak antolatu duen ziklo baten aurrenekoa besterik ez da. Oroimen historikoan sakontzen jarraitzeko helburuarekin, bigarren erakusketa nazien kontzentrazio-esparruei buruzko Deportazioa, bakardadea eta isiltasuna izango da, Amical Mauthausen elkartearen eskutik, urriaren 18tik 30era.

Eta hirugarrena, hitzaldi bat izango da, urriaren 27an Amaia KZn. Carlos Hernández de Miguel kazetariak emango du, "Los campos de concentración de Franco" izenburupean. Eta bertan aipamen berezia egingo die Euskadin izan ziren kontzentrazio-esparruei.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeak eta errepresioa frankismoan
Eguneraketa berriak daude