Enplegu erregulazioa kontrolatu

Egungo finantza-krisia sortu duen kapitalismoa laguntza publikoak (gure zergetatik) jasotzen ari da hondamendia saihesteko. Hori gutxi balitz, egoera aprobetxatu nahi du langileen kontra jotzeko, horrela etekinak pilatzen jarraitzearren. Orain, krisia industria, kontsumoa eta zerbitzuak kaltetzen hasi da. Euskal Herrian enpleguaren etorkizunaren gaineko beldurra zabaltzen ari da. Beldurra hedatu da enpresa garrantzitsu batzuek, orain arte irabaziak izan dituztenek, Enplegu Erregulazioko Espedienteak (EEE) aurkeztu dituztelako. Beste batzuek egoera baliatu nahi dute hitzarmenak beherantz negoziatzeko. Bestalde, enpresa txiki eta ertain asko banku eta aurrezki kutxen kreditutik gabe geratzen ari dira. Aurrera egin ezinik dabiltza eta gainezka egitear daude.

Egoera hori kontuan izanda, langile eta sindikatuek erne ibili behar dute, eta saihestu behar dute enpresaren bideragarritasuna bilatu beharrean, etekinak ateratzen jarraitzea helburu duen EEE oro. Era berean, langile eta sindikatuek xantaiei eta presioei aurre egiteko elkartu behar dute, irabaziak izan dituzten enpresetan hitzarmenak beherantz negoziatzea saihesteko.

Onartezina da koiuntura egoeran, hau da, finantza-krisian, enpresek neurri estrukturalak hartzea, hots, enplegua eta gizarte eta lan hobekuntzak murriztea. Hala ere, langile eta sindikatuen batasun horrek ez luke ezertarako balioko Iruñea eta Gasteizko Administrazioek EEEak onartuko balituzkete, aurrez inolako kontrol sakonik egin gabe. EEE bat bera ere ez litzateke onartua izan behar, horiek aurkeztu dituen enpresak azken urteotan irabaziak izan baditu.

Eguneraketa berriak daude